Mahaiaren inguruan bildu ditugun hiru solaskideek kazetaritzan jardun zuten 70eko hamarkadan. Hamar urte bizi eta bete horien testigu izan ziren, beraz, hainbat eta hainbat gertakizun aztertzeko parada izan zuten. Baina garai garrantzitsu hori bizi ere egin zuten, beste askorekin batera euskal kulturaren garai garrantzitsu horren protagonista izan ziren.
Francoren heriotzak, 1975ean, 70eko hamarkada bi zatitan banatzen du. Hamarkada horretako euskal kulturaz hitz egitean ere bi zati horiek bereizi behar al ditugu? Zergatik?
A. ARANBURU. Gabriel García Marquezek aurkeztu berri duen liburuan esaten duena kontuan hartu behar genuke. Azken batean, bizitza ez dela bizi izan duguna, baizik eta gogoratzen dugun hori. Gertaera horiek denak bizi izan ditugu guk, baina beharbada ez ditugu maila berean gogoratzen. Azken batean, gogoratzen dugun hori da gure bizitza, ez bizi izandakoa. Eta ez dakit gaurkorako balio digun. Nik marko bat ezartzearren, ez dakit balioko dizuen ondorengo pentsamendu honek: gure historian, beharbada, lehen aldiz belaunaldi gazte oso batek bere gain hartzen du bere nortasun kolektiboa hezurmamitu eta garatzeko konpromisoa. Herri kontzientziari jarraiki, gazteriak esaten du bere gain hartzen duela erantzukizun historiko hori. Beharbada, guk, gazteak ginelako, hala pentsatzen genuen. Gainera eskuzabaltasun itzela erakutsi genuen konpromiso horretan eta gizarte horretan. Borroka aurrerakoia, iraultzailea eta gazte izatea herrigintza horretan partaide izatearekin identifikatu genuen. Gazte izatea konpromiso "historiko" horretan, herrigintzari eta euskalgintzari eman behar zitzaion bultzada horretan, ulertu genuen.
J. R. ETXEBARRIA. Nahastuta zegoen erabat militantzia politikoa eta militantzia kulturala. 1970eko lehen urtetan Bilbo partean halako guneak non zeuden analizatzen badugu, erraz ikusiko dugu hori. Batetik, "Anaitasuna" aldizkariaren inguruan zegoen gunea ikusiko dugu, frantziskotarren babesa zeukana. Bestalde Gabriel Aresti eta haren ingurua zegoen eta horren arrimuan talde politiko batzuk Euskal Herriko politikagintzan hasi ziren. EHAS sortu zen, Ipar Euskal Herrian zegoen EASetik zetorrena. EHASen proiektuetako bat Iker taldea zen. Iker taldeak gero "Anaitasuna" hartu zuen, Saioka liburuak egin zituenà Proiektu kultural bat zen, argitaletxe bat egiteko, liburuak egiteko, euskarazko produkzioa sortzeko. Eta gero hortik etorri zen, 1970eko bukaera aldean, Euskal Autonomia Estatutu nazional baten proiektua, han sortu baitzen. Batzuk dedikatzen ziren gehiago politika egitera eta beste batzuk bokaziora. Nire kasuan bezala, Donostia partean, orduko "Zeruko Argia"ren inguruan, Lur editorialaren inguruan, bazegoen nahaste-borraste bat, parte politikoa eta parte kulturala.
A. ARANBURU. Euskaltzale eta abertzale.
E. GARMENDIA. Goierri aldean esate baterako, mugimenduetako bat alfabetatze euskalduntzea zen eta horren ondoan Herri Gaztedi. Azken hori Gipuzkoan indartsu samarra zen. Nik pauso horiek jarraitu nituen, klaseak ematen hasi eta aldi berean Herri Gaztediko talde batean ibili, hori 1969an-edo. 1970ean Donostiara etorri nintzen, beste pauso batzuk ematera. Oso lotuta zegoen politika eta kultura eta askotan batetik besterako pausoa eta hortik ETArako pausoa oharkabekoa zen ia-ia.
A. ARANBURU. Abertzaletasuna sentimendu gisa bizi genuen gehienbat, herentziaz hartu genuen zerbait eta ez beharbada kontzeptualki arrazoitu beharreko ideologia bezala. Sentimendu mailakoa zen neurri batean. Gerora, hamarkada joan heinean, errepresioak, torturak... abertzaletasun sentimendua errotzen lagundu zuen eta konpromiso politikora bideratzen. Bilakaera hori izan zen, abertzale sentimendu bat nagusi zen, ideologia gerora etorriko zen eta gero Francoren heriotza eta errepresioa. Horrek denak ekintza politikoa ondorioztatu zuen.
J. R. ETXEBARRIA. Franco hil zenerako abian zeuden mugimendu guztiak. Francoren heriotzak batzuen beldurra kendu zuen, baina kulturaren ikuspegitik, mugimenduak lehenago abiatutakoak ziren. Ni orduan Bilboko Santutxu auzoan bizi nintzen, eta han klabeak ziren gau eskolak. Han zekienak goragoko edo beheragoko mailan ematen zituen eskolak. Gero premiak sortu ziren, metodo on bat behar baikenuen. Diskusio ikaragarria izan genuen 1972an, Santutxuko gau eskoletan. Aurretik Patxi Altunaren metodoa ematen zen, "Euskara nire laguna", edizioa agortu egin zen eta berria behar genuen. Asanblada bat egin genuen irakasle guztiok baserri ezkutu batean, 35 edo izango ginen, gehienak gipuzkoarrak, frailekiak esaten genuenak. Erabakia zen euskara batua bai ala ez. Orduan sortu zen euskalduntze metodo bat, gero alfabetatze metodoa izan zena. Erabaki kolektiboa izan zen.
A. ARANBURU. Francoren heriotza mugarri bat izan zen, baina abiadura eta azelerazioa lehendik zetorren. Gure ekintzaren baieztapen gisa ikusiko nuke, alegia gure jardun horri arrazoi ematen zion motibo gisa. Ikusten? Arrazoia genuen, Franco hil zaigu behintzat eta. Sendotu egin gintuen gure ekintza horretan, oso luzetsita egon ginen baina gure ekintzari arrazoia eman zion heriotza hark, nahiz eta damu izan ginen Gabriel Aresti bat Franco baino lehen hil zitzaigulako. «Benetako bidean goaz, ondo goaz» baieztapena izan zen. «Franco hil zaigu eta ez gaitu inork geratuko».
J. R. ETXEBARRIA. Gau eskolak izan ziren lehen pausoa. Oso giro ona sortu zen, bertan. Ikastolak abiatuta zeuden, Bilbon ere bai. Lehenengo alfabetatze eta euskalduntze prozesua izan zen eta gero ikastolak etorri ziren, Gipuzkoatik ikastolen liburutegia etorri zitzaigun. Orduan testugintzaren problema sortu zen. Kulturan genbiltzanen artean bi bloke zeuden, batetik literaturara gehiago dedikatu zirenak, Ramon Saizarbitoria, Aresti bera, Xabier Kintana bera, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia, Lur editoriala.. Aldi berean, beste talde batzuk zeuden Bizkaian eta Gipuzkoan eta hauek testugintzaz kezkatu ziren, Ikastola sortzen ari zen eta materiala behar zen. Gipuzkoan Ikastolaren Liburutegia sortu zen. Eta bai Gipuzkoan Elhuyar izango zen taldeak eta bai Bizkaian unibertsitatearen inguruan genbiltzan pertsona batzuek kezka hori genuen.
A. ARANBURU. Kulturgile izan ginen neurrian hala zen. Herritarrak bildu zituena ikastolen mugimendua izan zen, gurasoak prestatzea bere seme- alabak ikastolara eramateko. Herrigintzan fenomeno hori zen nagusi.
J. R. ETXEBARRIA. Gure generazioko diskusio bat zen, euskarak edo guztirako balio du edo ez du ezertarako balio. Irakaskuntzan sartu behar dugu, unibertsitatean sartu behar dugu, denetan, bestela ez du balio. Hori zen gure logika.
E. GARMENDIA. Orduan izan al zen Suarezek esan zuenaà
J. R. ETXEBARRIA. Hori beranduagokoa da, 1978koa edo. Suarez Gobernuko presidente zela, guk unibertsitatean klaseak ematen genituen euskaraz, oraindino ez ziren ofizialak. Baina testuak idatzita geneuzkan, UEU sortua zen. Elhuyarrekoekin publikatzen genituen artikuluak, eta edozertaz euskaraz hitz egiten genuen, fisikaz eta denetaz. Nire kasuan nire espezialitatea teknologia nuklearra zen. Zentral nuklearreko logika zegoen orduan eta nik garai hartan 100 hitzalditik gora eman nituen euskaraz zentral nuklearren kontra. Orduan Suarezek esan zuen: «Si el euskera no vale para nada, cómo se va a poder dar una clase de química o de física nuclear en euskera». Nire erantzuna oso erraza izan zen: bi gauza behar dira. Bat, jakin behar da fisika nuklearra eta bestetik jakin behar da euskara. Bi gauza horiekin, hori egin daiteke. Hori zen gure tesia: praktikan hori posible zela. Eta gaur egun hori inork ez du zalantzan jartzen. Nik garai hartan esan nuen bi gauza horiek behar zirela, gero askotan pentsatu dut hirugarren bat falta zela eta hirugarren hori da inportanteena, borondatea izatea. Hori zen funtsezkoena.
E. GARMENDIA. Zu ez al zinen ateratzen Euskadiko Kutxako iragarkitan fisikako klase bat ematen?
J. R. ETXEBARRIA. Euskadiko Kutxak euskararen aldeko kanpaina bat aurkeztu zuen eta arlo desberdinetako pertsonak hartu zituen, euren lana euskaraz egiten zutenak. Argazkiak atera zituzten eta horietako bat niri atera zidaten unibertsitatean klasea ematen ari nintzela. Arbelean testuak idatzita zeuden euskaraz. Eta horri buruzko kanpaina izan zen.
A. ARANBURU. Hezkuntzan jarri genuen euskararen biziraupena. Gizartean beste elementu garrantzitsuak zeuden. Euskarak pulpitua galdu zuen neurri berean, hor loratu ziren herri kantak, bertsoak, antzerkia, artea, poesia, pintura eta abar. Hor aipatu behar da Ez dok Amairu. Kultur asteek ere izugarrizko indarra izan zuten. Herri Irratia ere aipatu beharko genuke. Alfabetatze euskalduntze kanpainak ere. Hor sortu zen herri giro bat ikastolen mugimenduaren osagarri, sare oso bat euskalgintzaren alde eta abertzaletasunaren alde.
Francoren heriotzarengatik soilik ez bada ere, 1970etik 1979ra gauzak aldatuko ziren. Zertan? Zein ezberdintasun nagusi ikusten duzue hamarkadaren hasiera eta amaieraren artean?
E. GARMENDIA. Euskal asteen barnean ere nola sartzen zen artea! Gaur egun askoz abangoardiagokoa, elitistagoa da. Mendiburu eta horien piezak oso herritarrak ziren, erakusketak egiten zituzten kultur asteen barruanà Hori gauza polit bezala. Hamarkadako lehen partean askatasun egarria nagusitu zen eta hamarkada bukaera emaitzak lortzeko garaia izan zen, ikastolak legeztatu, gau eskolak, klandestinitatetik egitura batzuetara pasa.
A. ARANBURU. Uzta biltzea.
E. GARMENDIA. Hamarkada hasierako solidaritate garaiaren ordez, kontraposizioz amaierako sektarismoa eta eszisioa jarriko nuke. Alderdi eta talde politikoetatik, zatiketa hura gizarte osora zabaldu zen. Lehen etsai bakarra zegoen eta hori faltatakoan gauzak zaildu egin ziren.
A. ARANBURU. «Zeruko Argia» eta «Anaitasuna» ez ziren gauza bera, Ez Dok Amairu eta Oskorri ere ezà Kolore kontua zen. Bizkaitarren sentiberatasuna eta gipuzkoarrena ez zen berdina.
E. GARMENDIA. Estetikaren alorrean ere aldaketak daude, hamarkadaren bigarren parterako estetika hausleagoa, «kutreago»a dator, musika gogortzen hasten da poliki-poliki, artista plastikoen mailan Bixente Ameztoi, «Zeruko Argia»n hainbeste portada egin zizkiguna eta haren estilo errealista fantastikoa sartzen dira. Zumetak ere feismo era noiz hartu zuen? beharbada geroxeago, 80eko hamarkadan.
J. R. ETXEBARRIA. Lehen aipatu dut batzuk dedikatu zirela gehiago literatura mundura, beste batzuk testugintzaren mundura. Bada beste hirugarren arlo bat idazkuntza munduan: kazetaritza inguruan sartu zinetenak. Ni ere ibili nintzen horretan garai hartan, baina nolabait esateko militante modura idazten nuen «Anaitasuna»n. Hor transformazio bat egon zen euskal prentsan hamarkadaren erdialdean. Modernizazioaren problema izan zen. Hasierako «Anaitasuna» eta «Zeruko Argia» izugarri handiak ziren, egunkari formatokoak, ezelako argazkirik gabe, den-dena testua, gaur eguneko «Herria»ren estilokoa. Magazine itxurarako pauso hori orduan eman zen, borroka ikaragarria egon zen bi aldetatik. Bat, euskal prentsa bera finkatzeko eta modernizatzeko magazine estilora pasatzea. Eta bigarrena, Franco hil eta gero elebitasunaren problema etorri zen. Hamarkadako lehenengo urteetan euskalgintzan genbiltzanon proiektua euskara hutsezko testuak eta euskara hutsezko aldizkariak zirenà
A. ARANBURU. «Jakin» ere aipatu behar da.
J. R. ETXEBARRIA. Franco hiltzen den inguru horretan beste tesi bat sortzen da, jende bat politikan dabil eta oso borroka latza egon zen aldizkari eta egunkari elebidunak sortzeko. Askok eta askok beste apustu bat egin genuen eta gero arrazoia izan dugula uste dut. Elebiduna eginez gero, denek erdaldun amaitzen dute.
A. ARANBURU. 24 Orduak Euskarazen garrantzia aipatu beharra dago. Liburu jakin batzuk aipatzearren: Gotzon Garateren "Marxen marxismoa"; Txilardegiren "Hizkuntza eta pentsaera" eta Koldo Mitxelenaren "Idazlan hautatuak" funtsezkoak izan ziren hamarkada horretan.
J. R. ETXEBARRIA. Guretzat, San Martin, Aresti eta Kintanaren lanak funtsezkoak ziren. Liburu horiek frikzioz irakurtzen genituen, ase ezinik genbiltzan, ea noiz idatziko zuten zerbait zain ginen. Euskalgintza eta herrigintza zen aldi berean. Horregatik aipatu dut euskara batuaren garrantzia, horrek ematen baitzion euskarari beste dimentsio bat, herriarena. Horregatik egon zen izugarrizko borroka batasunaren inguruan.
A. ARANBURU. Batasunaren auzi hori oso korapilatsua izan zen.
J. R. ETXEBARRIA. Hil ala bizikoa izan zen. Herritarren arteko borrokak hasi ziren eta klabeetako bat euskara bera izan zen. Izugarrizko haserreak egon ziren herrietan euskara zela eta ez zela. Zuk 24 Ordu Euskaraz aipatu duzu. Euskara hutsean egin zen eta, beraz, elebitasuna planteatu aurreko errebindikazioa zen.
Dagoeneko hainbat gertakizun politiko aipatu duzue. Hamarkada bera Burgoseko prozesuarekin abiatzen da. Zuek esandakoaren arabera biak, politika eta kultura oso lotuta joan ziren...
Izen batzuk agertu dira mahaira orain arte. Baina zuen ustez zein gertakari, alor, elkarte edo pertsona dira ezinbestekoak hamarkada ulertzeko?
J. R. ETXEBARRIA. Zalantzarik gabe. Xabier Kintana bera edo Gabriel Aresti ere bai, Bilbo aldean mugitzen ginenontzat behintzat. Baina "Anaitasuna" inguruan ibili ginenon benetako irakaslea, horiek guztiak baino gehiago, Imanol Berriatua izan zen. Inoiz inon agertzen ez den izena da, baina euskara alorrean hura izan genuen irakasle garrantzitsuena. Frantziskotarra zen eta "Anaitasuna" zuzentzen zuen. "Jakin"eko belaunaldikoen irakasle izan zen: Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi... Kintana, Aresti eta Bizkaiko beste idazle guztiek idazten zutena bere eskuetatik pasatzen zen. Hark zuzentzen zuen guk idatzitako guztia. Eta ez bakarrik zuzendu, nola idatzi behar zen ere irakatsi zigun. Horrek eragin ikaragarria izan zuen. Gero "Zeruko Argia"n uste dut Xalbador Garmendiak antzeko lana egin zuela.
E. GARMENDIA. Bai, baina testuan gutxiago sartzen ote zen irudipena daukat. Niri 70eko hamarkada hasieran "Anaitasuna" "Zeruko Argia" baino gehiago gustatzen zitzaidan. Modernoagoa zen, aurrerakoiagoa. Eta hizkuntza aldetik ere uniformetasuna zuelako gustatzen zitzaidan. Batuan zegoen, garbia zen.
J. R. ETXEBARRIA. Izen handi asko izan ziren klabeak euskararen batasun prozesuan. Baina Imanol Berriatuak, "Anaitasuna"ren bitartez, euskaltzainek hartutako erabakiak gizarteratzea lortu zuen, hainbat zentzutan: batetik, aldizkariaren bidez estilo bat sortu zuelako; bigarrenik, Euskal Herri osoko zentzua zuelako eta Iparraldeko edo Gipuzkoako edukiak eta hiztegia apropos sartzen zituelako; eta azkenik, orduan idazten genuen guztioi idazten irakatsi zigulako.
A. ARANBURU. Niretzat euskaran Euskaltzaindiaren lana izan zen giltzarri.
J. R. ETXEBARRIA. Bai, baina Euskaltzaindiaren lan hori gizarteratzeko orduan beste batzuk izan ziren protagonista. Gizarteratze hori bi eratan eman zen. Batetik, "Anaitasuna" eta "Zeruko Argia"k lan pedagogikoa egin zuten. Guk ez genekien idazten, ez geunden alfabetatuak, eta horiei esker ikasi genuen euskaraz idazten. Eta gero bultzada ikaragarria ekarri zuten herri mugimenduek: ikastola mugimendua, Bai Euskarari kanpaina, 24 Orduak Euskaraz...
A. ARANBURU. Elizaren babesa ere aipatzekoa da. Ikastola mugimenduak legearen aurka aurrera egin behar izan zuenean ezinbestekoa izan zen.
E. GARMENDIA. Nik hamarkada honen erdia, 1971tik 1976ra, Iruñean bizi izan nuen. Nafarroako erreferentziak ditut nik, beraz. Gipuzkoatik hara joaten ginen euskaltzale gehienak gau eskolan euskarazko klaseak ematen hasten ginen. Patxi Zabaleta zen bertako nagusia eta talde sendo bat zuen bere inguruan. Han inguruan ere Iñaki Zabaleta, Pello Argiñarena, Sagrario Aleman eta beste asko bazebiltzan. Bere garrantzia bazuen Diputazioak argitaratzen zuen "Principe de Viana" aldizkariak ere, Diaz de Ultzurrunek "Diario de Navarra"n euskarazko orri bat idazten zuen, Paz de Ziganda eta San Fermin ikastolak hor ziren...
J. R. ETXEBARRIA. Ipar Euskal Herria ez dugu aipatu eta funtsezkoa izan zen hainbat alorretan. Udako Euskal Unibertsitatea Euskal Aste batetik sortu zen. Ekimen hori bideratzen zutenak Haristchelar, Xarriton, Davant, Goienetxe... izan ziren. Hegoaldean horrelako ekimenik ezin zen egin, baina azkenean, 1977an, Udako Euskal Unibertsitatea Iruñean egitea lortu genuen orduan zinegotzi edo alkate zen Urmenetari esker. Argitaletxeak sortu zirenean liburu asko egiten zen Iparraldean eta gero hona ekartzen ziren.
A. ARANBURU. Hor ziren Jokin Apalategi, Gexan Alfaro...
J. R. ETXEBARRIA. Eta Paulo Iztueta... Beharrezkoa zen Iparraldean erretagoardia moduko bat izatea. Eta ezin dugu ahaztu hamarkada horretan kultur eragile asko, Hegoaldekoak izanda ere, iheslari zirela eta Iparraldean zeudela. Gero, antzerkian, adibidez, Landarten lana oso garrantzitsua izan zen.
A. ARANBURU. Eta bertsolaritzan Mattin-Xalbador bikotea...
J. R. ETXEBARRIA. Iparraldea askatasun erreferente genuen. Han gauzak egin zitezkeen eta hemen ez.
68ko maiatzaren oihartzunak hona berandu etorri zirela esan ohi da. 70eko hamarkadan ez al da ikusten nolabait lana kolektiboki egiteko joera, jarduera indibidualak direnak ere taldeka burutzekoa?
Hamarkadaren azken urteak preautonomiaren urteak izan ziren, instituzionalizazio urteak. Erakundetze horrek zein eragin izan zuen euskal kulturan?
A. ARANBURU. Batzokirik ere ez zegoen orduan. EAJ latente egon zen nolabait urte horietan. Klandestinitatean zegoen. Baina barruan, bere koadroak funtzionatzen egongo ziren eta azkenean irten egin zen.
J. R. ETXEBARRIA. Horiekin izan genituen ikastolan hika-mika handienak, erlijioa zela, edukiak zirela...
A. ARANBURU. Politika sartzearekin batera, erakundeak sortzearekin batera, euskalgintzaren ardatza hautsi egiten da. Gizarte plurala, anitza, ere bazela agerian geratu zen eta politikak bere bidea hasi zuen. "Deia"k eta "Egin"ek ere bultzatu zuten zatiketa hau. Alderdiko prentsa zen. Bakoitza bere ideologia, bere jarrera gorpuzten joan zen erakundetzearekin batera.
E. GARMENDIA. Erakundetze garai horretan Elebitasun Dekretua jarri zen martxan, eskoletan euskara sartzea onartu zuen lehen araua. Karlos Santamaria tartean zen. Nik orduan elkarrizketa bat egin nion "Zeruko Argia"rako eta off the record dekretua kaka bat zela esan zidan. Baina behintzat hori lortu zuen. Garai preautonomikoan erakundeetatik iritsi zen besterik ezagutzen al duzue zuek?
J. R. ETXEBARRIA. Erakundetze prozesuak zapore gazi-geza utzi zidan niri. Guk nola edo hala erakundetzea derrigorrezkoa zela ikusten genuen. Baina aldi berean gero nik estatutuaren belaunaldia deitzen dudana etorri zen kulturara. Erakundetzeak errebeldia espiritua hil zuen eta ikaragarrizko akomodazioa eta salmenta ekarri zuen kulturgileen artean.
A. ARANBURU. Normalizazioa da hitza.
J.R. ETXEBARRIA. Nik esango nuke belaunaldi galdu bat dela. Jauzi bat ikusten dut kulturgintzan. 70eko hasierako gure idealak, 80ko hasieran degradatzen hasten dira.
Urte horietan "Egin» eta "Deia" egunkari "elebidunak" sortu zirela aipatu duzue. Zein ondorio izan zuen horrek? Nola bizi izan zen hori aurretik zetozen euskara hutsezko proiektuetan?
70eko hamarkadan gaur egun ezagutzen ditugun elkarte asko sortu ziren: Ikastolen Elkarteak, AEK, EHE, Elhuyar, UEU... bakar batzuk aipatzearren. Baina urte haietatik zer iritsi da gugana?
J. R. ETXEBARRIA. Baina, esaterako, Buesaren garaian ikastolen munduan izan zen zatiketa eta gero, berriro lortu da kontsentsu zabal bat horrelako ekimenen inguruan eta euskalgintzan oro har.
A. ARANBURU. Lehen euskalgintza kontzeptua puruagoa zen. Gaur beste osagai batzuk ditu.
J. R. ETXEBARRIA. Hala eta guztiz ere, hor dago eta balio handia du. Horrek batzen gaitu.
E. GARMENDIA. 70etan sortu ziren elkarte horiek gaur bizirik egoteak bi esanahi izan ditzake. Edo sortu zireneko helburuak ez direla bete, edo etorkizuneko ikuspegi sendo eta argia izan zutela sortu zirenean. Edalontzia erdi hutsik edo erdi beteta ikus daitekeela, alegia. Positiboki har dezakegu edo pentsa dezakegu: zergatik dugu oraindik Ikastolen Elkartea? Zergatik oraindik AEK?
J. R. ETXEBARRIA. Argi eta garbi helburuak bete gabe daudelako. Esaterako, Karlos Santamariak 73an idatzitako testuak irakurtzen badituzu, bertan dauden helburuak bete gabe daude.
A. ARANBURU. 70eko hamarkada eta oraingoa alderatuta, nik «sinetsi» hitzean ikusten dut gakoa. Hamarkada hartan itsu-itsuan sinetsi genuen; gaur zalantzak sortu zaizkigu. Akaso urrezko aroa izan zen hamarkada hori guretzat. Gure destinoaren jabe ginela sentitu genuen. Gaur ez ote garen iristen sumatzen dugu, gure hasierako amets hura birdimentsionatu behar ote den. Euskal langilea, administrazioko funtzionarioa esaterako, oso larri, oso kezkatuta ikusten dut. Biziberritze plana ari zaigu hedatzen sektore ezberdinetan. Ez ote gara utopiari prezio bat jartzen ari?
J. R. ETXEBARRIA. Ni horretan ez naiz aldatu. Ni baikorra naiz. Bizkorregi ere goazela pentsatzen dut batzuetan. "Zeruko Argia"n aspaldi Velez de Mendizabalek (Mendiaga ezizenez sinatzen zuen orduan), unibertsitatean euskara sartzearen inguruan elkarrizketa bat egin zidan. UEU sortu baino lehenago zen eta orduan nik arnas luzeko proiektutzat jotzen nuen, bizitza osokoa eta gehiagokoa. Esan nion pozik geratuko nintzatekeela, nire bizitzako lana ontzat emango nukeela, gure belaunaldia hiltzerakoan euskarak zientzia gaietan oinarrizko azpiegitura balu.
Zergatik ez da Ikastolen Elkartea desagertu? Gure helburua ez da ikastolak egitea edo unibertsitatea egitea. Hezkuntza sistema guztia euskaraz egitea da helburua, guk diseinatua, guk kudeatua. Hasieran utopiatzat geneukan, baina pixkanaka aurrera egin dugu eta helburu hori lortzeko dugu oraindik.
A. ARANBURU. Baina lehen bezain sinetsita al gaude helburu hori lortuko dugula?
J. R. ETXEBARRIA. Ni behintzat gehiago. Nire amak Gernika bonbardatzen ikusi zuen. Nire familia guztia bertan bizi zen eta ezer gabe geratu ziren, dena suntsitu zuten. Ni neu Gernikan jaio nintzen eta txikitan, herriko festetan, dena bandera espainolez josita ikusten nuen. Gu hortik gatoz eta burua altxa dugu. Guk ez geneukan ezer euskaraz. Guretzat erabaki politiko bat izan zen gure artean euskaraz egitea. Gaur egun gazte asko erdaraz entzuten ditut, baina beste asko euskaraz. Hori aldatu egin da. Santutxuko ikastolan garaje batean hasi ginen. Nire helburua hasieratik sistema osoa eraikitzea izan da, Euskal Herria euskaraz egitea. Egin gabe dago, baina eboluzio ikaragarria ikusten dut. Ikastolen mugimenduan gaur egun ikusten dudana da ez gaudela azkenean, eta azkeneraino joan nahi dugula. Hori da nik bizi dudana. Sufritu beharko dugu, asko gainera, eta gaur egungo egoera oso gogorra izango da, baina nondik gatoz? Gure hamarkadan ezerezetik zeozer edukitzera pasa ginen.
A. ARANBURU. Onerako edo txarrerako, sentimendu agonikoa desagertu egin da.
J. R. ETXEBARRIA. Baina jende asko bizi da angustiaturik Euskal Herrian. Ni ez, eboluzio osoa, prozesu osoa ikusten dudalako. Gu zorionekoak gara. Ba al dakizue nolako suertea izan dugun 70eko hamarkadan gertatutako guztia bizitzeko? Bakoitza bere esparrutxoan protagonista izan gara.
E. GARMENDIA. 70eko hamarkadara begiratuta niri ere mezu baikorra geratzen zait. 80ko hamarkada ez zait batere gustatzen orokorrean, ez estetikoki, ez ideologikoki. 70ekoa oso hamarkada interesgarri eta bizia izan zen, erromantikoa, geroztiko gazteei inbidia emateko modukoa. Gaztetan hamarkada hori bizi izana suerte ikaragarria da niretzat . Nik 70etik gaur egunera hasieran aipatutako balio horiek erreskatatuko nituzke: solidaritatea, kolektibitatearen zentzua, ilusioa eta errebeldia.
J. R. ETXEBARRIA. Parte hartzea berreskuratu beharko genuke. Garai hartan denak geunden prest lan egiteko.
A. ARANBURU. Nik ez dut batere arazorik baikortasun horrekin bat egiteko. Ni ere baikor naiz. Hala ere, gure ilusio eta amets horretan nolabaiteko pitzadura sortu dela ikusten dut, gauzak birpentsatzeko behar bat daukagula. Geure buruari zor dizkiogun galdera batzuei erantzuteko beldur ote garen ere iruditzen zait.
J. R. ETXEBARRIA. Nik orduan jarri genituen helburuak bete gabe daudela ikusten dut, bidean goazela. Prozesu luzea ikusten dut, eta hobe horrela bada, orduan balioko duelako.
A. ARANBURU. Bagoazen seinale delako.
Elixabete Garmendia
Kazetaria
Ormaiztegin (Gipuzkoa) jaio zen 1953an. ETBn erreportari lanetan ari da orain, "Postdata" izeneko saio berrian, azken zazpi urteak "Bertatik Bertara" saioan koordinazio eta zuzendaritza lanetan eman ondoren. 70eko hamarkada Donostian hasi zuen "Preuniversitario"a egiten. 1971 eta 1976 bitartean Informazio Zientziak ikasi zituen Iruñean, Nafarroako Unibertsitatean. "Zeruko Argia" astekarian hasi zuen bere kazetari ibilbidea, 1976tik 1980ra bitartean. Egun ere ARGIAko kolaboratzaile da.
Joxe Ramon Etxebarria
Fisika irakaslea
Gernikan (Bizkaia) jaioa 1948an. 70eko hamarkada hasieran "Anaitasuna"n dibulgazio zientifikoaren arloko lanak argitaratzen hasi zen eta 1975etik aurrera aldizkariko erredakzio-batzordekoa izan zen. Garai hartan "Euskalduntzen" eta "Alfabetatzen" metodoen prestakuntzan parte hartu zuen, baita UEUren sorreran ere. Teknika Energetikoetan espezializatutako ingeniaria, lan ugari egin du euskaraz alor honetan. 1992an EHUtik kaleratua izan zen funtzionario izatea ez onartzeagatik.
Antton Aranburu
Kazetaria
Usurbilen (Gipuzkoa) jaio zen duela 52 urte. Irakaskuntza eta kazetaritza izan ditu bere ogibide. 1970ean Elgoibarko ikastolan hasi zen irakasle, eta 1977an, "Deia"n Martin Ugaldek osatutako euskal erredakzio-taldean kazetari. 1982an, Euskadi Irratia sortzeaz batera, bertako zuzendariorde izendatu eta albiste emankizunei ekin zien. Gaur hainbat tertulia eta elkarrizketa entzun ohi dizkiogu "Lagunartean" eta "Bidelagun" saioetan, besteak beste. Bertsolari-bertsozale eta kantari izana da 70eko hamarkadan.
1970
- Joseba Elosegik bere buruari su eman zion Francoren aurrean.
- Burgoseko Epaiketa hasi zen.
- ETAk Eugene Beihl kontsul alemana bahitu zuen epaituen bizia bermatzeko.
- Ikastolen Federakundea sortu zen. 51 zentro eta 7.500 ikasletik gora zituen orduan.
- Ia hamarkada beteko debekuaren ostean karmeldarrek "Karmel" argitaratzeari ekin zioten.
- Fragaren Ministerioak "Jakin" aldizkaria debekatu zuen «sozialista eta nazionalistatzat» jo ostean.
- Jon Mirandek "Haur besoetakoa" nobela argitaratu zuen. Plazaratu ziren, gainera: Patri Urkizuren "Literatura eta kritika" saiakera, Xabier Kintanaren "Linguistika orain arte", Anjel Lertxundiren "Hunik arrats artean", Txillardegiren "Sustrai bila", Pedro Pujanaren "Euskal aditza (Bizkaiera)", Mikel Zarateren "Bizkaiko euskal idazleak", Juan San Martinen "Uhin berri", 1930etik aurrerako poeta askoren olerki-bilduma...
- Ez Dok Amairu taldeak "Baga, biga, higa... sentikaria" eskaini zuen.
- Hil ziren:
- Antonio Valverde idazle, marrazkilari eta pintorea.
Secundino Zuazo arkitekto bizkaitarra.
- -Victor Zubizarreta konpositorea.
1971
- Telesforo Monzon eta Txillardegi Ipar Euskal Herritik kanporatu egin zituzten Aberri Egunean gertatutako istiluen ondorioz.
- Mikel eta Amaia Lasa Alegriak "Poema bilduma" plazaratu zuten. Argitaratu ziren, gainera: Anjel Lertxundiren "Ajea du Urturik" nobela, Mattin bertsolariaren "Ahal dena" bertso-liburua, Fernando Mendizabalen "Gramatika Txikia Euskaraz", Ibon Sarasolaren "Euskal Literaturaren Historia", Aita Villasanteren "Hacia la lengua literaria común", Xalbador Garmendiaren "Lurraren kondaira", Gotzon Garateren "Marxen Marxismoa", Plazido Mujikaren hiztegia...
- Jakin-ek Rikardo Arregi zenaren omenezko liburua argitaratu zuen.
- Radio San Sebastián irratian eta Iñaki Gabilondoren zuzendaritzapean ostiralero berrogei minutuko euskarazko saioa emititzen hasi ziren.
- Urretxindorrak taldeak "Ai amatxo", "Neska zaharrak", "Iguria-ko boluan" eta "Mendi puntatik" abestiak disko txiki batean bildu zituen.
- Herri Gogoa argitaletxeak "Euskal kantari berri hautatuak" garaiko abeslari eta taldeen abesti sonatuenen bilduma plazaratu zuen kaset formatuan.
- Jose Maria Franco konpositorea, Ramiro Arrue pintorea, Akilino Izagirre Zepai bertsolaria eta Jose Artetxe idazle eta kazetaria hil ziren.
1972
- Iparretarrak erakundea sortu zen.
- Patxi Ezkiagak eta Joxe Erzibengoak haurrei zuzenduriko "Euskal Literaturaren Historia XVI-XVII" lehen liburukia ondu zuten eskola-haurrentzat.
- Koldo Mitxelenaren "Idazlan hautatuak", Txillardegiren "Hizkuntza eta pentsakera" saiakera edota Mikel Zarateren "Haurgintza minetan" nobela plazaratu ziren. Argitaratu ziren, gainera: "Borobila eta Puntua" antzerki-lana, Bernardo Atxagaren lehen argitalpena; Jose Maria Satrustegiren "Euskal izendegia" eta "Ekaitza"; Arantxa Urretabizkaiaren "San Pedro bezperaren ondoak"; Patxi Zabaletaren "Zorion baten zainak" poesi lana...
- Donostiako Ingeniaritza-Eskolako ikasle talde batek Elhuyar Kultur Elkartea sortu zuen.
- Elkar argitaletxea sortu zen Baionan.
- Imanol kantariak "Orain borrokarenean" diskoa plazaratu zuen.
- Ez Dok Amairu taldea desegin egin zen.
- Juan Luis Goenaga pintoreak "Itzalak" seriea sortu zuen eta Jose Grazena pintore irundarrak Euskal Pinturaren VI. sariketa irabazi zuen.
- Jesus Agirregabiria tenorea, Jon Mirande idazlea, Francisco Madina konpositorea eta Indalezio Ojanguren argazkilaria hil ziren.
1973
- Poliziak Eustakio Mendizabal "Txikia" ETAko buruzagia hil zuen apirilean.
- Espainiako Gobernuko presidente zen Carrero Blanco almirantea hil zuen ETAk.
- Errefuxiatuen aldeko gose-greba Baionan.
- Espainiako Informazio eta Turismo Ministerioak 25.000 pezetako diru-zigorra ezarri zion "Zeruko Argia"ri «Euskal unibertsitate eta eliza independenteak defendatu eta aldarrikatzeagatik».
- "Zabal" iritzi-aldizkaria eta liburudenda sortu ziren Baionan.
- "Poxpolin. Ume-kantak" haurrentzako bilduma jarri zen salgai.
- Argitaratu ziren: Joxan Artzek Zumeta pintorearekin elkarlanean sortutako "...laino guzien azpitik....eta ...sasi guztien gainetik..." olerki-liburua, Txillardegiren "Euskara batua zertan den", Luis Haranburu Altunaren "Itsasoak ez du esperantzarik"...
- Natxo de Felipek Oskorri taldea sortu zuen.
- Euskaltzaindiak dirua lortzeko kanpaina antolatu zuen.
- Udako Euskal Unibertsitatea erakundea sortu zen.
- Arabako Diputazioak Euskararen Zerbitzua sortzea erabaki zuen, hizkuntzaren irakaskuntza bultzatzeko.
- Hil ziren: Jesus Maria Arozamena idazle eta kazetaria, Juan Aranoa pintorea, Buenos Airesen eta Luis Ormaetxea idazlea, Argentinan.
1974
- LAB sindikatua sortu zen.
- ETA bitan zatitu zen: ETA militarra eta ETA politiko-militarra.
- Enbata mugimendua debekatu egin zuten.
- "Elhuyar" Zientzia eta Teknika aldizkaria plazaratu zen.
- Argitaratutako liburuen artean, aipagarri: Bitoriano Gandiagaren "Hiru Gizon bakarka" poema-liburua, Patri Urkizuren "Xaribariak", Txomin Peillenen "Jon Miranderen idazlan hautatuak", Edorta Kortadiren "Artegintza, Artista, Gizartea"...
- Intxixu antzerki-taldeak "Orria-778" obra taularatu zuen eta Debako Goaz taldeak Larzabalen "Senperen gertatua".
- Donostiako "La Voz de España" egunkariak euskarazko orrialdea plazaratzeari ekin zion.
- Arabako Ikastolen Elkartea sortu zen zerbitzu-kooperatiba gisa.
- Joxan Artzek eta Mikel Laboak "Ikimilikiliklik" ikustaldia ondu zuten.
- Guk taldea sortu zen.
- "Etxahunen trajeria" pastorala eskaini zuten Barkoxen, Eskuararen Egunean.
- Gorka Knörr kantari arabarrak bere lehen diskoa osatu zuen kantu zaharrekin.
- Frantziako telebista euskarazko ordu erdiko programa emitizen hasi zen.
- Gregoire eta Guillaume Epherre anaia zuberotarrak hil ziren.
1975
- Anjel Otaegi eta Juan Paredes Manot "Txiki" fusilatu zituzten.
- Francisco Franco hil zen.
- Koldo Izagirrek eta Bernardo Atxagak "Panpina Ustela" literatur aldizkaria sortu zuten.
- Beste askoren artean, J. M. Irigoienen "Hutsetik esperantzara", Eñaut Etxamendiren "Azken elurra", Mikel Zarateren "Ipuin antzeko alegi mingotsak" eta Antton Olariagaren "Eta abar" umore-liburua plazaratu ziren.
- Bizkaiko irakasle-talde batek "Euskalduntzen" eta "Alfabetatzen" metodoak argitaratu zituen.
- Seaskak "Ikastolak" aldizkaria plazaratu zuen eta hurrengo ikasturterako Pauen ikastola sortuko zela iragarri.
- Lur argitaletxea banandu eta Kriseilu argitaletxea sortu zen.
- RTVE "Euskalerria" izeneko euskarazko ordu erdiko saioa emititzen hasi zen.
- Izukaitz taldea sortu zen.
- Manex Pagola kantariak "Ortziken" eta "Euskaldunen Herrialdeak" ikuskariak aurkeztu zituen.
- Iker taldeak Lehen Sari Nagusia jaso zuen Durangoko Azokan Saioka testu-liburuei esker.
- Isidro Ansorena txistu-konpositorea, Iturri eta Jose Ignacio Etxeberria bertsolariak, Mari Paz Jimenez pintorea, Juan Zaragueta filosofoa eta Gabriel Aresti idazlea hil ziren.
1976
- Poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituen Gasteizen.
- Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur desagertu zen.
- 18 preso askatu zituzten eta 12 atzerriratu itzuli ziren.
- "Punto y Hora de Euskal Herria" aldizkari elebiduna sortu zen Iruñean.
- Nafarroako Ikastolen Elkartea sortu zen.
- 24 Orduak Euskaraz jaialdia burutu zen Donostian.
- Erein argitaletxea sortu zen Donostian.
- Bernardo Atxagaren "Ziutateaz", Koldo Izagirreren "Itsaso ahantzia", Jon Juaristiren "Euskararen ideologiak", Joxe Azurmendiren "Zer dugu Orixeren kontra?" saiakera eta Ramon Saizarbitoriaren "Ehun metro" eta "Ene Jesus" nobelak plazaratu ziren, besteak beste.
- Eltzegor taldea sortu zen.
- Niko Etxartek Minxoriak plaza-taldea sortu zuen.
- Xabier Letek "Kantatzera noazu" argitaratu zuen. Argitaratu ziren gainera: Gorka Knörren "Nik nahi dudana", Imanolen "Herriak ez du barkatuko", Hibai Rekondoren "Euskal Herria 1975", Urkoren "Sakonki maite zaitut Euskal Erria", Oskorriren "Gabriel Arestiren omenez", taldearen lehen diskoa....
- Hil ziren: Jose Etxeandia euskaltzale bizkaitarra, Isidoro Fagoaga tenore eta kultur eragile nafarra, Xalbador bertsolaria, Luis Dassance eta Antonio Arrue euskaltzainak.
-
1977
- Ikurrina legeztatu zen Hego Euskal Herrian.
- Gerra Zibilaren osteko lehen Aberri Eguna Hego Euskal Herrian eta lehen hauteskundeak Espainian.
- Amnistiaren Aldeko Batzordeek Askatasunaren Ibilaldia antolatu zuten.
- Espainiako Gobernuak Amnistia dekretatu zuen preso politikoentzat.
- Bizkaiko Ikastolen Elkartea Labayru Ikastegia eta UZEI elkartea sortu ziren.
- Kilometroak-en lehen edizioa egin zen Beasainen.
- Euskal Herri osoko euskal taldeek Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrea sortu zuten.
- "Deia" eta "Egin" egunkariak plazaratu ziren. "Elebidun" deituak, biak.
- "Ipurbeltz" komiki-aldizkaria sortu zen.
- Jakin argitaldariak izen bereko aldizkaria plazaratzeari ekin zion berriro.
- Argitaratutako liburu aipagarrienen artean: Gandiagaren "Uda batez Madrilen", Kintanaren "Euskal Hiztegi modernoa", Torrealdairen "Euskal Idazleak gaur"...
- Plazaratutako diskoen artean: Gontzal Mendibil eta Xeberriren "Zaurietatik dario", "Kixki, Mixki ta Kaxkamelon", "Errobi" eta "Gure Lekukotasuna", Errobi taldearen lehen bi diskoak...
- Hil ziren: Mikel Arozamena bertsolaria, Ixaka Lopez Mendizabal idazlea, Madeleine Jauregiberri idazlea, Jose Arrue pintorea.
1978
- BVEk Jose Migel Beñaran Argala ETAko buruzagia hil zuen Angelun.
- Lemoizko Martxa antolatu zen martxoaren 12an.
- ESB, ANV, HASI eta LAIA-BAI alderdiek HBko Mahaia sortu zuten Altsasun.
- Hego Euskal Herriak ezezkoa eman zion Espainiako Konstituzioari.
- Euskaltzaindiak "Bai Euskarari" kanpaina erraldoia antolatu zuen.
- Euskaltzaindiak "El libro blanco del euskera" plazaratu zuen.
- "Ikastolen Ibilaldia 78" antolatu zen Uribe-Kostan.
- Euskaltzaindiaren batasunerako bidea onartu ez zuen talde batek Euskerazaintza elkartea sortu zuen.
- Euskadiko Filmategia sortu zen Donostian.
- Euskal Herrian Euskaraz elkartea sortu zen.
- Jimu Iturralde, Jon Juaristi, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Manu Erzilla eta Joseba Sarrionandiak "Pott" literatur aldizkaria sortu zuten.
- Itoizek bere lehen diskoa aurkeztu zuen, Guk taldeak "Laborari, langile eta nagusi", Gorka Knörr-ek "Herri bat gara", Errobik "Bizi-bizian"...
- Argitaratutako liburuen artean aipagarri: Bernardo Atxagaren "Etiopia", Txillardegiren "Euskal Gramatika", Koldo Izagirreren "Guardasola ahantzia", Pello Lizarralderen "Hilargiaren Hotzikarak", Daniel Landarten "Aihen ahula"...
-
1979
- Gladys del Estal hil zuen poliziak, Lemoiz geldiarazteko martxa erasotu zuenean Tuteran.
- Gernikako Autonomi Estatutua onartu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat eta Euskal Autonomi Erkidegoa sortu zen.
- Auñamendi argitaletxeak "Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco" entziklopediaren lehen liburukia plazaratu zuen.
- "Euskadi Sioux" aldizkaria sortu zen.
- Osina Irrati librea sortu zen Donostialdean.
- Juanba Berasategiren "Fernando Amezketarra" laburmetraiak Bilboko Dokumental eta Laburmetraien lehiaketa irabazi zuen. Marrazki bizidunetako euskarazko lehen lana zen.
- Antton Olariagak "Zakilixut", urtebetean egindako tiren bilduma plazaratu zuen.
- Arantxa Urretabizkaiak "Zergatik, Panpox?" argitaratu zuen, Gotzon Garatek "Goizuetako ezkongaiak", Joxe Austin Arrietak "Abuztuaren 15eko bazkalondoa", Amaia Lasak "Nere paradisuetan"...
- Hil ziren: Mikel Zarate idazlea, Pierre Bordazarre txahun-Iruri pastoralgile eta koblakaria, Inazio Mokoroa konpositore eta organojolea, Jose Mari Urzelai pintorea, Jokin Zaitegi idazle eta itzultzaile eta Jon Oñatibia idazle eta kultur eragilea.
Beste gauza bat erruz eta maila orotan (baita erlijio eta pastoral mailatan ere) zabaltzen dute Euskaltzaindiaren batasun bideari ateak itxi nahi dizkiotenak: bide hori (euskararen batasunarena) ateoena dela edo erlijio gabeena.
Asmazio honek ez du ez buru eta ez buztanik, ez itxurarik, ez egiarik ez egia antzik ere. Alde hortatik gezurtatzea ere ez luke merezi. Baina behin eta berriz eta azpikeriaz hori sinets arazi nahi dutela ikusirik, egiaren alde aurpegia ateratzera behartuta nago. Neure indar eta ahal guztiaz salatu nahi dut, bada, hori egia ez dela. Arazo honek hizkuntzaz bakar-bakarrik du zerikusi, eta deus ez erlijioz, fedeaz edo politikaz. Bakoitzak eskubide osoa du bere pentsaera edo ikusmolde berezia izateko euskera idatziaren batasun kontuan. Baina Jainkoaren amorioarren! Ez daitezela zeruko gauzak eta lurrekoak berriro nahas.
(...) Ipar eta Hegoaldeko euskaldunen artean idazkera bateratzeko, "h" letra hartzea gomendatu zuen Euskaltzaindiak. Ez da beraz, letra hori ezeren bandera; gehienez ere izan daiteke batasunaren bandera, eta inork ez du eskubiderik, ez alde batetik ez bestetik, hori ezeren banderatzat hartzeko.
Euskaltzaindiak -berriz ere esango dut- ez dio inori hizkuntza arazoetan bere iritzi edo ikusmoldeak defenditzeko eskubidea kentzen. Baina herriaren zerbitzutan eta sortu zenean bere bizkarrean hartutako eginbeharrak bete nahiean egiten dituen lanak hondatzeko eta behera botatzeko erabiltzen diren harmak ikusirik, adierazpen hau egin beharrean aurkitu da. Egintza hauek salatu egin behar ziren eta hala egiten dugu.
Luis Villasante, 1973-I-01
Duela denbora puska bat, eta garai bateko joerak gutxiesten zoazenean, bere burua euskalduntzat duten batzuek, gustatzen ez zaielako, beren menpekoa ez zelako, edo lehen aipatu izpirituak eraginta, "ez dok amairu" taldea, madarikatu nahi izan zuten. Orduan, ixil-uneko borroka asi zen taldeari buruz. Baiñan denboraldiak denentzat latzak ba ziran, batzuentzat latzagoak zoritxarrez, eta orduan ahalik ezak haien jokaera ixil-unetik gaizki esakara aldatzen du.
Eta orain, gure taldeko batzuk erderaz asi behar omen garela kantatzen esaten da; batzuk, kantetan esaten dugunaren aurka bizi garela, "faltsoak" garela alegia; diruz jantzita omen gaudela, lehunegiak, traidoreak, eta abar, eta abar. Baiñan ez pentsa suzmo horien iturburuak aurkitzeko oso urrutira joan behar denik ez gure etxean daude gero!
Lehendik ere, batzuentzat "burges" hutsak giñan; besteentzat berriz "komunistak"; hangoentzat etsairik haundienak, eta hemengoentzat bildotsarik xamurrenak. (...)
Gizarte batek bizitzeko behar dituen ameka gisako bideak, ez omen dira tinko finkatu behar; batzuen iritzirako atzerakoiak, salduak, haluak, eta beste omen dira lan hoieri lotzen diranak. Honekin, herri baten ezaugarri eta oiñarriak ez dirala gorde behar esan nahi bada, jakin dezagun behin eta betirako holakoek nahi luteken geroko gizarteak, ez duela ahalmenik izango ez eta gizartea ere izateko (...). Gaiñera, honek beste ondorioak ere ba dakarzkigu, gutartean zoritxarrez oso edatuak daudenak: demokratiko jokaerarik eza, lagunari errespetorik ez, talde batean lanari lotzeko ahalik eza, eta abar. Eta hala batean iritziak albokoak ez ba ditu betetzen, betirako madarikatua izaten dala gertatzen ari da. Azalezko gauzetan radikalizazioa baiñan pixka bat sakondu ezkero krisis, ahulezia eta gutxiagotasun-konplejo besterik ez.
Ez Dok Amairu, 1970ko urtarilla
Azken bolada honetan, zenbait afari, erakusketa nahiz konziertotan gure herriko hainbat artistarekin egin izan dut topo: Oteiza, Txillida, Lete eta Iriondo, Bonifazio, Lertxundi... eta, beti bezala, hauen lan etengabe, serio eta zintzoaz ohartu naiz, eta orobat nolako arreta duten beren kreazioak gure herria zerbi dezaten. Inoiz pentsatu izan dut, gizon hauek, bere bizia eta lanaren truke ez dutela deus askorik jasotzen. Ez dut esan nahi horren bila dabiltzanik ez behar dutenik, bere barne-mundu sortzailean aski poz eta betegarri bai baitute; baina, bere baitan sofritzen ari direlako irudipena dut.
Zenbaitetan ez baita ezagutzen haien lana eta bai kritikatzen, horregatik sofritzen dute (...). Baina, beste hainbestetan bezalaxe, gauzak ez dira horrela. Ezagutu eta gero jakinaren gainean hitzegin beharko genuke, gutienez. "Burgesatuak" daudela, "romantizismo" nahiz "marxismo" dela eta horrelako beste zenbait "ismo" esanaz azpijaneko panfletoak betetzeak ez du zer ikusirik gure artista eta beren obrekin, bat edo besterekin salbu. Guk bizi ditugun egoera eta zapalketak bizi dituzte horiek ere, gure oraina, presentea, maite dute eta gure geroa lantzen saiatzen dira. Ez da ez guti, jaunok, gure garai hauetarako!
Eta zer eskatzen digute horren truke? Konpreni ditzagula eta uste on dezagula. Zabal ditzagula pittin bat geure buruak eta sakelak. Bizi ere bizi behar baitute artistek, eta biziko badira jan, irakurri, gozatu behar dute guk bezala. Publikoaren oniritzia eta txaloa behar dute aurrera egiteko, noski. Maitasuna eta eurekiko konprensioa bilatzen baitute, beste edonork bezala. Horren itxi eta herstuak ote gara, bada, gure lurrean bizitzeko eskubidea ere ukatzeko?
Ene adiskide batzuen gelan poetaren harako esaera hura dago idatzia: «Zein ona den herriagatik hiltzea; hobe ordea herriagatik bizitzea». Geure bidea luzea dugula iruditzen zait eta, hala nola gure artistek, guk ere pixkanaka ibili behar dugula, eguneroko seriotasunaz. Su artifizialak eta suziri argidunak politak eta bizkorrak dirateke, baina ez dute argitzen bizi dugun gau iluna. Hala frogatzen du azken hamabi urte honetako historiak. (...) Eta gure artistek badute eskubiderik. Ez da eskupekoa zor dieguna, gure konprensioa eta laguntza baizik. Aski bedi "post mortem"-eko omenaldiez.
Edorta Kortadi, Zeruko Argia, 1974-IV-21
Gabriel Aresti hil egin da. Egunen batean argitu behar genuen hainbat gauza, eztabaidatu behar genuen hainbat arazo, gainditzen saiatu behar ginen milla kontradizio, lurrak eraman ditu.
(...)Etsai gorrotagarri bat hiltzen delarik, poza sentitu ohi dugu; lagun maite bat hiltzen delarik, pena; lagunetarako jaio eta bizitza latzaren halabeharrez gugandik gero eta urrunagotzen ikusi dugun pertsona bat hiltzen denean, ordea, sentimendu eta arrazoiaren nahasmendu eta kontradiziotan trabatuta nabaitu ohi dugu gure burua.
(...)Gure azken urte hauetako ideien eta iritzien gerra hortan, neurriz kanpoko agresio, gogorkeria eta itsumen asko izan da; beste egoera lasaiago eta politiko aldetik zabal-demokratikoago batetan (...) egin behar zen eztabaida asko, astekari, aldizkari, panfleto eta ahoz-ahoko espresio-bide kriptiko hoien bidez eraman izan ohi da aurrera, egiaren, argitasunaren eta gizalegearen kaltetan.
Bateon batek, Aresti deabru bat zela esaten jarraituko du. Beste norbaitzuek, santu biurtu nahiko dute. Esan beharrik ez dago Aresti ez zela ez bata ta ez bestea, ezur eta aragizko gizon kontradiktorio bat baizik. Gizon ona zela ziur nago, eta funtsez bihotz-zabala. Euskal Herriari buruzko politik-kultur arazoetan zuzen ala oker ote zegoen besterik da, baina une hontan horri bueltak ematen jardutzea alferriko ezik krudel eta injusto litzake.
Gure eztabaida mixerableak heriotzak ederki epaitzen ditu, eta ahoa lurrez betetzen zaigun pundutik aurrera, gutxi gora behera denok dugu arrazoi.
Aresti euskal poeta eta idazle garrantzitsua izan da, hortaz ez dago zalantzarik; gizon eztabaidatua ere izan da, eta bere nortasunaren alde kontradiktorio eta argi-itzaltsu hoiek nik nahi ala ez eztabaidatuak izaten jarraituko dute.
Baina nik gaur tristura haundi batekin lagun bat agurtu baizik ez dut egin nahi (...).
Xabier Lete, Zeruko Argia, 1975-VI-15
Estaduak (espainolaz ari da) zorrak ditu Euskal Herriarekiko. Zerga bidez jasotzen duen dirua euskal kulturan zertan inbertitu behar duen esan nahi diogu, eta ez hemendik 10 urtera, baizik eta orain, 1977 urtean zertan inbertitu behar duen. Eta hori hiru sailetan: irakaskuntzan, komunikabide ofizialetan eta administrazioan. Eskatu baino exijitu egin nahi dira manifestuan agertzen diren puntuak.
Jose Ramon Beloki, 1977-I-22
Euskal Herriak («Euskeraren Herria». bere etimologian) hizkuntza nazionalari dagokionez azken aldian daraman experientzia penagarria da.
Honela Euskera heriotzara doakigu. Euskaldunok orain bi urte demokrazian eta indar abertzaleengan ipinitako itxaropena, disglosiaren egia gordinean amaitu da. Orain abertzale ez direnak ez-ezik alderdi abertzaleek ere, neurri handi batean, euskera zokoratu eta marjinatu egiten dute. Gure alderdi etxekoetan, edo-ta abertzaleetan, euskerak ez du aurkitzen benetako defentsarik. PNV-k, ESEI-k, EE-ak, HB-k, eta abarrek, ez daukate euskeraren suspertzerako benetako asmo, programa eta praxirik. Gure udaletxeetan abertzaleak nagusi direlarik, ez da nabari, gehien batean, beneteko bilinguismo edo elebitasun baterako urratsik. Sasi-efikaziak eraginda, aipatutako alderdiek erdara darabilte nagusien beren harreman, agiri eta batzarretan. Ikastolak, alfabetatze mogimendua eta kultur taldeak dira, ia soilik, disglosia gainditzeko borrokan ari direnak.
Zifrak nahiko nabarmenak dira marjinazio honen arazoan. Adibidez, PNV-aren 'Euzkadi' organoan, batzutan, euskeraren kopurua ez da %1,6 ematen; EE-aren "Hitz" organoa, berriz, azkenekotan españolez idatzia dago ia erabat; HB-ren aldizkariek ere, eta gauza bera Iparraldeko Enbatakoek eta abarrek ez dute euskeraren beneteko erabilpen logikorik. Egunkarietan gertakari berbera dugu: hasieran % 30 egingo zuela adierazi zuen Egin-ek eta gauza bera Deia-k; gaur egun, ordea, % 6 inguruan dabil Deia, eta batzutan, Diario Vasco-k igandeetan baino gutxiago ere eman izan du; eta Egin % 17-ren batetik, % 7 edo % 8-ra jetxi da (...).
Geroz eta gehiago da gauza nabarmena hemen dabilen vasco-aren kontzeptu geografiko hutsa; aspaldiko kontzeptu kultura orokorra, hau da, euskaldunarena, hizkuntzari lotua, baztertzen delarik.
Honela abertzaletasuna hemen, benetako eduki edo kontenidoaz hustuaz doa, Euskal Herria vaskoen herri den "Euzkadi deseuskaldun" bat bihurtzen delarik.
Euskal Herrian Euskaraz, Durangon, 1979-XI-4
![]() |
|
||||
1873 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa