Euskararen azentuazioa ez da hizkera bakoitzari identitatea ematen dion ezaugarria soilik. Hizkuntzari melodia emateaz gain, zenbait azpi euskalkitan gramatika-funtzio garrantzitsua betetzen du azentuak. Hizkuntzalari batzuen iritziz, euskararen azentuak abiapuntu bakarra izan zuen arren, denborak aurrera egin ahala, zenbait hizkeretan aldatu egin da hizkuntzaren bilakaerak eraginda.
Elordietaren ustez, gaur egun, Bizkaiko iparraldeko doinu-azentuzko hizkerak kenduz, beste euskalkietan hitz guztiak azentudunak izan daitezke. Gipuzkeraren azpi euskalki gehienetan, Nafarroako Bortziriak aldean eta Bizkaiko ekialdean azentua hitzaren ezkerretik edo hasieratik hasita bigarren silaban dute. Eta sistema hori da euskaran hedatuena, alegia, [+2] eredua deiturikoa; ezkerretik hasita bigarren silaban azentuatzen dena.
Garai batean azentuazioaren sistema Bizkaiko iparraldean mantentzen denaren antzerakoa izango litzatekeela diote Hualdek eta Elordietak: "Ezin dugu esan hori fosil bat zenik eta hala zela lurralde guztietan, baina argi dagoena da hori konplexuagoa dela besteak baino, eta normalean gauzak sinplifikatzera jotzen dugunez, [+2] eredua berriagoa dela".
Gaztelaniazkoa ez da gailenduko.
Bilakaeraren zergatiak momentuz behintzat hipotesiak besterik ez izan arren, Gorka Elordietaren ustez, "Hualde zuzen dabil esaten duenean bilakaera hori alde batetik euskararen barne-eboluzioak eragin duela eta beste alde batetik gaztelaniaren eragina ere izan dela. Badirudi momentu batean azentuaren kokagunea hitzaren ezkerretik kontatzen hasita berrinterpretatu zela". Dena den, Elordietaren aburuz, ez da gaztelaniaren eraginez beste azentu bat gailenduko: "Gaztelania ama hizkuntza dutenek eredu hori euskarara pasatzea gerta liteke, baina zail ikusten dut horien eredua prestigioduntzat hartzea, eta prestigiorik gabe ez da eragin handirik inon izaten".
Elordietak dioenez, "Hipotesiak dira eta ezin da ziur jakin, baina euskararen azentua [+2] eredurantz doala esan daiteke. Gaur egun, [+2] eredua da geografikoki eta herri kopuruen aldetik hedatuen dagoena, eta geroz eta gehiago hedatzera joko duela dirudi". Dena den, adituaren ustez, horrek ez du esan nahi aldaketa azkarra izango denik. Gaur egun irrati-telebistatik entzuten den euskara batuaren azentu eredua [+2] dela esan dezakegu, eta agian komunikabideen eraginaren bidez eredu hau hedatzen joango dela pentsa daiteke, baina LEHIAko kideak "zail samarra" dela dio, zenbait lekutako azentuazioa [+2] bihurtuko balitz komunikaziorako garrantzitsuak diren desberdintasun morfologiko asko galdu egingo liratekeelako. Batuaren kasuan, singularra eta plurala ondo bereizten dira hotsen aldetik, eta horregatik izan dezake [+2] azentuazioa. Bizkaiko iparraldeko hizkeretan ez, ordea. "Izan ere, Bizkaiko iparraldeko hizkeren kasuan, azentuazioa ez da soilik identitate kontua, baita azpi-euskalkiaren beraren tresna edo ezaugarri garrantzitsua ere, eta azentua beharrezkoa da nahiz eta testuinguruak esanahia ulertzen lagun dezakeen". Elordietaren ustez, azentuazioa errotik aldatuko balitz, euskalki askoren ezaugarri garrantzitsuak galduko lirateke
![]() |
|
||||
1873 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa