Pilar Iparragirre
Laburra da gero, geure memoria! Adibidez, makina bat jenderi entzuten zaio zintzotasun osoz esaten, Euskal Herrian, aldatzeagatik, eguraldia ere erabat aldatu dela. Bada, ez dirudi, 1972ko urriaren amaieran Iñaki Eizmendi «Basarri»k gure aldizkariko "Nere Bordatxotik" sailean zioena irakurrita. Horrez gain, ZERUKO ARGIAn idazten zuten guztien artean egindako bilera bat zekarren kontura. Aurpegi ezezagun askorekin egin omen zuen han topo. «H»zale porrokatuak eta berak bezala «h» hori begien bistan ikusi nahi ez zutenak elkartuak ziren, nonbait. Hala eta guztiz ere, oso pozik nabaritzen zitzaion gizonari, han ikusi eta somatu zuen elkarrenganako errespetuagatik.
UDABERRIAREN LEHENGUSU TXIKIA
Aurtengo udako eguraldia dela-eta kexu bazarete, hona hemen, kontsolamendu gisa, duela hogeita hamar urte «Basarri»k azaltzen zituen kontuak: "Udaberri eskas, txatxu, petrala izan genduen. Iritxi zan udara, ta lengusu txiki ote zan esan bear. Marmar bizian kanpotarrak, ondartzarako edo urerako girorik etzutela-ta. Dagonilla (abuztua) batipat, ortik onerakoa. Kanpoa oso atzera, Gipuzkoa'ko gerezi bakar bat jateko erarik ez genduen izan. Beste frutu batzutatik ere urri izango geran itxurak. Baiña... itz neurtuz adieraztea ez ote egokiago?".
Eta bertsoak jartzen eta botatzen zuen abileziaz baliatuz, ahapaldi esanguratsu mordoska bat idatzi zuen segidan. Irakurri, irakurri, haietako batean zioena:
"Uda joan zaula-ta
zertan izan pena?
Bera izaten baita
sarri kaxkarrena.
Aspaldiko urtetan
uka ez leikena,
askoz obea dala
emen udazkena".
Hala bedi, nire partez behintzat!
"ZERUKO ARGIA"REN DEIA
Makina bat kontu azaltzen zituen «Basarri»k "Nire Bordatxotik" sailean. Orduko hartan, ordea, eguraldiaren inguruko aipamena eta Z. ARGIAren arduradunek deituta Donostian egin zuten bilerakoa baino ez zekartzan mahai gainera.
"1972'garren urteko urrilla'ren zortzigarren eguna. Urgull mendiaren magalean dagoen Santa Teresa etxerako deia izan genduen. Donosti zoragarriak dituen ainbat leku edderretatik, nor oni aurrea artzekorik?
Zuzendaritzaren naia ala zalarik, an bildu giñan Zeruko Argia'n idazten degunok".
Nortzuk ote bilduak? "Irakurle danak ondo dakitenez, bide desberdiñetatik gabiltzan idazleak gera, ortografiari ta zenbait gramatika zatiri buruz", aurreratzen zuen Iñaki Eizmendik. Eta ondoren, pasarte horren amaieran, puntu eta bereiz.
Izan ere, euskara batua zela eta ez zela hainbeste istilu gertatu eta gero, aldizkaria irakurtzen zutenen artean inor gutxi behar zuen «Basarri» zein aldekoa ote zen konturatu gabea...
Hurrengo lerroan, baina, berri ona: "Biziro pozik etxeratu giñela aitortu bear". Eta puntu eta bereiz, berriz ere.
Handik aurrera, bileran gertatua azaltzea baino ez zitzaion geratzen: "Bakanak giñan an ezagutzen genduenak. Guretzat beintzat, aurpegi ez-ezagun asko azaldu zan. Pozgarria benetan an ikusi eta somatu zan alkarganako itzala ta errespetoa. æJendetasuna', Aingeru Irigarai jaunak esango lukenez. Batzuk H-zale purrukatuak; besteok, begien bistan ikusi nai eztegunak. Benetako demokrazia. Bakoitzaren jabetasuna aintzat artzea da, an egin zan bezela".
Adibide argia zeukala esku artean eta, ondoren, aholkua ematen zuen: "Milla bider esanak gera, ta bijoa bein da berriro: jorra dezala bakoitzak bere baratza al duen modurik onenean, naste-borraste onek irauten duen artean. Denborarekin urak etorriko dira beren bidera. Orduan konturatuko gera uskeri batzuren truke zenbat xixtrinkeri izan dan gure artean. Geroak argituko du orain ain illun ikusten degun zerualdea. Libreki, askatasun osoz, azaldu ziran iritziak, eta bai asmo ederrik agertu ere. Ziur gaude egun artako billerak bere frutua emango duela".
Bilera horretan, dirudienez, besteak beste etorkizunerako asmoak agertu zitzaizkien: "ZERUKO ARGIA, luzaro baiño len (bere denbora bearko du, noski), beste tankera batean azalduko da. Gaur eztituen sail batzuk izango ditu berekin. Baserritar, arrantzale, langille, errietako berriemale ta abar, danak izango ditu gogoan. Bakoitzari bere bazka eskeiñiko dio. Alkarganako begirapenik galtzen eztegun artean; lau umekeriren truke odolak irakinda jartzen ez geran artean, itxaropen aundiak izan genitzake. Askoz obea izango litzake (nola ez), danok bide batetik joko bagendu, ta arau berdiñetara errendituko bagiña", adierazten zuen «Basarri»k, zenbaiten barne gogoaz jakitun. Baina berehala zetorren beherapena: "Au eziñezkoa da gaurkoz. Pikoek ere giroa bear izaten dute ondo elkartuko badira".
Nolanahi ere, itxaropen giroa mantendu nahi zuen gizonak bere idazlan hartan, eta "gure izkuntzari etorriko zaiola uste degu premizko zaion giroa", zioen jarraian. "Orretxek galdu gaitu oraindaiñokoan: girorik ezak. Urte mordo aundia galdu degu derrigorrean. Egoak moztu zizkiguten eta ezer egiterik ez. Alakorik gerta ezpalitz, gaur etzan ain negargarria izango gure izkuntzaren egoera". AURREKOEK EGINIKO LANA
Iritsia zitzaion belaunaldi berriei eta zegoenerako aurrekoa ahazturik zutenei zenbait gauza gogoratzeko garaia: "Askotxo zegoen lendik egiña, ta askoz geiago egingo zan. Geuk uste baiño urrutiago giñan onezkero, danok gogoan degun gertakari garratz ura tarteko izan ezpalitz. Ta... gaur gauden baiño (ezta zailla-ta), milla bider elkartuago. Ekaitz beldurgarri ark txikitu ta desegin zuen ia eskuetan genduen uzta (kosetxa). Ekaitzaren aurretik lanean ari giñanok itzegin genezake ontaz, geienetan batekoz bestera gertatzen bada ere. Gaur ain errez itzegiten eta idazten duten batzuk, ur aietatik paseak izan balira, agian, beste modu batez pentsatuko lukete, edo itzak obeto neurtuko lituzkete"
Daniel Udalaitz
Volkswagen multinazional alemanak (VW) Nafarroako Landaben poligonoan daukan enpresako 500 langileren kontratua eteteko espedientea aurkeztuko duela iragarri ondoren, estu eta larri agertu dira Nafarroako sektore sozial, ekonomiko, sindikal eta politikoko agente guztiak. Batetik, Landabeneko lanpostuen murrizteak lurralde horretako hainbat enpresa hornitzailetako lanpostuen galtzea ere ekarriko duelako (bider lau edo bost izan daiteke emaitza); bestetik, berriz, Nafarroako politika industrialaren egitura bera agerian utzi duelako, zein erabakitzeko zentroak Nafarroatik oso urrun dauzkaten enpresa multinazionaletan oinarriturik baitago. Automobilgintzako sektorean oinarritzen da batez ere Nafarroako ekonomia eta bereziki Volkswagen multinazional alemanean.
Nafarroan, 130 multinazionaletik gora daude gaur egun, eta oraingoan Volkswagen enpresak egin duena beste edozeinek egin dezake bihar edo etzi. Nafarroako ekonomia, bada, arras ahul ageri da, ez baita behar adina dibertsifikatu. Horrenbestez, multinazionalen erabakien mende dago beti, zeinek, jakina denez, nahiz eta dena delako garaian inbertsioak egin, bizkor alde egiten baitute beste edozein lekutara produkzio merkeagoen bila.
Kontuak horrela, Nafarroako hainbat buru politikok mendekotasunezko egoera hori salatzeko hitz egin dute berriz ere. Beren iritziz, Nafarroako ekonomiak ibilgailuen industriaren morrontza handiegia dauka, batik bat sektoreko VW enpresa nagusiarena, baina baita beste hainbat multinazionalena ere. Ildo berean, sektorea dibertsifikatzeko neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu du, halaber, hainbat instantzia sozial eta politikok. Martin Urbizu parlamentari abertzaleak, adibidez, honako adierazpen hauek egin ditu: "Subentzio banatze soilean funtsatzen da Nafarroako exekutiboaren politika industriala. Bistan denez, politika horrek ez du balio gure ekonomia eta sektore industriala indartzeko. Aitzitik, erabakitzeko zentroak Nafarroatik kanpo dauzkatenen interesen onerako bakarrik denez gero, gure ekonomia noiznahi dardarka jartzeko eta ehunka familia nafar noraezean uzteko soilik balio du".
IBILGAILUEN INDUSTRIAREN ETA VolkswagenEN MENPE.
Egungo egunean, lau pilare nagusi hauek dira Nafarroako ekonomiaren zimendu: ibilgailuen industria, vendinga (txanpon bidezko salmenta makinak), berritzeko energiak eta laborantzako elikagaien industria. Nolanahi ere, automobilen industria gailentzen zaie arras nabarmen beste sektore horiei, edo horrela ondorioztatzen da behintzat Nafarroako Merkataritzako eta Industriako Ganberak eman dituen datuetatik.
Zifrek erakusten dutenez, automobilgintzak hartzen du Nafarroako produkzio industrialaren %33, eta kantitate horrek Barneko Produktu Gordinaren %10 egiten du. Nafarroan, 80 enpresa ari dira bete-betean sektore horretan, eta 12.000 lagun enplegatzen dituzte denen artean. Horrez gainera, 233 enpresa ageri dira produkzioaren parte bat sektore horretara bideratzen dutenen zerrendan, eta guztira 10.000 lanpostu osatzen dituzte. Nafarroako automobilgintzaren sektorean, bada, zuzenean edo zeharka, 22.000 lagun enplegatzen dira. Sektore hori, bestalde, multinazionalekiko dependentzia handiak ezaugarritzen du: automobilgintzako hogei enpresek daukate erabakitzeko zentroa Nafarroatik kanpo. Dimentsioz, jakina,Volkswagen multinazional alemana da horietan guztietan garrantzitsuena, handiena baita. Datuen argitan, esan daiteke, bada, sektore horren krisiak Nafarroako familia gehienei erasan dakiekeela, zuzenean edo zeharka.
Esportazioa da oraingo Nafarroako ekonomian automobilaren industriak zer pisu duen neurtzeko beste faktore ardurako bat. Alde horretatik, sektore horrexek hartzen du lurraldeko esportazioen %50, eta, automobilgintzako kanpoko salmenta horietan, nola ez, Nafarroako multinazional alemana gailurtzen da: enpresa horrek esportatzen du sektoreko %60. Hurrengo orriko taulan ikusten den moduan, automobilaren eta haren osagarrien industriako zazpi enpresa ageri dira gehien saltzen duten 25 enpresa nafarren zerrendan. Zerrendako 50 enpresa nagusietatik 20 dira automobilaren sektorekoak. 2000ko datu ofizialak dira, baina oraingoen oso antzekoak. Nafarroako VW azaltzen da ranking horren goien-goienean, eta besteak oso atzean dituela azaltzen da gainera. Zifra zehatzetan, 2.294,68 milioi euroko salmenta egin zuen, 5.759 enplegatu baliatuta. Urte horretan, BSH Electrodomésticos eta Cementos Portland enpresak izan ziren ranking bereko bigarrena eta hirugarrena. BSH enpresak 980 milioi euroko salmenta egin zuen, 4.447 enplegaturekin; Cementos Portlandek, berriz, 660 milioi eurokoa, 2.630 enplegaturekin.
Salmentetan gailendu ziren Nafarroako 50 enpresa horien zerrendari gagozkiola, badira, halaber, automobilaren eta haren osagarrien industriako beste batzuk, hamabi hain zuzen.
Datu horiek ikusirik, Nafarroako Merkataritzako Ganbera ongi jabetu da Nafarroako ekonomia zenbateraino den automobilgintzako sektorearen morroi, baita errealitate horrek izan ditzakeen ondorioez ere. Horregatik, ekonomia gero eta globalizatuago honetan enpresek konkurritzeko gaitasuna izan dezaten, ezinbesteko jo du beste formula batzuk aurkitzeko beharra.
NEGOZIAZIOAK.
Arduradunen arabera, VW enpresak aurreikusi baino gutxiago produzituko du 2003. urtean, eta horregatik sortu zaie Landabeneko 500 langile kaleratzeko beharra. Beren ustez, Polo modeloko 244.000 unitate egingo dituzte datorren urtean, hau da, lehenbizi kalkulatu baino 13.000 gutxiago. Bestalde, kaleratzeko neurriekin batera, abenduaren 31 baino lehen enpresa bost egunez ixtekoa ere proposatu dute (hasieran iragarri baino bi egun gehiago). Multinazional alemanaren iritziz, VW enpresako krisia ez da koiunturazkoa, estrukturala baizik, eta, diotenez, egoera egunez egun bihurritu zaie iazko irailaz geroztik.
Nafarroako Administrazioko arduradunak hasi dira egoeraz kezkatzen eta beren baliabide politikoak erabiltzen, Landabeneko enpresako aterabidea ahalik eta samurrena gerta dadin. Sindikatuak, berriz, beldur dira adierazpen horiek guztiak ez ote diren xantaia egiteko filosofiaren ondorio, hau da, kontu guztia ez ote den izango, besteak beste, malgutasuna eta mobilitatea ezartzeko, eta langileek ezagutuak dituzten beste hainbat eskubide murrizteko.
BESTE ZUTABEAK.
Goian adierazi bezala, automobilaren industria da Nafarroako ekonomiaren pilare nagusia, eta beste hiru zutabe hauek osatzen dute gorputza: vendingak, energiak eta elikagaiek. Bestalde, gutxi edo asko, baina sektore horietan ere hartzen dute esku multinazionalek. Espainiako Estatuan dauden saltzeko makina automaten 10etik 9 Nafarroan fabrikatuak dira. Azkoyen, Jofemar eta GM Vending enpresek ia 1.300 lagun enplegatzen dituzte eta 180 milioi euro baino gehiago fakturatzen. Azkoyen da hiruetan inportanteena: 1945ean jaio zen, gaur egun burtsan kotizatzen du, 981 lagun enplegatzen ditu eta 140 milioi eurotik gora fakturatu zituen 2000. urtean. Urte berean, Jofemar enpresak 32.000 makina egin zituen eta 30 milioi euro fakturatu; GM Vending enpresak, berriz, 10.000 makina egiten ditu urtean, eta ia 13 milioi euro fakturatu zituen 2000.ean.
Energiaren sektorean, eta bereziki berritzeko energien arloan, apustu handia egin dute Nafarroako administrazioak eta instituzioek. Bakarren bat izatekotan, Energías Hidroeléctricas de Navarra (EHN) enpresa da ekinaldi horren adierazgarri, zeinek 126 milioi eurotik gora fakturatu baitzuen 2000. urtean. Europako direktiba baten arabera, Europako Batasuneko herrialdeek %12ko kuota izan behar dute 2010. urterako, berri daitezkeen energietan, eta EHN enpresa konpromiso hori betetzeko prest dago. Alde horretatik, energia eolikoaren eremuan adibidez, egungo egunean Nafarroako parke eolikoa da Europako inportanteena. Berritzeko energien esparruan, zentral hidroelektriko txikiak eta biomasazko eta eguzkiaren bidez energia sortzeko lantegiak ere ugaldu dira Nafarroan.
Azkenik, laborantzako elikagaien sektorea da Nafarroako ekonomiaren beste oinarrietako bat: Barneko Produktu Gordinaren %4,1 hartzen du Euskal Herriko lurralde horretan. Esportazioari dagokionez, sektore horretako enpresa askok saltzen dituzte beren produktuak munduan barrena. Bestalde, teknologia berriei esker batik bat, garatuz eta haziz doan sektorea da. Duela bi urteko (2000ko) fakturazioari gagozkiola, ondoko enpresa hauek ageri dira gailurrean: AN pentsuen kooperatiba, Iparlat esnekien enpresa, UVE hegaztien produktuak, Ultracongelados Virto, Alimentos Congelados, ogia eta gozogintzako Panasa Taldea, edarien esparruko Barón de Ley eta Espainiako Bonduelle produktu izoztuen enpresa
Ibon Usarralde / Iñaki Martinez De Luna
Ezinezkoa da, lerro gutxi batzuetan eta ahalik modu ulergarrienean hilabetetako lan trinkoa laburbiltzea. Hala ere, gehiegi sakondu gabe, Gipuzkoako bost herritan euskal komunitateen bizindarraz egin dugun ikerketaren inguruko zertzelada nagusiak plazaratzen saiatuko gara, interesa duenari gurekin harremanetan jartzeko aukera emanaz.
Ikerketa denboran zehar, 2000. urteko azaroa eta 2002. urteko apirila artean burutu da. Espazioari dagokionez, Gipuzkoako bost herritan gauzatu da: Andoain, Arrasate, Bergara, Hernani eta Lasarte-Orian.
Ikerketaren helburua honakoa zen: euskararen erabileran eragiten duten euskal hizkuntza komunitatearen gizarte-baldintzak identifikatzea, bakoitzaren garrantzia zehaztea eta neurtzea, errealitate soziolinguistiko ezberdina duten bost herriren artean konparagarri bihurtuz. Helburua, bistan da, ez da nolanahikoa.
Euskararen nahiz euskal hizkuntza komunitatearen normalizazioaren mesedetan ordea, egoera soziolinguistikoaren azterketa orokor bat ahalbidetzen duten ereduak behar ditugu: egoera zer-nolakoa den argitzeaz gain, errealitatearen indargune, ahulezi, aukera eta mehatxuak identifikatu behar zituen ikerketak. Errealitate soziolinguistikoa, eredu teoriko orokor eta ulergarri batean txertatu beharra dago.
Ikerketaren gauzapenari dagokionez, labur, ideia batzuk:
- Bat. Ikerketaren euskarri eta oinarri teorikoa bizindar etnolinguistikoa kontzeptua da.
- Bi. Bizindarra, euskal hizkuntza komunitatea edo euskararen gorputzaren osasuna bezala uler dezakegu.
- Hiru. Bizindar objektibo eta subjektiboaren artean ezberdindu dezakegu. Bizindar objektiboak euskal hizkuntza komunitatearen barne nahiz ingurune osagaien egoera objektiboaren berri ematen digu. Bizindar subjektiboak aldiz, euskal hizkuntza komunitateko kideek osagai horien egoera objektiboari buruz burutzen duten irakurketa subjektiboaren berri ematen digu.
- Lau. Bizindar objektiboaren baitan hiru dimentsio ditugu, honako galdera hauek erantzuteko:
- Dimentsio demografikoa: zenbat eta nolakoak dira euskal hizkuntza komunitateko kideak?
- Kontrol eta sostengu instituzionalaren dimentsioa: zenbatekoa da euskal hizkuntza komunitateko kideek herriko erakundeetako hizkuntza portaera kontrolatzeko duten gaitasuna? Zenbatekoa da euskarak eta euskal hizkuntza komunitateak erakunde horietatik jasotzen duten sostengua?
- Eraikitako estatusaren dimentsioa: zenbatekoa da euskarak eta euskal hizkuntza komunitateak duten prestigioa, estatusa?
- Bost. Egoera subjektiboaren berri izanez, euskal hizkuntza komunitateko kideek euren hizkuntza nahiz komunitatearen egoera objektiboari buruz burutzen duten irakurketa subjektiboaren berri izan nahi dugu.
- Sei. Laburtzeko, bizindarraz edo osasunaz jabetzeko adierazle multzo bat definitu genuen, adierazle bakoitzaren garrantzia zehaztu eta hauek neurtzeari ekin genion.
- Zazpi. Egoera ezin osasuntsuagoa duen euskal hizkuntza komunitateak puntu kopuru maximo bat lortzeko aukera du. Emaitzak beraz, euskal hizkuntza komunitateak lor zitzakeen puntu kopuru maximoarekiko lorturiko puntu kopuruak suposatzen duen portzentajea bezala ulertu behar dira.
BERGARAKOA KOMUNITATE OSASUNTSUENA.
Ikerketaren emaitzak plazaratu aurretik gogoratu, emaitza horiek adierazle zehatz batzuk kontutan hartuta lortuak izan direla eta beraz, emaitzak kontutan harturiko adierazle multzo horren arabera ulertu behar direla. Behean ageri diren bi grafikoren bidez laburtuko ditugu emaitzok. Batetik, euskal hizkuntza komunitaterik osasuntsuena Bergaran aurki dezakegu, ondoren datoz, Arrasate, Hernani, Andoain eta Lasarte-Oriakoak. Bestetik, Euskararen erabilera mailarik altuena ere Bergaran aurki dezakegu, ondoren datoz Hernani eta Arrasate, pare-parean, Andoain eta Lasarte-Oria.
Ikerketaren egileok, gustura gaude ikerketaren garapen nahiz emaitzekin: orain arte eman duena mardula bada, eman dezakeena askoz mardulagoa dela pentsatzen dugu. Eredua findu, leundu, aberastu eta osatu beharra dago, horretarako aukera ematen du behintzat.
Euskararen nahiz euskal hizkuntza komunitatearen normalizazioaren mesedetan, ikerketan erabilitako eredu teoriko nahiz metodologiak potentzialitate izugarria dute eta errealitate soziolinguistikoaren ezagutzan nahiz berau iraultzeko esku-hartze ekimenen definizio nahiz ebaluazioan lagun dezake.
Lerro hauen bidez, ikerketaren inguruko azaleko azalpen bat ematea izan dugu helburu. Aitzinean aipatu bezala, interesa duenak gurekin harremanetan jarri besterik ez du. Gustu handiz azalduko dizkiogu ikerketaren eredu teorikoak, metodologia, adierazle multzoak, datu baseak...
Ikerketa honekin hasi dugun ibilbidean aurrera jarraitzeko asmoa dugu guk, oraingoz ibilbideak hurrengo urratsak zehaztuak dituelarik: bizindarraren edo osasunaren adierazle eta osagai gehiagoren identifikazio, haztapen eta neurketa.
Ez genuke amaitu nahi ordea, ikerketaren garapenean berebiziko garrantzia izan duten luxuzko lankide batzuen laguntza eskertu gabe. Mila esker, Nekane Goikoetxea, Jose Felix Diaz de Tuesta, Estepan Plazaola, Malores Etxeberria eta Iñaki Arruti. Mila esker baita ere, ikerketa informazioz asetu duten datu emale guztioi
IBON USARRALDE
IÑAKI MARTINEZ DE LUNA
Maider Zapirain
Udazkena ari da bere bidea egiten; zuhaitzen hostoek tonu desberdinak hartu dituzte, gaztainondoak gaztain morkotsez josi dira, pase garaia ere etorri da, hegazti migratzaileek hegoalderanzko bidaia luzea hasi dute, eta hauen artean pagausoa dugu protagonista, hainbat ehiztari martxan jartzen dituena.
Udazken hasieran hasten dute araldia oreinek eta garai honetan bakarrik, orein arrak senaren beharrei jarraituz orein emeen taldeetara hurbilduko dira. Garai honetan oreinak daudeneko eremuetara hurbiltzen bagara, oso maiz orein arren orro beldurgarriak entzun daitezke urrutira. Ar nagusiaren inguruan ar gazteak egongo dira inbidiaz josita, erasokor, temati, nagusitasunaren postua eskuratzeko irrikaz. Orroak orro eta marruak marru, arren arteko borroka sutsuak piztu ohi dira lurraldetasunaren izenean. Araldiak hilabete inguru irauten du, ondoren ar eta emeen taldeak banatzen dira, arrisku egoeratan bakarrik elkartuko direlarik.
Estalketa gertatu ostetik 8 hilabeteren buruan kumeak jaiotzen dira, ordu gutxitara ibiltzeko moduan egongo dira, eta denboraldi batean eme taldeen babesean biziko dira.
Heldutasunean tamaina eta pisu handiak lor ditzakete. Ar sendo batek 200 kg-ko pisua izan dezake. Adarrak arrek bakarrik izaten dituzte eta ez urte sasoi guztietan. Deigarria da adarrek izaten duten belusezko estaldura hori, baina soilik udaberritik udazken hasiera arte irauten dute. Adajeak funtzio garrantzitsua betetzen du zeren emeak "liluratzeaz" gain borrokarako baliabide ezin hobea da. Ilajeak berriz, tonu desberdina hartzen du urteko tenore bakoitzean. Uda aldean marroi-gorriztagoa izaten da eta neguan berriz grisagoa. Orein gazteen ilajeak aldiz, itxura berezia izaten du, orbain zurien antzera.
Eguna basoan iragaten du, hosto galkorreko basoak gustuko ditu, baina konifera basoak ere erabiltzen ditu ezkutaleku moduan. Egunsentiarekin batera larreetara hurbilduko da bazkatzera. Eguzkia gordetzearekin batera larratzera irteten dira. Ohikoena zuhaitz eta zuhaixken hosto eta kimuak jatea da, baina perretxikoak, fruituak, txilarra eta belarra ere gustuko dituzte.
Gaur egun Euskal Herrian ditugun orein populazioak egin diren sartzapenen ondorioak dira, berezko populazioak desagertu egin ziren gehiegizko ehizaren eraginez. Egin diren sartzapenek populazio bakan batzuk utzi dituzte eta adibide batzuk aipa ditzakegu: Gorbeia, Karrantza, Irati, Kintoa eta Urbasa. Badirudi populazio hauen egoerak hobera egin duela. Populazioak gora egin duenez, eta nekazal lurretan kalteak eragin dituztenez, batzuetan ehiza baimentzen da eta kontrolatutako uxaldiak ere antolatu izan dira.
Orkatza familiako txikiena.
Orkatza, oreinak bezala, zerbidoa da eta Europako zerbidorik txikiena gainera. Orkatzaren egoerak dezente hobera egin du, kasu askotan ehizaldi kontrolatuak onartzen direlarik. Arrazoi ugari aipa daitezke gorakada hau baieztatzeko. Batetik, (eta batez ere) urte askotan orkatzaren ehizaldia debekatu dute, bestetik, beronen harrapakari naturalik ez dago, otsoaren kasua bezala. Bestalde, baso berritze ugariren sorrerak ere orkatz populazioen hoberako izan dira. Euskal Herrian dauden populazioak azken urteetan egindako sartzapenen ondorio dira eta Pagoeta, Urdaibai, Aralar eta beste hainbat tokitan aurki daiteke orain orkatza.
Ez pentsa hala ere, ikusteko errazak direnik. Oso iheskorrak dira, usaimen eta entzumen bikainak dituzte eta berehala antzematen dute inguruan bateren bat dabilenean. Gehienez ere, ihesean ikusiko dugu, ipurtaldeko orbain zuriak adieraziko digu benetan orkatza dela baso ilunean ikusi duguna. Itxura ederra du orkatzak oreinak bezainbesteko adajerik ez izan arren, hiru puntako adar txikiak baititu. Adarrak azaro aldean erortzen zaizkio, baina udaberrian prest izango ditu berriro borrokarako. Araldia berriz uda partean izaten dute. Orkatz arrak nahiko lan izaten du orkatz emeak bereganatzen. Parekatze jokoa luze joan ohi da. Ernaldiaren ondoren, uda hasiera inguruan, orkatzak bikiak izan ohi ditu askotan. Urtebete inguruz emearen babesean biziko dira kumeak, ondoren banandu egingo dira. Orkatz arrek izaera bakartia izaten dute normalean, negu aldean soilik eratuko dituzte familia talde txikiak.
Animalia sedentarioa da orkatza eta hektarea gutxiko eremua defendatuko du. Eguna oihanean ematen duen arren, bazkatzeko denbora hartu behar du animalia belarjale honek. Egunean 4 kilo inguru irensten omen du eta, landare belarkara eta kimu xamurrez elikatzen da bereziki. Neguan zertxobait zaildu egingo zaio elikadura eta onddo, sasi eta zuhaitz azalekin moldatu behar izaten du
Andrea Ruiz / Xabier Telletxea
Hilabete baino gehiago da udako oporraldia amaitu dela eta lehenago edo geroago bakoitzak betiko abiada hartu du. Helduak lanera, gazteak unibertsitatera eta txikienak eskolara bueltatzeko ordua da, azkar baino azkarrago igarotzen den urteko sasoirik goxoenari agur esanez. Egunerokotasunera bueltatzea denoi kostatzen bazaigu ere, agian etxeko txikienak dira aldaketa gehien nabaritzen dutenak, hiru hilabetez jolaskide izan dituzten mendi, parke, hondartza eta itsasoa, ikastolako aulki, arbel, irakasle eta liburuengatik aldatzea oso gogorra egiten baita. Baina beharbada, gaur egungo ume eta gaztetxoei ez zaie ikasturte hasiera hain zorrotza egingo, ikasturtean zehar oso sarri bisitatuko baitituzte parke eta mendi maiteak. Izan ere, ikastola ororen hezkuntza programek klasetik kanpo burutzen diren ekintza anitz biltzen dute. Mendi irteerak, museoetara bisitaldiak, eskiatzera joateko txangoak... Hamaika dira ikasleek gelatik kanpo jolastuz ikasten dituzten gaiak.
Guk ikasgelatik at egiten diren aktibitate horien guztien filosofia eta helburua zein den jakin nahi izan dugu eta horretarako bi solaskide izan ditugu: Donostiako Axular Lizeoa Ikastolako ikasketa burua eta Iruñeko Axular Udal Ikastolaren zuzendaria. Eurekin mintzatuz, bi ikastola hauek izenaz gain beste hainbat antzekotasun dutela jakin ahal izan dugu, gelatik kanpo burutzeko prestatzen dituzten ekintzen helburua, adibidez.
BALIABIDE PEDAGOGIKOEN FILOSOFIA.
Garai batean ikasleek eskola barruan ikasten zuten ikasi beharreko guztia eta noiz edo noiz, irteeratxoren bat egiten zuten. Egun, berriz, ikasgelatik kanpoko hezkuntza hori indartzen duten ekintzak anitzak dira eta helburu oso zehatzekin pentsatuak gainera. "Orokorrean, helburu ludikoa, hizkuntz normalkuntza, euskal kultura ezagutzea, ikasleen arteko elkarbizitza, kirola, baloreen lanketa eta ikasleen autonomia indartzea dira, prestatzen ditugun aktibitateek dituzten helburuak", adierazi digu Joxe Ramon Iturainek, Axular Lizeoa Ikastolako ikasketa buruak. Baliabide pedagogiko hauen artean, badaude batzuk oso finkatuak daudenak, hau da, urtero burutzen direnak eta beste batzuk, aldiz, gehitzen joaten dira urtero. Izan ere, egun ikasgelatik kanpo burutzeko existitzen diren ekintzen eskaintza izugarria dela ziurtatzen digu Iturainek, urtez urte hazten baitoa. Honela, duela hamabost urte hainbeste irteera eta ekintza osagarri burutzen ez baziren, aukerarik ez zegoelako zela dio Donostiako Axular Lizeoa Ikastolako ikasketa buruak, eta ez asmo edo nahirik ez zegoelako. Egun, beraz, eskaintza hain handiaren artean gustuko baliabideen aukeraketa egitea lan erraza da, baina baita zaila ere batzuetan, asko baitago.
Iñaki Berasaregi Zurutusa Iruñeko Axular Udal Ikastolako zuzendaria da. Eurek burutzen dituzten ekintzen helburua zein den galdetzen diogunean hala erantzuten digu: "Helburu nagusia, gela barneko hezkuntza osatzea litzateke. Ikastola barruan ordu asko igarotzen dituzte ikasleek, liburu eta mapa artean. Baina hori, gure iritziz, ez da nahikoa eta horretarako antolatzen dira jarduera osagarriak ikastetxetik kanpo. Askoz ere hobeto ikasten dira gauzak bertan bizitakoan edo haiekin harreman zuzena izandakoan". Horrexegatik, gauzak aldatzen joan badira ere, Iruñeko Axular Udal Ikastolan hasiera hasieratik, duela 25 urte, egin izan dira ekintza osagarri hauek.
IRAKASLEEN AUKERA, IKASLEEN ZORAMENA.
Gure solaskideei umeek ekintza osagarri hauei buruz zer dioten galdetzen diegunean, biak ados agertzen dira: umeen zoramena izan ohi dira. Izan ere, klaseko egunerokotasuna hautsi eta zerbait berria egiteko irrikaz egon ohi dira haurrak, eta are gehiago ikastolatik kanpo bada. Baina bera izango al da irakasleen iritzia? Biek baietz diote. Etxera egun arrunt batean baino askoz ere nekatuagoak iristen badira ere eta umeekin kalean zehar ibiltzearen ardurak eragiten duen tentsio puntua saihestea ezinezkoa bada ere, ekintza hauek oso onuragarriak direla irizten dute irakasleek eta oso gustura burutzen dituzte.
Eta zein ote da ateraldi hauei buruz gurasoek duten iritzia? Izan ere, gurasoak ekintza hauekin ados egotea oso garrantzitsua da. Joxe Ramon Iturainek adierazten digunez, arazoak bi izan daitezke: "Batetik, arazo ekonomikoa eduki dezake hainbat gurasok, zenbait irteerak gehigarrizko gastua eskatzen baitu eta guk horren aurrean ezin dugu ezer esan. Bestetik, beldurraren arazoa dago. Badago zenbait guraso, beldurra duena euren umeak kalean zehar ateratzen direnean, eta zer esanik ez gaua kanpoan pasatzera joaten direnean. Guk inoiz ezer ez dela gertatu esaten diegu eta ekintza horiek bete beharrezkoak direla gehitu ere, baina batzuetan ezinezkoa egiten zaie beldur horri aurre egitea eta noski, guk ezin dugu ezer egin egun horretan umea gelara etortzen ez bada". Iñaki Berasaregik esaten digunez, bere ikastolan antzeko egoera gertatzen da. Izan ere, ikasleek gurasoek ahal dutena baino gehiago eskatzen diete eta hauek ezezkoa eman behar izaten diete zenbaitzuetan. Hau da, gurasoak dira haurren nahiei mugak jartzen dizkietenak.
EKINTZEN TIPOLOGIA.
Ikasleen adinaren arabera, baliabide pedagogiko hauen izaera aldatzen joaten da. Donostiako Axular Lizeoa Ikastolan Haur Hezkuntzan dauden txikitxoek aurten burutuko dituzten ekintzen artean, adibidez, Txu-Txu trenean bidaia, hostoak jasotzeko helburuz ikastola ondoko parkera irteera, Txiki-Parkera irteera, ingeleseko antzerki bat eta euskarazko filmak ikusteko ateraldia edota Aquariumera bisitaldia aipatu dizkigu Iturainek. Ikasleak adinean aurrera doazen heinean, aktibitateak aldatzen doaz eta baita aktibitate horien helburua ere. Haur Hezkuntzak eta Lehen Hezkuntzak biltzen dituzten ekintzek, esaterako, gehienbat helburu ludikoa dute eta baita ikasleen autonomia pixkanaka garatzen joatea ere. Hizkuntz normalkuntzarekin lotuak burutzen diren ekintzek garrantzi handia dute baita ere eta ikasleen adinari egokitutako euskarazko filmak ikustera joatea edo Euskal Festak antolatzea dira horietako batzuk. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, irteera eta aktibitate osagarriek gelako gaiekin lotura zuzenagoa izan ohi dute eta baita kirolarekin eta euskal kulturarekin ere.
Iñaki Berasaregi esan digun bezala, Iruñeko Udal Ikastolako haurrek aurtengo ikasturtean ekintza asko egingo dute. Horien artean, azoka batera bisita, Urbasara bidaia, "Diario de Noticias" egunkarira bisitaldia, Donostia eta Gasteizera egun pasa, Hiper Iruñeara bisita, Sakana-Aralarrera irteera, Iruñeko Planetariora bisita eta Zestoa eta Lizarra herriak ezagutzera bidaia daude. Berasaregik adierazi digunez, irteera hauek guztiek teorian ikasitakoa praktikara eramateko edo praktikatik gero teoriara pasatzeko helburua dute, beste batzuen artean. Izan ere, ados ageri dira bi ikastola hauetako solaskideek, ekintza batek hainbat helburu izan ditzakeela esatean. Hau da, aktibitate baten helburu nagusia klaseko gaia praktikan ikustea izan daiteke, baina baita ikasleen arteko edo ikasle eta irakasleen arteko elkarbizitza garatu eta indartzea ere. Edo batetik kirolarekin lotua dagoen aktibitate bat, bestetik euskal kulturarekin eta helburu ludikoarekin batua egon daiteke. Asko dira eman daitezkeen nahasketak.
IKASTOLAREN ARDURA ETA ERABAKIA.
Kurtso bakoitzean burutuko dituzten ekintza osagarri hauen aukeraketa egiteko metodologian hainbat parekotasun eta ezberdintasun dira bi ikastola hauen artean. Izan ere, Donostiako Axular Lizeoa Ikastola, ikastetxe pribatua da, Ikastolen Elkartea-Partaideko kidea. Elkarte honen barnean biltzen diren ikastola guztiek autonomia osoa dute euren erabakiak hartzeko, arlo guztietan. Honela, baliabide pedagogiko hauen aukeraketa egiteko mementoan ere, erabakia ikastolarena da soilik.
Iruñeko Axular Udal Ikastola, aldiz, Nafarroako Sortzen elkarteko kide da. Sortzen elkartearen pean dauden ikastolek ere, bere kabuz hautatzen dituzte ekintza osagarri hauek, hau da, ez dira ikastola guztientzako komunak. Modu honetan ere, ikastola bakoitzak autonomia osoa du erabaki hauek hartzeko, baina ezberdintasun txiki bat dago: baliabide horiek zeintzuk izango diren erabaki ondoren, Eskola Batzordeak onartu behar ditu
Pello Zubiria
Estatu Batuetako egunkari prestijiotsu batek argitaratu du, «Los Angeles Times»ek, eta pista garrantzizko bat ematen digu «gerra postmodernoak» hobeto ulertzeko. «Atzerriko armada æadiskideakÆ formatzeko lanak gero eta gehiago enpresa pribatuei ematen dizkie Armada amerikarrak». Horrela esanda, «formatzea» hitzak gauza arinago bat dirudi; baina armada eta soldaduak «formatzea» zer den aspalditik dakigunez, gaiari «Los Angeles Times»ek berak beste garrantzia bat eman dio.
Horrela ezagutu dugu Estatu Batuen kanpo politikan esku hartzen duen faktore berri bat. Ziurrenik, garrantzia handia duena.
US Armyk bere «txapel berde» eta gainerako eliteko soldaduak misio berezietarako dauzka gorderik. Eta Afganistan batean -denboran hurbileneko etsenplua jartzearren- lehen erasoen eta lurraldearen «bakeratzearen» ondoren indar militar afganoak entrenatu eta antolatzeko ordua iritsi denean, Armada amerikarrak lan hauetako asko enpresa pribatuei azpikontratatu dizkie.
Pentagonoko bozeramaile baten iritzi polita ere bildu du «Los Angeles Times»eko kronikagileak: «Enpresa horientzako, terrorismoaren kontrako gerrak enplegu finkoa esan nahi du». Baina konfidantzazkoak beharko dute enpresa hauek, pentsa dezake terrorismoaren kontrako kanpaina mundial baten beharrean sinesten duenak... Ez kexa, horietako enpresaren bateko zuzendaritza taldea ikusten baduzu, jeneral eta koronel izarrek diz-diz egiten dutela berehala ohartuko zara.
gerra hotza bukatu ondorengoak.
Sobiet Batasuna pikutara joan ondoren, mertzenario konpainien bertsio modernoa diren korporazio hauek beharrezko tresna dira gaur Armada yankiarentzako. Gerra hotzaren ondorengo desordenean, mila lekutan esku hartu behar baitute Estatu Batuek. Eta horrela, konpainia azpikontratatzaile hauek aurkituko ditugu berdin Zaire, Somalia, Haiti, Bosnia-Herzegovina, Kosovo edo Kroaziako armadak antolatzen.
Esan beharrik ez dago enpresa hauen kotizazioak izugarri igo direla burtsan 2001eko Irailaren 11tik hona. Horra non behar zen inbertitu, eta ez teknologia berriak bezalako balore ahuletan!
Teorian, korporazio hauetako enplegatuek ez dute armak erabiltzeko baimenik. Baina nork kontrolatuko ditu horrelako txikikeriak beren lana oraindik lurraldearen kontrola ere eskuratu ez duten armadei laguntzea baldin bada? Behin Sierra Leona edo Angolakoak bezalako armada batzuei laguntzera joanez gero, mendebaletik «oihan» horietara joandakoen gaineko kontrolak ere oso arina izan beharko du.
Lehen tirabirak sortu dira halere konpainia horien eta zenbait politikari amerikarren artean, Estatu Batuen kanpo politika haiek zenbateraino errespetatzen duten beti oso argi ez omen dagoelako.
Enpresen erantzuna: erabat ados datozela AEBetako Armadak munduko armadei buruz uste duenarekin, armada profesionaletan dagoela etorkizuna alegia, eta beraiek mundu osoan zehar horiek formatzera dedikatzen direla.
MILITARY PROFESSIONAL RESOURCES INC.
1988an sortu zen enpresa hau, MPRI, eta buruzagia ere egokia hautatu zuen: Carl Vuono jenerala lurreko armadako estatu goreneko buru izana da. Honek bere ondora bildu zituen, enpresako zuzendaritzara, beste zazpi jeneral ere. Egoitza nagusia Alexandrian daukate, Virginia estatuan, eta bertan izan direnek diotenez beste edozein bulego eraikuntzatik bereiztea kasik ezinezkoa da.
Enplegatuak erakartzeko, izan daitekeen arrazoirik onena erabiltzen dute: Pentagonoak baino soldata hobeak. MPRIren jabea den L3 Communications-en akzioak bi halakotu egin ziren Irailaren 11 famatu haren eta aurtengo irailaren artean. Mota honetako beste enpresa bat den Science Applications International Corporation-eko bost kargu gorenek 2001ean 285.000 eta 1,8 milioi dolarren arteko soldatak jaso dituzte, eta gainera bakoitzak 1,5 milioi dolarreko akzio multzoa du. Sektore guztia doa berdin ondo, nonbait: Equitable Services Corporation delakoan egindako kalkuluen arabera, 1990ean 55,6 mila dolar fakturatu zuen sektore honek 202 mila dolar salduko du 2010ean.
Merkatuko bi enpresa handi aipatu ditugu, SAIC eta MPRI. Honek eskualde askotako armadak formatu ditu, horien artean Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Mazedonia eta Kolonbiakoak. Bere web gunean sartuz horietako askoren berri aurkituko duzu.
Jakina, zenbait gerraz ditugun irudipenak aldatzen dira «xehetasun» horiek ezagututa. Hala nola, zenbait adituk MPRIren eskua ikusi du 1995ean kroaziarrek serbiarrei Krajina kentzeko antolatu zuten ofentsibaren atzean. Gerra hark markatu zuen serbiarren ahulaldia, eta ondoren, 150.000 serbiarrek ihes egin behar izan zuten eskualdetik.
Konpainiako buruzagiek ukatu egiten dute hori horrela izan zenik («hain denbora laburrean horrelako fruituak lortzeko magoak ez gara» esan dute) baina zenbait adituk horretan ikusi du Balkanetako gerran Estatu Batuek Kroaziaren alde nola esku hartu duten esplikazioa.
BEZERO FALTARIK EZ.
Estatu Batuetako ekonomia eta kanpo politika aztertzen dituen Brooklings institutuaren baitan argitaratu du gai beraren inguruan bere azterketa P.W.Singer irakasle gazteak: «Gerlari Elkartuak: Industria Militar Pribatuaren igoera eta osagaiak». Singerrek hasieratik argitzen duenez, luxuzko mertzenario hauek bezero asko eta oso ugariak dituzte, Estatu Batuetako gobernutik hasi eta atzerrian interes handiak dituen edozein enpresa handitatik paseaz, bere lan humanitarioa egiteko babes militarra eskatzen duen Gobernuz Kanpoko Erakundeetaraino.
Singerrek argi esplikatzen du gerra modernoetarako konpainia horiek duten garrantzia: ezagutza dute, eta konozimentu hori da gerretan ere gaur egun arrakasta izateko osagairik inportanteena. Gerra eta operazioen taktikak, plangintza estrategikoa, analisi ahalmena inteligentzi zerbitzu txukunak edukitzeko, tropen garraioa, azpiegitura eta logistika, asistentzia teknikoa... «Industria Militar Pribatuak dira gerra modernoen osagairik berriena, eta beren eskuhartzea gaurko batailetan gero eta garrantzizkoagoa da».
Beste irakurketa sakonagoa ere badu Singerren ustez aldaketa honek: «Industria Militar Pribatuaren etengabeko hazkundeak, XXI. mendearen hasieran Weber-ek biolentziaren monopolioaz teorizatu zuena haustea dakar pixkanaka». Hori hala ote den argitzea, inguruan hain ugari ditugun adituei utziko diegu
http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko lotura gehiago aurkituko duzu.
Jabi Zabala
Gure mugetatik at aspalditxokoa da Interneten arestian aipaturiko erabilera hori, "puntucom" uholde komertzialarena baino arinagokoa. Izan ere, lehenengo unibertsitateetako zientzialariek eta informatikariek erabili zuten sarea, geroago komunikabide txiki batzuk konturatzen hasi ziren haren erabilgarritasunaz. Sarearen bidez testuak, irudiak, bideoak eta soinuak heda daitezke, banaketa kosturik gabe eta mundu osora istant batean.
Ezaugarri horiek baliatzeko lehen ahaleginak AEBetan egin ziren. Burn! izeneko zerbitzariak 1995etik eskaintzen du informazio alternatiboa burn.ucsd.edu helbidean. Era berean, lehen fotokopietan banatzen ziren hainbat fanzine edizio elektronikora igaro da, webzine bihurtuta. Irrati libre, komunitario eta independente askok orain sarearen bidez emititzen dute baita ere. Aipagarriak izan dira Webactive.com edo Pacifica Radio (www.pacifica.org), edozein unetan entzun ditzakegun irratsaio alternatiboen aukera zabalarekin; baina egun edozeinen esku dago irratsaio bat sarean eskegitzea radio4all.net bezalako ekimenei esker.
Independentzia maila ezberdinak eta jarrera ezberdinak daude, AEBetan mezuari dagokionez komunikabide alternatibotzat jo ditzakegun hauen guztien artean. Guretzat antolaketarik bitxienetakoa duena alternet.org albistegiarena izan daiteke, telefonia enpresa pribatu aurrerakoi batek babestutako komunikabide independentea. Beste kasu bitxi bat dugu satelite bidez saio eta erreportaje alternatiboak emititzen zituen Free Speech TV katea, freespeech.org web gunearen bidez hasi zen bideo batzuk RealVideo formatuan eskaintzen. Adierazpen askatasuna, kontrol soziala, zapatistak, arrazakeria, feminismoa eta horrelako gaiak dira euren erreportajetan jorratzen direnak.
Chiapasetik irailaren 11ra.
Askok 1994ko urtarrilaren 1ean ezartzen dute kontrainformazio telematikoaren sorrera data. Mexikoko oihanetik mundu osora zabaldu zen orduan zapatisten mezua, posta elektronikoz eta web guneen bidez. EZLNren aldetik eta haien nazioarteko laguntzaileen aldetik tresna telematikoen erabilera eredugarria izan zen.
Geroago beste urrats garrantzitsu bat izan zen Indymediaren sorrera. Seattle hirian Munduko Merkataritza Erakundeak 1999an eginiko gailurraren aurkako protestaldien informazioa emateko eratu zuten Indymedia zentroa, kazetari eta ekintzaile batzuren artean. Unean uneko informazioa eman zuen, bideo erreportajeak, audio dokumentuak eta eguneroko bat Interneten bidez, ohiko telebista kateek erakusten zizkieten irudiez eta iruzkinez gain, benetan zer gertatzen ari zen jakin nahi zuten milaka internautaren arreta erakarriz. Arrakasta horren ondoren, sare autonomo eta deszentralizatua osatu da indymedia.org domeinupean eta tokian tokiko informazio guneak sortu dira kontinente guztietan.
Horren oihartzunari esker sareak kontrainformazioaren arloan dituen ahalmenez konturatzen hasi ziren asko. Botereak ere, garrantzi horretaz jabetuta, hainbat neurri hartu du, printzipioz kontrolagaitza den sare horretan kontrola ezartzeko asmoz. Iazko irailaren 11ko erasoen osteko uhin errepresiboak lagundu ditu neurri zentsuratzaile eta kontrolatzaileak. Gure komunikazioak zelatatzen dituen Echelon sarea eta FBIren Carnivore programa dira pribatutasunari eginiko erasorik handienak, Hotmail edo Yahoo! bezalako posta zerbitzari handien onespenarekin.
Adierazpen askatasunari, ordea, AEBetan baino gehiago Espainian eraso diote. Egunotan, urriaren 12an indarrean sartu den LSSI legearen arabera, Espainiako edozein internautaren sareko ibilerak erregistratuta geratuko dira urte birako, epaileek edo poliziek behar izanez gero eskura ditzaten. Edizioari dagokionez, berriz, komunikabideak ixteko eta bertan eskua sartzeko aukera izango du administrazioak kasu batzuetan. Azken hilabeteotan lege horren aurkako kanpaina egiten aritu den kriptopolis.com web gunea itxita ageri da egunotan. Arrazoia LSSIk ezarritako murrizpenetara egokitu beharra azaltzen du Jose Manuel Gomez editoreak. Legearen balorazioa ere egiten du Gomezek: «Errugabetasun printzipioa, eta intimitatearena urratzen dira internauten kasuan, adierazpen askatasuna editoreenean».
Batasuna.org zentsuratuta.
Sarea ez da guztiz zentsuragaitza, botereak kontrola neurri batean edo bestean ezartzeko modua baitu. LSSI indarrean sartu aurretik ere, berriki ikusi ahal izan dugu hori Batasuna alderdiaren web gunearen zentsura ahaleginean. Telefonica enpresaren bidez konektatzen diren milaka internautek euren nabigatzailean batasuna.org helbidea jarrita ez dute lortzen web gunea kargatzea. Web gunea sarean dago oraindik, baina enpresak bahea jarri du bertarako sarbidea oztopatuz.
Zentsura hori saihesteko modua Anonymizer.com izeneko web gunearen bidez konektatzea izan daiteke edo, zuzenago, www.batasuna.tk domeinua idatziz
BESTE HELBIDE BATZUK
www.nodo50.org/gaztekaria
www.eguzki.net
www.halabedi.org
www.sindominio.net/pititako