HERRI TELEBISTA ALDUDEN
1997an abiatutako Aldudarrak bideo elkarteak telebista katea martxan jarri du. Azaroaren 16an ekin zioten emisioei eta abenduaren amaiera arte jarraituko dute. Astean hiruzpalau orenez erreportajeak, mahai-inguruak... emitituko dituzte. Horrez gain, elkarteak otsailaz geroztik grabatutako bideoak, agenda eta egunkarietako titularrak emango dituzte. Mementoz dena euskaraz egiteko asmoa dute, baina gaia eztabaidatzen ari dira, herritar batzuek ulertzen ez dutelako. Entsegu honen ondoren behin betiko telebista jarri nahi dute abian.
GASTEIZKO EUSKARA PLANAREN ZIRRIBORROA
Gasteizko Udalak Euskara Planaren azken zirriborroa aurkeztu du. Horren arabera, unitate elebidunak sortuko lituzke hizkuntza eskakizuna lanpostuetako %80an egiaztatuta duten zerbitzuetan eta horrek praktikan sail gutxiri eragingo lioke: Hezkuntzari eta agian Kulturari. Udalak urte amaierarako onartu nahi du Plana.
EUSKARA SUSTATZEKO PARTIDA BEHERA
Eusko Jaurlaritzak 2003rako aurkeztutako aurrekontuen aurreproiektuaren arabera, euskara sustatzeko programak aurten baino 18,7 milioi euro gutxiago izango ditu. Jaitsiera handiena irakaskuntza sistema euskalduntzeko diru kopuruak izango du; izan ere, 17,4 milioi euro gutxiago izango ditu aurtengoaren aldean. Aurrekontu orokorra, aldiz, %4,3 igo da.
ERABILERAN ERAGITEKO JARDUNALDIA
Datorren abenduaren 20an, euskararen erabileran nola eragin hausnartzeko hiru mahai-inguru izango dira UEUren egoitza nagusian, Eibarren, SEI elkartearen eskutik. Besteak beste, Eguzki Urteagak, Rosa Ramosek, Mikel Arregik eta Inaxio Agirrek hartuko dute parte jardunaldiotan.
AURRERA BEGIRA
Hogeita bost urte betetzearekin batera, aurrera begirako proiektuak azaldu ditu Euskadiko Filmategiak. Bagenekien Donostiako lehengo Gas Lantegiko eraikin zaharberritua izango zela Filmategiko gune berria, seguruaski, 2004n. Orain gainera, jakin dugu proiektu horrek 10 milioi euro beharko dituela, eta horietatik hiru Eusko Jaurlaritzak emango dizkiola; Euskadiko Filmategia Elkartea Fundazio bihurtuko dela, eta honela esku pribatuetan zeuden funtsak esku publikoetara igaroko direla, zinema ondare hori lege aldetik normalizatzeko; Fundazio horrek datorren urtean ekingo diola bere ibilbideari; eta bien bitartean, beste 20, 30, 40, 60 eta 70eko hamarkadetako sei zinematografia lan garrantzitsu berreskuratu dituela Filmategiak. Eta beraz, aurrera begira jarraitzen duela, atzeko lanak berreskuratuz.
MAISUEN MARRAZKIAK
PICASSO, Dali, Gris, Miro, Txillida edo Tapiesek paperean egin zituzten obrak paratu dituzte Nafarroako Museoan urtarrilaren 5a arte. Guztira, 50 obra zintzilikatu dituzte «Maestros españoles del siglo XX. Dibujos» izenburupean. Lan hauek artista ezagun hauek egindako marrazki ezezagunak dira, eta guztiak 1910 eta 1960 bitartean eginak izan ziren.
«ENTZUN!» BERRIA KALEAN
ERAGIN.com taldeak hartu du bere gain «Entzun!» musika aldizkariaren kudeaketa. Aldizkaria berritu egin dute eta bihilabetekari moduan plazaratuko da. Dagoeneko, 27. alea kalean da. Agerkariaren berrikuntzen artean, aipatzekoak dira, atzerriko proiektuen informazioa, formatuaren handitzea eta diseinuaren eraldaketa.
BIZKAIKO TXAPELKETA AURRERA
KANPORAKETEN fasea igarota, finalerdiak jokatzen ari dira orain Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Hemezortzi bertsolarik hartzen dute parte fase honetan: kanporaketetan irabazle suertatutako bostak, aurreko Txapelketan finalista izandako zazpiak eta puntuen arabera sailkatutako seiak. Horietatik zortzi igaroko dira Euskalduna Jauregian abenduan jokatuko den finalera.
ZINEBI HAZTEN ARI DA
GERO eta gehiago dira Zinema Dokumental eta Laburraren Bilboko Zinebi jaialdian parte hartzen duten nazioarteko filmak. Eta gero eta handiagoa duen aurrekontua. Bost eszenatoki izango ditu hilaren 25ean hasi eta 30ean amaituko den aurtengo edizioak. Arriaga antzokian Sail Ofizialeko emanaldiak eskainiko dira. Multicines-8 aretoetan, barneko eta kanpoko produkzioko hainbat ziklo eskainiko da. Arte Eder museoan emakumeek egindako zinema bilduko duen zikloa antolatu da. Museoan bertan, gainera gizarte gatazkek komunikabideetan duten oihartzuna azaltzen duen zikloa eta Euskal Herriko dokumentalgintzan egiten ari dena islatuko duen beste bat eskainiko dira. Bilborocken azkenik, bideo musikalen ziklo bat ikusi ahal izango da.
SGAE ETA DAMA
ESPAINIAKO 300 zinema zuzendari, gidoilari eta errealizadore biltzen dituen DAMA elkarteak ekainaren 28an jarri zion salaketa SGAE Espainiako Autoreen Elkarteari Espainiako Ekonomia Ministerioaren menpe dagoen Konpetentziarako Defentsarako zerbitzuan. Montxo Armendarizek zuzentzen duen DAMAk salatzen zuena zera zen: autore eskubideen kontzeptuan elkarteko kideek jaso beharreko 12 milioi euro bahituak zituela SGAEk. Salaketaren ondorioz, Konpetentziaren defentsarako Zerbitzuak espediente berreslea ireki dio SGAEri.
KULTURA APURTZAILEENA
MUSIKA, artea, dantza, zinema eta beste hainbat abanguardiako adierazpide bilduko ditu Musica Ex Machina MEM izeneko nazioarteko lehenengo jaialdiak. Bilboko hainbat kultur guneetan egingo den jaialdi hau RMO kultur elkarteak antolatu du Abisal eta Aporamaren laguntzarekin. Musika elektronikoa, elektronika eta ziberkulturarekin zerikusia duten hitzaldiak, arte bisualak... ikusi hal izango dira azaroaren 28an hasi eta abenduaren 27a arte. Prestatutako egitarauak gaur egun kulturan dauden partehartzaile apurtzaileenak bildu nahi izan ditu.
- Josemari Carrerek honakoa zioen «Lau haizetara» aldizkarian euskal antzerkiari buruz: Francorekin urtegiak inauguratzen baziren, orain kultur zentroak inauguratzen dira. (...) Eraikuntzak interesatzen zaizkie agintariei, inaugurazioak, eta ondoren zertarako erabiliko diren ez zaie batere inporta. Agintariek darabiltzaten irizpide bakarrak politikoak dira».
- Felipe Juaristiren ustez, «poesiarik gabe ez du bizitzerik literatura batek. Beti egongo dira poetak eta poesia irakurleak, eta poesia ez da galduko». Hitzok «Euskaldunon Egunkaria»n jasotakoak dira.
- Alex de la Iglesiak «Uk» aldizkarian zinema lehiaketei buruz: «Ni epaimahaikoa izan naiz lehiaketaren batean, eta oso zaila da filmik onenak irabaztea. (...) Nolabait, gustuko genituen filmen artean kaxkarrenak irabazten zuen. Eta hori ikaragarria iruditu zitzaidan».
- Asun Balzola ilustratzaileak «Andra»n zioenez, «argitaletxeek ez dute gure lana errespetatzen. Berdin zaie zure ilustrazioa moztu edo hura beste nonbait argitaratzea baimenik gabe».
Arraunari buruzko informazio bila genbiltzala, Gipuzkoako Arraun Federazioaren web gunearekin (www.fgremo.com) egin dugu topo. Bertan eduki interesgarriak daude: euskal kluben loturak, federazioaren historia, anekdotak... Guztiak ordea gaztelania hutsean daude.
Kukai dantza taldeak eta Tanttakak «1937 (Gogoaren bidezidorretatik)» ikuskizuna estreinatu berri dute. Bertan, Gerra Zibilean erbesteratutako euskal umeen bizipenak taularatu dituzte.
Platero y Túko kideek jakitera eman dutenez, bertan behera geratu da taldea. Hala ere, hilaren 25ean «Hay mucho rock and roll Vol.1» lana plazaratuko dute, non beren lan ezagunenak bilduko dituzten. Taldea orain 12 urte sortu zen eta beren zortzi diskoetatik, sei Urrezko Diskoak izan dira.
Francisco Escuderoren ibilbidea omentzeko bere hiru lan bildu ditu BBK Fundazioak disko batean.
Ander Iturriotzek «Boterea gizarte homerikoan» izeneko liburua kaleratu du Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik. Homero bera eta helendar zibilizazioa ditu ardatz lan honek.
Mariasun Landak honakoa adierazi zuen «Beterriko Liburua» aldizkarian eginiko elkarrizketan:
«Zer jasotzen dute haurrek literaturatik edo fikziotik? Misterio bat da zer ulertzen duten, nola ulertzen duten, zer gustatzen zaien edo zer ez zaien gustatzen jakitea. Haurrak ere oso mediatizatuta daude, telebista nahiz kanpaina publizitarioen menpe. Ni ikasgeletan haurrekin egon naizenetan, gustuko izan dutena imaginazioa izan dela badakit, imaginaziorik edo abenturarik gabe aspergarria baita haurrentzat literatura. Badaude, hala ere, hori baino haruntzago doazen haurrak eta bigarren irakurketa bat badagoela konturatzen direnak. (...) Haurrentzako gustuko literatura egitea oso erraza da topikoetan erorita. Haurtzaroa literaturarako oso garai garrantzitsua da, orduan irekitzen baitzaie literaturaren bidea. Haurrak konturatzen dira liburuak esaten duenak badaukala bere niarekin edo barruko sentimenduekin loturarik. Literaturari zentzua ikusten badiot, gure niari hitz egiten diolako da. (...) Askotan liburu bat irakurri eta ondo pasatzen dugu, besteetan liburu bat irakurri eta barrua ukitzen digu. Literaturak zeregin handia du heziketa munduan, baina ez irakasle askok uste duten bezala, hizkuntza ikasi edo zerbait adierazteko. Bai ordea haur batek bere burua liburukoarekin identifikatzeko. Literatura ona baldin bada, berdin irakurtzen dute haurrek eta helduek (...)».
Usurbilgo Noaua kultur elkarteak duela hilabete batzuk paratu zuen bere orrialdea sarean: www.noaua.com. Bertan elkartean argitaratzen duen «Noaua» aldizkariaren aleak kontsulta daitezke, baita herriko kultur ekitaldien, historiaren eta zerbitzuen berri jaso ere.