- Txomin Aurrekoetxea EAJko legebiltzarkideak iragarri duenez, Europako legebiltzarkide desberdinek gose greba bat egingo dute NBEn Saharako herriaren alde. Ekimena urtarrilaren 31 baino lehenxeago egingo da, NBEko segurtasun kontseiluak egun horretan aztertuko baitu berriz Mendebaldeko Saharako auzia.
- PPko Carlos Iturgaizek Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiari: «Zer arrazoi dira gaur egun euskal sozialismoaren baitan gero eta jende gehiagok Elorzaren tesiak defenda ditzan, honek Ibarretxe eta EAJren planteamendu subiranozaleekin bat egiten duenean, nazionalismoaren alternatiba bultzatu behar dela diotenekin baino».
- Miguel Buen Lacambra, Gipuzkoako PSE-EEko idazkariorde nagusiak æEl MundoÆn: Estatutuak elkarbizitza politiko eta sozialerako markoa ekarri zuen . Hor dago gakoa, euskal herritarren arteko elkar bizitzan. Testuinguru horretan du zentzua Emilio Guevara PSE-EEko zerrenda batzuetan joatea. Guevara Jauna, eskerrik asko zure konpromezuagatik».
Josu Urrutikoetxea Sozialista Abertzaleetako parlamentaria Espainiako epaileen aurrean aurkeztu ez izanak era guztietako zurrumurru eta albisteak eragin ditu. Jone Goirizelaiak halakoren batean aurkeztuko dela aditzera eman zuen.
Juan Cruz Alli CDNk idazkari nagusiak æDiario de NoticiasÆen egindako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, Jose Maria Aznar PPko buruzagiaren Nafarroako konfiantzazko benetako pertsona Jaime Ignacio del Burgo da: «Miguel Sanz baino askoz gehiago».
J.M.G.M 51 urteko herritarrak salaketa jarri zuen epaitegietan irailaren 14an Bilbon Gora Euskal Herria lelopean izandako manifestazioan Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz barrabiletako bat galdu duelako. Maria Jose Galindo epaileak, besteak beste, gertakizunak Entzutegi Nazionalaren esku jarri ditu, salatzailea egun hartan manifestazioan egotean terrorismo apologiarik egon daitekeen azter dadin.
Blas Piñar ultraeskuindar espainiarrak Frente Español alderdi berria sortuko du datorren urtarrilaren 24an. Fuerza Nueva eta Falangeren alderdien batuketaren ondorio da.
Jakoba Errekondo
Udazkenero legez fruituen azukreek gozatutako muztioen usaina da nonahi nagusi: ardotarako mahatsarena Araban, Nafarroa Garaia eta Beherean, sagardotarako sagarrena isuri atlantiko osoan eta Hondarribi zuri eta beltza mahatsena Araba iparraldean, Bizkaian eta Gipuzkoan. Muztioz blai dabil bai ardogile jendea.
Dolare mota asko ari da krakatekoka: XVI. mendeko eta batez ere XIX. eta XX. mendeetako "xarrak" baserrietan, hidrauliko eta pneumatiko modernoenak sagardotegi, txakolindegi eta ardotegi aurreratuenetan. Dolare hauetan jo eta zanpatutako fruituen negarra da muztioa. Muztioa gozoa da, ahosabaia kitzikatzen duten beste ezaugarri asko ere baditu, baina batez ere gozoa da. Gozo honen azukreak emango du gerora ahosabaia baino goraxeagoko ganbara txoratuko duen alkohola.
Gero eta sarriago ikusten da sagar eta mahats muztioa salgai. Edari ederra, askorentzako upategiko estraperloa jasan eta gero izango dena baino askozaz hobea. Ea baserritarrak edari osasuntsu hauek ekoizteraino noiz berotzen diren...
Jabier Agirre
Urte honetan berri latzak heldu zaizkigu Iparraldetik, 100.000 biztanleko populazio batentzat 1,7 kasuko proportzioan agertu baitira meningitis kasuak eskualde horretan. Eta detektatutako hamabi kasuetatik 10 Euskal Herrian gertatu dira, bi heriotza eraginez gainera: hamar urteko haur bat eta 72 urteko emakume bat. Egoera ez da normala izan, begi bistakoa denez, eta horregatik adituek neurri epidemiologiko berriak hartzea erabaki dute, betiere prebentzioaren bidetik, Jean Marc Tourrenchau Osasun eta Gizarte Arazoetarako zuzendariak iragarri bezala.
Urrian hasita, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako etxe guztietan liburuxka batzuk jaso dituzte meningitisaren aurkako txertaketa kanpainaren berri emanez. Bertan gaitzaren sintomak agertuko dira eta baita gomendio bezala, inolaz ere ez derrigorrezko neurri bezala, aholkatzen den txertaketa kanpainaren ingurukoak ere: 2 hilabeteko haurtxoetatik hasi eta 25 urte bitarteko herritarrei gomendatzen zaie txertatzea, eta horretarako aski izango dute beren familiako medikuarengana joatearekin. Kanpainak sei zazpi aste iraungo ditu eta Ipar Euskal Herrian, Biarno, Landes eta Hautes Pyrénnées departamenduetan egingo da, azterketa epidemiologikoak argi utzi baitu departamendu horientzako C meningitisen artean "lotura mikrobiologikoa" zegoela
GARAIKOETXEAK ITXIALDIA EGINGO LUKE LEGEBILTZARREAN
IBARRETXE lehendakariaren planak euskal gizartearen baietza jasoko balu eta Estatu espainiarrak ezetza ematen jarraituko balu, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak parlamentarien itxialdia bultzatuko luke Eusko Legebiltzarrean, Sobiet Batasunetik banatzeko prozesuan Lituanian Langsbergisek egin zuen bezala. Bere ustez, honek gatazka politikoaren internazionalizazioa ekarriko luke. ARGIAren zenbaki honekin batera banatutako LARRUNen egiten zaion elkarrizketa luzean aitortzen du honakoa Garaikoetxeak.
UDALBILTZAREN BATZAR BEREZIA URTE HASIERAN
EZKER abertzaleko hautetsiak biltzen dituen Udalbiltzak ezohiko batzarra egingo du urte hasieran maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurrean izango duten jarreraz erabakitzeko. Azken bi urteetan urteko batzarra abenduan edo urtarrilean egin dute hautetsi hauek, baina aurtengoan azaroaren 23ra aurreratu dute urte hasieran aipatutako batzarra egitearren. EAJ eta EAko hautetsiak biltzen dituen Udalbiltzak, bestalde, 53.500 euroko dirulaguntza eman die Euskal Kultur Elkargoa (30.000 euro), Sortzen-Ikasbatuaz (21.500) eta Orreaga (2.500) elkarteari.
IRUÑEKO GAZTELUKO PLAZAN GOIZEKO ORDU BIETAN LANEAN
EZAGUNA da agintariek nola azkartzen dituzten eraikuntza lanak hauteskunde batzuk gerturatzen direnean, alkatetza baten kasuan are gehiago eraikitzen ari dena hiriko plaza nagusia denean. Iruñeko Gazteluko Plazaren azpian egiten ari diren aparkalekuaren eraikuntza abiada bizian doa. Esate baterako, hilaren 9ko 0:30 orduetan lanean ari ziren eta hilaren 13an 0:2Æ30etan ere lanean jarraitzen zuten. Eraikuntza lanen eremu juridikoan, Nafarroako Auzitegi Nagusiak aparkaleku proiektuaren esleipena gaizki eginda dagoela ebatsi du, lehiaketaren emaitzak argitara eman zirelako baina horiek ez zirelako argudiatu.
IBARRETXEK HIRIBURUETAKO TXANDA BUKATU DU
EAE-KO hiriburuetako bere planaren aurkezpen txanda bukatu du jada Ibarretxe lehendakariak Donostiako aurkezpenarekin eta esparru politikoan oinarrituta planarekiko sostengua bere horretan dagoela esan liteke. Planaren erronka nagusietakoa ezker abertzaleko sektoreak bereganatzea da eta horretarako oraindik denbora badagoela uste dute EAJ, EA eta EBk.
ABERTZALEEN BATASUNA
ABERTZALEEN Batasunak azaroaren 17an egindako urteko bileran hautatu zuen zuzendaritza berria. Honakoak dira Abertzaleen Batasunaren zuzendaritzako kide berriak: Panpi Dirassar, Filipe Goietxe, Andde Sainte-Marie, Leonie Agergarai, Jakes Bortairu, Mertxe Colina, Peio Etxeberri, Peio Etxeberri-Aintxart, Ttotte Etxebeste, Richard Irazusta, Beatrice Peyrucq, Sandrine Reder eta Maialen Torre. Batzarrean aipatutakoen artean deigarria izan da Euskal Herrirako proposatu den burujabetza asimetrikoaren kontzeptua. Hau da, zazpi herrialdeek burujabetzarantz egin behar dutela, baina bakoitzak bere molde eta erritmotan egin behar duela.
ABOKATUAK ESPETXE ZAINTZA BAKARRAREN AURKA
ESPAINIAKO espetxeetan presoei zerbitzua doan ematen dieten txandako abokatuek arbuiatu egin dute Madrilgo Gobernuak espetxe zaintzarako epaitegi zentral bat sortzeko agertu duen asmoaz. 21 abokatu kolegioetatik etorritako abokatuek Donostian 7, 8 eta 9an egindako kongresuan ateratako ondorioetako bat da aipatutakoa.
TRAGIKOMEDIA
Espainiako Entzutegi Nazionaleko fiskaltzak erabaki beharko du Eusko Legebiltzarreko Mahaiak deliturik egin zuen Batasuneko taldea bere jardueran suspenditu ez zuelako, Baltasar Garzon epaileak hala egitea agindu zuenean. Hala balitz, Sozialista Abertzaleak taldea desegitearen alde bozkatu zuten EAJ, EA eta Ezker Batuko mahaikideak auziperatuak izan daitezke epaile baten agindua ez bete izanagatik. Enrique Molina fiskalaren erabakiak, halaber, berdin balioko du Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaietarako. Sarritan bezala, Enrique Villar gobernu ordezkariak borobildu du egoera Atutxa eta Ibarretxe auziperatuak ikustea gustuko lukeela azpimarratuz.