DONOSTIAR HAIEN GARAIA...
Gotzon Egia
ALBERDANIA
237 orrialde
14 euro
DONOSTIA EUSKALDUNA ZAINDU DUTENAK
Bilintxekin hasi eta Joxemi Zumalaberekin amaitu arte, «Donostiar haien garaia...» deitu saila atera zuen astero-astero bi urtez Gotzon Egiak «Irutxulo» aldizkarian. Eta sail hartan agertu ziren guztiak bildu ditu orain Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratu duen liburu honetan. Sortzez eta bizitzez donostiarrak eta euskaldunak izan ziren laurogeita hamaika pertsonaren inguruko datuak eskaintzen dizkigu bertan Gotzon Egiak, bizimolde eta euskaldun izateko moduen erakusle izan nahi lukeen galeria moduko bat osatuz. Denetarik aurkituko du irakurleak liburuan: arrantzaleak, kirolariak, sendagileak, abokatuak, bertsolariak, zezenkariak, antzerkilariak, bizarginak, musikariak, enpresariak, apaizak, idazle asko... eta emakume gutxi, hamar besterik ez. Arrazoia? Liburu honen egileak sarreran dioenez, galeria hau osatzerakoan izan duen lanik zailena, alderik gabe gainera, emakumeen berri bilatzea izan omen da. Hala ere, hemen dira Katalin Eleizegi, Rosario Artola, Josefa Marcelina Baroja, Elbira Zipitria, Alice G. Gulick, Elisabete Maiztegi, Maria Dolores Goya, Maritxu Barriola, Felisa Areitioaurtena eta Pepita Aramendi.
EUSKAL HERRIKO HEZEGUNEAK
Mikel Estonba
ELHUYAR
156 orrialde
11,50 euro
GURE HEZEGUNEAK, MAPA ETA GUZTI
Euskal Herriko hezegune interesgarrienen inguruko berriez osatu du Mikel Estonbak bere lan hau. Hezeguneen ezaugarri eta funtzionamendu orokorrak aztertu ditu, alde batetik, beren egoera mundu osoan zein den adierazi, eta era berean, bertako hezeguneak ezagutzen eta baloratzen jardun du hamar urtez. Behaketa horren ondorioak azaldu ditu liburuan. Gainera, natura mantentzeko lehenik eta behin hura ezagutu eta maitatu behar dela oinarri hartuta, gure ingurunea ezagutzea ahalbideratuko diguten hainbat ibilbide egitea proposatzen digu. Liburu hau irakurriz, besteak beste, hezeguneetako bizia, gizakia eta hezeguneak, itsasadarrak eta padurak, itsasertzeko urmaelak, zohikaztegiak eta lintzurak ezagutzen ikasiko dugu.
XX. MENDEKO POESIA KAIERAK
Mikel Lasa
SUSA
63 orrialde
4,21 euro
MIKEL LASAREN POESIA MODERNOA
Koldo Izagirrek apailatu eta Susa argitaletxeak plazaratu duen XX. mendeko Poesia Kaierak bildumaren azken hamaika olerkariren artean, Mikel Lasa dago, literatura garaikidea konplexurik gabe bereganatuz euskal letretara modernotasuna ekarri zuen poeta. Mikel Lasaren poemak berehala nabarmendu zirela azpimarratzen du Koldo Izagirrek hitzaurrean, liburuan bildu baino lehen hartu omen zuten idazleen eta irakurle atzarrienen aho bateko laudorioa. Gabriel Arestik, adibidez, poema bat eskaini zion «Harri eta Herri»n olerkari gazteari. Baina hala eta guztiz, zoritxarrez, eliteko poeta gisa izan omen dugu Mikel Lasa urteetan.
MEMORIA ANTIFASCISTA. RECUERDOS EN MEDIO DEL CAMINO
Francisco Brotóns
KALE GORRIA
360 orrialde
19 euro
25 URTE ESPETXEAN EGON ETA GERO
Francisco Brotóns GRAPO erakundeko kideak hogeita bost urte egon behar izan du espetxean, aurtengo abuztuaren 26an bere burua kalean ikusi zuen arte. «Kale Gorria»n plazaratu duen idazlanean, antifaxista izaten nola ikasi zuen azaltzen du. Gerra ondorenean jaioa, berehala ohartu zen bi mundu zeudela: gerran galtzaile izandakoena, eta bestea, eskolan eta kalean jaun eta jabe zen Frankismoarena. Eta azken honen aurkako kide bilakaturik, OMLE, PCE (r) eta azkenean GRAPO erakundeko partaide izan zen. 1977an atxilotu zuten lehen aldiz, eta preso jarraitu zuen harik eta 1979ko abenduan Zamorako kartzelatik ihes egin arte. Handik urte betera atxilotuko zuten berriro, ordea, eta geroztik kartzela barruan egin du bere etengabeko borroka.
URDUÑA. HIRIA ETA MEMORIA
Batzuen artean
AIXEDER, URDUÑAKO UDALERAKO KULTUR ZERBITZUAK
124 orrialde
10 euro
URDUÑAKO ONDARE HISTORIKO-ARTISTIKOA
Urduñako Udalak kaleratu duen liburu honetan, Urduñako hiriaren ondare historiko-artistikoa dago jasorik. «Urduña. Hiria eta memoria. La ciudad y la memoria» erakusketa batean oinarritutako liburua da, zeinean Urduñaren historia, iragana eta oraina islatzen saiatu diren. Marisa Bergónek «Ordunia limes est» idatzi du, hiria kokatu eta nola sortu zen azaltzen duen lana. José Ignacio Salazarek, berriz, «Urduña bi menderen artean 1477-1535». Jesús Muñizek «Gotiko eta Errenazimendu garaiko artea, Urduña hirian eta inguruko herritxoetan», eta Fernando R. Bartolomék «Barroko garaiko Urduñako arte plastikoa. Eskultura eta pintura». Horiez gain, erakusketaren katalogoa, erakusketa beraren xehetasunak eta eskerronak ageri dira liburuan.
KARMEL
Batzuen artean
EUSKAL HERRIKO KARMELDARRAK
128 orrialde
11,50 euro urteko harpidetza
«KARMEL» ALDIZKARIAREN AZKEN ALEA
Euskal Herriko karmeldarrek plazaratzen duten hiruhilabetekari honen azken zenbakian, Jose Antonio Artze eta Aurre-Apraizen olerkiaz gainera, besteak beste, honako gai hauek aurki daitezke: Xabier Katzakortak osatutako «Santa Ageda koplen gerra aurreko txapelketak» idazlana, Juan Mari Arrizabalagaren «Donostiako farolak», Patxi Juaristiren «Kontsumoaren disfuntzioak», Euskal Herriko 358 apaizen deklarazioa: Euskal Herrian euskal eliza, Luis Arostegiren «Eukaristia, Kristoren pazkoaren sakramentua», Patxi Uribarrenen «XVIII. gogoeta astea oharrizen euskara hutsean», Luis Baraiazarraren «Naturaren mintzoa» eta Karmengo Amaren bederatziurrenean Aita Martzelek osatu zituen bertsoak.
TANTAK. EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATE-KO HEZKUNTZA ALDIZKARIA
Batzuen artean
EHU
147 orrialde
7,81 euro
«TANTAK» ALDIZKARIAN, LAU GAI NAGUSI
Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Aldizkaria dugu «Tantak», eta bere 27. zenbakian lau gai nagusi agertzen ditu: J. M. Jornet, J.M. Suárez eta Mª J. Peralesen artean egindako «Irizpideari buruzko ebaluazioa: Ikasgelako probak egiteko metodologi osagaiak», dugu lehena. R. Pérez Justek osatutako «Hezkuntza programen ebaluaketa: Oinarrizko kontzeptuak, ikuspuntu nagusiak eta arazoak», bigarrena. K. Arangurenek, L. M. Elizaldek, J. Monzónek, J. I. Perezek, E. Bernarasek eta M. Garaizarek aurkezten duten «Heziketa Bereziko ikasleen prestakuntza eta laneratze prozesua», hirugarrena. Eta M. Haranbururen eta J. Guerraren «Autokontzeptua: alderdiak, jatorria, funtzioak, desadostasunak, aldaketak eta kontsistentzia», laugarrena.
OLATZ ZUGASTIREN HIRUGARRENA
ELEAREN LAINOA
Olatz Zugasti
ELKAR
12 kanta
16,30 euro
Sakonak izan ohi dira maitasunaren aztarnak, eta hain zuzen ere haiei jarraitu nahi izan die musikaz eta letraz Olatz Zugastik «Elearen lainoa» izenburutzat duen hamabi kantuko bere hirugarren CD honetan. Itxaro Bordaren hitzak dauzkate oinarri kantu horietatik batzuek -«Elearen lainoa» berea da, esate baterako, eta baita «Ilundu begiak», «Oinez», «Hatsa gal artino» eta «Karriketan barna» ere-. Henriette Arierenak dira beste zenbait -«Goizeko bortzetan» eta «Kristala porroskan» abestiak, kasu-. Eta Olatz Zugasti berarenak dira besteak. Adibidez, «Zenbat gau», edota Felix Inurrategiri eskaintzen dion «Azkenean Katmandu». Abesti hau egiteko orduan, Juanjo San Sebastianek, Mirian Garcia zena gogoan zuelarik, idatzitako gutun batean oinarritu da.