Pilar Iparragirre
Edozein dela ere, aginte motaren bat eskuratzen duenak bere erantzukizunak ditu, bai izendatu dutenekin, eta baita nonbaitera bideratu behar dituen besteekin ere. Eta horretaz ahaztu ez dadin, presio egiten hasiko zaizkio batzuk eta besteak. Horren adiera garbia baino ez zen 1972ko urrian ZERUKO ARGIAn gertatua, Setien jauna Donostiako eliz barrutiko gotzain izendatu berri zutenean. Denbora galdu gabe, Juan Jose Goenagak "Jose Maria Setien Gotzaiari eskutitz irikia" idazten zion bere orrialdeetan.
INFERNUKO TXIKITOAREN PERTSONIFIKAZIOA
Gizalegeak hala eskatzen zuela eta, "lehenik, bihoakizu nere agurra" esaten zion, ezer baino lehen, Juan Jose Goenagak Setien jaunari. Gero gerokoak! Hauexek, adibidez: "Direla egun batzuk, eta zure izendapenak egunkariaren leku txiki bateko tinta bustia zeukala oraindik, norbaitek esan zidan: æEz zekiat ze æpekatuÆ egingo zuen Joxe Marik, Donostiako Gotzai-Laguntzaille izendatzeko'. Badakit ez zaituela inongo ægora igotzekoÆ sentimenduak bultzatu Donostiako Artzai-Laguntzaille lana artzeko orduan. Donostiako Gotzai izatea ez dut uste urrezko medalla irabazteko bidea denik".
Hain leku txarra ote zen, bada, gotzain izateko orduan, munduan bakarra den Donostia? Hala zirudien, bere burua aurkezteko premia sentitu zuen Juan Jose Goenagak lerro artean zioena irakurrita behintzat.
"Ni, neroni, zu baiño dexente gazteagoa nauzu. Zure lan eta pentsamendu kritikoaren berri banuen aspalditxodanik zure idazkien bidez. Ni, nere belaunaldiarekin batera Vaticano II-garrenaren ondorengoa naiz. Geroztik apaiz egiñak, alegia. Zenbait pertsonarentzat, zu izan zera alako æoposizioko gizonaÆ. Beste zenbaitentzat, berriz, demonioaren edo gure artean esan ohi danez æifernuko txikituarenÆ personifikazioa, nik ez dakit nungo masoiak ordaindutako gizona. Guretzat, berriz, gure belaunaldiarentzat alegia, Vaticano II-garrengo gotzai zera. Gotzai æpost-conciliarÆ deitzen zaien oietakoa. Aurrerakoi, baiña Instituzioko gizona. Instituzio aundia aurrera atera nahi duen gotzai gaztea".
INSTITUZIORAKO FITXATUA
Hori ote zen aurpegiratu nahi ziona? Antza denez, bai.
"Ez dakit gotzai æpost-conciliarÆ baten erretratu-robotik ba ote den -botatzen zion gotzain berriari, deblauki-. Baldin balitz, ez ziñake erretratu orretatik urruti ibilliko. Bestalde, jakingo duzu orrelako erretratoek itzal asko berekin izaten dituztela... Aspaldi batetan norbaitek esan zidan: æI, Setien Jauna Donostiako Gotzai egingo ote duten zurrumurrua zebillekÆ. Eta onela erantzun nion: æNahiago nikek egingo ez balute... Gizon oiek libre behar dizkiagu, gotzai eginkizunetatik kanpo...Æ. Asmatuko zenduan (buru argia duzulako) zer barne-pentsamendu darabilkidan nere baitan... alegia Instituziorako fitxatzen dituzten pertsonak askatasuna galtzeko arrisku gorrian jartzen direla... Eta au ez dizut Gotzai eginkizuna gutxiestearren esaten. Gotzaiaren eginkizuna zer den nik baiño obeto jakingo duzu, noski. Baiñan, bestalde badakit, gotzai eginkizuna, bereziki gaur egun, ez dela Eliz-ministerioa bakarrik. æEkilibriokoÆ diplomazi-politikari ordu asko ematen dizkiozuela". Hara hor Juan Jose Goenagaren gogoa asaldatzen zuena!
Baina behin hasiz gero, hobe azaltzea barruan zituen kezka guztiak. "Gipuzkoako Apaizgo taldearen berriez ziur nago ondo jabetuta egongo zerala. Nik eta gure belaunaldikook apaiz giroa gutxi ezagutzen dugu, eta bestalde, gazteegi gera erabaki lekuetan parte artzeko. Gipuzkoak dituen gora beheretaz jakiñaren gaiñean izango zera... Parroki askotako egoera xelebreaz ereà asko ikusi beharko duzu (Nik dakidanez, sekula ez zera parroki batean egon). Euskal gaztediaren æexodoazÆ ere badateke zer esanik".
Urrunegi joan ote zen? Badaezpada, agur imintzioak egiten hasi zen gure gizona:"Gauza auetxek esan nahi nizkizun, Z. ARGIAtik agurra bidaltzea. Luzeegi egin gabe eta bukatzeko, atzo bertan gertatutako bat kontatuko dizut: Nere lagun kuadrillarekin nenbillela, batek onela esan zidan: æI, beste nagusi bat duzue, e...!; ze moduzkoa dek...?Æ. Banekien gotzaiak goitik behera izendatzen zirela, baiñan atzo nun artu nuen. Ez goitik behera etorri zeralako. Ez. Baizik eta ni, neroni, olaxe mintzatzen naizelako gure parrokiko militar sub-ofizialekin itzegiten dudanean, nagusi berria izendatu dietela-ta".
Beno, esana! Hortik aurrera, benetan agurtzea baino ez zuen: "Bukatzeko. Ez dizkizut aipatu gaur Gipuzkoak eta Euskal-Erriak dituzten arazoak. Ortarako izango duzu komisio eta kontsejatzaille treberik. Orrenbestez, agur. Gaizki esanak barkatu"
Daniel Udalaitz
LAB sindikatu abertzaleak mundu guztiko sindikatuak gonbidatu ditu neoliberalismoaren kontrako Nazioarteko Konferentzia Sindikalera, hau da, oraingo kapitalismo basatia mozorrotzeko baliatzen den termino berriak ezkutatzen duen egitatearen kontrako bilkurara. Ordezkariak Donostiako Amara Plazahotelean elkartuko dira urriaren 17an eta 18an. Nazioarteko Konferentziak "Beste mundu bat posible da" du lelo, eta azken urte hauetan globalizazio kapitalistaren kontra izan diren mobilizazio sindikalak eta sozialak gogorarazten dizkigu, hala nola, Seattle, Praga, Genoa, Niza, Biarritz, Porto Alegre, Bartzelona eta Sevilla hirietan ezagutu ditugunak.
Gaur egun arte, sindikatu abertzaleak aktiboki hartu du parte globalizazio kapitalistaren kontrako mugimenduan. Alde horretatik, gainera, indartu egin du nazioarteko jarduna: foro guztietan erakutsi du bere burua, bereziki estaturik gabeko nazioei zegozkienetan, eta, oraingoan, bere gain beste ardura bat hartuz, Nazioarteko Konferentzia Sindikala antolatzeari ekin dio. Joan den uztailean iragarri eta komunikatu zuen konferentzia, Munduko Sindikatuen Federazioko Europako sekzioak Estrasburgon egin zuen bilkuran, hain zuzen.
Besteak beste, ondoko herrialde hauetako sindikatuek eman dute konferentziara agertzeko hitza: Errusia, Hegoafrika, Guyana, Peru, Kolonbia, Japonia, Kuwait, Sardinia, Libano, Jamaika, India, Sahara, Angola eta Kuba. Euskal Herriko sindikatuei dagokienez, ELA, EHNE eta ELB gonbidatu dituzte.
NAZIOARTEKO JARDUN SINDIKAL SOLIDARIOAREN BILA.
Nazioarteko Konferentzia Sindikala sindikalismoaz libreki gogoeta egiteko gunea izatea nahi du LAB sindikatuak, eta, aurrera eginez, analisietan eta alternatibetan sakontzeko elkarbidea, modu horretan posible izan dadin nazioarteko gero eta ekintza sindikal efektiboagoa eta solidarioagoa. Bilkura hori antolatzeko garaian, sindikatu abertzaleko arduradunek oso gogoan izan dituzte globalizazio ekonomikoaren testuingurua eta kapitalismo basatiaren eboluzioa, hots, gaur egun neoliberalismo terminoarekin mozorrotu nahi den sistema. Azken batean, etengabe desoreka sozialen sortzaile ez ezik, txirotasunaren, esplotazioaren eta mendetasun ekonomikoaren iturburu den egungo kapitalismoa da elkarretaratzearen arrazoi nagusietako bat.
Gorabehera horri gagozkiola, aski da munduko egoerari erreparatzea: batetik, pobreziaren eta eritasunen tasa izugarriak; bestetik, herrialde handiekiko morrontza, batik bat Estatu Batuekikoa. Gogoratze aldera, hona hemen errealitate horren gaineko hainbat datu: planetako aberatsenen %20k kontsumitzen dute produzitzen denaren %80 inguru; hortaz, ia %14 bakarrik kontsumitzen du gainerako %80ak. NBE erakundearen arabera, 1.300 milioi pertsona bizi dira herrialde pobreenetan, eguneko euro bat soilik izanik.
Testuinguru horretan, Nazioarteko Konferentzia Sindikala antolatzeko ardura hartu dutenak oso jabe dira nazioarteko mugimendu sindikal tradizionala, hain burokratizatua eta ofizialista izanik, indarra eta sinesgarritasuna galtzen ari dela. Alabaina, uste dute existitzen dela sindikalismo alternatiboa, egungo globalizazio prozesuari aurre egiteko gai dena. Horregatik, sindikatuen arteko kolaborazioa suspertu nahi dute, eta, era berean, horrelako erakundeen nazioarteko elkarlana bultzatu, munduko herriak beregain eta kooperatzaile izateko bidean jar daitezen.
Konferentziako arduradunek konpromiso zehatzetara iristeko dinamika sortu nahi dute; bestela esan, globalizazioari buruzko hitz, adierazpen eta diskurtsoetatik ekintza zehatzetara pasatu nahi dute. LAB sindikatuak presazko irizten dio herrien nortasuna oinperatzen ari diren globalizazioari eta inperialismoari aurre egiteko ekintza sindikalak bateratzeari, eta, aldi berean, ezinbesteko jotzen du gehiengo sozialaren interesen kontra Europan garaitzen ari diren politika neoliberalak arbuiatzea.
KONFERENTZIAKO PROGRAMA.
Nahiz eta konferentzia bi egunetakoa bakarrik izan, programa betea osatu dute antolatzaileek. Sindikatuen bilkurak bi ponentzia handi izango ditu ardatz: globalizazioaren ezaugarrien gainekoa da bata eta gizartearen eta herrien Europari buruzkoa bestea. Lehenbiziko egunean, Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak estreinatuko du ekitaldia, kargudun horrexek egingo baitu hasierako hitzaldia. Ondoren, oraingo globalizazioaren ezaugarriak izango dituzte aztergai. Saio horretan, Mexikoko Unibertsitate Autonomoko Han Dieterich katedratikoak azalduko du bere iritzia krisi ekonomiko neoliberalaz eta haren ondorioez. Goizak aurrera egin ahala, inperialismoari buruz arituko dira, eta, gai horrekin batera, herrien nortasunaz, hegemonia ekonomikoaz, botere politikoaz eta burujabetasunaz. Arratsaldean, lehenbizi Argentinako krisia izango dute solasgai. Gero, iraultza bolivarianoa, Kubako blokeoa eta Saharako egoera aztertuko dituzte, eta, horretan, Vía Campesina nazioarteko federazio sindikaleko ordezkariek eta beste herrialde batzuetako sindikatuetakoek hartuko dute parte.
Bigarren egunean, hau da, azken egunean, gizartearen eta herrien Europa gaiak hartuko du gaina. Txomin Lorca LABeko ekintza sindikaleko idazkariak sarrera egin eta gero, EHUko irakaslea izateaz gainera, eurodiputatu abertzalea den Koldo Gorostiagak aurkeztuko du Europa eratzeko prozesuari buruzko ponentzia. Arratsaldean, herrien autodeterminazioa eta Europa soziala izango dituzte mintzagai. Saio horren barruan, Euskal Herriko, Quebeceko eta antzeko errealitateak aztertuko dituzte. Berebat, Europako sindikatuetako hainbat ordezkarik gai horri buruzko mahai-inguru batean hartuko dute parte; besteak beste, Grezia, Eskozia, Portugal, Italia, Korsika eta Kanarietako sindikalistek azalduko dute beren iritzia.
Egun bakoitzaren amaieran, baterako adierazpen bat onartuko dute nazioarteko konferentziako sindikatuek. Gerora, Donostiara azaltzerik izan ez duten sindikatuek, nahi izatera, posible izango dute adierazpen biak bere egitea
Axun Aierbe
Terminologiarekin nahiz hizkera berezituekin zerikusia duten gai ugari jorratu ziren Leioan burututako jardunaldiotan. Lehenengo egunean Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko M. Teresa Cabré eta Mercè Lorente IULA -Institut Universitari de Lingüística Aplicada- hizkuntzalaritza aplikatuko unibertsitate-institutuko kideak mintzatu ziren lehenik, bata terminologiaz eta hizkuntza-normalizazioaz eta bestea, berriz, terminologia-lanerako metodologiaz. Bestalde, Bertha Gutiérrez Rodilla Salamancako Unibertsitateko irakasleak zientzia eta lexikografia izan zituen hizpide.
Cabréren esanetan, lan egiten den hizkuntzan sortzen da terminologia, eta egokitu eta erabili egiten da. Hizkuntza jakin batean terminologiarik berez sortzen ez bada, landu egin behar dela eta hori ahalik eta hobekien egin behar dela esan zuen; izan ere, jakintza sor edo ekoitz daiteke edo kanpotik eskuratu behar da -eta ondorioz, baita terminoak edota esanahi berezitudun unitateak ere. Ildo horretatik, berez sorturiko terminologia eta terminologia planifikatua edo landua bereizi zituen. Halaber, erabiltzaileek kudeaturiko terminologiaren normalizazioa eta erabileraren ondorioz kudeaturiko normalizazioa bereizi zituen; izan ere, erabiltzaileak kudeatzaile direnean terminoa adostu egiten da, eta erabileraren ondorioz kudeaturikoan, berriz, erabileraren maiztasunak du garrantzia. Bestetik, industria-arloko normalizazioa aipatu zuen, industriak produktu jakin bat merkaturatzen duenean, terminoak erabiltzen baititu komunikazioa eraginkorra izan dadin. Horrela, bada, normalizazio bidean diren hizkuntzetarako terminologiak duen garrantzia izan zuen mintzagai, eta funtzio sinbolikoa eta praktiko-pragmatikoa nabarmendu zituen.
Bestalde, hizkuntza-normalizaziorako neologiak -hitz berriak sortzeak- duen garrantziaz ere mintzatu zen Cabré. Oso kontuan hartzekoa da terminologia tokian tokiko hizkuntzan sortu ahal izateak zerikusia duela teknologia aldetiko berrikuntzak ekoizteko gaitasunarekin. Baina, jakintza berezitua hizkuntza guztietan transmititu behar denez, zientzia- eta teknologia-arloan aitzindari direnek sortzen dituzten terminoetarako, gure hizkuntzaren baliabideak erabiliz, baliokideak sortzeko izan dezakegun gaitasunaren araberakoa izango da hizkuntzaren osasuna. Beste hizkuntza batean sortu diren edo sortzen diren terminoak bere horretan mailegatzeak edo kalko hutsera jotzeak duen arriskua nabarmendu nahi izan zuen.
Bide horretatik abiaturik, bigarren egunean, Euskal Herrian terminologia-arloan egiten den lanaz mintzatu ziren Araceli Diaz de Lezana, Miel Loinaz eta Iñaki Ugarteburu, hain zuzen ere, lehenak EAEko terminologia eta normalizazioa izan zituen mintzagai eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Terminologia Batzordea eratzeko onartu berri duen dekretua izan zuen mintzagai, besteak beste; bigarrenak, berriz, Euskalterm eta terminologia datu-baseak izan zituen aztergai; eta, azkenik, hirugarrenak EHUko Euskara Institutuaren beraren lanaz jardun zuen.
EUSKARA TEKNIKOAK.
Hitzaldi nagusien ondoren, hainbat eta hainbat arlotako euskara teknikoei buruzko komunikazioen txanda iritsi zen. Hamabost txosten aurkeztu ziren guztira, eta batzuk oso arlo berezitu eta mugatuetakoak ziren, hala nola, hizkera sinbolikoen esparruan kokatuko genukeen ikur eta zeinu bidezko adierazpide matematikoen irakurbideei buruzkoa. Beste batzuk, ordea, orokorragoak izan ziren, arlo ugaritarako balio dezaketenak. Horien artean, -tar, -ko eta -dun atzizkien erabileraz aurkeztu zirenak edo euskal hitz-hurrenkeraz eta puntuazioaz zabaltzen diren ideien egokitasunaz aurkezturikoa aipa genitzake. Igone Zabalak aurkeztu zuen txosten hori Euskararen Erabilera Berezituen Mintegiaren izenean, eta ondoren eztabaida bizia piztu zen. Zabalaren hitzetan "egungo euskal testuek eraginkortasun falta nabaria dute" eta "testu hauek ez omen dute lortzen idazlearen komunikazio-helburuak betetzea". Era berean, esan zuen arazo horiek "konpontzeko formulek zerikusia dutela, batetik, perpausen eta izen-sintagmen osagaien antolakuntzarekin eta, bestetik, puntuazioaren erabilerarekin". Jardunaldietako partaideak horraino ados zirela esan badaiteke ere, osagaien antolakuntza eta puntuazioaren erabilera zehazterakoan adostasun txikiagoa nabari zen, eta iritzi-multzo garbiak sailkatzea erraza ez bada ere, nabari zitekeen batzuk XX. mendera arteko euskararen tradiziozko erabileren eta, hortaz, hitz-hurrenkera askeagoen zaleago direla, eta, aldiz, beste batzuek XX. mendean nagusitu den erabileraren aldekoago direla, alegia, Azkuek eta Altubek hedatutako prosa-eredua gogokoago dutela, hots, besteak beste, galdegaia aditzaren aurretik soilik koka daitekeela dioena. Konparazio batera, txostenaren aurkezpenean Zabalak hizkera arrunteko adibideak nahiz teknikoak erabili zituen, eta, besteak beste, seme galduaren parabolaren hasiera tradizioan gutxienez bost modutara idatzi dela adierazi zuen: «gizon batek bi seme zituen» (Azkue eta Altuberen ereduaren arabera, SOV -subjektua, objektua eta aditza- hurrenkera neutroa); «bi seme zituen gizon batek» (hurrenkera markatua Azkue eta Altuberen arabera, subjektua aditzaren atzetik doalako, eta, hortaz, aditzaren aurreko elementua galdegaia da); «gizon batek zituen bi seme» (Azkue eta Altuberen sisteman "gizon batek" soilik izan daiteke galdegai, baina tradizioan aditzaren atzetik ere galdegaia edo predikazio-gunea agertzen dela frogatu du Bittor Hidalgok, eta, hortaz, hitz-hurrenkera era askean antolatuz informazioa antolatzeko aukera ugari dituela euskarak); «gizon batek bazituen bi seme» eta «gizon batek bi seme bazituen» adibideetan, berriz, hurrenkera aldatzeaz gain, aditza markaturik ageri da Hego Euskal Herriko euskaldunon ikuspegitik, Ipar Euskal Herrian oro har horrelakoak arruntagoak baitira.
Jardunaldietan, beraz, terminologiarekin zerikusia duten gaiez gain izan ziren euskal sintaxiarekin zerikusia dutenak ere, terminologiaren eta balio berezitudun unitateen erabilera ez baita hizkera teknikoen ezaugarri bakarra
Homosexualitatea
Onintza Irureta / Andrea Ruiz
Elkarte asko aritzea ere ez da seinale ona, halere. Oraindik aukera sexual guztiak errespetatzen ez diren seinale baita. Segidako orrietan hogeita bost urte hauetan diskriminazioaren aurka lanean ari diren hainbat elkarteren berri dakarkigu.
guztia irakurri
Pello Zubiria
Goizean hartu duzun (edo bazkalondoan eskatuko duzun) kafe kikarakada hori Euskal Herrian 0,8 edo 1,2 euro kostatu zaizu. Baina katilutxo barruan goilarearekin azukreari eragitzen zenion bitartean, ez zaizu burutik pasa ere egin ordaindu duzunaren %2 baino askoz gehiago ez diotela pagatu kafe aleak produzitu dituen laborariari. Akeitaren prezioa jakinda gainera, agian pentsatuko zenuen hori lantzen duen nekazariak gariari edo artoari baino etekin handiagoa aterako ziola. Baina oker zeunden: kafegilerik gehienak kostatu zaienaren azpitik ari dira saltzen beren uzta azken urteotan, eta gosetea nagusitu da labore hori nagusi bihurtu den lurralde aberatsetan.
Duela 100 urte baino okerrago.
Humanitarioak ez dira panorama hain beltz margotzen duten erakunde bakarrak, Kafearen Nazioarteko Erakundeak ere konfirmatzen ditu datuak. Azken 30 urteotako preziorik baxuenak ordaintzen dira kafe aleagatik beren sorterrian, eta lehengai nagusi gehienak 1980ko prezioen ia erdiraino jaitsi badira, kafea %70an merkatu da: prezio errealetan kalkulatuz... duela 100 urte baino merkeago saltzen dute laborariek!
Baina prezioen apaltze hori merkaturatze katearen alde batean bakarrik gertatu da. Izan ere 1990an kafe salmentak munduan 30.000 milioi dolar mugiarazten bazituen, gaur 70.000 milioitik gora iritsi dira salmentak. Kafea erein eta biltzen duten herrialdeetan ordea, duela hamar urte 10-12.000 milioi geratzen ziren bezala, gaur 5.500 milioi baino ez zaie iristen eskuetara.
Libra bat mendebaldean batez beste 3,60 dolarretan saltzen da eta horietatik nekazarientzako 24 zentabo baizik ez dira. %1.500eko marjen gordina ematen du horrek. Ondorioz, %17tik %25erainoko etekinetan ari dira lanean munduko kafearen erdia kontrolatzen duten bost enpresa erraldoiak: Sara Lee, Kraft, Procter & Gamble, Nestlé eta Tchibo.
Egoera honek ez du berez hobera egingo, azken urteotan kafearen merkatuan aldaketa estrukturalak gertatu direlako. Merkatu hauek arautzeko neurriak bertan behera utzi ziren 1989an, hasteko. Horrekin batera, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Moneta Funtsak bultzata, herrialde berriak murgildu ziren kafearen produkzioan. Brasilen asko zabaldu dira urteotan zuhaixka honi eskainitako lurrak, eta Vietnam bezalako herrialdeak ere azaldu dira konpetentzian.
Gainera, enpresa handiek gero eta teknologia aurreratuagoak erabiltzen dituztenez, kalitate eskasagoko aleak erabiliz antzeko produktuak lortzen dituzte, nahasketa berri eta errazagoen mirariz.
Krisia 125 milioi pertsonarentzat.
Krisirik sakonenean murgildu dira herrialde horiek ororen buru. Denen artean, kontsumitzen dena baino %8 gehiago ekoizten dute kafea lantzetik bizi diren 25 milioi laborari horiek, eta dagoenekoz munduko stocka iritsi da urte oso bateko produzkioaren %40 adinakoa izatera. Prezioek behera egin ahala, kostatu zaiena baino merkeago saltzen dituzte beren uztak nekazari horiek. Eta konpainia handiek lehen adinako kalitatea ez baina prezioa eskatzen dietelarik, orain artean urtero hiru alditan biltzen zuten garaua orain behin bakarrik jasotzen dute, on eta txar, pasatu, heldu eta berde, denak nahastuta. Eta horretarako, lehen baino askoz eskulan gutxiago behar dute.
Horrelako egoeraren ondorioak ezin bromakoak izan. Ez bakarrik zuzenean labore honi lotutakoak, herrialde osoen jarduera harrapatzen du hondamendiak. Mendebaldeko arima zintzo asko hunkitzen dituen kanpo zorra baino okerragoa da prezioen hondoratzeak herri askori eragindako kaltea. Kasu bakar bat aipatzeagatik: Etiopiari aurten 58 milioi dolar barkatuko zaizkio, baina kafearen prezioengatik 110 milioi galduko ditu.
Zuzenena ukituak, noski, nekazariak dira. Laborari askok beste produktuak lantzera jo dute, eta Hego Amerikan bidenabar, kafea utzita iritsi dira koka produkziora asko eta asko. Emigrazioa da beste ihesbidea; Estatu Batuetako mugetan urtero hiltzen diren ilegaletako asko Mexikoko kafegileak dira. Hirira edo ahal den lekura, baina ihes. Suizidioen albisteak iritsi zaizkie erakunde humanitarioei munduko alderdi askotatik. Enpleguak ere urritu dira: Guatemalan, iaz 500.000 jornalari enplegatu ziren lekuan 250.000 kontratatu dira aurten. Langabezia da horietan eguneroko... gosea.
Gosea pasatzen edo situazio horretara makurtzeko puntuan 125 milioi pertsona ikusten ditu Oxfam-Intermonek. Azken bi urteotan nabarmen hondoratu baita beren bizi kalitatea, prezioen atzetik. Haurren eskolaratzea etenda, osasun zainketarako dirurik ez da gehiago.
Sorospen plana.
Kafea Erreskatatzeko Sorospen Plana jarri nahi du martxan Ignasi Carreras buru duen GKE horrek. Indarra duen herrialde guztietan hedatu du, eta bere atal deigarrietako bat -"Justiziazko Merkataritza Ibilaldia" izena duen trailerra- heldu den udaberrian iritsiko da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara.
Plan hau 18 herrialdetan ari da bultzatzen erakunde hori. "Merkatuak denentzako funtziona dezala" aldarrikatzen du bere helburu nagusiak, eta nekazariei alea gaur ordaintzen zaienaren bi halako izatea lortu nahi du. Plan taktiko oso bat zehaztu du Oxfam-Intermonek, neurri oso zehatzekin, tartean soberakinetan dauden kalitate txarreko 15 milioi zaku kafe suntsitu eta landare berriak (are gutxiago fruitu ugariko hibridoak) landatzeko laguntzak etetea. Asmo zehatz eta ausartak, 125 milioi jenderen bizia salbatzeko
http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko lotura gehiago aurkituko duzu.