Lizarrietako eta Lizuniagako bentak, Ibantelliren magaletan
Muskilda Tellabide / Asier Agirresarobe
Berako herri gunetik abiatu gara, bertako eskola, institutua eta kiroldegiaren aldamenean dagoen aparkalekutik (35 m). Bertan, GR 11 ibilbidearen Bera-Elizondo etapa esplikatzen duen panel bat dago. Ibilbide horren seinale zuri-gorriei segituz, etxez etxe doan pista bat hartu dugu. Bidegurutze ugari pasa behar dira, baina ez dago galbiderik bidea seinalatua baitago. Malda gora etengabean, etxeak atzean utzi eta goiko garo zelaira heldu gara. Hemen ikuspegia zabaldu da; Bera herria goialdetik ederki ikus daiteke, bere bi guneekin: Bera herri gunea eta Altzate. Gora jarraituz, berehala heldu gara maldaren bukaerara, bunker zahar batek "apaindutako" gain borobildura: Santa Barbara (400 m). Jatorrizko izena Larrategaina du, baina Santa Barbararen omenezko ermita hemen zegoela eta, santuaren izenez ezagunagoa da.
Seinaleak utzi (gailurraren alboko pinudi zatarrean barneratzen dira), eta gain honetatik, ekialderantz pistan barna jarraitu dugu aldapa behera leunean, Meaka leporaino. Hemendik, berriro seinale zuri-gorriei kasu eginez, hurrengo gaina igaro (Sorokogaina, 357 m), eta Idoiako benta izandakora heldu gara zelaietan zehar. Eraberritzen ari diren baserria da. Hemendik behera, metro gutxitara dago Idoiako lepoa (270 m), baita Beratik datorren errepide asfaltatu estua ere. Ekialdera gorantz doan pistari heldu, eraikuntza batzuk pasa eta Lizuniagarantz doan bidea ezkerrera utziz, Lizarrieta leporaino pista segituz joan gara malda gora lehenik eta ordekan gero, Ibantelli mendiaren hegomendebaldeko mazelak zeharkatzen. Bidearen ezkerreko ertzean, eraikuntza batzuen hondarrak ikusi ditugu, Labeagako antzinako meategiak dira, Labeagako magaletan ikatz ugari baitago. Ingurune honetako beste meategiak bezalaxe, aspaldi utzia dago. Leku hau Babesleku Naturala izendatua dago.
Beratik bi ordu eta erdian iritsi gara lepora. Lizarrietan (440 m) Etxalar eta Sara elkartzen dituen errepidea, aduana zaharra, estatuen mugak garbiro adierazten dituzten karteltzarrak, baserri bat eta benta daude. Benta taberna moduan jarria dago, oroigarri denda ere bada; badira gauza erabilgarriak, barbakoa egiteko parrillak, aterkiak, gerrikoak-eta, badira ere, inguruotako bentetan ohikoak diren oroigarri arrotz samarrak, pontxo mexikarrak, ez-dakit-nongo paisaje bat irudikatzen duen koadroa, ezpata eta sableak... eta ohiko oroigarri txatxu folkloriko espainol horietakoak...
Gauza horiek guztiak utzi eta guk mendira jo dugu, Ibantelliren gailur aldea ezkutatzen duen laino artera. Idoiako lepotik ekarri dugun pistan ibili lehenengo metroak eta berehala, eskuinera hartu dugu beste bide bat, maldan gora. Garo zelaietatik igo gara, muga lerroan barna, bi gailur banatzen dituen leporaino, Lepoaundi (602 m). Bertan dago 39 zenbakidun mugarria, eta hiru udalerrien arteko muga: Sara, Bera eta Etxalar. Eskuinean duguna da gure mendia, Ibantelli. Ezkerrean dugun gain txikia Labeaga deitzen da (617 m). Hala ere, «Editorial Alpina»ren mapan, Ibantelliri Labeaga deitu diotela ikusiko duzu, nahiz eta gainerako mapetan (argitaletxe eta erakunde desberdinenak) Ibantelli deitu. Edonola ere, leku atsegina eta ederra da hau. Beste minutu batzuk gehiago, eta gailurrean gara (698 metro), Lizarrietatik ordu erdi pasatxoan. Postontzi bat dago bertan, arroka bloke batzuen artean. Larrun oso gertu ikusten dugu gure aurrean, iparraldean. Gauden lekua eta bere artean, Lizuniaga dugu, oinen azpian. Kontrako aldera, Atxuria. Dena den, gaur lainoak ez digu askorik ikusten utzi.
Atzera lepora itzuli gara, eta etorritakoaren kontrako aldetik jaisten hasi. Pintura urdineko seinaleak daude, beherantz zuzen doan bidea erakusten. Basoa gure ezkerrean dugula beti, eskuinerantz zuzentzen hasi da bidea. Hemendik Lizuniaga aldera zuzenean jaitsi daiteke basoan barneratuz, edo, erosoago joateko, bide onari jarraitu. Bigarrena aukeratu dugu nahiz eta luzeagoa izan. Ibantelliren iparraldeko maldak alde batetik bestera zeharkatu ondoren, bihurgune batzuk pasa eta bidegurutze nagusi batera heldu gara. Bost bide daude hemen; eta ezkerrera eta beheren dagoen bide laua hartu dugu. Sara eta Bera lotzen dituen errepidera irten gara, Lizuniaga baino pixka bat beherago, mugatik metro gutxira. Paul Dutournier-en oroimenezko harria dago hemen, errepidearen ertzean. "Paul Dutournier. 1910-1993. Sarako auzapeza, euskaldun abertzale baketsua, pottokaren laguntzaile, pottokarentzat mugarik ez", dio oroitarriak.
Errepidetik ibili ditugu Lizuniaga leporainoko hurrengo hamar minutuak. Jatetxe eta ostatu modernoa dago bertan (225 m). Ibilaldia luzatzeko aukera polita dago lepo honetatik: Kaprioko hegitik, Kondendiaga benta txiki zaharretik barna, Atekaleun gandorrera heldu eta hortik Larruneko gailurrera. Lizuniagatik 700 metro gainditu beharra dago.
Ostatuaren parean, errepidearen beste aldean, bada "Bera" adierazten duen seinale bat. PR 16 bidea da, pintura hori eta zuriz markatua. Oso bide ederra da tarte batzuetan. Honela heldu gara Garaitarreta auzoko lehenengo baserrietara. Kare-labe bat bada baserri hauetatik gertu, eta inguru hauetan gehiago ere badaude. Seinale zuri-horiei segituz, errepidera elkartu gara errota zaharraren eta Uxarrenea baserri ederraren parean justu. Errepidetik segitu dugu puska batean, eta berriro seinaleei kasu eginez, ezkerretara hartu etxe eta baserrien artetik doan auzo-bide lasaiago bat. Bidean zehar, inguru honetako baserri eta leku interesgarrien berri ematen duten panelak daude. Ordekan doan bide atseginetik, kontu kontari heldu gara Altzatera, eta azkenik, Berako erdiguneraino
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.