Unibertsitate Zerbitzuetako Euskal Ikastetxeak (guztientzako ezagunagoa den UZEIk) 25 urte bete ditu aurten. Mende laurdena igaro da terminologi lanari ekin zion lehenengo euskal erakundea sortu zenetik.
25 urteotan oparoa izan da erakundeak izandako bilakaera. Euskararen normalizazio linguistikoaren alde egin du UZEIk lan hasiera hasieratik. Nolabait ere hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duten balio erantsiko zerbitzuak eskaini ditu. Bide luze honetan, kulturatik eta goi mailako zientzietatik sortzen diren eta etorkizunean sortuko diren premietara euskara moldatu eta egokitu ahal izateko euskararen ikerketan, normalizazioan eta hedapenean diharduten erakunde publiko nahiz pribatuekin aritu da lanean.
LANAREN BILAKAERA.
Azken 25 urteotan euskal lexikografiak eta terminologiak izan duen bilakaera ezin da ukatu, baina lan moduek izan duten eboluzioa ere ez da makala izan. Hori adierazi digute behintzat UZEIko langileek.
Gaur egun euskal terminologia eta lexikografia nahiko errotuta badago ere, duela 25 urte ezer gutxi aurki zitekeen. "Duela 25 urteko terminologiaren egoera hizkuntzak berak zuen egoerarekin nahiko lotua ikusten dut. Premiak, noski, handiak ziren. Ezer gutxi baitzegoen artean, ez terminologian bakarrik, baita lexikografian ere", adierazi digu medikuntzako terminologian jarduten duen Jabier Agirrek.
Zientzien eta kulturaren alor espezifikoetan euskaraz egiteko bideak finkatzea zen langileen hasierako helburua. Espezialitateka egiten zuten hasieran lan, espezialista taldeak osatuz. "Alor bakoitzeko espezialistak lehenengo aldiz jarri behar izaten zituen euskaraz bere ikasketetan erdaraz ikasi eta erabiltzen zituen hitzak. Eta, noski, horretarako genituen baliabideak oraingoak baino urriagoak ziren", gaineratu digu eraikuntzako terminologian aritzen den Xanti Iruretagoienak.
Espezialistek beren lanean testuak erabiltzen zituzten hiztegiak baino gehiago. "Testu hustuketak eginez hasten ginen, alor bakoitzeko zerrendak osatzen. Eta nahasteak sortzen ziren askotan metodo horretatik. Alegia, orduan ez genuela hain zehatz asmatzen termino bat zer izan zitekeen definitzen. Termino bat eta hitz bat euskaraz esateko zuen zailtasuna, edo finkatzeko gogoa, askotan nahasten ziren elkarrekin", gogoratzen du Iruretagoienak.
1977tik hona, lan egiteko modua asko aldatu dela baieztatu digute UZEIko langileek. "Ordenagailuekin lan egiten hasteak ekarri digun aldaketa izugarria izan da. Bestetik, 'hitz batek euskarazkoa izateko Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunek ulertzeko modukoa izan behar du' irizpidea terminologiako irizpide nagusi bilakatu izanak ekarri digun aldaketa ere ikaragarria izan da", azaldu digu Xanti Iruretagoienak.
Jabier Agirreren esanetan, orokorrean lan prozedurak gehiegi aldatu ez badira ere, kontsultarako erabil daitezkeen iturriak hasierakoak baino ugariagoak dira; bai idatzizko lanak, hiztegiak, testu liburuak, baina baita komunikabideen eragina ere hainbat arlotan, edota profesional euskaldunek eman dezaketen laguntza ere.
LEHEN ETA ORAIN. Hasiera hartan, testuak egiteko balioko luketen hitz zerrendak lantzen zituzten. Lana oraingoa baino zailagoa zen, eta askoz ere jende gehiagorekin lan egin behar izaten zuten. "Zerrenda luzeegiak izaten ziren askotan eta ordenagailurik gabe lan egiten genuela kontuan hartu behar da. Zerrendak gainera proposamen gisa azaltzen ziren, behin-behineko izateko asmoarekin kaleratzen ziren, besterik ez zegoen lekuan balio zezaketelakoan", adierazi digu Iruretagoienak.
Terminoa zer izan litekeen eta zer ez, askoz ere garbiago ikusten dute orain. Terminoa definitu egiten dute ahal den modurik zehatzenean. Bestalde, egun askoz ere garbiago dakite ordaineko termino gisa zer jar daitekeen eta zer ez. Horrek asko sinplifikatu die lana. Bestalde, euskaraz erabiltzeko dituzten iturriak ere gehiago dira gaur egun.
"Egun egiten diren lanak kanpoko eskari oso konkretu bati erantzunez planteatzen dira gehienetan. Aldaketa nabarmenena kodeekin egiten dugun lan sistematikoa da. Garai batean ez bezala, orain termino bakoitzak izaten du bere iturria zehatz jasota" azpimarratu nahi izan du Xanti Iruretagoienak
UZEI erakundeak Interneten du ikusgai eta erabiltzeko moduan bere web orrialdea: www.uzei.org. Euskaraz, ingelesez, frantsesez nahiz gaztelaniaz, lau hizkuntza horietan nabigatu edota bilatu daiteke informazioa aipatu orrialdean.
Erakundeari buruzko informazio orokorra biltzen den atala aurki dezakegu bertan. UZEIren historia, bilakaera, egitekoak, xedeak... biltzen dira bertan. Ondoren erakundearen barruan dauden hiru azpiatal aurki ditzakegu: terminologia atala, lexikografia atala eta hiztegigintza atala. Atal bakoitzak berari dagozkion edukiak biltzen ditu, esaterako lexikografia atalak euskararen corpus estatistikoa biltzen du bere baitan. Batez ere alor bakoitzaren inguruan orain arte egin diren lanak daude aipagai.
Hiru azpiatalen ondoren, web orrialdean kontsultak on line egiteko aukera dagoela ikus daiteke. Besteak beste, Euskalterm, Euskararen corpus estatistikoa, sinonimoen hiztegia edota Euskararen Datu-Base Lexikala kontsulta daitezke.
Atal nagusi hauetaz gain agenda, azken berriak eta hizkuntzalaritzarekin lotura duten estekak aurki ditzakegu. Agenda atalean, hizkuntza jardueren arloko munduko ekitaldien berri ematen da. Ondorioz, hizkuntzen inguruko interesa duen orok ikastaro, mintegi, hitzaldi eta abarren inguruan munduan dauden jardueren berri jakiteko aukera du.
Berriak atalean, hizkuntzen inguruan azkenaldian izan diren aldaketa, berrikuntza, ikerketa eta abarren berri ematen da. Estekak atalean berriz, Euskal Herri nahiz nazioarte mailako kontsultak egiteko estekak aurki daitezke. Modu honetara, hizkuntzen munduko atari gehienekin lotura du guneak
UZEIren 25. urteurrena dela eta, "Hizkuntza-corpusak. Oraina eta geroa" izeneko jardunaldiak egin dituzte urriaren 24 eta 25ean Donostian. Jardunaldian corpusaren inguruan lanean diharduten adituak bildu ziren, eta bertan gaur egun dauden hainbat corpusen berri eman eta etorkizuneko corpusak nolakoak izango diren eztabaidatzeko parada izan zen. Urteurrena ospatzeko aurrera begira egitasmo gehiago dauden arren, oraindik ez dago ezer zehaztuta
Euskararen banku terminologikoa da Euskalterm. Besteak beste, arrantza, zientzia, kirola, psikologia, ekonomia, justizia eta informatika moduko gaiei lotutako hitzen bilaketak egin daitezke bertan. Beraz, Euskaltermen eremu ezberdinetako hitzen definizioak, hitz horien araberako sailkapenak eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dituzten termino baliokideak ageri dira.
Termino baten inguruko bilaketa egin aurretik, termino hori zein hizkuntzatan bilatu nahi den definitu behar da. Ondoren, nolabait ere bilaketa murrizteko, termino hori zein gairi lotuta bilatu nahi dugun adierazteko aukera eskaintzen du, gai bat edo gehiago izan baitaitezke.
Behin hizkuntza eta gaia definitu ondoren idatzitako terminoaren edo terminoen bilaketa egingo da; Euskaltermen barruan dauden hiztegi terminologiko, kanpo ekarpen, kontsulta fitxa edota Windows Ingurunea hiztegian.
Terminologia Bankuan dauden terminoei buruzko iradokizunak edo han aurkitzen ez diren terminoei buruzko kontsulta puntualak posta elektronikoz egin daitezke, euskaltermuzei.com helbidean
![]() |
|
||||
1875 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa