Lore Agirrezabal
Argiak piztu dira eta hasi da ikuskizuna! Ez, egia esan, ikuskizuna aspaldi hasi zen, izan ere, hor ibili dira denbora luzean ehunka lagun lan eder hau ikusgarri egiten. Argiztapen egokirik gabe, behar bezalako jantzitegirik gabe edo soinu entzungarririk gabe ezingo genuke ikuskizunetaz gozatu.
Arte eszenikoen alorrean, lanbide mota ugari dago, eta lan handia egiten dute publikoari ahalik eta unerik gogoangarrienak eman ahal izateko. Publikoa, ordea, gutxitan ohartzen da ikusten ari denaren atzean dagoen lanaz. Horretan dabiltzanen iritziz, ekoizle asko ere ez da jabetzen eskaintzen ari direna ez litzatekeela hor egongo arte eszenikoetako teknikaririk ez balego. Horixe da teknikariek salatzen dutena, beren lana ez dela aintzat hartzen. Eta egoera horri irtenbidea bilatzeko, beren lanarekiko begirunea eta duintasuna eskatzeko, Arte Eszenikoetako Teknikarien Elkarte Profesionala (AETE) sortu da Euskal Herrian.
AETE 2002ko urtarrilean sortu zen, baina asmoa aspaldikoa zen. 1996an teknikarien arteko afari batean abiatu zen ideia eta pixkanaka gorpuzten joan da. Oraindik sortu berria den arren, dagoeneko, laurogei bazkide ditu. Bere baitan biltzen dira argiztapenean, muntaian, jantzitegian, zama lanetan, museoetan eta arte eszenikoetan lanean dabiltzan hainbat profesional. Guztien eskakizun nagusia bakarra da: beren lana aintzat hartzea eta lan baldintza duinetan lan egitea. Elkartearen bozeramaile Aitor Agorriak adierazi digunez, beren asmoa ez da arautegi zehatz bat lortzea, baizik eta ordena pixka bat, erregulazio pixka bat jartzea "eromena" bihurtzen den mundu horretan. "Gehienok urteak daramatzagu honetan eta esperientzia handia dugu, beraz, pentsatzekoa da gure balio profesionala demostratuta dagoela eta aintzat hartzekoa dela. Ekoizle askok ez du lan antolaketa zaintzen eta duintasuna lan horren errespetutik dator; gure lana ez badute antolatzen, azken unerako uzten badute, ez zaiela interesatzen edo ez dutela errespetatzen esan nahi du".
Nati Ortiz de Zarate, elkarteko bazkide egin da sortu eta berehala. Aktore izateaz gain, jantzitegietako arduraduna ere bada. Karraka antzerki taldearekin hasi zen lanean eta, gaur egun, Arriaga Antzokiko jantzitegian dihardu. "Ni honetan hasi nintzenean, beste baliabiderik ez genuenez, ahal bezala egiten genuen lan, baina pixkanaka aurrekontu handiagoak eta gaitasun handiagoa lortu ditugu, eta gauzek hobera egin dute". Hala ere, bere ustez, hainbat arrazoirengatik, ez zaio behar bezainbeste arreta eskaintzen: "Adibidez, batetik bestera dabiltzan taldeek ez dute beti eramaten jantzitegi arduraduna, erabili aurretik ez da arropa lisatzen, askotan langileei ez zaie segururik egiten, ez dira kontratatzeną". Arte eszenikoetako teknikariek ez dute lan-hitzarmenik, ez dago lan mota bakoitzaren prezio-zerrendarik eta askotan lan berdina egiteagatik batek besteak baino gehiago kobratzen duela adierazi digu Ortiz de Zaratek.
Artelanen atzeko lana.
«Hello Dolly» musikala izan da Nati Ortiz de Zaratek Arriagan egin duen azken lana. Kasu horretan, ikuskizuna osatuta iritsi zen eta jantzitegiko langileen egitekoa izerditutako arropak garbitzea, lisatzea eta jantzitegia mantentzea izan zen. Bestela, ikuskizuna osatu gabe dagoenean, jantzitegiko arduradunari kontatzen den istorioa pasatzen diote, aurrekontu bat egiten da, jantzi batzuk diseinatzen dira, oihal egokiak bilatzen diraą Beraz, batzuetan sormen lana izaten da, beste batzuetan, berriz, mantenu lana. Azken horren inguruan, Ortiz de Zaratek azaldu digunez, badago proiektu bat martxan jartzeko asmoa. "Jantzitegia duen biltoki baten kontrolaz arduratzea litzateke proiektuaren funtsa. Arriagak, esaterako, baditu opera batzuk, zarzuelak eta abar. Beraz, materiala badu eta hori birziklatzea, uztea edo alokatzea posible izango litzateke".
Orain, Laburmetraien Bilboko Jaialdian egingo den laburmetraia baterako ari da lanean. 30eko hamarkadako kasino bat egokitu behar dute eta lan horretan murgilduta aurkitu dugu: arropak bilatzen, lortzen, probatzen, egokitzen, garai hari buruz dokumentatzeną Izan ere, jantzitegia, beste edozein alor bezain garrantzitsua da ikuskizun batean. Eta behar bezala jarduteko, gaiaren inguruan ondo dokumentatuta egotea ezinbestekoa da. "Jantzigintzaren historia oso garrantzitsua da gauzak ez baitira berez gertatzen. Erromatarren garaikoa edo Erdi Arokoa diseinatzea suertatzen baldin bada, jakin behar da zein motatako egiturak edo zein motatako jantziak eramaten zituzten. Dokumentazioa behar da, historia, musika eta garai sozio-ekonomikoen berri jakin". Jantziak ondo egiteaz gain, horiek nola zaindu eta mantendu jakitea ere komeni da, bestela, jantzi sitsa agertzeko arriskua dago, gastatu egin daitezkeą Ondo zaindu behar dira berrerabili ahal izateko. Gainera, batzuetan balio historikoa izaten dute jantziek eta kontserbazioa funtsezkoa da.
Argiztapenak eta eszenografiak ere eragin handia dute jantzitegian. Beraz, jantzigileak kontuan hartu behar du nahi duen koloreak indarra izan dezan argiztapena nolakoa izango den. Hori dela eta, arte eszenikoen baitan dauden lanbide guztien artean komunikazioa ezinbestekoa da. "Gerta liteke gorri kolore sutsua duen soinekoa egitea eta argiztatzaileak gaua irudikatu behar duenez, filtro urdin bat sartzea; soineko eder liluragarria marroi kolore itsusi batekoa bihurtuko da", adierazi digu Ortiz de Zaratek. Hori saihesteko, jantziak tindatu egiten direla azaldu digu, horrela filtroren bat sartzen dutenean dena tonu berean geratzen baita.
Beraz, tinteak, ehundurak, oihalak, mantenurako teknikak, jantzigintzaren historia, eta abar jakin behar ditu jantzigileak. Kontua da, Euskal Herrian ez dagoela hori dena irakasten duen eskolarik eta kanpora joan beste aukerarik ez dute ikasi nahi dutenek. Litekeena da, ordea, AETEren ekimenen baitan, egunen batean, hori guztia hemen ikasteko aukera izatea. "Taldean indar handiagoz egiten da lan, eta gauzak eskatzeko orduan babesa ematen du", adierazi digu jantzigileak.
Iker Aginaga ere bat dator Natirekin. Bera soinu teknikaria da eta ikasketa falta somatzen du: "Soinu teknikarientzako ikasketa guztiak irratira eta telebistara zuzenduta daude, eta zuzeneko teknikarientzat, arte eszenikoetakoentzat, ez dago ezer". Berari ere positiboa iruditzen zaio elkartea sortu izana. Ideiak konpartitu eta elkarlanean beren baldintzak hobetzen lagunduko diela uste baitu Aginagak. "Ekonomia jardueren gaineko zerga ordaintzerakoan soinu teknikarien postua aintzat hartzen da, baina hortik aurrerako ezer ere ez dago araututa eta bakoitzak ahal duena irabazten du".
Iker Aginaga autonomoa da, eta denetariko lanak egin ditu soinu teknikari gisa: kontzertuak, berbenak, dantzaldiak, antzerkia, opera, kongresuak, jaietako txoznetako soinuaą Batzuetan nahasketa mahaian jarduten du, besteetan, berriz, talde osoa martxan jartzen eta antolatzen ibiltzen da. Lana ahal den moduan, suertatzen den bezala egiten dutela dio; batzuetan baldintza kaskarretan eta besteetan hobeetan, baina "tamalez" Aginagak dioenez, gehiago dira baldintza eskasean egin beharrekoak besteak baino. "Jendea ez da ohartzen eszenatokiaren atzean dagoen lanaz; teknikariok iristen lehenengoak izaten gara, dena muntatzen dugu, musikariak etortzen dira, probak egiten dituzte, ahal bada afaltzen dugu, kontzertua jotzen dute, eta jaialdia amaitzean hori guztia batzen geratzen direnak gu gara. Baina jendeak ez du hori baloratzen; askotan esaten digute hor gaudenez, beste ikuskizun bat egingo dutela, eta ez dira konturatzen guretzat ordu extrak direla eta gu ez gaudela festetan, lanean baizik".
Duintasuna. Hori da arte eszenikoetako teknikarien eskakizun nagusia. Alex Olabarria Guggenheim Museoko argiztatzailea da. Elkartea sortzen ikusi zuen eta oso ongi iruditzen zaio horrelako topagune bat izatea: "Asmoa ez da sindikatu gisa funtzionatzea, baizik eta foro bat izatea". Bere ustez, beharrezkoa da topagune hori komunean dituzten gauzak aurkezteko, eta baita horiek hobetzeko borrokatu dezaten ere.
Museoak beste ikuskizun mota bat dira eta teknikari asko behar izaten dira erakusketa bat jartzeko. Olabarriaren lan nagusia argiztapena diseinatzea da, diseinatzailerik edo komisaririk ez duten erakusketetan. Diseinua egitea da bere lana erakusketak gorputz bat, oinarri bat, izan dezan. Askotan oso lan mekanikoa dela dio, baina sormena lantzeko aukera ere ematen du, Galeriari gaztelu itxura ematea edo modernoa izan dadin lortzea ez omen da erraza, "argia non eta nola jarri jakin behar da". Lekua girotu egin behar izaten da, pieza bakoitza banaka landu behar da, eta argiak artelan guztiak giro batean batu behar ditu.
Erakusketak planteatzea eta eskari guztiak bideratzea goi-karguen egitekoa da. Artelanak museora iristen direnean, kamioietatik kutxa guztiak jaitsi behar dira eta galeriatara eraman. Guggenheim Museoaren kasuan, han uzten dira tenperatura berrira aklimatatzen. Jabeen ordezkariak iristen direnean zabaltzen dira kutxa guztiak, eta komisarioa heltzean hasten dira teknikariak dena muntatzen eta argiztapena nola egin eztabaidatzen.
Museoetako teknikarien artean alor desberdinetakoak daude: komisariek erabakitzen dute zein erakusketa ekarri eta zein galeriatan banatuko diren lanak. Arte instalatzaileek, esaterako, obra bakoitza nola zintzilikatu, nola paratu asmatu behar dute. Ez da gauza bera koadro bat edo Txillidaren eskultura bat jartzea; ingeniaritza ere jakin behar izaten dute teknikariek. Erregistratzaileek artelana milimetroz milimetro aztertzen dute. Kontserbatzaileek, berriz, artelanek dituzten marka edo arrasto guztiak ikusi eta argazki erraldoiak ateratzen dituzte, dokumentuak prestatzen dituzteą Gero tratatu ahal izateko informazio guztia jasotzen dute. Argiztatzaileak izaten dira azken lanak egiten dituztenak, baina horiez gain, azalpen testuak idazten dituztenak, hormak margotzen dituztenak, hormak botatzen eta altxatzen dituztenak eta beste zenbait lan ere izaten dira museoetan.
Olabarriaren iritziz, bere lanbidea ez da aintzat hartzen: "Badirudi denek dakitela zerbait argiztapenari buruz, eta sarri, gure eremuan sartzen da jendea. Denek esaten dute lan garrantzitsua dela, baina hori hitzetan geratzen da». AETEren asmoa traba horiek gainditzea eta lan baldintza duinak lortzea da. Horretan dihardu
Pilar Iparragirre
Horrelako izenburu esanguratsua zeraman 1972ko azaroaren 5ean plazaratu zen ZERUKO ARGIAk. Aipatu nahi zuen arazoa, bere lehen orrialdean agertzen zuen gaiarekin lotua zegoen. Han, hizki larritan, «Goierri ur-billa» irakur zitekeen, eta baita ere «Gabirian egin nahi litzakeen ęUrtegiariĘ ezezkoa» eta «Bertako baserritarrak eta Gabiria eta Ormaiztegiko Udaletxeak aserre». Misterioaren gakoa, berriz, Errialdek ematen zuen, bere lan haren hasieran: «Bada Gipuzkoan urik, baina ez da sukaldeko kanilletara iristen. Izan ere sukalderaińo ura iritxiko den ala ez begiratu gabe etxeak egin eta etxeak egin ari dira bazter guztietan. Etxeak egin eta jendea ekarri baino lehen begiratu beharko litzake, jende horrek nola bizi behar duen eta non lan egin beharko duen. Baina etzaio begiratu eta orain dira komeriak».
ESTANDA URTEGIA
Garbi zeukan Errialdek etxe asko urik gabe edukitzerik ez zegoela, baina... «Okerra ez da, ordea, beste oker batekin zuzendu behar» zioen jarraian, zeren itxura guztien arabera «badirudi Gabiriko ęEstanda UrtegiaĘ oker bat zuzentzeko egiten den beste oker bat dela».
Zazpi kilometro izango zituen urtegi hori eginez gero, 280 hektarea galtzen omen ziren gainera, horrek esan nahi zuen galerarekin. «Urtean 8,5 milloi m3 ur emango lituzke ęEstanda UrtegiaĘk. Besterik gabe m3 ur 2,35 pezeta gostako litzake. Galera aundiegiak dakazkian ur-artzea dela dirudi, beraz», nabarmentzen zuen gero, ostera ondo aztertzeko arazoa zela azpimarratzeaz batera.
Editorialean, berriz, honakoa zioen: «Aipatu izan ditugu lehen ere behin baino gehiagotan gure errietan egiten diren okerrak. Errietako berriak irakurri besterik ez dago hortarako: ęHalako bihurgunetan edo kale-ertzetan izan ohi diren auto-talkak eta min-artzeak. Halako auzotan argirik edo urik ez dagoela. Beste hartan, berriz, eskolarik ez. Beste hartan erriko zaborrak nolanahi eta nonahi botatzen direla. Hemen jolastokirik ez dagoela. Han lantegirik gabe aurkitzen direla. Beste hartan tajuzko dendarik ez dagoela eta etxekoandreek auzoko errira atera behar izaten dutela gauzak erostera. Zenbait herritako autobideek astopista diruditela...Ę. Bururik ez duenak, ankak ibili behar», ondorioztatzen zuen editorialgileak, hurrenez hurren, baieztatzeko: "Bai, gure erriak ez buru eta ez anka ari dira azten. Etxeak egin eta jendea pilatuz gero, aurrera goazela uste dute askok. Mila bizilaguneko erria aurreratzeko, amar-amabost-ogei milako erria egitea dela onena uste du askok. Ez dira azteak dakazkien arazoez garaiz jabetzen. Orduan dira istiluak. Okerra okerraren gainean egin behar. Oker zahar bat zuzentzeko, oker berria egin behar. Hoietakoa izan diteke aurreneko orrian aipatu dugun ęEstanda UrtegiaĘ. Inguruko erriak etxez eta jendez lepazurreraino bete, ura nondik izango duten kontuak atera gabe».
ETA GOIERRIN BAKARRIK IZAN BALITZą
Z. ARGIA, ordea, ez zen bakarrik Goierrin saltzen, beraz argi eta garbi azaldu behar zen arazoa ez zela hara mugatzen. Gauzak horrela, beste adibide bat eskaintzen zuen editorialak: «Bukatu berria da Donostia inguruko autobide berria. Ezkerrera pasa beharra dauka Amarako sarreran, eskuinetik sarrera izateko ordez. Sarez inguraturik geratu dira sarrerako eta erteerako parean dauden etxe-sailak. Alde batetik bestera joan nahi dutenak, ibili aundi samarra egin beharrean aurkitzen dira. Ez dugu esaten autobide hori obeto egin zitekeenik, inguru hori etxez josterako kontuak atera behar zirela baizik».
Donostia aipatzearekin bakarrik ere ez izaki nahikoa, esparrua zabaltzeko beste ahalegin berri bat egiten zuen idazleak: «Arindua geratu da Donostia inguruko ibilia, baina noizkorako igari Tolosako zintzurra? Eta beste erri askok ere, nondik egin behar dute autobide berria? Ezaguna da irakurleen artean Bilbao-Behobia autopistak Zarautzen egiten duen ondamendia. Berdin Oikian ere. Eta zer dira Donostia eta Errenteria inguruko txingurritegiak? Eta noizkorako ibai kirasdun eta zikinak garbitzea? Itxi dira ezinbiziz erri txikietako ęargietxeĘ asko. Iberdueroren esku gelditu da argindarraren jabegoa. Irabazi aundiz nahi du argia eman. Ez du irabazirik uzten erri txiki eta urrutiko baserrietara argia eramateak. Argirik gabe geratu behar al dute ala argi garestiaz bizi behar? Eta non dira hainbeste umerentzat behar diren ikastetxeak? Eta non ainbeste gazte ikasirentzat behar diren lanleku egokiak? Eta non jolastokiak eta kirol-lekuak? Non zerbitzu-dendak? Eta non euskaldunak gizon izateko behar duen euskal giroa eta arnasa? Eta nola itsatsi hainbeste erdaldun gure Errian?».
Haserre zen editorialgilea, baina jakin, bazekien noizbait jarri behar ziola amaiera bereari, eta pare bat galdera botaz egiten zuen: «Honelaxe jardun gaitezke galderak eta galderak egiten bukatzeke. Honelaxe ari gaitezke gure okerrak zokomiatzen etengabe. Okerra okerraren gainean? Oker batzuk zuzentzeko beste batzuk egin behar?»
Daniel Udalaitz
Estatu Batuetako George Bush presidenteak Irakek omen dituen ustezko artsenal nuklearrekin eta fabrikatzen omen dituen destrukzio masiboko armekin zerikusia duten hainbat deklarazio ofizial egin du Sadam Husseinen erregimenaren kontra abiarazi duen ofentsiba justifikatzeko, eta agian beste gerra batean buka liteke. Haren aliatu batzuek, hala nola Espainiako Aznar presidenteak, papagaien moduan errepikatzen dituzte beren nagusi handiaren tesiak. Estatu Batuetan, ordea, gero eta handiagoa da gerra horren kontrako olatua. Eta egunetik egunera gehiago dira zuhurtziaz publikoki ziurtatzen dutenak ezen, Bushen ofentsiba horren guztiaren atzean, Irakeko petrolioagatik duen obsesioa dagoela, Estatu Batuetako eta Europako petrolio-enpresen interesek ere determinatua. Horrela, ezeztatu egiten dituzte Bush nagusiaren deklarazio ofizialak. Horregatik, txosten honetan, ikusarazten saiatuko gara nolakoa den Irakeko petrolio aberastasunaren errealitatea eta Amerikako Estatu Batuen dependentzia energetikoa, bai eta nolako planteamenduak egiten ari diren ekonomiako eta petroliogintzako hainbat instantziatatik Bushen ofentsibaren gainean eta munduko petrolio merkatuan izango dituen ondorioen gainean.
IRAKEKO PETROLIOA ETA ESTATU BATUEN DEPENDENTZIA ENERGETIKOA.
Irakek, gaur egun, munduko erreserba frogatuetatik bigarren handienak dauzka, 112.000 milioi upeletan kuantifikatuak. Irakeko petrolioa, ugaria izateaz gain, kalitate ertainekoa da, eta hura ateratzeko kostua txikienen artean dago. Milioi eta erdi upel produzitzen ditu egunero. Sadam Hussein eroriz gero, petrolioaren enbargoa bukatu egingo litzateke eta haren negozioa garatu egingo litzateke. Teknologia berrien bidez, petrolio enpresek Irakeko produkzioa halako biraino gehitu ahalko lukete; hau da, egunean 3 milioi upeleraino. Horrela gertatuz gero, Irak petrolio gordinaren munduko bigarren produktore eta esportatzailerik handiena bihurtu ahalko litzateke, Saudi Arabiaren atzetik, hura egunean ia sei milioi upel produzitzera iristen baita.
Estatu Batuek petrolio asko produzitzen dute, ia sei milioi upel egunean. Hango ekonomiak, ordea, egunean 18 milioi upel baino gehiago behar ditu, normaltasunez funtzionatuko badu. 2001. urtean, Estatu Batuek egunean 11,6 milioiraino upel inportatu zituzten, eta petrolio horren %20 baino gehiago Saudi Arabiakoa zen. Energiaren Agentzia Internazionalaren (EAI) datu ofizialen arabera, aurreikusia dago Estatu Batuen petrolio inportazioak egunean 14,3 milioi upelera igoko direla 2010ean, eta 16,7 milioira 2020an; hau da, herrialde horretarako aurreikusitako eskariaren %63 izango dira. Mundu osoan, EAIk berak dioenez, aurreikusia dago petrolio gordinaren kontsumoa, bereziki herrialde industrializatuetan, oraingo eguneko 75 milioi upeletatik 120 milioira gehituko dela 2030ean.
«ASEGURU ENERGETIKOA", SAUDI ARABIAREKIN KRISIA GERTATUZ GERO.
Irakeko petrolioa "aseguru energetiko" moduko bat izan liteke baldin Saudi Arabiak Estatu Batuak petrolio gordinez hornitzeari utziko balio. Horrela, adituek eta behatzaileek ziurtatzen dute Estatu Batuen eta Saudi Arabiaren arteko harremanak hoztu egin direla irailaren 11ko atentatuez geroztik eta Afganistango gerraz geroztik, eta estatubatuarrek segurtatu egin nahi dutela petrolio gordinaren hornidura. Estatu Batuek epeltzat jotzen dute Saudi Arabiak irailaren 11ko atentatuez egindako gaitzespena, eta zenbait tirabira ere gertatu ziren bi estatuen artean Afganistango interbentzioaren bezperetan. Zenbaitek ziurtatzen duenez, petrolioaren negozioari lotutako Bushen ingurukoentzat, Saudi Arabia jadanik ez da fidatzekoa. Gainera, Estatu Batuetako administrazioa beldur da gero eta ezegonkortasun politiko handiagoa gertatuko ote den Saudi Arabiako erresuman, integrista islamikoen eskuetan.
Baldin Saudi Arabiarekin dituen harremanak krisian sartuko balira eta herrialde arabiar horrek Estatu Batuak petrolioz hornitzeari utziko balio -gogoan izan petrolio gordin inportatuaren %20 baino gehiago Saudi Arabiakoa dela-, egoerak larriki erasan liezaioke Estatu Batuetako ekonomiari. Estatu Batuei petrolio hornidura kentze hori gertatuz gero, ezingo lukete konpentsatu ez Kaspiar Itsasoko produkzioak, 2005. urterako nahiko garatua egongo dela aurreikusten baita, ez Errusiak, zeren, bere potentzial produkzioaren muga-mugan egoteaz gain, ez baita politikoki erabat fidatzekoa.
Kontestu horretan, pentsatzekoa da Estatu Batuak eginahal guztian saiatuko direla Saudi Arabiako erresumarekin harreman onak mantentzen, herrialde bakarra baita egunean 12 milioiraino upel produzitzeko gai, eta haren erreserbak Irakenak halako bi baitira (220.000 milioi upel baino gehiago). Seinalatu beharra dago saudiek, beren kabuz, saltaraz edo hondora ditzaketela petrolio merkatuko prezioak, kapaz baitira nahi duten guztia ateratzeari uzteko edota merkatuan egunean bi milioi upel jartzeko laurogeita hamar eguneko epean.
SADAM HUSSEINEN AKABERAK ALDATU EGINGO LUKE PETROLIO MERKATUA.
Munduko petrolio sektoreko analistak oso adi daude Estatu Batuen eta Iraken arteko egungo gatazkaren bilakaerari, gerrara jo bailezake. Eta ez dute isilean gordetzen zein onuragarria izango litzatekeen gerra hori Estatu Batuen interes ekonomikoentzat. Izan ere, Saudi Arabiaren hornidura galtzeko arriskuaren aurrean -gerta daitekeen gauza da, amerikarren eta saudien arteko harremanek daramaten bilakaera ikusita-, Bushek are prezio txikiagoan beregana lezake Iraken petrolio hornidura.
Horrela, Madrilgo "El Paķs" egunkariak oraindik orain publikatutako txosten batean, "Irakeko petrolioagatiko gudua" izenburuaren azpian, ondoko hau baieztatzen da: Sadam Husseinen akaberak aldaketa sakona ekarriko luke petrolioaren merkatuan. Estatu Batuek Iraki erasotzen badiote eta oraingo erregimenaren ordez Washingtonen kideko erregimen bat jarriko balute, herrialdeari 1991z geroztik ezarritako enbargoa kendu egingo litzateke eta Iraken petrolio potentziala azaleratuko litzateke. Herrialde horrek orain egunean 1,5 milioi upel produzitzen baditu, sei milioira irits liteke urte gutxiren buruan. Merkatuetara petrolio gehiago hornitzeak kostua merkatu egingo luke Mendebaldeko herrialde inportatzaileentzat. Estatu Batuentzat, gainera, Irak petrolio iturri alternatibo bihurtuko litzateke, beldur baita krisi politikoa gertatuko ote den Saudi Arabian, munduko produktore eta esportatzaile handienean.
Petrolio merkatuaren analistak eta adituak hasiak dira beren aurreikuspenak aurreratzen, baita beren nahiak ere. Eta kalkuluak egiten dituzte, gerra laburra ala luzea izango den. Horrela, Erresuma Batuko «Petroleum Economist» aldizkariak ziurtatzen duenez, Estatu Batuek Iraki erasotzearen lehen ondorioa, petrolioaren merkatuan, prezioak goratzea izango litzateke. Petrolio gordinaren kotizazioa, aurreikuspen horien arabera, upeleko 35 edo 40 dolarreraino igoko litzateke denboraldi labur batez (hilabetez, gehien jota) "baldin interbentzioa azkarra eta efektiboa bada, nola aurreikusten baita izango dela". Gerra labur baten ondoren eta Bagdaden erregimena aldatu eta gero, seinalatzen du iturri berak, "petrolioaren merkatua, funtsean, igarterrazagoa, egonkorragoa eta seguruagoa izango da, eta prezioak apalagoak izango dira".
Londresko Petrolio Institutuko analista batek, Chris Baker-ek, honela dio: "Sadam Hussein erortzeak deuseztatu egingo luke petrolioaren enbargoa, eta negozioa garatzeko bidea emango luke Iraken. Gerra ondoan, petrolio enpresek urtebete baino gutxiago beharko lukete Irakeko produkzioa egungo milioi eta erditik bikoitzera eramaten. Urte pare batean, esplorazioko eta prospekzioko egungo teknologiekin, petrolio gordinaren munduko bigarren produktore eta esportatzaile handiena bihurtzera irits daiteke Irak".
Bushek Iraken egin nahi duen erregimen aldaketak beste eragin kolateral batzuk ere izango lituzke munduko petrolio merkatuan. Bagdaden gauzatu asmo eta nahi duen erregimen aldaketa horrek orobat ahul lezake OPEP lurralde petrolio esportatzaileen organizazioa, zeren Irakek berriro izango bailuke hitza eta botoa organizazio horretan eta Irakeko ordezkari berriak ulerkorragoak izan bailitezke Mendebaldeko interesen alderako. Iraken produkzio handiagoak eta OPEPen ahultzeak, analistek diotenez, prezioak beherarazi egingo lituzke, 20 eta 22 dolar bitarteko bandaraino, eta herrialde industrializatuek aterako liokete onura beheratze horri
Erramun Osa
Duela gutxi, Eusko Legebiltzarrean helduen euskalduntze alfabetatzea arloa izan da hizpide. Alabaina, HABEren ordezkarien agerraldiaren segidan, Aurten Bai Fundazioaren ordezkaria eta Ulibarri euskaltegiko kudeatzailea sektorearen gabezien ahots-eroale bilakatzea dezente harritu ninduela aitortu behar dut. Izan ere, Aurten Bai Fundazioak, sektoreko gainerakoekin alderatuta, urteak eman ditu haren jarduera hertsia kontuan hartzen ez zuten dirulaguntzak eskuratzen, horrenbeste non bestelako barnetegi iraunkorrekin alderatuta jasotako dirulaguntzak eskandaluzkoak izan diren, ez dirulaguntzak soilik, jarduera arruntak berak nekez justifikatzen duen eta deialdi publikorik egin gabe lagapenean eskuratu dituen azpiegitura publikoak ere eskuratu ditu Aurten Bai Fundazioak.
Hain zuzen, Joseba Arregik Kultura Sailburua izateari utzi zionetik HABEren gaineko erantzukizun politikoa hartu zutenek ordurarte eguneroko ogia zen diskriminazio zantzu oro ekidin eta sektorea berdintasunean tratatzeko konpromisoa hartu zuten. Ordutik datoz, besteak beste, Aurten Baik Euskal Autonomia Erkidegoan helduen euskalduntze alfabetatzean erabili den dirulaguntza politikari egiten dizkion kritikak, ez gainerakoek baino gutxiago jasotzen dutelako, Fundazio pribatua izanik, gainerakoek baino diru baliabide ugariagoak eskuratu nahi dituelako baizik. Bada, testuinguru horretan ulertu beharko lirateke aipatu agerraldian esandakoak, nola baita xede hori kosta ahala kosta lortzeari begira, sektoreko beste batzuk bidenabar erasoz, sozialistekin eta beste batzuekin agerraldiaren aurretik egin dituen bilerak. Ulibarri euskaltegiari dagokionez, besteak beste, dirulaguntza politikan ez ezik funtzionarioen euskalduntze plangintzaren zioz ere urteetan izan duen trataera aipagai izan dezakegu, alabaina, bego, momentuz, gai hori ere bere horretan.
HABEren nola baita Aurten Bai eta Ulibarri euskaltegien agerraldiak, bakoitzak bere ńabardurekin, helduen euskalduntze alfabetatzea sektoreak bizi duen krisi sakona, oinarri-oinarrizkoa esango nuke nik, utzi dute hala ere agerian. Izan ere, Aurten Baik eta Ulibarrik hala nabarmendu arren, sektorearen arazo nagusia ez da dirulaguntzen moduluan izandako bilakaera, ez eta profesionalek irakaskuntza pribatuko hitzarmenarekin alderatuta ematen dituzten eskola ordu gehigarriak nola baita lan sarian diren aldeak. Arazoa askoz sakonagoa da, egiturazkoa.
Izan ere, 1993-94 ikasturteaz geroztik sektore publikoak ikasleen %30 eta talde orduen %26,7 galdu ditu. Halaber, pribatuen multzoari erreparatuz gero, epealdi berean, ikasleen %10,2 eta talde orduen %6 galdu dira. Jaitsiera, kasu honetan, 1998-1999 eta 2000-01 ikasturteetan gertatu da batik bat, alabaina, ikasturte berri baten hastapenean gaudenean beheranzko joera hori indartu egin da, sare guzti-guztietan ez ezik lurralde denetan ere. Ondorioz, 1986-90 epealdira egin beharko genuke atzera helduen euskalduntze alfabetatzeak halako egoera zaila bizi eta halako gainbehera antzemateko.
Baina urteak ez dira alferrik igaro. Garai batean nagusi ziren ikasle eta langabetuen multzoak arian-arian urritu egin dira eta lanean ari diren eta helduagoak diren pertsonak hurbildu dira helduen euskalduntze alfabetatze sektorera. Bada, ikasleen tipologian eta beharretan aldaketa esanguratsuak ari dira gertatzen. Garai batean emaitza akademikoak indartzeko, titulu bat eskuratzeko edo/eta lan merkatuan aukerak ugaltzeko asmoz euskara ikastera zetorren jende multzo andana murriztu da, gizartean bestelako lehentasunak nagusitzen ari direnez besterik gabe euskara ikastera datorren jendea apaldu egin da. Guzti horri, maisu maistren euskalduntze plangintzak nola baita sektore publikoa euskalduntzera bideratutako egitasmoek aspaldi goia jo dutela gaineratu beharko genioke. Bada, oro har hartuta, eskariaren unadura begi bistakoa da. Beraz, sektoreak, eremu berrietara ez ezik eskari poltsa berrietara ere ikasle bila jo beharko du, bere burua espezializatuz, hartarako egitasmoak beren beregi prestatuz.
Baina, aldi berri honek plazaratuko dituen erronkei era egokian erantzun ahal izateko sektorea berrantolatu behar da. Izan ere, dagoen eskaria aintzat hartuta euskaltegi gehiegi dago, bada, sareen osagarritasuna, maila guztiak eskaintzea, ikastaroak malgutzea, lortutako maila ziurtatuko duen kanpoko ebaluazio sistema ezarriz zertifikazio sistema abian jartzea, materialen eraberritzean nola baita irakasleen formazioan inbertitzea dirateke, besteak beste, berehalakoan abian jarri edo indartu beharreko eremuak.
Berrantolaketak sektore publikoa osatzen duten Udal Euskaltegi sarea nola baita Hizkuntza Eskolen bidez egiten ari den eskaintza aintzat hartu beharko luke ezinbestean. Izan ere, sarea egituratzeko, homologatzeko eta normalizatzeko eginahalak egin direnean, erritmo bizkorragoko ikastaroak lehenesteko ahaleginak egin direnean, egungo sarearen ondo-ondoan, Hizkuntza Eskolen bidez, diru baliabide publikoak xahutuz, baztertu diren erritmo apalagoko ikastaroak eskainiz, beste eskaintza bat zabaltzeko egiten ari den ahalegina ez da ulertzen. Halaber, helduen euskalduntze-alfabetatzeaz kargutzen den egitura administratiboak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik zertifikazio sistema ezartzeko izan ohi dituen arazoak eta Hizkuntza Eskolen bidez ziurtagiri sistema bat egotea ez dira inolaz ere etorkizunera begira mantendu ahal den egoera.
Baina, berrantolaketak sektore pribatua ere hartu behar du kontuan, sektore publikoa denean osagarritasunez jokatuz eta hiri handi eta hiriburuetan dagoen gehiegizko euskaltegi sarea eskarira egokituz. Osterantzean, berrantolatu ezean, euskaltegi sare ahula geratuko baita etorkizunean, erronkei erantzuteko ezgauza eta eguneroko funtzionamendua besterik gabe mantendu ahal izateko bitarteko ugari beharko dituena.
Kontua, bada, nire iritzi apalean honakoa da: egungo sarea berrantola dezagun, egun gatibu dauzkagun bitartekoak askatuz eta bitarteko horiek ondorioztatzen den sarearen normalizazioa indartzeko erabiliz ez ezik Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren ezarpenak, hiztunek euskara balia dezaten aukerak ugaltzeko berariaz sortu den plan estrategiko honen gauzatzeak behar dituen udal mailako zerbitzuak indartzeko ere enplega ditzagun, hartarako HEAko profesionalak birziklatzeko urratsak eginez. Halaber, teknologia berrien erabilera zabalduz ikasleen autonomia indartzeko eta merkatua bera hedatzeko urratsak egin behar ditugu, gurasoak, kolektibo profesionalak, etorkinak, hizkuntza trebatzaileak, hots, euskalduntze alfabetatzeak etorkizunik izango badu euskararen normalizazioa lortzeko xedez eskari poltsa berriei erantzuteko prestatu behar du, gainerakoa, oinarrizko eztabaidari ihes egitea baino ez da
Pello Zubiria
M unduko milioika musulmanentzako, azaroaren 6an hasiko da urteko hilabeterik bereziena. Ramadan sasoia da. Egun horietan, barau egingo dute egunsentitik ilunabarrera. Hilabete horretan ospatzen baitute Jainkoak Koranaren lehen bertsoak Mahoma edo Mohammad profetari errebelatu zizkion garaia. Barne hausnarketa, otoitz eta autokontrol aroa da.
Musulmanen egutegian bederatzigarren hilabetea da Ramadana. Hau hasi eta 26. egunaren ondorengo gauak Laylat-al-Qadr izeneko ospakizuna ekarriko du, aurten gure abenduaren 1ean. Eta Ramadanaren bukaeran hilberria hasten den uneak seinalatuko du Id-al-Fitr festa iritsi dela mundu osoan diren milioika sinistun horientzako. Egunez barau egin, sarritan otoitza praktikatu, mezkitetara gehiago joan eta ahaideak eta betiko lagunak bisitatuz, hilabete horretan musulmanek beren familien eta komunitatearen barne loturak sendotuko dituzte.
IZARRETIK IZARRERA.
Duela urte gutxi kristau komunitateetan Garizuman bizitzen zen giroarekin aldera daiteke Ramadana, urrundik bada ere. Elizkizun, isiltasun eta otoitzari ordu asko eskaintzen zaizkio eta berez arautegi zehatza duen musulmanaren bizimoduak are gehiago zorrozten ditu egunotan bere betekizunak.
Barauak irauten duen orduetan -egunez- ezin du sinestunak ez erre ez sexu harremanik eduki. Egunaren bukaeran baraualdia iftar izeneko errezoarekin batera etengo da, hurrengo egunsentia arte. Koran sakratuak dioenez, sinestunak jan eta edan dezake "egunaren argitan marra beltz bat marra zuri batetik berezi daitezkeen unea arte", eta ondoren hurrengo gaua bitartean hasten da baraua.
Barauak musulmanari dakarkion on guztia bost gauzotako batek alferrik galdu dezake: gezur bat esateak, norbait kalumniatzeak, norbait salatzeak, gezurretan zin egiteak eta zekenkeriak. Edozein unetan ere bekatutzat jotzen diren jokabide hauek, are larriagoak omen dira Ramadaneko barau giroan.
Ohi baino sarriagotan doaz musulmanak mezkitetara urte sasoi honetan, eta denbora gehiagoz egiten dute otoitz han. Eguneroko ohiko bost errezoaldiez gain, Ramadanean Taraweeh izeneko otoitz berezia (Gaueko Errezoa) egiten dute, eguneroko otoitzak baino bi edo hiru aldiz luzeagoa dena. Zenbait musulmanek gau osoa emanen du errezoan.
Hogeita seigarren gauean Laylat-al-Qadr (Agintearen Gaua) ospatuko dute: gau horretan zelebratzen da Mahomari Jainkoak Korana errebelatu zion eguna. Eta liburu santu horren arabera, gau horretan zehazten du Jainkoak hurrengo urtean gertatuko dena.
Baraualdia aurten abenduaren 6an bukatuko da. Ramadana bukatu eta Shawwal izeneko hurrengo hilabeteari bide ematen dion festak Id-al-Fitr du izena (Baraua Hausteko Jaia). Hiru egun iraunen du ospakizun berezi horrek. Musulmanek egun horietan elkarri opariak egingo dizkiote, eta familia eta lagunarte berezian bilduko dira otoitz egin eta otordu luzeak egiteko. Leku askotan gainera feria eta festa bereziak ere antolatuko dituzte ospakizun horien kariaz.
HEDATZE GELDIEZINEAN.
Islama da azken urteotan sinestun kopuruz gehien hazi den erlijioa. Eta munduko bigarrena da jarraitzaile kopuruan. 1996ko datutan, Asian 1.022 milioi biztanle sinesmen horren barruan zegoen katalogatua, biztanleriaren herena. Afrikan 426 milioi ziren urte horretan, populazioaren %60 inguru. Horiei guztiei Europa, Amerika eta Ozeaniako musulmanak gehituta, mundu osoan 1.482 milioiko kopurua ematen zuen duela sei urte, hau da Lurrak zeuzkan 5.772 milioi biztanleen %26.
Urteko hazkunde tasa islamarentzako %6,4koa zen urte horietan, eta beste batekin konparatzekotan, kristauen kopuruak garai berean %1,46ko hazkundea zeukan. CIAren dokumentaziotik ateratako datu horien gainean, islamaren gune bat baino gehiagotan gaur egun mundu osoan 1.900 milioitik gora izango direla kalkulatzen dute. Izenez musulman deituagatik Koranaren irakaspenak eguneroko bizimoduan jarraitzen dituztenen nombrea apalagoa izango dela bistakoa da, baina erlijio guztiekin gertatzen da desfase hori, eta ez da islama izanen kalkulu horretan ere galtzaile aterako litzatekeena.
Erlijioen arteko beste konparaketa interesgarri bat "ReaderĘs Digest"ek egin zuen 1983an. Aurreko mende erdian erlijioek gora edo behera egin zituzten mugimenduak aztertu eta konparatu zituen aldizkari horrek. Bere datuen arabera, konfuzianismoa eta taoismoa berrogeita hamar urtetan %13 jaitsi ziren. Juduen kopuruak ere behera egin zuen, mende erdian %4 galduta. Kristautasunak %47ko kopuruan egin zuen gora; honen barruan behera egin zuten Ekialdeko kristau ortodoxoek %36, protestanteak %57 ugaldu ziren, eta eliza katolikoak egin zuen igoerarik handiena sail honetan, %70 hazita.
Ikerketa beraren arabera, budistak %63 gehiago ziren mende erdi beranduago, hinduisten kopurua %117 hazi zen, shintoistak %152 gehiago ziren. Baina erlijio guztietan hazkunderik nabarmenena islamak ezagutu zuen mende erdian: %235 ugaritu zen munduan.
Ikusi dugunez, Asian eta Afrikan da indartsuena islama, baina azken hamar urteotan hazkunde tasarik deigarrienak Australia (%257), Europa (%142) eta Ipar Amerikan (%25) ezagutu ditu.
Eta azkenean, Frantzia, Britainia Handia edo Amerikako Estatu Batuak bezalako herrialde aurreratuetan islama da jarraitzaile kopuruz bigarren erlijio nagusia. "Gaitzaren Ardatzaren" kontrako guduan buru-belarri murgilduta azaltzen den AEBen barruan, 140 milioi kristauen artean 10 milioi musulman bizi dira. Aginte guneetan indar handia duen komunitate judua baino ugariagoa osatzen dute musulmanek. Kristauak berak hainbat elizatan banatuta daudela kontutan hartuta, katolikoek eta Hegoaldeko baptistek bakarrik irabazten diete musulmanei kopuruan. Gainerakoak, izenez hain ezagunak egiten zaizkigun metodistak, ebanjelioak, mormoiak eta beste atzetik dauzkate.
Gure artean ere ibiliko dira baraua eta Allah jainkoari egindako otoitzak. Urte osoan bezala. Ohartu ez garen arren
http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko lotura gehiago aurkituko duzu.
Elisabeth Pombo
Errepideak eta kaleak hankaz gora, koloretako hodiak eta hainbat langile lan eta lan. Hori da azkenaldian Euskal Herriko hainbat txokok ematen duen irudia. Baina zergatik, zertarako eta zer helbururekin? Guztiaren atzean askorentzat aski ezagunak izango diren bi hitz ezkutatzen dira: zuntz optikoa.
Bai; teknologia erosoa, azkarra eta sekulako abantailak ekarriko dizkiguna. Horixe da zuntz optikoa, edo behintzat, horrela saldu nahi digute. Ziur bat baino gehiago, hainbeste aukera eta proposamenen artean, zorabiatzen hasia dela. Gure helburua askok izan dezaketen nahasmen hori zertxobait argitzea da, dauden eskaintza desberdinak aztertuz eta teknologia honen abantaila eta desabantaila nagusienak errepasatuz. Zenbait aditurengana ere jo dugu, beren iritziaren bila eta bateren batek gauza bat erakutsi digu: guztia ez dela arrosa kolorekoa.
Gure ingurua zuntz optikoz hornitzen ari direnak Euskaltel eta Retena edo Tenaria (Reteriojarekin batu ondoren) dira, lehena EAEn eta bigarrena Nafarroan. Iparraldean oraingoz ez dago enpresarik teknologia hau hornitzeaz arduratzen denik. Beraz, gure bizilekua EAEn edo Nafarroan badago, lehen aipatutako bi horietako batengana jo beharko dugu baldin eta gure etxean hainbeste aipatzen den kablea sartu nahi badugu. Dagoeneko telekomunikazioen azoka liberalizaturik dago eta ondorioz, enpresa bakoitzak bere apustua egin du: batzuek zuntz optikoaren teknologian inbertitu dute, beste batzuek, Telefonica kasu, ADSL teknologia bultzatu nahi dute. Baina hainbeste aukeren artean, zer aukeratu behar dugu? Zer da onena? Kasu guztietan gertatu ohi den legez, norberaren beharrek aginduko dute mota honetako erabaki bat hartzeko orduan. Beharrak, abantailak eta prezioak. Hiru esparru horien arteko oreka bilatzera jo behar da. Edonola ere, kablearen edo zuntz optikoaren goxokiari ezetz esatea nahiko zaila gerta liteke. Are gehiago, ekar ditzakeen aldaketa eta abantaila guztien berri izatean.
ALDE ON UGARI.
Banda zabalera handia du eta ondorioz informazio kopuru ugari jaso eta bidal daiteke, telefono linea arruntarekin baino kalitate hobea duena gainera, interferentzia edo zaratarik gabe. Abiadura azkarra ziurtatzen du, Interneteko edozein nabigatzaileren ametsa egia bihurtuz (bi milioi bps-ko abiadura izatera irits gaitezke. Gaur egun jende gehiena 28.000 edo 33.600 bps-eko abiadurarekin konektatzen da sarera). Beste adibide bat ematearren, orain arte kable koaxial arrunt batek Euskal Herritik Ameriketara 48 dei jasan bazitzakeen, orain zuntz optikoaren bidez 500.000 dei jaso daitezke. Eta gainera, mementoz interaktibitate handiena eskaintzen duen teknologia da. Horrek esan nahi du hartzaile pasibo izatetik igorle aktibo izatera igaro gaitezkeela, telebistako hainbat saiotan parte hartuz, bideohitzaldietan gure iritzia emanez, etxean eskola partikularrak jasoz eta abar luze bat.
Familiako kide bakoitzarentzat ahots erantzungailu bat, norberaren gurarien araberako telebista (kirolak, musika, zinea...), bankuko transakzioak eta supermerkatuko erosketak etxetik egiteko aukera, baita logelatik mugitu gabe ikasteko aukera ere. Etorkizuna hori dela dirudi eta neurri handi batean zuntz optikoak ahalbidetuko du.
Arropa «azkarraren» oinarria.
Gero eta aurkikuntza gehiago egiten ari dira teknologia honetan oinarrituz. Esaterako, duela gutxi France Telecom-eko ikertzaileek zuntz optikoz osatutako ehun batez eraikitako pantaila bigun baten aurrekaria sortu zutela iragarri zuten. Aurkikuntza honek arropa «azkarra» dei genezakeena osatzeko bidea erraz lezake. Hau da, gorputzaren tenperatura aldaketak igarri ditzakeen edo kolorez alda daitekeen arropa, hain zuzen ere. Garbi geratzen da beraz, zuntz optikoaren garrantzia noraino iristen den, nahiz eta aipaturiko guztia hasiera baino ez den.
Jada goxokia irakurleen ahotan jarri dugu. Baina erreparatu diezaiogun orain gure poltsikoari eta konpainiek eskaintzen dizkiguten prezioei.
Eskaintzen digutena.
Hasteko gu bizi garen herriko udalak baimena eman behar du kaleak altxa eta kablea sartzeko. Behin baimena emandakoan zuntz optikoa sartzeaz arduratzen den konpainia gurekin edo bizi garen ezkaratzeko presidentearekin harremanetan jarriko da beraien eskaintza luzatzeko eta kablea eraikinean instalatu ahal izateko baimena eskatzeko. Ez Euskaltelek, ez Tenariak ez dute hasierako instalaziorik kobratzen eta ordaindu beharrekoa hileroko kuotara mugatzen da. Konpainia bakoitzak bere prezioak ditu, baina Euskaltel eta Tenariaren arteko berezitasunik nabarmenena zera da, kablea nahi badugu lehenengoarekin telefono zenbakia aldatzea beharrezkoa dela, bigarrenarekin aldiz ez.
Baina bai batak zein besteak Internet, kable bidezko telebista eta telefonia batzen dituzten eskaintzak luzatzen dizkigute.
Nahastu aurretik gauza bat izan behar da argi: kasu hauetan oinarrizko tarifa finko bat kontratatzeko aukera ematen zaigu, baina ongi erreparatu behar diogu aukera horrek zer zerbitzu biltzen dituen, zeren hortik aurrera gure beharren arabera zerbitzu gehiago kontratatu ahal izango baititugu, baina gehiago ordainduz, noski. Esaterako, Euskaltelen oinarrizko eskaintza «Ventana» paketea da. Hilean 11,45 euro ordainduz Internetera sarbidea, telefonia eta gutxi gorabehera kable bidezko 19 telebista kate izango ditugu. Baina noski, telefonoz egiten dugun dei bakoitzeko ordaindu egin behar dugu eta tarifa trinkoa nahi badugu oinarrizko prezioa igo egingo da. Gauza bera gertatzen da Interneteko tarifa trinkoa nahi badugu.
Tenariak AVE 128 paketea saltzen du: telefonia zerbitzua, banda zabaleko Internet 24 orduz eta kable bidezko 40 telebista kate baino gehiago. Lehenengo hiru hilabetetan hilero 30 euro inguru eta laugarren hilabetetik aurrera 46 euro gutxi gorabehera. Hortik aurrera norberaren beharren arabera, abiadura gehiago edo eskaintza zabalagoak nahi izanez gero, badakigu zer egin; txaponak poltsikotik atera.
Inbertsioak eta aurreikuspenak.
Ez da ez makala konpainia hauek zuntz optikoan egin duten apustua. Euskaltelek dagoeneko 610 milioi euro inbertitu ditu. 2001eko abendurako 3.420 kilometro zituen kableatuak eta bere asmoa 2004. urterako EAEko gunerik garrantzitsuenak kableaturik izatea da.
Tenariak bere aldetik, 2005. urtera arte lanean jarraitzea pentsatzen du Nafarroa guztira zuntz optikoa zabaltzeko. 2002ko urte amaierarako 18 milioi eurotako inbertsioa egina izango dute eta beraien aurreikuspenen arabera, 18.000 bezero izango dituzte