Udazkena ari da bere bidea egiten; zuhaitzen hostoek tonu desberdinak hartu dituzte, gaztainondoak gaztain morkotsez josi dira, pase garaia ere etorri da, hegazti migratzaileek hegoalderanzko bidaia luzea hasi dute, eta hauen artean pagausoa dugu protagonista, hainbat ehiztari martxan jartzen dituena.
Orkatza, oreinak bezala, zerbidoa da eta Europako zerbidorik txikiena gainera. Orkatzaren egoerak dezente hobera egin du, kasu askotan ehizaldi kontrolatuak onartzen direlarik. Arrazoi ugari aipa daitezke gorakada hau baieztatzeko. Batetik, (eta batez ere) urte askotan orkatzaren ehizaldia debekatu dute, bestetik, beronen harrapakari naturalik ez dago, otsoaren kasua bezala. Bestalde, baso berritze ugariren sorrerak ere orkatz populazioen hoberako izan dira. Euskal Herrian dauden populazioak azken urteetan egindako sartzapenen ondorio dira eta Pagoeta, Urdaibai, Aralar eta beste hainbat tokitan aurki daiteke orain orkatza.
Ez pentsa hala ere, ikusteko errazak direnik. Oso iheskorrak dira, usaimen eta entzumen bikainak dituzte eta berehala antzematen dute inguruan bateren bat dabilenean. Gehienez ere, ihesean ikusiko dugu, ipurtaldeko orbain zuriak adieraziko digu benetan orkatza dela baso ilunean ikusi duguna. Itxura ederra du orkatzak oreinak bezainbesteko adajerik ez izan arren, hiru puntako adar txikiak baititu. Adarrak azaro aldean erortzen zaizkio, baina udaberrian prest izango ditu berriro borrokarako. Araldia berriz uda partean izaten dute. Orkatz arrak nahiko lan izaten du orkatz emeak bereganatzen. Parekatze jokoa luze joan ohi da. Ernaldiaren ondoren, uda hasiera inguruan, orkatzak bikiak izan ohi ditu askotan. Urtebete inguruz emearen babesean biziko dira kumeak, ondoren banandu egingo dira. Orkatz arrek izaera bakartia izaten dute normalean, negu aldean soilik eratuko dituzte familia talde txikiak.
Animalia sedentarioa da orkatza eta hektarea gutxiko eremua defendatuko du. Eguna oihanean ematen duen arren, bazkatzeko denbora hartu behar du animalia belarjale honek. Egunean 4 kilo inguru irensten omen du eta, landare belarkara eta kimu xamurrez elikatzen da bereziki. Neguan zertxobait zaildu egingo zaio elikadura eta onddo, sasi eta zuhaitz azalekin moldatu behar izaten du
Ehiza hitza beti datorkigu polemikaz kargaturik, eztabaida sutsuak sortzen ditu aldekoen eta kontrakoen artean. Natur zale askok konnotazio negatiboa jarri ohi dio hitz honi. Egia da, bai, eginiko gehiegikeriek zenbait espezie desagertzera eraman dutela. Hondamendi galantak egin dira urtetan zehar, animaliok kalteak sortzen zituztela argudiatuz. Baina ehizak ez du beti kalterako izan behar, kasu batzutan, populazioen biziraupen egokirako onuragarria izango baita. Zenbaitetan, animalia populazioa habitatak onartu dezakeena baino altuagoa bada, arazo larriak sor daitezke. Honi habitataren karga gaitasuna deritzo. Batetik, habitat horrek eman dezakeen elikagaia ez da nahikoa izango espezie bereko populazio osoarentzat. Eta bestetik, gainontzeko espezien kalterako ere izan daiteke baliagai eskasi hau. EAEko Foru Aldundiek zenbait natur gunetan oreinak eta basurdeak ehizatzeko baimen bereziak eman ohi dituzte. Egia da orein edo basurdeen dentsitate altuegiek kalte handiak sortzen dituztela hainbat nekazal lurretan. Gainera, ehiza zenbait herrialdetan iturri ekonomiko garrantzitsua ere bada. Arazoa hor dago, ehiztari asko, baina ehizaki gutxi.
Ehiza orokorrean eta batez ere ehiza larrian (orein, orkatz eta basurdeak gure lurraldean), antolamendu plangintza zorrotzak behar dira, beronen kudeaketa modu eramangarrian aurrera eramateko. Nolanahi ere, ehizaren aprobetxamendua, naturaren kontserbazioarekin uztartzea beharrezkoa izango da.
Baina, gaur egun, desagertze arriskuan dauden espezie askoren arazoa ez da ehizarena izaten, baizik euren habitat naturalen desagerpena. Giza populazioen gorakadak, teknologiaren garapenak, poluzioak eta abar luze batek habitat natural hauek galtzea dakar eta ingurumena zeharo eraldatzen dugu
3# | dima ugarana eskola | 2011-03-14 15:00:59
letra geihegi ditu ez dit irakurtzeko gogorik ematen!
2# | dima ugarana eskola | 2011-03-14 14:59:58
letra geihegi ditu ez dit irakurtzeko gogorik ematen!
1# | dima ugarana eskola | 2011-03-14 14:59:50
letra geihegi ditu ez dit irakurtzeko gogorik ematen!
![]() |
|
||||
1872 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa