Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-10-27 -- 1873.zenb

Etorkizuna ikuskizun

Xabier Gurrutxaga

Hauts ugari harrotu ditu hemen eta Espainian Ibarretxek plazaratu duen proposamen politikoak. Lehendakariaren iritziz proposamenak, besteak beste, bi helburu nagusi ditu: bata, euskaldunon arteko elkarbizitza eredu juridiko-politiko berri baten inguruan gorpuztea. Bestea, geure artean lorturiko adostasun hori Estatuari eskaintzea itun gisara. Bigarrengo helburu honen arabera Euskadi eta Estatuaren arteko harremanak eredu libreago eta orekatuago baten bidez finkaturik geldituko lirateke. Lehendakariak adierazi du baita ere prozesuaren amaieran, Estatuko ordezkariekin adostasunik ez balego ere, proposamenaren inguruan zehaztuko den proiektua Autonomi Erkidegoko euskal herritarrei eskainiko zaiela kontsulta gisara, beren borondatea azal dezaten.
ORAIN arte ezagutzera eman diren erantzunak eta balorazioak kontuan izanik, lehendakariak oso zail dauka bere proposamenaren inguruan adostasun politiko zabala lortzea. Badirudi EAJ-PNV, EA eta IU-EBtik at, beste babes politikorik ez duela izango. Ikusi besterik ez dago, alde batetik, popularrek eta sozialistek nola hartu duten proposamena eta, bestetik, zein izan den Batasuneko ordezkariek erakutsi duten jarrera. Erantzunen eta jarreren multzo horri erreparatzen badiogu gauza batetaz ohartuko gara: Ibarretxeren egitasmoak batzuentzat onartezinezko gehiegikeria suposatzen duen bezala, beste muturrekoentzat amarru berri bat besterik ez da. Adostasun maila handitzeko lanetan hasita, begi bistako gauza da aldi berean ezingo duela bi muturretako eskakizunei jaramonik egin, zeren gauzak dauden bezala hori ez baita posible. Beraz, proposamenaren babes politikoa handitzekotan jeltzaleek erabaki egin beharko lukete norengana jo babes bila, eta aukera horren arriskuak eta abantailak aldez aurretik kalkulatu. Adibide modura jo dezagun kontsentsu lanak sozialistekin egitea erabakitzen dutela jeltzaleek. Saio horrek, ziur aski, Ezker Batuaren oniritzia izango luke, baina baita EAren haserre bortitza ere. Bestalde, ETAk indarkeriarekin jarraitzen duen bitartean eta Batasunak fenomeno horrekiko gaur arte erakutsi duen menpekotasunak indarrean dirauen bitartean, garbi dago ez dagoela aukera txikienik ere Ibarretxek ezker abertzale horrekin zerbait adostu ahal izateko. Ez behintzat, modu batera edo bestera, prozesu honen baitan ETAren amaiera erabakia ziurtatzen ez bazaio. Ezker abertzaleak berme hori lortuko balu, beste oilar batek egingo lioke kukurruku.

MUNDU politikoan gauzak dauden bezala ikusita, Ibarretxek jakin badaki egindako proposamenaren inguruan gaur ez dela posible talde politiko anitzetako akordiorik lortzea. Eta euskal talde politikoen arteko itunik ez bada posible momentu honetan, zertarako egin du, hala ere, proposamena? Galdera horri erantzuteak Ibarretxeren ekimena beste ikuspuntu batetik aztertzera garamatza. Nire ustez, hamaika arrazoi medio direla, gaur ez dago gutxienezko baldintza politiko egokirik aurkeztutako proposamena modu serio eta eraginkorrean eztabaidatzeko. Politikagintzaren esparruan, talde politikoen inertziak eta mugak direla eta, oztopoak eta frenuak ikaragarriak dira. Gainera konbentziturik nago oztopo eta muga horiek gizartean daudenak baino askoz ere handiagoak direla. Herritarrak amaiera gabeko konfrontazioarekin asperturik, nekaturik eta nazkaturik daude. Jende arruntak, boto emaileak alegia, normala den bezala bestalde, konponbideak nahi ditu. Ez du nahi korapiloa oraindik korapiloago bihur dadin. Herritar arrunt hauek ez diete Ibarretxeren asmoei talde politikoek ikusten dizkieten eragozpen gaindiezinak ikusten. Ibarretxek jakin badaki bere aktiborik nagusiena gizartean dagoela eta indar hori erabili nahi du politika ofizialaren munduan dauden harritzarrak bide erditik kentzeko. Hau da, beste modu batera esanda, gaurko gehiengo minoritarioa gehiengo absolutu bilakatu nahi du, bere egitasmoaren etorkizuna mutur politikoetan dauden taldeen esku ez dadin gelditu. Izan ere, irakurleak jakingo duen bezala, aurkezturiko proiektuak Eusko Legebiltzarrean aurrera urrats seguruak eman ahal izateko gehiengo absolutu hori ezinbestekoa zaio. Udal hauteskundeetan jeltzaleek susto handirik ez badute hartzen behintzat, ziur egon hurrengo hauteskunde autonomikoak guztiz plebiszitarioak izango direla: Ibarretxeren egitasmoari bai ala ez. Eta eszenatoki horretan Ibarretxek bere buruarengan eta herritarrengan konfiantza handia du. Apustua ongi aterako balitzaio, dudarik ez izan politika munduko frenu eta traba asko arinduko liratekeela. Eta apustua oker aterako balitz?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan