Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-10-20 -- 1872.zenb


KAFE ANTZOKIA DURANGON

Durangoko Berbaro elkarteak datorren urteko amaieran Kafe Antzokia zabalduko duela iragarrri du. Berau Euskal liburu eta Disko Azokaren egoitza berriarekin bat zabalduko da. Erakustazoka Ibaizabal poligonoan kokatuko da eta Kafe Antzokia Hiltegi Zaharrean eta haren ondoan egingo den eraikin berrian. Jantoki eta tabernaz gain, kultur ekitaldiak egiteko azpiegitura izango du. Azken hau burutzeko milioi bat euro bildu beharko ditu Berbarok.


EUSKARAREN KONTSEILUA OSATUTA

Euskararen dekretu berriari oniritzia emateko Euskararen Kontseilua osatzea beharrezkoa zen. Dagoeneko hautatu ditu UPNko gobernuak berari dagozkion 7 kideak eta horrek kritika ugari sortu ditu talde eta eragile euskaltzaleen artean; izan ere, hautatutako kideek euskararekiko duten harremana zalantzazkoa da eta dekretuak euskararen alorrean ospe onartuko pertsonak behar dutela izan dio.


EUSKALTEGIAK BIDERAGARRI BIHURTZEKO

Azken urteetan euskaltegietako matrikulak dezente jaitsi dira: iaz 38.000 izan ziren eta aurretik 40.000tik gora izaten ziren. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ezin izan du aurtengo aurrekontua onartu eta horrek diru estuasunak ekarri ditu. Hori guztiagatik Eusko Jaurlaritzak helduen euskalduntze eta alfabetatzearen bideragarritasun plana egingo du. Ikei enpresa arduratuko da lan horretaz, urte amaierarako egoeraren diagnosia egingo du eta plangintza otsailean. Iaz 121 zentro zeuden, euskaltegi publikoak, homologatuak eta libreak batuta, bost urte lehenago baino 30 gutxiago.


TOPAGUNEAREN EGOITZA BERRIA

Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak alegia, egoitza berria du. Abadińoko Udalak eskainitako bulegoak utzi ditu eta berrietara joan da. Topaguneak 5. urteurrena betetzen du aurten eta berau ospatzeko ekitaldi ugari egingo dituela jakinarazi du.


AURREZ AITORTUA

«SPrako tranbia» liburu ona zela bagenekien aurrez. Lau edizio izan zituen urtebetean, eta kritikek honako laudorioak erabili zituzten Unai Elorriagaren nobelaz mintzatzean: «Istorio zoragarri»tzat jotzen zuen Lutxo Egiak; «Azken urteotako euskarazko eleberririk onenetako bat» iruditu zitzaion Juan Kruz Lakastari; eta «zeresana emango» zuela aurreikusten zuen Alberto Barandiaranek. Etxekoek aurrez aitortu zioten orain, Espainiako Kultura Ministerioak Narratiba Sari Nazionala ematean, onartu duena. Sariak berez ez du lanaren balioa berretsi besterik egiten. Baina badu garrantzia, izan ere, euskal idazleen artean, Atxagak bakarrik irabazi du. Eta saria, Elorriaga gazteak idatzitako lehen lanarekin jaso du.


IPARRALDEAN KULTURAK BEHAR DUENA?

IPAR Euskal Herrian kultur antolaketa berria martxan jartzeko, Joël Brouch, Bordeleko OARA, Akitania Eskualdeko arlo artistikoaz arduratzen den bulegoko kideak Iparraldeko azpiegitura kultura aztertu du. Bertako hainbat artista eta kultur eragile kexu agertu da, ordea, Brouchen proposamenarekin: artistak ez omen ditu kontuan hartzen eta kostaldearen eta barnealdearen arteko desoreka areagotzen omen du. Brouch bera artisten iritzia jaso ez izanaz damutu da eta, denbora gutxi izan duela eta euskal kultura ezagutzen ez duela onartu du.


KRITIKA LITERARIOA

UNIBERTSITATEKO literatur kritikak lekurik ez duela dio Ur Apalategik. Uste horrekin Utriusque Vasconiae argitaletxeak sail berria ireki du Apalategiren ardurapean. «Kritika literarioa» du izena sailak eta saiakerak eta unibertsitateko ikasle eta irakasleen lanak bilduko dituzte. Iratxe Gutierrezen "Malkoen mintzoa. Arantxa Urretabizkaia eta eleberrigintza"k eta Jon Kortazarren "Diglosia eta euskal literatura"k estreinatu dute saila.


3.000 BERTSO DOINU SAREAN

JUANITO Dorronsoro duela 20 urte baino gehiago hasi zen bertsotarako doinuak biltzen. 1995ean 2.000tik gora doinu argitaratu zituen lau liburutan eta orain, horiei beste 500 bat doinu erantsi eta guztiak Interneten jarri ditu Xenpelar Dokumentazio Zentroak. Doinutegia topatzeko www.bertsozale.com helbidera jo behar da eta gero Xenpelar Zentroaren saila aukeratu. Partitura guztiez gain, doinuak entzuteko aukera ere ematen du zerbitzu berri honek.


UMOREA PASAIATIK DATOR

HILAREN azken bi asteburuetan (Pasaiako XXI. Umorezko Antzerki Jardunaldiak egingo dituzte Pasaian. Guztira, 8 ikuskizun izango dira, guztiek ere umorea ardatz dutela. Euskal Herriko Maskarada, Bele Bizi, Pasa Ya, Teatro Sin Papeles taldeek eta Pasaiako Antzerki Tailerrak euren azken lanak aurkeztuko dituzte. Valentziako Valentí Pińotek, Andaluziako Los Ulen-ek eta Madrilgo Sexpearek emanaldi bana eskainiko dute.


BESTELAKO SAREA

BILBOKO La Fundicion aretoak 5 urte betetzen ditu aurten. Hasieratik antzoki handien zirkuitutik kanpo geratzen diren antzerki eta dantza proposamen berritzaileei egin die leku. Iaz Areto Alternatiboen Sarean barneratu zen eta horri esker egitarau berezia eskainiko du udazkenean. Dagoeneko jaso ditu Galiziako Matarile eta Bartzelonako La Republica antzerki taldeen emanaldiak. Euskal Herriko taldeen txanda azaroan helduko da. Damian Muńozek, Nerea Urbietak, Ikutuk eta Amaraunek aurkeztuko dituzte euren dantza lanak, hain zuen. Eta abenduan, Blanca Arrietak.


DUELA 450 URTE

XABIERKO Frantzisko deuna duela 450 urte hil zen eta urteurrena abenduaren 3an ospatuko dute. Azaroaren 28tik abenduaren 8a bitartean "Xabierko Frantziskoren ibilbide unibertsala" izeneko erakusketa ikusgai izango da. Erakusketaz gain, nabarmentzekoa da urtean zehar bisitatu ezin diren guneak irekita egongo direla.

- Xabier Etxaniz Erlek «Euskaldunon Egunkaria»n honakoa zioen gaur egungo ipuinetaz: «Askoz ere literarioagoak, zainduagoak dira liburuak egun. Bestalde, orain bi hamarkada, gai modernoak ere agertu ziren. Baina, egun, orotariko gaiak daude. Alabaina, horiek kontatzeko modua aldatu da. Lehen gordinagoak ziren, eta, orain, irakurketa gehiago emanez jorratzen dira, eta literarioagoak dira».
- Pablo Gonzalez de Langarika poetak «El Pais»en: «Narratiba idazteko hobeto antolatu behar duzu eta ofiziotzat hartu behar duzu. Narratibak denbora gehiago eskatzen du. Ezin da beste lan batekin aldi berean egin. Poesia aldiz, borborka ateratzen zaizu. jarduera organikoago bat da».
- Titika Rekalt Tokia antzerki taldeko kideak honakoa zioen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Ezin da ahantzi pastoralen eta maskaraden lehen motibazioa elkarrekin juntatzeko gogoan oinarritzen dela. Batzuengan euskararekiko kontzientzia pizten da, baina gehienak ez dira askorik axolatzen hizkuntzaz, eta emanaldiak bukatu ondoren gutxitan dago segidarik».

Baionako jaietan ateratako argazkia bidali digu harpidedun batek. Hiritarrentzako informazio seinale bat agertzen da bertan. Beste askotan bezala, Iparraldean euskaldunekiko errespeturik ez dela argi dago; izan ere, informazioa gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez bakarrik idatzia dago.

Anjel Lertxundik «Aizak eta aizan elkarrekin dantzan» liburua plazaratu berri du Elkar argitaletxearen eskutik.
Patricia Fernandez bizkaitarrak irabazi du Italian jokatu den Munduko Akordeoi Sariketa.
Unai San Martin Los Angelesen bizi den Eibarreko artista garaile suertatu da Espainiako Grabatu eta Arte Grafikoaren sariketan. «Figura» izeneko obrarengatik jaso du saria.
Amaraun talde sortuberriak «Amaraun» izeneko diskoa kaleratu du Elkarren «Laida» azpizigilupean. Azpizigilu honen xedea musika instrumentala biltzea da.
Taupada antzerki taldeak 25 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta erakusketa bat antolatuko dute. Urte hauetan, besteak beste, «Eta etxekoak zer moduz?», «Mari sorgin» eta «Printze txikia» lanak taularatu dituzte.

Joxemari Iturraldek zera idatzi zuen «Euskaldunon Egunkaria»n:
«Euskal literaturgintzan, (...) zenbait generok eta hainbat azpigenerok tratamendu urria eta eskasa izan dute mendeetan zehar. (...) Esate baterako, gaur egun, oso gutxi idazten da antzerkirako (...). Zientzia-fizkiozko literatura, beste adibide bat jartzearren, oso gutxitan landu da euskaraz. Eta gauza bera gertatu izan da memoria-liburuekin eta autobiografiekin. (...) Zergatiaren bila hasiko bagina, arrazoi bat baino gehiago eman daitekeela esango nuke. (...) Euskal literaturgintza ez da gauza segurua izan urteetan; eten asko izan ditu, ez du aukerarik izan sendotzeko, eta denbora asko behar da berezko funtzionamendu mekaniko bat lortzeko (industria sendoa, irakurle mordoa, literatur hizkuntza finkatua...), eta, gainera, hori guztia martxan jartzeko. Herri baten literaturaren historian, berrogeita hamar urte ez da ezer (...). XX. mende hasieran, euskal literatura abiada polita hartzen hasi zenean, bat-batean eten egin zen, Gerra Zibila piztu zenean. Badirudi, azken hogeita hamar urte hauetan, berriro ere martxa ederra hartzen hasi dela gure literaturgintza, eta hori seinale ona da. Honek ekarriko baitu orain arte ia landu ez diren hainbeste generoren loraldia... baldin eta literaturaren inguruan irakurle kopuru finko bat segurtatuko duen industria sendotzen bada (...)»

«Windowserako Funtzioak» matematika programa euskaratu du Iruńeko Iturrama Institutuko matematika departamenduak. DBHko bigarren zikloko eta batxilergoko ikasleen laguntza programa da Gironako Jordi Lagares irakasleak eginikoa eta www.totipm.com helbidetik jaitsi daiteke doan.

hemeroteka

1871. zenbakia | 2002-10-13
1870. zenbakia | 2002-10-06

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan