ETBko programazioa
 | Edorta Arana
2002-10-20 |
Programaziogintzan oso garrantzitsuak izaten dira irailaren azkenetatik gabonak arteko 13 bat asteak, orduan hasi eta, gauzak ondo badoaz, hurrengo hiruhilekoan mantenduko baitira programa berriak. Han eta hemen, Euskal Telebistaren aurtengo programazio berrian azpimarratuak izan diren saioen inguruko iritzi batzuk jaurti aurretik, lehenik eta behin azken urteotako joerak zeintzuk izan diren ikusiko dugu. Horretarako, programa soiletan baino, generoei egingo diegu kasu. Eta beraz, telebista eskaintzaren osagarriak alegia, nortasunaren zutoinak diren generoak nolakoak dituzten Euskal Telebistaren bi kanalek.
ESATERAKO, euskarazko kanalak, eta azken sei zazpi urteotako datuetan erreparatuz, kanal komertzialek baino programazio-taula anitzagoa duela ikus daiteke. Hala nola, saio kulturalak, miszelanea deiturikoak (magazinak, umorea, txutxumutxuak...), fikzioa (pelikula, telesailak eta umeentzakoak) eta kirola dira generorik erabilienak. Informazioak, emisio orduen %10,4az 2001ean, aipatutako lau handi horien ondorengo lekua betetzen du. Beste kanaletan baino genero gehiago dago eta fikzioak pisu gutxiago du. Hala ere, gora egin du azken urteotan miszelanea izeneko generoak.
ETB2ri dagokionez, fikzioa da, zalantza printzik gabe, emisio orduetatik gehien eskuratzen duen generoa: iaz, %40,4. Kopuru honek bigarren planoan uzten ditu gainontzeko generoak. Azpimarratzeko moduko kopurua eskuratzen duten beste bi telebista generoak kulturala eta miszelanea dira. Informazioaren %12,7 ere, emanaldietan lortzen duen pisuaren adierazgarri da. Kirolak, aldiz, euskarazko kanalarekin konparatuz, hutsaren hurrengo maila du ETB2n. Labur-labur esanda, bigarren kanalak nagusitu den programazio komertzial eta lehiakorraren ildotik jotzea erabaki zuen aspaldi, eta audientzia aldetik ondo doakiola dirudi, ikus bestela uda honetako datuak.
Bi kanal eta bi eskaintza oso desberdin ageri zaizkigu ETBn. Lehenean bertoko erreferentzialtasun kulturala sendoagoa da (eta ez bakarrik euskaraz delako) eta umeen programazioa eta kirolaz baliatuz osatzen da. Bigarrenak, kanpo produkzioko fikzioa eta informazioaren zentraltasunak ditu armarik eraginkorrenak joko esparru gisa duen telebista lehiakorra.
Edozelan ere, eskaintzaren datu portzentual hotzak bezain interesgarri izaten da bakoitzak, geure kasuan ETBk, bultzatu nahi izaten duen irudi publikoa. Ondoko lerrotan beraz, Euskal Telebistak kaleratzen duen informazio aldizkarian azpimarratzen dituzten saioak ekarriko ditugu lerro hauetara. ETB2ren kasuan, adibidez, aurkezle lanetan diharduenaren pisua handia duten saioak: bere buruaz pozik dirudien «La noche de»ko aurkezlea den Felix Linares eta hasteko dagoen Carlos Soberak gidatuko duen «Doble Juego». Agian, sailkapen berean kokatu beharko genukeen espero nuena baino sueltoago ikusten dudan Jorge Fernandezen «Date el Bote» lehiaketa. Jendea lehengai gisa duten beste bi: elkarrizketetarako errejistro bakarra izan arren ikusterraza den «El Factor Humano» eta lotsarik ez edukitzeko terapia gisa balio duen «Esta Es Mi Gente» bezalakoak. Aldizkari promozional beraren beste orrialde batean dago «Lo Que Faltaba» kontainerra (zaharberritze lanetan eraginkorra baina gero gain egiteko zorian dagoenean norbaitek hustu beharko duen tramankulua) programazio-taulan mantentzen da beste denboraldi batez.
EUSKARAZKO kanalari dagokionez, eta beti ere ditxosozko aldizkarian azpimarratzen dutenez, «Sorginen Laratza» eta «Bertatik Bertara» daude, biak ere emisio maiztasunean behera eginez, baina kualitatiboki pisu garrantzitsua mantenduz. Formato inportazio lanen emaitzak diren «Amets baten bila» eta «Bexamela» aipatzen dituzte baita ere, aurreraxeago. "Euskaraz ere formato ausartak eta dibertigarriak" egon badaudela frogatu guran ni bezalakoak ez ditu erakarriko, ez dute helburu hori, noski. Hala ere, alde onak ikusten dizkiet biei, besteak beste, konplexuak kentzeko balio izaten baitute. «Goenkale», ETB1en norabidean mugarri gisa mantentzen da egungo emanaldian. Eta azkenik, txaketa eta guzti, euskarazko albistegietako aurkezleak ageri zaizkigu, agian, hemendik aurrera, hain beharrezko dugun informaziobide gisa arituko direla iragarriz.
Hasi da udazkeneko programazioa, eta programa desberdinek hiru hilabete izango dituzte finkatu eta bere horretan mantenduak izan daitezen lanean, jo eta ke. Epe ertain eta luzeko ikuspegian aldaketa askorik espero ez den bezala, laburrean berrikuntzak aurkezten zaizkigu. Azken hauetatik ikusiko dugu, gabonetatik bueltan zeintzuk mantentzen diren
Argia.com 2012