Terminologiarekin nahiz hizkera berezituekin zerikusia duten gai ugari jorratu ziren Leioan burututako jardunaldiotan. Lehenengo egunean Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko M. Teresa Cabré eta Mercè Lorente IULA -Institut Universitari de Lingüística Aplicada- hizkuntzalaritza aplikatuko unibertsitate-institutuko kideak mintzatu ziren lehenik, bata terminologiaz eta hizkuntza-normalizazioaz eta bestea, berriz, terminologia-lanerako metodologiaz. Bestalde, Bertha Gutiérrez Rodilla Salamancako Unibertsitateko irakasleak zientzia eta lexikografia izan zituen hizpide.
EUSKARA TEKNIKOAK.
Hitzaldi nagusien ondoren, hainbat eta hainbat arlotako euskara teknikoei buruzko komunikazioen txanda iritsi zen. Hamabost txosten aurkeztu ziren guztira, eta batzuk oso arlo berezitu eta mugatuetakoak ziren, hala nola, hizkera sinbolikoen esparruan kokatuko genukeen ikur eta zeinu bidezko adierazpide matematikoen irakurbideei buruzkoa. Beste batzuk, ordea, orokorragoak izan ziren, arlo ugaritarako balio dezaketenak. Horien artean, -tar, -ko eta -dun atzizkien erabileraz aurkeztu zirenak edo euskal hitz-hurrenkeraz eta puntuazioaz zabaltzen diren ideien egokitasunaz aurkezturikoa aipa genitzake. Igone Zabalak aurkeztu zuen txosten hori Euskararen Erabilera Berezituen Mintegiaren izenean, eta ondoren eztabaida bizia piztu zen. Zabalaren hitzetan "egungo euskal testuek eraginkortasun falta nabaria dute" eta "testu hauek ez omen dute lortzen idazlearen komunikazio-helburuak betetzea". Era berean, esan zuen arazo horiek "konpontzeko formulek zerikusia dutela, batetik, perpausen eta izen-sintagmen osagaien antolakuntzarekin eta, bestetik, puntuazioaren erabilerarekin". Jardunaldietako partaideak horraino ados zirela esan badaiteke ere, osagaien antolakuntza eta puntuazioaren erabilera zehazterakoan adostasun txikiagoa nabari zen, eta iritzi-multzo garbiak sailkatzea erraza ez bada ere, nabari zitekeen batzuk XX. mendera arteko euskararen tradiziozko erabileren eta, hortaz, hitz-hurrenkera askeagoen zaleago direla, eta, aldiz, beste batzuek XX. mendean nagusitu den erabileraren aldekoago direla, alegia, Azkuek eta Altubek hedatutako prosa-eredua gogokoago dutela, hots, besteak beste, galdegaia aditzaren aurretik soilik koka daitekeela dioena. Konparazio batera, txostenaren aurkezpenean Zabalak hizkera arrunteko adibideak nahiz teknikoak erabili zituen, eta, besteak beste, seme galduaren parabolaren hasiera tradizioan gutxienez bost modutara idatzi dela adierazi zuen: «gizon batek bi seme zituen» (Azkue eta Altuberen ereduaren arabera, SOV -subjektua, objektua eta aditza- hurrenkera neutroa); «bi seme zituen gizon batek» (hurrenkera markatua Azkue eta Altuberen arabera, subjektua aditzaren atzetik doalako, eta, hortaz, aditzaren aurreko elementua galdegaia da); «gizon batek zituen bi seme» (Azkue eta Altuberen sisteman "gizon batek" soilik izan daiteke galdegai, baina tradizioan aditzaren atzetik ere galdegaia edo predikazio-gunea agertzen dela frogatu du Bittor Hidalgok, eta, hortaz, hitz-hurrenkera era askean antolatuz informazioa antolatzeko aukera ugari dituela euskarak); «gizon batek bazituen bi seme» eta «gizon batek bi seme bazituen» adibideetan, berriz, hurrenkera aldatzeaz gain, aditza markaturik ageri da Hego Euskal Herriko euskaldunon ikuspegitik, Ipar Euskal Herrian oro har horrelakoak arruntagoak baitira.
Jardunaldietan, beraz, terminologiarekin zerikusia duten gaiez gain izan ziren euskal sintaxiarekin zerikusia dutenak ere, terminologiaren eta balio berezitudun unitateen erabilera ez baita hizkera teknikoen ezaugarri bakarra
![]() |
|
||||
1871 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa