- Rodrigo Rato, Espainiako Gobernuko lehendakari ordeak «El Mundo»n: «Ibarretxek azaldu beharko duena da ea nork ordainduko dituen pentsioak Atxikimendu Libreko Estatuan».
- Xabier Arzalluzek «Deia»n: «Zenbaitzuk ikaratu egiten dira banderarena moduko gertakizunekin. Badira beldur ekonomikoa azaleratzen dutenak, Vizcaino jaunak industria gizonen aurrean egiten duen bezala, edo autonomien suspentsioak aipatzen dituztenak. Horixe da, hain zuzen, nahi dutena, gu ikaratzea. Euskal herritar bakoitzak jakin beharra du: ikaratzen bagara galduko dugu, eusten badiogu irabazi».
- Fernando Savaterrek «El Diario Vascon»: «Donostiako Jaialdiak zinema konprometitua du gustoko eta, nola ez, horren erakusgarri da bere ibilbidea. Baina ez du gustuko konprometitzea, hori ez: gauza bat da Jessica Langeren heroitasuna eta beste bat giro txarra sortzea».
- Mario Onaindia, Arabako PSE-EEko lehendakaria: «Gehien sufritzen dutenek muturrekoenekin hitz egiten hastean bakarrik egon ahal izango da irtenbideren bat, hori pentsatzen jarraitzen dut».
Manuel Montero EHUko errektorearen ustez, euskararen garapena EHUn babestu nahi bada, ezinbestekoa da ahalik eta azkarren EAE mailako unibertsitate lege bat egitea.
«El Punt» egunkari katalanak, Madrilgo banderarenari erantzunez, hileroko lehen ostiraletan Kataluniako senyera jarriko du lehen orrialdean. Egunaren hautaketa dela eta, «El Punt»ekoek punta atera nahi izan diote askok nabarmendu dutenari: frankismoan zehar «primer viernes»ean haurrak konfesatu eta komulgatu arazten zituztela.
Carlos Iturgaiz EAEko PPko lehendakaria izendatu dute berriz joan den asteburuan iragandako EAEko PPko X. kongresuan.
Gemma Zabaleta eta Denis Itsaso PSE-EEko Euskal Sozialismo Berriko korronteko kideek, Con mano izquierda (Una nueva politica frente al colapso vasco) liburua aurkeztu berri dute, Alberdania argitaletxearen eskutik.
Felipe Gonzalez Kongresuko eserlekua utzi nahian ei dabil aspaldian. Zenbait prentsa zurrumurruren arabera, urriaren 28a baliatu dezake horretarako, PSOEren 1982ko garaipen historikoaren 20. urteurrena.
Jakoba Errekondo
Baratzagintzan aritzen direnen artean gero eta barazki gehiago lantzeko joera errotzen ari da azken urteetan. Inguru hauetan sekula ezagutu gabeko barazkiak, lehengoen barietate berriak eta abar nonahiko baratza txoko eta azokatan topa daitezke egun. Nobedadearen aldekoa da baratzezain tematien azken puntako dema nagusia. Plazara jaki berri bat nork azaldu, hura ibiliko da, barazkia bera baino lehenago, denen aho-mingainetan. Soka beretik ikaragarri pattaldua da barazki jakin bat, betidanik landutako horietako edozein, nork lehenago plazaratzeko borroken garai bateko sona. Apaltze honek soinean daraman lasaitasuna ustiatu beharko litzatekeela iruditzen zait. Inongo estuasunik gabe, ematen badu ondo eta ez badu ematen ere bai, kopetean uztak garaiz kanpo ekartzearena dutenen alde hitz egin nahi dut. Urrutira gabe ondoko baserrian dut espektakulo ederra: udazkenean jango diren ilar berde berriak arbatzeko moduan dituzte, sasoi honetan, bai! Udazkenaren sotoan udaberri-udaberriko lanak egiten... eta laster, eguraldiaren ederrarekin bat, ilar berde berrien fintasunak aho sabaiak, aho zeruak izartuko ditu
Jabier Agirre
Jaio aurretik eman zizkieten berri txar guztiak atzean geratu dira, eta argazkian ikusten ditugun haurtxoak, ondo kostata bada ere, beren etxean daude, inguruko guztien gozamenerako. Medikuek bizirik irauteko %20ko aukerak besterik ez zizkieten ematen, baina Ellie eta Aiden bikiek beren biziaren alde borrokan egin ondoren, aurrera egitea lortu zuten.
"Kristalezko bikiak" deitu zieten, eta bere gurasoei ukitzen ere ez zieten uzten. Izan ere kilo erdia besterik ez zuten pisatu jaio zirenean, eta bazekiten denek (mediku nahiz familiartekoek) beren bizitza arrisku larrian zegoela. Gainera, jaio eta bigarren egunean Elliek odoljario bat izan zuen bere garun txikitxoan, garaiz aurreko erditzearen ondorioz.
Medikuak esan zien gurasoei, sinestunak baldin baziren, hobe zutela umeak bataiatzea, seguruenik ez zutelako bizirik iraungo. Eta beren umetxoen bizitza hain arrisku handian zegoela jakitea kolpe latza izan zuen gurasoentzat. Zer esanik ez, Elliek hiru operazio, bata bestearen atzetik, jasan behar izan zituenean, garunean pilatutako likidoa drenatzeko.
Baina umeek gogor eutsi zioten, eta sei hilabete hiru ospitaletan eman zituzten, medikuek etxera joateko moduan zeudela erabaki zuten arte. Therese eta Nick gurasoek beren bikiak hartu eta ahizpa zaharragoen ondora eraman zituzten. Orain egoera baikortasun handiagoarekin ikusten du amak: "Umeak egunetik egunera sendotuz doaz. Elliek oraindik ospitalera joan beharra dauka, baina etxean dauzkagu gurekin"
IBARRETXE POPULISTA
ERA denetako adjetiboak entzuten ari dira Ibarretxe lehendakariari buruz, baina gutxitan entzun izan da populistarena. Besteak beste, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren aholkulari ohi eta Ajuria Eneko Itunaren bultzagile Jose Luis Zubizarreta analista politikoak egin dio populista izatearen akusazioa, «El Diario Vasco»n hilaren 6an idatzitako artikuluan.
SERBIA ETA EUSKAL HERRIA, IBARRETXE ETA MILOSEVIC
IBARRETXE lehendakariak bere proposamena mahaigaineratu duenetik behin baino gehiagotan ateratzen ari da Balkanetako erreferentzia. Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko buruak berak ere egin du halakorik EAEko PPren X. Kongresuan, EAJk demokrazia traizionatu duela eta Balkanetarantz abiatzen ari dela salatzean. German Yankee-k zuzentzen duen «Epoca» astekaria zuzenagoa da eta Slobodan Milosevic eta Ibarretxe lehendakaria parekatzen ditu azken honen proposamena orrialde batean azaltzeko egindako erreportajearen sarreran: «Serbia Handiaren proiektu etnikoa zuen Slobodan Milosevic-en erorketaren ondoren, EAJren proiektu sabinianoa da Europan geratzen den azken proiektu totalitario esanguratsua».
TORTURA SALAKETA GEHIAGO
GUARDIA Zibilak Gipuzkoan eta Bizkaian egindako operazioan atxilotutako Oihane Bakedano, Aizeti Fernandez, Rafael Berasategi, Aritz Lasa, Jokin Errasti eta Oihana Lizasok Guardia Zibilaren esku egondako egunetan jasandako torturak eta tratu txarrak salatu dituzte. Bañera izeneko tortura, gorputz osoan emandako kolpeak eta mehatxuak salatu dituzte.
JAURLARITZAREN KRISIAK
EZ dirudi Izquierda Unidak Ezker Batuarekiko erakutsi duen distantziak Jaurlaritzan eragin handirik izango duenik. Ikusi behar, dena den, iragandako arazoen zirrikituak agerian uzten baititu denborak. Orain, esate baterako, ezagutzen ari da EAtik EAJri Ibarretxeren proposamen dela eta egin zaion presioa. Presio gogorrena, hala ere, Eusko Legebiltzarrak uztailaren 12ko diktamena egiterakoan egin zuen. Irailaren 27ko proposamenak uztailaren 12an iragarritakoa asetu ezean, Jaurlaritza uzteko mehatxua ere egin zion EAk EAJri.
19AN HIRU MANIFESTAZIO
DONOSTIAN, Ermuko Foroak eta Aski da! plataformek deitu dute manifestazioa, «euskal nazionalismoak eragindako bazterketaren» aurka. Baionan eskubide zibilen alde eta Bilboko manifestazio erraldoian erabilitako «Gora Euskal Herria» lelopean deitu dute zenbait herritarrek. Iruñean ere, Batasunaren ilegalizazioaren aurka deitu du herritar talde batek «Nafarroa askatasunen alde» lelopean. Bestalde, Ruben Nieto, Paul Asensio eta Jabier Balanzategi espetxeratuak izan dira, Batasunaren aurkako manifestazioak antolatzearen akusaziopean.
INTERNETEKO «.ES» DOMEINUAREN AHULDADEA
INTERNETEKO mundu zabalaren berri ematen duen «-Euskadi» buletinak jakinarazi duenez, espainiar izaera adierazten duen «.es» domeinua oso gautxi erabiltzen da, 37.000 besterik ez dira sarean. Arrazoia, antza, domeinu hori espainarregia egiten dela.
SANZEN LASAITASUNA
Nafarroako egoeraren eztabaidan argi ikusi da Miguel Sanz lehendakariak jarduteko duen lasaitasuna. Azken urtean oposizioa gogortu duen PSNrengandik beldur handirik ezin duela izan ikusi da, gai esanguratsuenetakoetan berdintsu jokatzen ari direlako, esate batera terrorismoaren aurkako politikak deitutakoak eta euskararen eremukoak. Batasunak bi alderdi horien proposamenetan ez parte hartzeak ere PSNren egoera larriagotzen du, kutsu sozialeko bere proposamen guztiak UPNk atzera botatzen dituelako. Bitartean, Sanzek eskuinerantz jarraitzen du lasai, Volkswagen eta inmigrazioari buruz esandakoak horren lekuko esanguratsuenak.