HAUR ALDIZKARIA ZARAUTZEN
«Txorrotxio» euskarazko haur aldizkaria sortu da Zarautzen. Txaparro kultur elkarteak abiatutako proiektuak Zarauzko Udalaren laguntza jaso du. Herriko ikastetxeetako 8-12 urte bitarteko haurrek eginiko lanez eta aldizkariko erredaktoreak eginikoez osatuko dute 20 orrialdeko hilabetekaria. Atal ugari izango du: ipuinak, erreportajea, asmazkizunak, zientzia atala...
NAFARROAKO IKASTOLEN HISTORIA IDATZITA
Iruñean 1931n lehen ikastola sortu zenetik 1982. urte arteko epea aztertu du Lopez Goñi NUPeko irakasleak. Ikerketa doktorego gradua lortzeko aurkeztu zuen iaz eta liburuan bildu du orain, Euskara Kultur Elkargoaren babesean. Autoreak adierazi duenez, frankismoan Nafarroako Diputazioak euskararen alde egindako lana egun Nafarroako Gobernua egiten ari den hizkuntza politikarekin kontrajartzen da, orduan ikastolak babestu baitzituen.
KONTSEILUAREN LEHEN BILERA HAUTSIA
Urriaren 15ean egin zen Nafarroako Euskararen Kontseiluaren lehen bilera. Bertako 20 kideetatik 18 agertu ziren eta haietatik lauk, Nafarroako lau gizarte erakundeetako ordezkariek bilera utzi zuten, ez dute dimititu ordea. Bileran Gobernuak proposatuko araudi aldaketa onartu zen, hiru kiderekin akordioa hartzeko aukera ematen dion araudiarena hain zuzen. Bestalde, dekretu berriaren onespena hilaren amaierarako nahi duela adierazi zuen Miguel Sanz presidenteak.
KOOPERATIBAK ETA EUSKARA
«Kooperatibak eta euskara. Historia eta aro berri baten oinarriak» liburua idatzi dute Amagoia Unanue eta Nahia Intxaustik. Lanki ikertegiak eta Emun kooperatiba elkarteak bideratutako ikerketak Arrasateko esperientzia kooperatiboak sorreratik gaur arte euskararekiko izan duen konpromisoa du aztergai.
ZALANTZEN MUSEOA
Askotan gertatzen den moduan, Guggenheim Bilbao Museoak ere kritikak eta laudorioak, denetarik jaso du. Hil honetan bertan dira bost urte Museoak ateak ireki zituela. 5.200.000 bisitari zenbatu dituzte guztira. Batzuentzat positiboa dirudiena, negatibotzat jotzen dute besteek. Horren gainetik ordea, Guggenheimek museoen ereduen inguruan zalantzak sortzeko eta horiek agerrarazteko ahalmena izan du nagusiki. Norentzat da museo bat, ikusleentzat edo artistentzat? Zenbateraino izan behar du arte museo eta nora arte ikuskizunen erakusleiho? Eta zenbateraino du Euskal Herrian dagoen museoak euskal artistei lekua eskaintzeko betebeharra? Askotan gertatzen den moduan, ordea, oraindik ez dira batzuk eta besteak erantzunetan ados jarri.
URTEURRENA LEHIAREKIN AMAITU
URTE guztian Euskal Herriko Txistularien Elkartearen sorreraren 75. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egin da. Ospakizun hauei amaiera emateko, hilaren 26an Euskal Herriko Txistulari Taldeen Txapelketa jokatu da Errenterian. Guztira, hamaika taldek hartuko dute parte, eta bi lan jo beharko dituzte. Horietako bat, nahitanahiezkoa. Hiru sari eskainiko dira.
NAZIOARTERA BEGIRA
NAHIZ eta hamargarren edizioa izan, lehenengo aldiz zabaldu dizkie ateak Nafarroako Ikusentzunezko Sormen Lehiaketak Nazioarteko sortzaileei. Guztira, 23 herrialdetatik datozen artisten 92 lanek hartuko dute parte lehian. Aurkeztu diren lanetatik, 40k bideosormen sailean parte hartuko dute, 31k animazioan eta 22k dokumental alorrean. Azaroaren 12an ekingo zaio lehiaketari.
NON ZER BERRI
JOAN den ostiraletik martxan da sarean «Nontzeberri» egunkari kultural berria. Suspergintza taldeak sortu du Interneteko komunikabide berri hau. Bertan, arteari eta kulturari egingo zaio lekua bereziki. Baina horrez gain, bertsolaritza, bidaietako kontakizunak, laburmetraiak, talde ezagunen MP3a, argazkiak... izango dira. Juan Ramon Madariaga eta Lutxo Egia kazetariak, Jugatx Duñabeitia eta Anabel Junco diseinatzaileak eta Javier Garduño eta Estibalitz Zarandona informatikariak daude proiektuaren atzean.
EUSKADI SARIEN IRABAZLEAK
LITERATUR sarien zurrunbiloan sarturik gaudela, iritsi dira Euskadi Sarien irabazleen izenak ere. Izan ere, aste honetan bertan jakin dugu Itxaro Borda idazle baionarrak «%100 Basque» liburuagatik Eskadi Literatur Saria eskuratu duela. Eta Miren Agur Meabe bizkaitarra suertatu da garaile haur eta gazte literatur arloan «Itsaslabarreko etxea» lanarengatik. Bestalde, Itzulpengintza sailean Iñaki Mendigurenek irabazi du saria «Harry Potter eta sekretuen ganbera» liburuari esker. Eta Gaztelaniazko Euskadi Saria Miguel Gonzalezen eskuetara joan da «Pobeñeses» lanari esker.
ZUMETA NEW YORKERA
HAINBAT erakusketa egin izan ditu Jose Luis Zumeta artista usurbildarrak bere ibilbide artistikoan zehar. Baina azaroaren 7an inauguratu eta abenduaren 28a arte zabalik egongo dena berezia da lekuari eta baldintzei dagokienez. Izan ere New Yorken, Chelsea kaleko Haim-Chanin Fine Arts galerian erakutsiko ditu bere lanak. Lehenengo aldia da horrelako leku batean erakusketa indibidual bat paratzen duela, eta okasiorako formato handiko hainbat lan burutu ditu.
- Mikel Urdangarinen hitzak dira hauek «Deia»n jasoak: «Egiteke dagoen herri bat gara. Kulturalki ez gara indartsuak, bidea egiteko dago eta hori gure eskuetan dago. Beste zenbait gauza, makropolitika esate baterako, agian ez».
- Antonio Camposek «Karkara»n: «Beste eskolak euskaratzea bultzatu dute ikastolek. Seguru asko æEgunkariaÆrik eta euskarazko EITBrik ez zen sortuko ikastolik gabe».
- Unai Elorriaga idazlearen ustez, «merkatu handi bat ez izatearen zortea daukagu guk. Diru asko irabazten den lekuetan, interes asko daude eta erraz, azkar eta ondo saltzea da interesatzen dena. (...) Gurean, ordea, gutxiengoen idazleak begi bistan daude».
- Roberto Moso kazetariak honakoa esan zuen «Gara»n: « Euskal rock erradikalak æMadrileko movidaÆk baino oihartzun handiagoa izan zuen nazioartean».
- Jorge Gimenez Euskal Editore Elkarteko lehendakaria honela mintzo zen «Gara»n liburugintzaren ustezko krisiari buruz: «Krisia osoa izatera iristen bada, uste dut osasungarria ere izan daitekeela, eta gure kasuan, ondo gestionatzen badugu, probetxugarria».
Aste honetan ere Baionara jo dugu. Kaleetan ikus daitekeena berretsi besterik ez du egiten argazkiak, bertan euskara hutsaren hurrengoa dela alegia. Berdin du seinalea behin-behinekoa edo finkoa den, irizpide berak jarraitzen baititu udalak: frantsesa erabiltzea bakarrik.
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak 10 urte betetzen dituela-eta «Astoaren irrintzia edo Donostia maitagarria» izeneko antzezlana taularatuko da azaroaren 16an Donostian. Koldo Izagirrek egin du gidoia eta Joserra Fachadok eta Anartz Zuazuak zuzenduko dute. Aktoreen artean, Ramon Agirre, Klara Badiola, Elena Irureta eta Aitzpea Goenaga daude.
Gorka Salmeron argazkilariaren «Natura» argazki bilduma dago ikusgai Elgoibarko Kultur Etxean azaroaren 9a arte.
Damian Muñoz danza talddeak «Tres tristes Stripteases» lana estreinatuko du La Fundicionen azaroan.
Kontxu Odriozola omenduko dute aurten Azpeitiko XX. Euskal Antzerki Topaketek. Gainera, bere lan eta bizitzari buruz, Pako Aristik idatzitako liburua plazaratuko da.
Potrotaino taldeak «La verdad comienza akí» diskoa kaleratu du Oihukarekin.
Anartz Zuazuak antzerkiari buruz eginiko hausnarketa da hau «Deia»n jasoa:
«Euskal antzerkia egiteko dagoela oraindik uste dut. Ez dago idazlerik eta autorerik gabe ezin du ezer egon. Oso itzultzaile onak daude, baina idazleak behar ditugu. Hor datza antzerkiaren krisia, eta errazagoa da zinerako edo telebistarako gidoi bat idaztea, antzerkirako obra bat baino. (...)
Telebistan oso zaila da zerbait ona egitea. Normalean, izaten dira serie landu gabeak, oso azkar egindakoak. Telebista kontsumoa da, edozein preziotan eta edozer. Gauza da ordutegia bete, eta jendeak ikus dezala. (...)
(Kalitateari dagokionez) oso momentu txarrean gaude. Gauza oso komertzialak egiten dira, ez dago inolako hausnarketarik. Nire ustez, dena aldatu behar da, eta ezin da okerrera jo. (...)
Joera dago jende gaztearentzat idazteko eta protagonista ez bada gaztea, haren lagunak edo aitak gaztea izan behar du. Aktoreek gazteak direnean dute lana egiteko aukerarik gehien. 30 urte ditugunok ezin gara inon sartu, ez seme eta ez aitaren lekuan. (...) Futbolariek bezala, bizitza laburra dugu aktoreok telebistan askotan».
Euskarazko iragarkiak ez dira nahi beste izaten. Horrexegatik eskertzekoak dira euskarazko publizitatearen alde egiten dituztenen ahaleginak. Caixa kutxa katalana dugu horietako kasu bat, euskarazko iragarkiak egiten ditu, bezero posibleak kontuan hartuta bada ere.