Euskadiren psikodrama
Jose Luis Elorza
Pentsa dezagun momentu batean Euskadiri azterketa psikologiko bat egin diotela. Munduko unibertsitate ospetsuenean asmatu dute modu bat azterketa psikologikoak pertsona bakartiei egin beharren nazio oso bati egiteko. Eta beste batzuen artean Euskadi izan da nazio horietako bat.
Ez dakit zein emaitza aterako ziren horrelako azterketa batetik baina, ziur nago patologia ugarien sintomak azalduko zirela diagnostiko bat egiteko orduan. Adibide gisa, zer da zuretzat euskalduna izatea? Galderaren erantzun batzuk: «Ni euskalduna naiz eta kito». «Ni euskalduna naiz baina ez espainiarra». «Ni euskalduna naiz baina ez EAEkoa (Euskal Autonomia Erkidegoa) Euskal Herrikoa baizik». «Ni Euskadiko eta Espainiako hiritarra naiz». «Nik ez dakit zer den euskalduna izatea...». Beste elementu bat aipagarriena eta adierazgarria era berean da herri honetan gizaki gehienak biktima sentitzen direla. Horrek ez du nahi esan benetako biktimak direnik baina bai biktima sentitzen direla: ETAko kideek pertsona bati bi tiro buruan sartzen badiote, kotxe bonba bat leherrarazi edo enpresariei zerga kobratzen badiete ez da ekitaldi hauek gustukoak dituztelako ez, beraientzat izugarrizko sakrifizioa da horrelako ekintzak egitea. Baina, beraiek ez badituzte egiten, nork mantenduko du piztuta euskal gatazkaren sua?
BADAKITE gehienek ez dutela onartzen ezta ulertzen ere bere odol egarri hori baina honek ez du garrantzia handirik, beraiek su sakratu horren soldadu aukeratuak sentitzen dira eta prest daude bere bizitza bertan erretzeko. Zer esan ETAren benetako biktimetaz eta honen eraginetaz: gertukoen eta ingurukoen artean biktima izatearen sentimenduak (indefentsioa, gorrotoa, malaostia, ulertezina...) zabaltzea eta areagotzea. Gizarte esparru ezberdinak biktima sindromearekin bizitzea: poliziak, epaileak, unibertsitateko irakasleak, enpresariak, zinegotziak, ertzainak, PP edo PSOEko kideak, kazetariak... EAJ-PNVkoak ere biktima sentitzen dira. Ia 25 urte daramate boterean Eusko Jaurlaritza kontrolatzen baina, hala ere, beti sentitzen dute Madrilgo inkonprentsioa. PPk gehiengo absolutua duenetik eta PNVren botoak Madrilgo kongresuan behar ez dituenetik jokoa gogortu egin da. Jose Maria Aznar artileria guztiarekin etorri da Euskadira (ETAk ematen dizkio munizioak) eta Xabier Arzalluz jaunak ikusita xakeren partida horrela planteatuta dagoela eta gainera zuriak -hau da iniziatiba- Aznarren eskuan daudela erabaki du ez dagoela defentsa egokiagorik atake on bat baino, eta horrela plazaratu da Ibarretxeren plana.
Xake partida horren estrategian onartuta zegoen Madrilek inoiz ez zuela onartuko plan hori, baina estrategian ez zegoena zen bertako peoi batzuek -enpresariek alegia- ez zutela jokoa onartuko eta gainera ausartuko zirela PNVri gogorarazten etxeko lan batzuk egin gabe daudela oraindik, eta proiektu politiko berrietaz hitz egiten hasi baino lehen hobe dela beraiekin bukatzea, hau da, ETArekin amaitzea.
Hauetan geunden joan den asteburuan íBasta ya!koek (Aski da!) -eta beste biktima batzuk- bere manifestazioa egin arte. Uste gabean izugarrizko jendetza bildu zen Donostian eta datu honek urduritasun eta presio gehiago jarri dizkie mahai gainean xake partida jolasten ari direnei eta ondorioz Ibarretxe Lehendakariari.
EZ dakit gure psikologoak gai izango ziren Euskadiren azterketa psikologikoa bukatzeko baina lagun batek esan zidan moduan bere oporretatik Euskadira bueltatzerakoan «herri triste bat ematen dik». Biktimismoa izango da edo beste zerbait... baina politikaren zarata guztien azpitik, gure bihotza, euskaldunon bihotza triste dago
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.