Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-18 11:09:55
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-10-13 -- 1871.zenb


EHE-REN EGITASMOAK

Euskal Herrian Euskaraz taldeak euskararen normalizazio osoa helburu izango duen hizkuntza politika berria aldarrikatu du. Hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan bermatzea eskatu du Iruñean egindako nazio batzarrean. Epe laburrean burutuko dituen egitasmoen berri eman zuen halaber. Justizia Administrazioan eta Osakidetzan euskarak pairatzen duen egoera salatzeko hainbat mobilizazio egingo ditu urrian eta azaroan. Abenduan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko manifestazioa egingo du.


GETXOKO UDALA EUSKALDUNTZEN

2005ean heritarrak euskaraz artatzeko konpromisoa hartu du Getxoko Udalak. Hiru urtetan udaletxeko langileek euskara lanabes bihurtzea du helburu planak. Udalak adierazi duenez, 109 lanpostu dira herritarrekin harreman zuzena dutenak, %18. Kopuru hori euskalduntzeko ekintza ugari abiaraziko ditu, besteak beste, euskararen erabilera sustatzeko kanpainak eta langileentzako euskara ikastaroak.


HIZKUNTZ ESKAKIZUNA MERITU IZANGO DA EHU-N

Euskal Herriko Unibertsitateko gobernu taldeak LOU legea indarrean jartzea erabaki eta ondorioz, EHUko irakasle elebidun posturako hizkuntz eskakizuna ez da beharrezkoa izango, meritua baizik. Juan Jose Larrea euskara errektoreordeak gobernu taldeak LOUrekin bat egiten ez duela adierazi du, baina legedia jarraitzea erabaki duela funtzionamendu arazoak saihesteko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitatearen Legearen zirriborroa aste gutxi barru, azaroan beranduenez, gertu izango dela jakinarazi du.



INTXIXU IKASTOLAREN 25. URTEURRENA

Bilboko San Inazio auzoko Intxixu ikastolak 25 urte beteko ditu urriaren 17an. 25 haurrekin hasi zuen ibilbidea eta egun 300 ikasle ditu. Azaroaren 9a bitarte ekitaldi ugari izango dira 25. urteurrena ospatzeko; Hortzmuga eta Deabru Beltzak antzerki taldeen emanaldiak eta euskal baserriaren inguruko hitzaldia esaterako.


BI URTEZ BEHIN

Bi urtetik behin jokatu ohi da Bizkaian Bertsolari Txapelketa. Iazko udaberrian jokatu zen Eskualdeetako Txapelketetako irabazleek eta Bizkaiko Txapelketaren edizioren batean finalista izandakoek parte hartuko dute aurtengoan. Guztira, 37 bertsolariren zerrenda osatu da dagoeneko hasia dagoen lehiarako. Hiru fasetan banatuko da: kanporaketak, finalaurreak eta finalak. Aurreko Txapelketan finalista izan zirenak zuzenean sartuko dira finalaurreetara, kanporaketetan parte hartu gabe. Guztira, zortzi bertsolari izango dira Euskalduna Jauregian abenduaren 8an egingo den finalean. Bi azpisaiotan banatuko da. Lehenengo azpisaiotik bi bertsolari aukeratuko dira, eta bien artean jokatuko da txapela bigarrenean.


«KANTUKETAN» LIBURUA

EUSKAL Kultur Erakundearen partaidetzarekin Elkarlaneanek «Kantuketan, lÆunivers du chant basque» liburua plazaratu berri du. Bertan, zazpi ikerlarik euskal kantagintzaren inguruan burututako lana biltzen da. Hain zuzen ere, EKEk antolatutako erakusketa ibiltarirako bildutako materiala jaso dute liburuan. Besteak beste, euskal kantagintzaren historia, kantua eta musikaren arteko lotura edota diasporak kantuari ekarritako aportazioa jorratzen dira bertan.


BIDEO BILERAK 25 URTE

HOGEITA BOST urte beteko ditu aurten azaroaren 21etik 23ra burutuko den Lekeitiko Zine eta Bideo bilerak. Ohiko bideo emanaldiez gain, ekitaldi bereziak antolatu dituzte. Esaterako, Lakuako Gobernuak gerra aurretik sortutako filmak eskainiko dituzte, eta Lekeitiko bileraren historia jasoko duen liburua plazaratuko dute. Bestalde, lehiaketan parte hartu nahi dutenek, urriaren 13a baino lehen bidali beharko dituzte 30 minututik beherako euren euskarazko lanak.


ARTIUM ETA AMARICA

EUSKO Jaurlaritza Artium Fundazioan babesle instituzional gisan sartu da, eta beraz Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Museoaren funtzionamenduaren eta gestioaren gastuetan hartuko du parte. Jaurlaritzak onartutakoaren arabera, aurten, Kultura Sailak 601.012 euro bideratuko ditu Artiumera.
Bitartean, PP-UAk eta PSEk Amaricaren gaineko herri ekimen legegilea bideratzearen aurkako botoa eman zuten Arabako Batzar Nagusietan orain aste batzuk. Ondorioz, Amarica Plataformako kideak haserre agertu dira. Amaricaren aldeko herri ekimen legegilea Araban aurkezten den lehenengoa da eta 5.600 sinaduren babesa zuen. Hori dela eta, Plataformak «Nire sinadurak badu balioa eta 5.600ek askoz gehiago» kanpaina jarriko du abian.


IZENEN ZERRENDA

EUSKADI Literatura Sarietarako finalisten izenak ezagutarazi ditu Kultura Sailak. Ohikoa ez den arren, euskarazko, itzulpeneko eta haur eta gazte literaturako hautagaien izenen zerrenda publiko egin da. Euskarazkoan, Juan Ramon Madariaga, Joseba Sarrionandia, Ixiar Rozas eta Itxaro Borda dira hautagaiak. Haur eta gazte literaturari dagokionez, Aitor Arana, Xabier Olaso, Mariasun Landa, Josu Penades, Miren Agur Meabe eta Javi Cillero. Irabazleak aukeratu ondoren, sari banaketa azaroan egingo da.


SAN TELMOREN MENDEURRENA

JOAN den larunbatean 100 urte bete zituen Donostiako San Telmo Museoak. Etorkizunean zein funtzio beteko duen zehazteke dagoen arren, mendeurrena ospatzeko eraberriturik dago. Besteak beste, klaustroko sarrerako atondoa berrituta dago, beheko klaustroan hilerrien multzoa ere eraberritu dute, eta erakusketei dagokienez, Iturrinoren grabatuak jarriko dira ikusgai eta goiko klaustroan museoaren ondareak erakutsiko dira.

- Gorka Salmeron argazkilariak zera zioen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Erakunde publikoek kultura fotografikoa zabaltzeko egitura finkoagoa sortu beharko lukete».
- Gael Rablas Théâtre du Versant taldeko zuzendariaren iritziz, «koprodukzioei esker, antzerkia aberastu eta berritu egiten da». Hitzok «Gara»n esan zituen.
- Juan Antonio Urbeltz koreografoak «Artez» aldizkarian: «Sormenerako herri baten ondarea ezagutzea beharrezkoa da».
- Ramon Bareak «Prest!» aldizkarian adierazitakoa da honakoa: «(Aktoreak) kritika baten menpe bizi gara etengabe, onerako zein txarrerako. (...) Beti zagoz ikasten eta horregatik lanbide honetan hasiberria izatearen sentsazioa daukat askotan (...)».
- Pantxoa Etchegoinek zera idatzi zuen «Hermes» aldizkarian: «Orokorki, euskal kulturari dagokionez, Ipar Euskal Herriko elkarte eta artista gehienak amateurrak dira. Bainan denbora berean, aktore horien formatzea garrantzitsua da. Hain zuzen, amateurren eta profesionalen arteko muga ezabatu behar da».

«Goenkale» telesailaren web gune berria iragartzen duen gaztelania hutsezko prentsa oharra jaso dugu Pausokatik. Edukia ere harrigarria da: «Os envio una nota de prensa con relación al nuevo website de la exitosa serie de televisión æGoenkaleÆ que se emite en ETB2».

Garbiñe Losadak Arriola Kultur Aretoak ematen duen antzerki zuzendari eta idazlearen Arriola Saria eskuratu du. Aurtengo ekitaldian arte eszenikoetan emakumeak duen presentzia omendu nahi izan dute sariek. Hori dela eta, Losadaz gain, Maite Agirre, Maite Bartolomé, Belén Alvarez, Arantza Insera eta Adelaida Fernandezek sari bana eskuratu dute.
Iñaki Salvador eta Jorge Pardok zuzeneko jazz disko bat grabatu dute Donostiako Altxerri arte galeriaren 20. urteurrena ospatzeko.
Markeliñek «Punto rabo» izeneko lana estreinatu du aste honetan Zornotzan Antzerkide jardunaldien baitan.
Bernardo Atxagak Giza, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria jaso zuen lehengo astean Donostian.

Ismael Manterolak honakoa zioen «Gara»n arte ikasketei buruz:
«Bere kasa ikasten duten artistak badaude ere, gaur egun jende gehiena goi mailako ikasketak burutzera behartuta dago artearen munduan sartu nahi badu (...).
Duela urte batzuk plangintza berriak onartu zirenean, kreditu-sisteman oinarrituriko ikasketa-plana diseinatu zen. (...) Aurreko sisteman ikasturte osoko irakasgaiak zeuden, baina, orain, lau hileko iraupena dute. Aldaketa horrek ez dio ezer onik ekarri praktika oinarri duen artearen irakaskuntzari: irakasgai teorikoak murriztera behartu gaituzte. Artea asimilatu ahal izateko prozesuak nahikoa motela behar du izan eta lau hileko epeak (...) motz geratu dira beharrezkoak diren oinarrizko kontzeptuak behar bezala garatzeko. (...) Kreditu sistemak ikasleari askatasuna ematen dio ikasketak nahi dituen bezala antolatzeko eta æbide curricularrakÆ aukeratzeko. Oinarrizko eta aukerazko irakasgaiaren arteko desorekak oso aukera askea eman beharko lioke ikasleari nahi duena egiteko eta gustuko irakasgaiak aukeratzeko bere trebetasunak garatzearren. (...) Ez da hala gertatzen praktikan. Ikasketa plangintza anglosaxoietan (...) asko begiratzen zaio espedienteari, baina gure artean ez dago ohitura bera; gehiago begiratzen diogu titulazioari eta ez horrenbeste formatzeko eta hezkuntza jasotzeko orduan ikasleek erakutsitako trebetasunari eta gaitasunari».

Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeak euskara ikasle guztiak diruz lagunduko ditu. %40 edo %75eko laguntza jasotzeko hainbat baldintza bete beharko dituzte ikasleek: 16 urtetik gora izatea, ikasketa ofizialak eskaintzen dituen euskaltegian ikastea, %90eko asistentzia izatea...

hemeroteka

1870. zenbakia | 2002-10-06
1869. zenbakia | 2002-09-29

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan