Pilar Iparragirre
Elijio aldizkari gisa sortu zuten kaputxinoek ZERUKO ARGIA, 1919an, eta nahiz berrogeita hamairu urteren buruan informazioari geroz eta garrantzia gehiago ematen zion aldizkariak, kaputxinoena izaten jarraitzen zuen, eta Elizako gorabeherek beti zuten txokorik haren orrialdeetan. Jende ugarik parte hartzen zuen «Eliza bizi da» deitu sailean, bakoitza bere iritziekin, batzuk konformistagoa, ihardukitzaileagoa besteek, baina esango nuke denetan Arostegitar Jokin nabarmendu zela, Erromako Eliz Ama Sainduaren jarrera ofiziala kolokan jarri nahi hartan. Eta hara non jakiten dudan, haren «Uste genuen...» lana irakurrita, bera ez zela Elizako Ihardukitzaileen taldekoa!
USTE GENUEN...
«Uste genuen... Esperantza galdutakoen itza. Itz tristea», zioen Arostegitar Jokinek. «Batikanoko Batzar Nagusiak itxaropen gozoak sorterazi zituen askoren biotzetan. Uste genuen, guztiz ongarriak izango zirala bere erabakiak Eliza eta gizartearentzat. Uste genuen Elizaren aldaketa eta eraberritzeak guztiz bikaiñak izango zirala. Uste genuen gure Eliza, beartsu eta oinperatuen Eliza izango zala. Uste genuen tokian tokiko Elizak, Erromako Kuriaren zentralizazioa apurtuta, askatasun aundiarekin jokatuko zuela. Uste genuen zuzentasunaren alde biziki jokatuaz, salatuko zituela gobernamendu zapaltzalleak. (...) Ia leenean gaude. Mando zar baten pauso makalak dira, aurrera Elizak egiten dituanak. Ustel atera zaizkigu itxaropenak. Oker jo digu kukuak".
Honela mintzo omen zen garai hartan Elizako asko, esperantza galduta.
«Elizaren eraberritze au makalegia zela-ta, Europa eta mundu guzian erantzule (contestatarios) asko genuen. Burruka aundia egiten zuten, baiña Eliz barnean. Euren kontura batzar zaratatsuak egiñaz, hamaika buruauste Gotzaiei emandakoak ziran. Pentsaera ausartak. Jokabide berri-berriak Elizari eskatzen zizkiotenak. Eliza zaarraren erakundeei egin oi zizkieten salaketak. Erantzule aurreratuen aien artean ere bazen euskaldunik. Gure Erriko Elizaren izenean parte artu oi zuten emen eta an, Europan zear egin oi zituzten Batzarretan. Burruka ori guzia ordea, gaur eguneko Eliz-Instituzio-erakundeen barnean egiten zuten».
ELIZAZ KANPO
Baina ihardukitzaile itxaropentsu horien ametsak guztiz zapuztu ziren, Arostegitar Jokinek zioenagatik: «Txinparta eta sua daritela besteak datoz: eskubi-eskubikoak», eta «eraberritze aundienetakoa Elizarentzat nai zuten erantzuleek, mututu bezala egin direla, esango nuke. Ez dut uste leen aiña Batzar aundirik egiten dutenik. Ez dut uste leen aiña salaketarik dagitenik. Gure Elizako gaurko erakundeetan burruka egiten aspertu egin dirala dirudi. Erre eta etsipenez jota, bear bada gaur aurkitzen dira. Auetako bat edo beste ezagutzen dut eta beren pentsaerari, burrukan aspertutakoena deritzat. (...) Zer egiñik ez dagoela eta Erantzule auetako batzuek, gaur eguneko Eliza erakunde barnean lan egiteari utzi diote. Beren erara, Jerarkiarekin artu-emanik gabe, beren pentsaera eta jokabideak aurrera eramaten saiatzen dira».
Arazoa horretan bukatu balitz, agian arazorik ez zen izango, baina bazen gehiagorik ere, dirudienez. «Jokabide auetan geienetan apaizak ditugu tarteko. Erriko kristau geienek ezin konpreni dute apaizen aldaketa au. Minbera eta kezka bizia sortzen dute askoren biotzetan. Neroni ere negargurea biotz barnean sartzen zait auetakoren bat sentimentuz beterik datorkidanean: Zer da au? Nora goaz? Zer egin behar dugu?».
2002 honetako egoera politikoan egiten diren galderen antza osoa dute, ez duzue uste? Baina itzul gaitezen Arostegitar Jokinen kezketara: «Egia aitortzen dut: Elizaren onerako benetako Erantzule izandakoak, geien, eurak minberatu eta atsekabetu dira beren bizitzaren aldaketarekin. Jokabide berriari eldu aurretik hamaika kezka eta larritasun izan dute. Aurrera egin badute, beren barru-kontzientziak aginduta egin dute. Beren jokabideak beste biotz asko larritu dituztela? Bai noski; beren ustetan ordea, eurak eta errian beste askok daramazkiten naigabemiñak guztiz dira bearrezko Elizaren onerako. Gaur eguneko erakundeak utzi eta beren bideari eldu diotenak errespetatzen eta maitatzen ditut», aitortzen zuen gizonak, «neure burua ordea illunpean ikusten dut eta ezin naiz argitu» adierazteko gero. Arrazoiak? Hauexek: «Eliz barnean beti izan dira nere ustetan erantzuleak. Auen artean Santu aundiak ere bai. Espiritu Santuak eraginda, bere garaian Asisko Prantzizko erantzule zan eta Eliz agintariek makilatu gabe ez zuten utzi. Burura auxe datorkit: Eliza barnean, gaurko erakunde barnean, Jerarkiaren mende, burrukalari eta erantzule izatea, ez al da oso zailla? Erakundeetatik kanpora burruka ez ote errexeago? Sinismenez, Profetismo batean erakunde barneko burrukalariek makilatu eta martirizatuagoak, ez ote izango? Jainko Erriaren onerako, zer obea? Kanpotik ala barrutik egiten den burruka? Negarrez ereiten duenak, pozean uzta bilduko duela, dio Liburu Santuak»
Daniel Udalaitz
Arabako Errioxak, Biasterik zehazki, hartuko du Nazioarteko Landa Foroaren II. Mundu Kongresu garrantzizkoa. Bertan globalizazioak landako espazioan eta biztanleengan nola eragiten duen aztertuko dute. Kongresistak Villa Lucía izeneko ardoaren zentro tematikoan bilduko dira urriaren 24, 25 eta 26an, eta ekonomia, laborantza eta ekologia arloetako mundu guztiko adituek hartuko dute parte, globalizazioak landan duen eraginaren analisian. World Rural Forum (WRF) erakundea da II. Mundu Kongresu honen bultzatzailea. Lehenbizikoa Gasteizen izan zen duela lau urte, eta, orduko hartan, Gasteizko deklarazioa deritzona onartu zuten, hots, "landako espazioaren garapenarekin bateratzeko moduko globalizazioaren aldarria".
HELBURUAK. II. Mundu Kongresuak hiru eguneko iraupena izango du, eta, betiere garapen globalari begira, globalizazioak munduko ekonomian eta landaren garapenean dituen ondorioez gogoeta sakona egiteko bilkura da. Antolatzaileek diotenez, ikuspegi ezberdinen gaineko hausnarketa benetakoa ahalbideratzea dute xede: globalizazioa elementu positiboa garapenean; globalizazio eredu honen alternatibak; pertsona, globalizazioaren etorkizuna... Bestalde, jardun eremu gero eta globalizatuagoaren ikuspegitik, landa garatzeko hainbat tipotako politikak ere estudiatu eta aztertuko dituzte.
Hiru eratako pertsonak eta instituzioak bildu nahi dituzte antolatzaileek, instituzio publiko eta pribatuetatik. Batetik, laborantzako, landaren garapeneko, ekonomia agrarioko, ingurumeneko, merkataritzako eta garapeneko laguntzako departamentu instituzionaletako ordezkariak ekarri nahi dituzte; bestetik, unibertsitateetako kideak eta nekazaritzako elikagaien azterketan edo bestelakoetan diharduten institutu publiko eta pribatuetako ordezkariak (guztiak, jakina, landarekin eta laborantzako ingurumenarekin ikuskizun dutenak). Azkenik, nazioarteko harreman ekonomikoen analisian eta haiek landako biztanlerian, naturan eta ingurumenean dituzten ondorioen azterketan aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeak nahi dituzte berekin Biasteriko kongresuan.
PONENTZIAK.
II. Kongresu honetan, oinarrizko sei ponentzia azalduko dituzte, eta sorta horrexen gainean izango dira eztabaidak eta bukaerako ondorioak. Lehenbiziko egunean, hainbat adituk honako gai honi buruzko iritzia emango du: "Nolako eragina dute gaurko ekonomia mundialean globalizazioak eta sistema hori sostengatzen duen eredu kapitalista neoliberalak? Eta, zein dira sistema horren eredu alternatiboak?". Bigarren egunean, garapen globalaren ikuspegitik aztertuko dute landaren garapena.
Pedro Luis Uriartek azalduko du lehen ponentzia, zeinek "Globalizazioa, garapen ekonomikoa generatzen duen prozesua" baitu izenburu. Ponentzia horren bidez, gaurko ekonomia mundialaren sistemaren ikuspegi bat emango du hizlariak. Sistema ekonomiko neoliberalean, prozesu positibotzat definitzen da globalizatzeko joera, eta, aldi berean, hazteko eta garatzeko sistema bakartzat jotzen da. Pedro Luis Uriartek oraingo sistema ekonomikoa defendatuko du, hazteko, garatzeko eta aberastasuna sortzeko sistema gisa.
Francois Houtart jaunak azalduko du "Globalizazio neoliberalaren ereduaren alternatibak" izeneko bigarren ponentzia, eta munduko ekonomiaren globalizazioak sortu dituen hainbat eratako arazoak izango ditu aztergai. Txostengile horren ustez, aldatu egin behar da gaurko sistema ekonomiko mundiala, eredu horren kariaz gertatzen baitira bereziki krisi ekonomiko, sozial eta politikoak. John Gray jaunak aurkeztuko du hirugarrena, "Globalizazioak pertsona xede" izenburupekoa. Hizlari horrek, alderdi teoriko, sozial eta filosofikoetan funtsaturik, munduko ekonomia garatzeko prozesu ororen ardatza pertsonak izan behar duela defendatuko du; bestela esan, pertsonen zerbitzuko ekonomia eratu behar dela aldarrikatuko du.
Jose Manuel Silva jaunak Europako Batasunak landa garatzeko zehaztu duen politika defendatuko du laugarren ponentzia honetan: "Europako Batasunaren landa garatzeko politika berria, globalizazioaren esparruan". Vandana Shiva andrearena izango da bosgarrena, "Landaren garapen iraunkorra" izenekoa, eta, betiere esparru globalaren barruan, landak zer erronka dituen azalduko du, baita planetako eremu geografiko kulturalak zein abiapuntu ezberdinetatik abiatzen diren ere. Frank Gaskell jaunak aurkeztuko du seigarren eta azken ponentzia: "Landaren garapena mendiko eskualdeetan". Txostengile horren iritziz, mendiko eremuetan noraezekoa da garapen iraunkorraren planteamendua, zeren berez ahulak baitira alderdi sozioekonomikotik eta oso erraz uzten baitira alde batera garapen globalaren prozesuan.
ZER DA WRF ERAKUNDEA?
Irabazasmorik gabeko elkartea da World Rural Forum edo Nazioarteko Landa Foroa erakundea. Arkauten dauka egoitza, eta pertsona fisikoak nahiz juridikoak ditu bazkide. Guztiak munduko lan-sare batean bildurik daude, eta landa nazioarteko testuinguruan garatzea dute xede, jardun eremu hori ezinbesteko jotzen baitute garapen globalerako. Landako bizibideari dagokionez, erakunde horrek garapen sozioekonomiko iraunkorra sustatu nahi du eremu geografiko orotan, baina bereziki politika globalek aintzat gutxien hartzen dituenetan. Laneko estrategiari gagozkiola, WRF erakundeak honela jokatzen du nagusiki: bere iritzia eta lanak jendaurrean erakusten ahalegintzen da, eta, era berean, garapen globalarekin ikuskizun duten eskualdeko, nazioko eta nazioarteko instituzio guztietara heltzen (erakunde horietako arduradunak jakinaren gainean jartzen). Instituzioetan, bestalde, ordezkaritza aktiboa mantentzen saiatzen da.
Gaur egun, pertsona eta instituzio hauek dira WRF erakundeko zuzendaritzako batzordeko kide: Jose Maria Laskurain (lehendakaria), Jose Maria Zeberio (idazkaria), Iñaki Nubla Kooperatiba Agrarioen Federazioko ordezkaria (diruzaina), Lorrako Martin Uriarte (batzordekidea), Kepa Rekakoetxea (batzordekidea), IKTko Luis Jabier Telleria (batzordekidea), Luis Felipe Fernandez de Trokoniz (batzordekidea), Mendikoiko Xabier Arruti (batzordekidea) eta Iparlateko Jose Maria Alonso (batzordekidea). Idazkaritza teknikoan, berriz, lagun hauek ageri dira: Jesus Mari Alonso, Jose Mari Zeberio, Miren Larrea, Anuska Ezkurra, Jose Antonio Osaba, Jorg Wyder (Europa), Alexander Daniel (Asia) eta Nestor da Costa (Hego Amerika)
Ainara Gurrutxaga
Hiru emakume taula gainean. Baliteke bakarra izatea? "Nahiago ditut titi txikiak handiak baino. Askoz ere erosoagoak dira, batez ere kirola egiteko", dio batak, bere gorputza ferekatuz. Berehala, ordea, ustez aldatzen du: "Titi handiagoak izan nahi nituzke. Hain dira femeninoak... Titi handiak izango banitu beti sujetadoretik irten beharrean eramango nituzke". "Dudan indarra sentitzea gogoko dut", dio besteak, hirugarrenak denborak aurrera egin ahala itxurak gero eta gutxiago arduratzen duela aitortzen duen bitartean. Euren barneko mundu txikiez mintzo diren emakumeak dira hiruak. Mundu handi hori osatzen duten mundu txiki horiez mintzo direnak.
Hiru emakume eta hamaika desio, hamaika gorroto, hamaika beldur. Horixe da Donostiako Agerre Teatroaren azken ikuskizunak proposatzen duena, emakumeak gori-gori erakustea, biluzik. Horretarako Legaleon T antzerki taldeak 1995ean eszenaratutako testua hautatu du, taldeko Edurne Rodriguezek idatzi eta zuzendu zuena, hain zuzen ere. Gaixotasun baten ondorioz hil zen Edurne Rodriguez, baina bere testuak bizi-bizirik dirau.
Bere garaian Legaleonen muntaia ikusteko aukerarik izan ez bazuen ere, Agerre taldeko zuzendari Maite Agirrek aspalditik zuen testua lantzeko gogoa: "Behin liburutegi batean topatu, irakurtzen hasi, eta berehala maitemindu nintzen. Testuak guztiz erakarri ninduen". Agerrekoek muntaia egitea erabakita, Legaleonen antzezlana bideoan ikustea erabaki zuten, idazleak berak zuzendutako lana izaki, honen asmoak hobeto ezagutu ahal izango zituztelakoan: "Edurnek testua nola ulertzen zuen jakiteko pista handia izan da".
Egunerokoaren lirikotasuna.
Edurne Rodriguezen testuak emakumeen eguneroko gatazkak azaltzeko mundu poetiko batera egiten du jauzi. Testua nahiko lirikoa den arren zuzendariaren ustez horixe da antzezlanaren bertuteetako bat: "Oso hizkuntza berria erabiltzen du, dramaturgia modernoa dauka. Hasieran poetikoa dela iruditu arren, taula gainean jende arrunta erakusten du" . Ikuskizuna muntatzerako garaian hori izan da taldearen xedeetako bat: "Ikusleak taula gainean emakumeak ikustea, eta ez aktoreak".
Elementu bakan batzuekin hornitutako eszenategia betetzeko ardura Tania de la Cruz, Kris Eizmendi eta Julia Hernandezek hartu dute. Hiru aktoreek ez zuten lehendik elkar ezagutzen eta, beraz, lan handia egin behar izan zuten lehen entsegu egunetan: "Hasieran testuarekin berarekin ere nahikoa arraro sentitzen ginen. Gero, ordea, pertsonaiak ezagutuz joan gara, eta bide batez, gu geu ere bai", dio Julia Hernandezek.
Aktoreek sentimenduekin akrobaziak egin behar dituzte ikuskizun honetan. Errealitatean bezalaxe, taula gainean gorpuzten dituzten emakumeak ere algaratik malkoetara igarotzeko gai dira istant batean, ia zentzurik gabe. Oraindik ere nahiko hotz nabari dira aktoreak oholtza gainean, testua edo beste kanpoko elementuak pertsonaiak baino nabarmenago ageri baitira oraindik ere.
Urak dakarrena...
«Emakumeak gori-gori» antzezlanean hainbat elementuk berebiziko garrantzia du. Kolore gorriak, esaterako, ikuskizun guztia bustitzen du hasieratik bukaeraraino. Pertsonaiak kolore laranjaz jantzita agertzen dira hasieran eta gorri bizi batekin amaitu. Kolorearen erabilpen hau Edurne Rodriguezi omenaldi gisako bat egitearren erabili dutela aitortzen du ikuskizunaren zuzendariak, hark hala irudikatu baitzuen muntaia. Dena den, gorritasuna pertsonaien baitan azaldu nahi izan dute Agerrekoek: "Hezur-haragizkoak garela esatea, hemen gaudela aldarrikatzea".
Urak ere berebiziko garrantzia du Agerreren azken ekoizpenean. Izan ere, sinbolo gisa oso ondo egokitzen zitzaion taldeak adierazi nahi zuenari: "Niretzat bizitza horixe da, ibai bat bezalakoa", dio Maite Agirrek, "etengabe aurrera doan zerbait". Julia Hernandezek gorpuzten duen pertsonaiak ere oso garbi du ideia hori: "Ez da kezkatzen gaur dituen arazoengatik, pasako direla pentsatzen baitu".
Agerre Teatroak aurkeztutako hiru pertsonaiek emakumeen gogoetez zipriztintzeko aukera eskaintzen diote aldarri hori entzun nahi duenari. Isilune hori entzun nahi duenari
Lore Agirrezabal
Euskararen azentuazioa ez da hizkera bakoitzari identitatea ematen dion ezaugarria soilik. Hizkuntzari melodia emateaz gain, zenbait azpi euskalkitan gramatika-funtzio garrantzitsua betetzen du azentuak. Hizkuntzalari batzuen iritziz, euskararen azentuak abiapuntu bakarra izan zuen arren, denborak aurrera egin ahala, zenbait hizkeretan aldatu egin da hizkuntzaren bilakaerak eraginda.
Sarritan esan ohi dugu ondoko herrian kantari hitz egiten dutela. Eta hala da, bai. Gure hizkerek melodia berezia dute eta horren erantzule nagusiak azentuazioa eta intonazioa dira. Hitz gutxitan laburbiltzeko, azentuazioa hitz bakoitzari ematen diogun indarra da, eta intonazioa hitzak esaldi batean kokatzen direnean sortzen den melodia. Hitz bakoitzari ematen diogun azentuak eta hitzen azentuen arteko harremanak sortzen dituzte melodia desberdinak azpieuskalkietan.
Azentuazioaz ari gara, ez intonazioaz, ez dira gauza bera. Zenbaitetan azentuazioa doinu edo melodia hutsa den arren, azpi euskalki batzuetan melodiak gramatika funtzioa ere betetzen du. Beraz, ezaugarri garrantzitsua da azentua, eta halaber, ikerketarako alor emankorra da. Jose Ignacio Hualde, Iñaki Gaminde eta Gorka Elordieta hizkuntzalariak, besteak beste, gai horren inguruan jardun izan dira.
Gorka Elordieta hizkuntzalaria, EHUn espainiar filologiako irakasle ikertzailea eta LEHIAko (Lengoaiarako Euskal Herriko Ikergune Aniztuna) kidea da. LEHIA hizkuntzari buruz Euskal Herrian ari direnak biltzen dituen gune birtuala da, EHUko irakasle eta bekadunek, Deustuko Unibertsitatekoek, eta Baionako CNRSeko (Centre National de la Recherche Scientifique) zenbait kidek osatzen duten ikergunea. Duela sei urte sortu zen, eta urtero hainbat mintegi eta ikerketa antolatu dituzte.
LEHIAren baitan, Gorka Elordietak azpi euskalki desberdinen azentuazioa eta intonazioa ikertu ditu, sarritan Jose Ignacio Hualde eta Iñaki Gaminderekin batera. Ikergai zabala dela adierazi digu, hizkuntzak bezala, euskararen azentuazioak ere aldaketa handiak jasan baititu denborarekin.
Jose Ignacio Hualderen hipotesien arabera, Bizkaiko iparraldekoa da euskararen azentuazio sistemarik zaharrena. Izan ere, besteak baino askoz ere "konplexuagoa" da eta morfologiaren eta sintaxiaren (hitz hurrenkeraren) eragina du. Pluralak eta singularrak, adibidez, idazkera bera dute eta soinuen edo hotsen aldetik berdinak dira, baina azentua da bien arteko bereizketa egiten duena. "Pluralak badu berez azentuduntasun bat, azentuzko marka bat ezartzen dio hitzari. Pluralezko atzizki guztiek hitza azentudun bihurtzen dute, nahiz eta zenbait hitz erroan azentu gabeak izan Bizkaiko iparraldean", adierazi digu Elordietak.
Elordietaren ustez, gaur egun, Bizkaiko iparraldeko doinu-azentuzko hizkerak kenduz, beste euskalkietan hitz guztiak azentudunak izan daitezke. Gipuzkeraren azpi euskalki gehienetan, Nafarroako Bortziriak aldean eta Bizkaiko ekialdean azentua hitzaren ezkerretik edo hasieratik hasita bigarren silaban dute. Eta sistema hori da euskaran hedatuena, alegia, [+2] eredua deiturikoa; ezkerretik hasita bigarren silaban azentuatzen dena.
Garai batean azentuazioaren sistema Bizkaiko iparraldean mantentzen denaren antzerakoa izango litzatekeela diote Hualdek eta Elordietak: "Ezin dugu esan hori fosil bat zenik eta hala zela lurralde guztietan, baina argi dagoena da hori konplexuagoa dela besteak baino, eta normalean gauzak sinplifikatzera jotzen dugunez, [+2] eredua berriagoa dela".
Gaztelaniazkoa ez da gailenduko.
Bilakaeraren zergatiak momentuz behintzat hipotesiak besterik ez izan arren, Gorka Elordietaren ustez, "Hualde zuzen dabil esaten duenean bilakaera hori alde batetik euskararen barne-eboluzioak eragin duela eta beste alde batetik gaztelaniaren eragina ere izan dela. Badirudi momentu batean azentuaren kokagunea hitzaren ezkerretik kontatzen hasita berrinterpretatu zela". Dena den, Elordietaren aburuz, ez da gaztelaniaren eraginez beste azentu bat gailenduko: "Gaztelania ama hizkuntza dutenek eredu hori euskarara pasatzea gerta liteke, baina zail ikusten dut horien eredua prestigioduntzat hartzea, eta prestigiorik gabe ez da eragin handirik inon izaten".
Elordietak dioenez, "Hipotesiak dira eta ezin da ziur jakin, baina euskararen azentua [+2] eredurantz doala esan daiteke. Gaur egun, [+2] eredua da geografikoki eta herri kopuruen aldetik hedatuen dagoena, eta geroz eta gehiago hedatzera joko duela dirudi". Dena den, adituaren ustez, horrek ez du esan nahi aldaketa azkarra izango denik. Gaur egun irrati-telebistatik entzuten den euskara batuaren azentu eredua [+2] dela esan dezakegu, eta agian komunikabideen eraginaren bidez eredu hau hedatzen joango dela pentsa daiteke, baina LEHIAko kideak "zail samarra" dela dio, zenbait lekutako azentuazioa [+2] bihurtuko balitz komunikaziorako garrantzitsuak diren desberdintasun morfologiko asko galdu egingo liratekeelako. Batuaren kasuan, singularra eta plurala ondo bereizten dira hotsen aldetik, eta horregatik izan dezake [+2] azentuazioa. Bizkaiko iparraldeko hizkeretan ez, ordea. "Izan ere, Bizkaiko iparraldeko hizkeren kasuan, azentuazioa ez da soilik identitate kontua, baita azpi-euskalkiaren beraren tresna edo ezaugarri garrantzitsua ere, eta azentua beharrezkoa da nahiz eta testuinguruak esanahia ulertzen lagun dezakeen". Elordietaren ustez, azentuazioa errotik aldatuko balitz, euskalki askoren ezaugarri garrantzitsuak galduko lirateke
Pello Zubiria
Espainiako trantsizioa burutu zen urteetan iritsi zen Paisos Catalans edo Herri Katalanen kontzeptua gure arteraino. Balear uharteak, Valentzia, Katalunia eta Ipar Kataluniak osatutako lur eremuaz ari da kontzeptu hori. Baina urteen poderioz, erakunde politiko oso gutxik, zenbait komunikabidek («El Temps» astekaria, Vilaweb eguneroko digitala eta besteren bat) eta katalanista erradikalenek bakarrik erabilia izateraino makurtu zen hori bere sorterrian ere. Hizkuntza bera duten lurraldeen kulturazko batasunaren erreferentzia bederen ez da galdu
Baina izen horren azpian dagoen gune geopolitikoak bazuen eta badu funtsa, eta horra non azaldu den orain beste formulazio batean. Antzinako Aragoiko Koroa izenarekin bildu dira lan-partzuergo bat osatzeko lau parlamentu: Kalatunia, Baleareak, Valentzia eta Aragoikoak. 2000ko uztailaren 12an sortu zuten ofizialki Zaragozako Alfajeria jauregian burutu zuten bilkuran, eta urteroko protokolozko batzarraz gain lehen emaitzak eskaintzen ere hasi da.
ESKUALDE EKONOMIKO BIZIA.
«Aproximació a lÆanàlisi de les relacions econ-miques entre Aragó, Illes Balears, Catalunya i Comunitat Valenciana: àmbit de lÆantiga Corona dÆAragó» (AMCA) du izena ikerketak eta lau erkidego horietako aurrezki kutxa nagusien artean burutu dute. Kataluniako La Caixa eta Caixa Catalunya; Valentziako C.E. del Mediterrani; Aragoiko Ibercaja eta Baleareetako Sa Nostra izan dira lan honetarako beren ikerketa zerbitzuak eskaini dituztenak. Azken honetako, Sa Nostra Fundazioko, Miquel Alenyàk koordinatu du lan guztia, eta lehen ikerketa honek Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Josep Oliver katedradunaren bermea darama.
Erkidego horiek guztiek Mediterraneoko Arkua deitzen den Europako eskualdeak ere biltzen ditu, baina Alenyàren ustez, Antzinako Aragoiko Erresuma da markroeskualde horren hezurdura.
Lehen ikerketa honetan ondasunen salerosketak aztertu dituzte, eta hurrengo baterako utzi dituzte zerbitzuak edo fiskalitatean sakontzea. Aztertu dutenaren arabera, lau erkidego horien artean eskualde ekonomiko oso nabarmena osatzen omen dute: elkarren dependentzia handia dute eta Espainiako beste herrialdeekin alderatuz oso jokabide berezia dute ekonomiaren alorrean.
12.642.000 biztanle zituzten 2001ean lauen artean, Espainiako populazioaren %30a. Proportzioan Espainiak baino biztanleria aktibo ugariagoa daukate, Estatuko errentaren herena baino gehiago ekoizten dute eta hemen sortzen da Espainiako merkataritzaren %50a. Estatua bere osotasunean hartuta baino esportatzaileagoa da AMCa, funtzio nagusi bat jokatzen du Espainiako eskualdeen arteko komertzioan eta aldi berean lau erkidego hauek beren artean oso lotura sendoa daukate.
Antzinako Aragoiko Erresumak turismoan dauka benetan indar handia: Espainiak urtero biltzen duen turismoaren erdia eskualde honetara dator, eta honen barruan Katalunia eta Baleareek eskuratzen dute zati nagusia.
Ikertzaileen aburuz, fenomeno honen sustraiak hutsik ekonomikoak dira. Alenyàk adierazi duenez «ez politikatik, enpresen mundu pribatutik bultzatu den errealitate batez ari gara. Agente ekonomikoek negozioa egiten dute, erosi eta saldu, interesatzen zaielako, egon daitezkeen gorabehera politikoetatik at».
Espainiako Estatuak ez ditu bere azpiegiturak horri begira antolatu, jakina denez. Errepideen kartari begiratu besterik ez dago: erdia Madrilen duen gurpila baten erradioen gisa diseinatu zuten estrategek Espainiako bide sarea. Eta hala ere, bi mila urtean josi den harreman sareak bere dinamikarekin jarraitu duela dirudi eskualde honetan. Baleareetako Kutxaren Fundazioaren burua den Alenyàren hitzetan, «Antzinako Aragoiko Koroa errealitate bat da izaki ekonomiko gisa. Eta hori hala da agintariek honela edo hala erabaki izanik ere. Ekonomiak errealitate hau inposatu du komenentzia eta oporotunitateagatik».
ZUZENBIDE ZIBILA ERE BAI.
XIII. mendetik XV. mende bukaera arte erresuma burujabea izan zen Aragoikoa, urte horretan Errege Katoliko deituek batu baitzituzten Aragoi eta Gaztela. Nafarroako azken zatiari independentzia kendu zioten berek. Hala ere, Antzinako Aragoiko Erresumako herrialdeek beren lege propioak (foruak) XVIII. mendea arte atxikiko zituzten: okerreko erregegaiaren aldeko apostua egin eta Borboi edo errege berriak foruak kendu zizkien.
Zuzenbide zibilaren zati handi bat mantendu zuten ordea, eta horren inguruko ikerketak burutzen ari dira Valentzia, Baleareak, Aragoi eta Kataluniako Parlamentuen artean osatutako elkartean. Eta ekonomia eta kultura alorreko proiektu gehiago ba omen dute esku artean.
Ikerketa pare batek ez du mundua aldatuko, pentsa daiteke, baina hori bera jadanik gehiegitxo ere gertatu da zenbait agintarirentzako. Aipatu dugun lan honen aurkezpenean ez zen azaldu Valentziako Gorteetako lehendakaria, eta erkidego honetako kutxetako batek bakarrik hartu du parte ikerketan bezala finantzazioan. PPko buruzagiak kontent ez diren seinale.
ARAGOIKO ERRESUMA KONFEDERALA.
Ez dirudi CiUko buruak izango direnik Espainiaren batasuna arriskuan ipiniko dutenak. Are gutxiago Baleareetako edo Aragoiko sozialistak. Baina bilkura parlamentario hauetan zabaldu den usain berria ez zaie sobera komenigarri iruditu -antza- Valentzia kontrolatzen duten PPko buruzagiei.
Aragoiko Erresuma zaharra gogoratzen hasita, sistema hark zituen ezaugarrietako bi entzuten hasi baitira behin eta berriro. Eivissan 2001eko maiatzean burutu zuten ekitaldi publikoan Joan Rigol Kataluniako Parlamentuko lehendakariak atera zituen mahaira. Hizkuntzen arteko tolerantzia eta berdintasuna, batetik. «Aragoiko erregeak, Kataluniako Gorteetan katalanez mintzo ziren, Aragoikoetan gazteleraz, eta denentzako zenean latinez. Barkatuko dizuet latinez ez jakitea», bota zuen irribarrez Rigolek.
Eta beste kontzeptua, are arantzatsuagoa da: Konfederazioa. Aragoiko Erresuma zaharraren izaera konfederala aipatu zuen Baleareetako Parlamentuko lehendakari Maximilià Moralesek: «Konfederazio sistema hark elkar ulertu eta politika egiteko bertute asko eta oso onak izan zituen, eta ezin ditugu bazterrera utzi».
Ipar Katalunia eta Andorra alde batera uzten dituen asmo batek ez ditu asko motibatuko Paisos Catalans slogan bat baino zerbait gehiago dela sinesten duten independentzizaleak. Baina konfe-deraziozko planteamenduak egiteagatik urruneko beste paraje batean Ibarretxe bat gurutziltzatu nahi duten garaiotan, Espainia zentralista zaharraren lozorroa pittin bat astintzeko adina gerta liteke
http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko lotura gehiago aurkituko duzu.
Mikel Asurmendi
Nor gogoratzen da Iruñean jokatu zen Munduko Pilota Txapelketaz? Inor gutxi. Nork daki Ipar Euskal Herriko sei pilotarik Frantziako Selekzioan jokatzeari uko egin ziotela? Inor gutxik.
Gaur egungo egoera soziopolitiko bortitzak jende xumearen ahaleginak lausotzen ditu. Euskal Herriko egoera nahasiak hainbat errealitate estaltzen du. Informazioa hedabide boteretsuen bitartez helarazten da nagusiki, eta hauek sare trinkoa ehundua dute.
Zertan dago Euskal Pilota Selekzioa gauzatzeko asmoa, ordea? Konparazione: sei dira Frantziako Selekzioan jokatzeari uko egin zioten Ipar Euskal Herriko pilotariak: Angeluko Ellande Alfaro, Hazparneko Mikel Funosas, Ramuntxo Bortairu eta Raphael Larronde, Iholdiko Sandra Pochelu eta Donibane Lohizuneko Iñaki Iturbiske. Lehen hiruekin aritu gara eleketan.
EGOERA NAHASIA.
Eusko Jaurlaritzak -Euskal Selekzioaren aldarrikapen herrikoiaren bilakaera ikusita- Euskadiko Federazioa sortu zuen orain bi urte inguru. Federazio honek, artean, Euskal Selekzioa antolatu zuelarik: «Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Federazioa sortu du eta honek EAEko selekzioa halaber. Jendeak Euskadiko hitzarekin bere burua engainatzen du, ordea. Euskal Selekzioa da, baina ez Euskal Herrikoa», adierazi digute hiru solaskideek.
Euskal Selekzioa Espainiako nahiz Frantziako Selekzioei uko egiteko helburuarekin sortu zen. Nafarroako eta Iparraldeko pilotariek ere osatu dute Euskal Selekzioa. Selekzioaren helburua Euskal Herri osoa ordezkatzea eta Iruñean izatea zen. Munduko Txapelketa iritsi zen baina ametsa ez zen gauzatu. Gainera, gertaerak modu nahasian izan ziren edota hedabideetatik oso egoera nahasian islatu ziren behinik behin.
Euskal Selekzioan aritzeagatik pilotariek ez zutela Espainiako edo Frantziako Selekzioan jokatuko irudi zuen, baina ez da horrela izan: «Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Federazioa Frantziako Federazioaren babesa jasotzeko sortu zuen, -eta beste neurrian nazioarteko beste federazioena ere bai- baina, batez ere, Espainiakoari aurre egiteko. Bere interesak baino ez dira ageri izan, ordea», adierazi digu Ellandek. Adibide gisa, Munduko Txapelketa iritsitakoan, Euskadiko Federazioak, Frantziako Federazioaren sostengua jaso ahal izateko, Iparraldeko pilotak kontuan hartu ez izana.
TXAPELKETA ALTERNATiBOA.
Euskadiko Federazioak Euskal Herri osoa ordezkatuko zuen selekzioa izatea posible zela sinestarazi nahi izan zuen azken unera arte. Venezuelan burutu zen Nazioarteko Federazioaren batzarrean «jokatu» zen Euskadiko Federazioa kide gisa onartzeko azken partida. Ez zen irabazi horregatik. Venezuelako Federazioak estatutuak aldatzeko aurkeztu zuen proposamenak 20 boto jaso zituen alde, 30 aurka eta 5 abstentzio. Frantziako Federazioko Dominique Boutineau presidentea Nazioarteko Pilota Federazioaren presidentea izatera pasa zen. Bozketa berean, Pepe Musi mexikarra presidenteorde izendatua izan zen, Venezuelako Federazioko Juan Jose Lecue presidenteari lekua hartuz. Honek, aldi berean, Konfederazio Panamerikarreko presidente kargua galdu zuen, Musiren mesedetan.
Jokaldi guztiak aurreikusi bezala atera zitzaizkien Frantziako eta Espainiako Federazioei. Lehenik, Gaietano Ayala presidentea zen bitartean, Nazioarteko Federazioko zuzendaritzako kideen dimisioa bideratu edo behartu zuen. Batzarraren ondoren Dominique Boutineau presidente izatera pasa zen, Espainiako Federazioko Garcia Angulo presidentea, berriz, presidenteorde izatera, Pepe Musi presidenteorde izaki. Aldi berean, beste helburu bat lortu zuten: 2006ko Munduko Txapelketa Mexikon jokatzea.
Eusko Jaurlaritzak diru laguntza ugari inbertitzen du pilotan eta ahaleginak egin omen zituen Euskal Selekzioa Iruñean izan zedin. Alta, bada, Jaurlaritza eta Euskadiko Federazioa galtzaileak atera ziren. Txema Aldamiz presidentea burumakur azaldu zen eta Espainiako Federazioaren aldetiko presio politikoak izan zirela onartu zuen.
Nazioarteko batzarrean porrota jaso ondoren Txema Aldamizek ohiko batzar bat deitu zuen. Gure solaskideen esanetan: «Zortzi puntu adostu ziren. Horietako batek zioenez æEuskal Herriko Selekzioa Iruñean izan ezean Euskadiko Federazioak nazioarte mailako txapelketa alternatiboa antolatuko zuen Venezuelako bozketan gure alde agertu ziren gainontzeko federazioetako pilotariekin bateraÆ. Ez zuten deusik antolatu, ordea».
Bien bitartean, egoera ikusita, Iparraldean Pilotarien Kolektiboa (PK) elkartea sortu zen eta Nafarroan Belate elkartea. Elkarrekin aritu dira, baita Gipuzkoako beste kideekin batera ere: «Abuztuan Venezuelan burutu biltzarretik ez zela deus berririk aterako ikusiz eta Euskadiko Federazioak Txapelketa Alternatiboaren inguruan ez zuela deusik egiten ikusirik geuk bost pilota gaualdi antolatu genituen. Euskadiko Federazioak deusik ere», azaldu digu Mikelek.
ESPAINIAKO ETA FRANTZIAKO SELEKZIOAK.
Iruñeko Txapelketan 52 jokalarik parte hartu zuten Espainiako Selekzioaren izenean, hauetatik 38 euskal herritarrak izanik. Frantziako Selekzioan parte hartu duten pilotarietatik, bizpahiru kenduta, denak dira euskal herritarrak. Hegoaldeko pilotariek Euskal Selekzioan parte hartzen duten aldetik Espainiakoan jokatzeari uko egiten diotela dirudi, baina hori irudipen hutsa besterik ez da. Alegia, Euskal Selekzioan aritzen dira, baina horregatik ez dira denak Espainiako Selekziora deituak izaten. Beraz, gehienek ez diote Espainiakoan parte hartzeari uko egin behar. Hegoaldeko pilotarien artean, xarean aritzen den Artola izan da Espainiakoan jokatzeari uko egin dioen bakarrenetako bat: «Iparraldean, EAEn ez bezala, ez dugu instituzioen aldetik sostengurik. Alta, azken bi urteetan gure jarrera plazaratzen aritu gara. Aurtengo otsailean 6 pilotarik uko egin genion Frantziako Selekzioari, eta hemengo elkarteetatik laguntzarik ukan ez badugu ere, gure inguruan sostengua ukan dugu. Jendeak zertan ari ginen jakin izan du, eta pilotazale guztiek badakite Euskal Herriko Selekzioaren alde gaudela. Ekimena positiboa izan da», adierazi digute Pilotarien Kolektiboko kide hauek.
PILOTARI hauEN kuraiA.
Euskal Selekzioaren aldeko izen biltzea izan zen pilotari hauen lehen urratsa: pilotari, entrenatzaile, epaile eta klubetako arduradunei eman zieten aldarrikapen honen berri. Frantziako Federazioari eta Iparraldeko Ligari ere azaldu zizkien beren asmoak. Ondoren, informazio kanpaina eta txapelketa alternatiboa gizarteratu zuten: «Pilotan ari diren eragileen artean lan egin dugu lehenbizi, esparru horretan eman dugun urratsa izugarria izan da. Orain arte gaia gutxi aipatzen zen. Pilota munduan gaia isilean gordetzeko joera zegoen, tabu zen, hobe inork ez aipatzea. Iruñeko Txapelketaren ondoren pilotarien arteko lehen gaia izatera pasa da eta horri buruz lasai mintzatzen da», diote pilotariok.
Beren ustez, azken urte honetan urrats handiak eman dira Euskal Selekzioa Euskal Herri osoan egituratzeko. Lehenbizi, Euskal Herriko Federazioa antolatu beharra ikusten dute eta horretarako hiru zutabeak ezarri direla diote: Euskadiko Federazioa, Belate eta Pilotarien Kolektiboa. Iparraldeko Pilotaren Liga deritzanean, bederen, badute beren asmo honen berri, eta hasteko, ez dela gutxi diote.
Herriaren aldetiko babes gehiago beharko luketela aitortzen badute ere -Iparraldean nahiz Hegoaldean- pilotariok ez dute beren burua bakardade osoan ikusten. Iruñeko Txapelketa ez da normalizazio osoz jokatu, erresistentzia gisako bat agertu zen. ESAITeko partaide dira eta begi onez ikusten dute talde hau. Alabaina, talde honek kirol guztientzako selekzioaren aldarrikapena egiten du eta horrek jendea nahasten du zenbaitetan. Agian, ez dela aski diote. Haatik, Belate eta PK pilotaren munduan agertzearekin hasi da ESAITen helburuak gauzatzeko bideak argitzen: «ESAIT bai, baina gizartea ez da horretaz hainbeste jabetzen», erran digute halaber.
Etsituta ote dauden galdetu diegu: «Gu ez gara guretzat ari, bestela Frantziako Selekzioan jokatuko genuke. Ez dugu gure nortasuna ukatu nahi, eman dugun urratsean sinesten dugu. Iruñean une aproposa izan da urrats hori emateko, Iparraldeko gero eta gazte gehiago ohartu da euskal nortasunaz. Sakrifizio bakarra Munduko Txapelketan ez jokatzea izan da, baina Frantziako ekipoarekin jokatu dugularik ez dugu lasai jokatu, gure herria eta nortasuna ukatzen duen instituzio baten barnean jokatu baitugu». Pilota sistemaren barnean egon ziren Iruñeko Munduko Txapelketa arte, haustura egiteko unea ikusi dutelarik planto egin dute: «Ikurriña atera eta ekintza sinboliko bat egitea ez genuen ongi ez aski ikusten. Prentsa boteretsuan ez ohi da ezer agertzen. Gaia hurrengo Munduko Txapelketan aterako da berriz ere. Aitzinantzean ere lanean segitu behar dugu, isilean, azkartu, eta, agian, Euskal Herriko Federazioa sortuko da». Ramuntxok honela jarraitu du: «Lehen Euskal Selekzioan pentsatzea ametsa zen eta orain errealitate hurbilagoa da. Ez guretzat bereziki, gure gibeletik heldu diren pilotari gazteentzat baizik».
Hartu duten jarrera harturik ere, ez omen dute tokian tokiko klub eta herri taldeekin haustura sentitu. Pilotaren instituzioetako agintariekin ontsa eraman dute afera. Frantziako Kirol Saileko Erbiti zuzendari teknikoa, Zuraidekoa, Euskal Selekzioaren aldekoa dela diote. Honek, jakina, pilotariok Frantziako Selekziora eraman behar ditu. Dominique Boutineauk beste hainbeste: «Baina goxoan aritu dira, denek onartu dute gure jarrera. Pilotaren munduan badago elkarrekin eta errespetuan bizitzeko nahikaria. Ez dugu bazterketarik sentitu»