Nafarroa Oinez 2002
1995eko Nafarroa Oinezi esker altxatutako eraikuntza honen azpiegiturak hornitzeko ahalik eta diru gehien bildu dadin, gustu eta adin guztientzako egitarau zabala antolatu du ikastolak. Gutxienez 100.000 pertsona bilduko dituelako esperoan, inoiz baino partaidetza handiagoa eskatzen dute antolatzaileek. Izan ere, beharrezkoa baita Erriberan euskarak bizi duen krisiari aurre egin ahal izateko, euskaltzale guztiok bat egin eta ikastolak gizartean eta hezkuntza arloan merezi duen onarpena erakustea.
Hogeita bi urte dira Nafarroako Ikastolen aldeko lehenengo Nafarroa Oinez jaialdia egin zela. Aurten, Tuterako Argia Ikastolaren txanda da. "Muga guztien gainetik" lemapean, hamazortzi urtez oztopo eta traba anitz pairatu dituen Erribera aldeko ikastola honek, euskararekiko begirunea erakutsiko digu datorren urriaren 20an. Halaber, traba eta oztopo guztien gainetik, bai ikastolak eta bai euskarak Erriberan euren lekua dutela aldarrikatuko du Argia Ikastolak.
Dena den, urtebete daramate prestatzen Nafarroa Oinez 2002. Hamar pertsonez osaturiko batzorde batek lanean jardun du urte osoan zehar egun handi honetako egitaraua prestatzen. Batzorde horretako kide bakoitza, beste azpibatzorde batzuetako ordezkari da. Hala, eginbehar guztiak behar diren moduan bete daitezen, jarduera guztiak finkatzeaz eta segurtatzeaz arduratu da batzordea.
Urriaren 20ko antolakuntzaz gain, beste zenbait ekitaldi ere burutu dituzte dirua lortzeko. Esaterako, uztailaren 19an milaka lagun bildu zituen kontzertua egin zen Tuterako zezen plazan. Bertan izan ziren Nuria Fergo kantaria, Amparanoia taldea eta Alaitz eta Maider. Horretaz gain, Haur Kantari Txapelketa, 200 trikitilari bildu zituen trikitixa jaialdia, bertsolari txapelketako finalerdiak, musika kontzertuak eta bestelako ekitaldiak burutu dira. Orobat, Euskaltzaindiarekin bat, "Juda Al-Hevi" izenburuko liburuaren aurkezpena egingo da urriaren 18an. Ebreoz, euskaraz eta erdaraz argitaraturik, "Juda Al-Hevi" olerkari tuterarrari omenaldia egiten dio, bere olerkiak eta bere bizitzako zenbait pasarte irakurgai dituelarik. Aurkezpen ekitaldian, zenbait bilkura izanen dira.
Argia Ikastolaren azpiegiturak hornitzea izanen da aurtengo Nafarroa Oinezen helburu eta ahalegina. Halaber, egitasmo honetan bilduriko dirua, gimnasioa, jolas lekuak, gelak, komunak eta bestelako egiturak eraikitzeko erabiliko da. Bestalde, euskarak Erribera aldean bizi duen kinka larria dela-eta, euskal hizkuntzarekiko begirunea bizkortzea eta zabaltzea lortu nahi da. Bai Erriberan eta bai Tuteran, euskararen garapena eskasa da bere esparru guztietan. Hau dela eta, jendeak euskararengan sinesten jarrai dezan, inoiz baino laguntza eta bultzada handiagoa behar du euskararen aldeko festak honek. Erronka honi arrakasta handiz erantzuteko asmoz, haur hezkuntzako lehenengo ziklo osoa ezartzea izanen du helburu ikastolak. Izan ere, Nafarroako Erriberako herritarrei euren seme-alabek euskaraz ikasi ahal izateko duten legezko eskubidea bermatzea izan baitu xede beti Argiak.
WWW.NAFARROAOINEZ.NET.
Ekimenak ahal duen zabalkunde handiena lortu dezan, www.nafarroaoinez.net web gunea ere sortu dute. Bertan, ekimenari buruzko informazio zabalaz gain, Argia Ikastolari buruzko informazioa, argazkiak, Oinezen produktuak erosteko denda, jokoa, agenda eta albisteak eskaintzen dira, besteak beste. Era berean, ikastolaren hezkuntza proiektua sendotzeko dirua lortu asmoz, "Erlojua" izeneko kanpaina jarri zuen martxan web guneak, "Eros ezazu denbora euskaraz Erriberarako" lemapean. Atal honetan, Oinezeko logotipoa duen hondarrezko erlojua erosteko aukera eskaintzen da. Denboraren unitatea eta hondarraren sinbolismoa aitzakiatzat harturik, erosketa solidarioa egitera animatzen du web guneak.
HIZKUNTZA ETA KULTURA ANIZTASUNA HIZPIDE.
Etengabeko mugimendua eta bilakaera adierazten duen Erriberako eguzki horia eta Bardeetako Castildetierra irudia dira aurtengo Nafarroa Oinezen logotipoa osatzen duten elementuak. "Muga guztien gainetik" lemapean, Argia Ikastolak hamazortzi urte hauetan zehar igaro dituen hamaika zailtasunen gainetik euskarak bizirik dirauela adierazi nahi du Sandra Allo Perezek eginiko logotipoak.
Kantari dagokionez, hitzak Joxemiel Bidator idazle eta ikertzailearenak dira, eta musika Edor Zubeldia eta Javier Perez de Obanos bertako irakasleena. Kantan Karim Kerchit, Itziar Flores eta Paul Mahlerrek abesten dute eta koruak Argia Ikastolako haurrek egin dituzte. "Muga guztien gainetik, euskara" izenburuarekin, Tuterako jaiaren ideiak jasotzen ditu euskara, amazigh eta gaelikoa nahastuz; alabaina, hizkuntza eta kultura aniztasuna dira kantaren lelo nagusiak.
HAZIA EREITEN.
1984ko azaroaren 5ean sortu zen Argia Ikastola Erriberan bizi diren herritarrei euskara hutsezko hezkuntza jasotzeko zilegizko eskubidea eskaintzeko xedearekin. Bost ikaslerekin, guraso talde baten ekimenez sortu zen ikastola. Hala, zazpi ikaslerekin amaitu zen 84/85 ikasturtea. Aitzitik, Griseras auzoko El Ferial kalean hasi zen 85/86 ikasturtea. Bertan paraturiko eraikin txiki batean egon zen ikastola 1990 urtera arte. Instalazioen leku faltak eraginik, azpiegitura hobez osaturiko beste ikastetxe batzuetara eramaten zituzten gurasoek euren seme-alabak. Hala, antzina behitegi bat izaniko Albea izeneko leku batean hasi zen 90/91 ikasturtea. Aipaturiko lokalak 1995 arte iraun zuen zabalik, 100 ikaslerekin gutxi gora behera. Arazo ekonomiko larriak jasan arren, ikastetxe duin bat sortu asmoz 7.800m2-ko lursail bat erosi zuen ikastolak. Halaber, kalitatezko hezkuntza proiektua eskaintzea eta Administrazioak legeztatu ahal izateko arautegia beteko zuen zentroa sortzea izan ziren garai hartako aurreikuspenak.
Arazo ekonomikoei konponbidea eman nahian, Nafarroako Ikastolen Elkarteak Nafarroa Oinez antolakuntza esleitu zuen, eta horri esker egun Fontellasen kokatzen den Argia Ikastola sortu zen.
IKASTOLA LEGERIATIK AT.
Gaurdaino, Erriberako hiriburuan euskaraz irakasten duen eskualdeko zentro bakarra da Argia Ikastola. 250 ikasle eta 20 irakaslez osaturik, Erriberako gizarteari euskararekiko errespetua eta estimua helarazten jarraitzen du. Hala ere, Nafarroako Administrazioaren hizkuntza politika batek eremu ez euskaldunean kokatzen du ikastola, hots, alegaltasun egoera batean. Nafarroako Gobernuak Euskararen Legeari buruz egiten duen irakurketan oinarrituta, eremu erdaldunean ikastolarik ezin dela eraiki dio. Beraz, Argia Ikastola ez da legezkoa, baina ezta legez kanpokoa ere. Egoera larria bada ere, euren eskubideak defendatuz negoziatzen jarraitzea da egun ikastolaren asmoa.
EUSKARA ARRISKUAN ETA AEK EUSKARA SUSPERTZEN.
1970ean sortu zen Tuteran lehen euskaltegia. 1982an euskara irakasteko lokalik gabe geratu ostean, AEK Arrigarai euskaltegia sortu zen 1983an. Berau da ikastolaz gain, euskara ikasteko zerbitzua eskaintzen duen egoitza bakarra. Azken boladan Erriberako euskarak jasaten duen krisia dela medio, matrikulak beherantz egin dute. Izan ere, orain arte oposaketak prestatzen zituen jendeak euskara ikasteko iniziatiba hartzen bazuen ere, orain oposaketetan euskara jakitea ezinbestekoa ez denez, jendeak euskara ikasteari utzi dio hein handi batean. Zorionez, oraindik bada norberaren kabuz euskara ikasteko izena ematen duenik
Zaragozako mugan eta Ebroren ibarrean kokatzen da Nafarroako Tutera udalerria, ia 30.000 biztanlerekin. Merkataritza eta administrazio gune garrantzitsua izateaz gain, industria, eraikuntza eta laborantza ditu Tuterak jarduera ekonomiko nagusi.
Historiari erreferentzia eginik, Historiaurreko harriak, zeramika eta Brontze Aroko tresna landuak aurkitu dira udalerriko lurretan. Era berean, erromatarren garaiko aztarnak ere aurkitu dira. Hiriaren egitura, ubideak eta garraiabideak, musulmanei zor dizkie, izan ere 716. urtean musulmanek hartu baitzuten Tutera eta 802an gotortu. 812. urtean aldiz, banukasitarrek setiatu zuten hiria. Ebro ibaia nabigagarria zen garai honetan, hain zuzen ere, Zaragozatik bertaraino. XI. mendearen erdialdean Tutera taifa erresumetako baten hiriburua izan zen eta XII. mendearen hasieran almoravideek Tuterako taifa bereganatu zuten. 1114 arte nagusitu ziren musulmanak hirian, izan ere urte hartan Alfontso I.a Borrokalaria nagusitu baitzen.
Tutera Nafarroako erresumako hiri garrantzitsuenetakoa eta erregeen egoitza izan zen urtetan. Hala, Antso Azkarrak hobekuntza handiak egin zituen hirian, esaterako, ureztapen kanalak. Antso Azkarra hil ostean, Champagneko etxeko Teobaldo I.aren aurka altxatu zen hiria. Hala ere, 1237an, erregeak hiria menperatu zuen. 1390ean hiri titulua eman zion Karlos III.a Prestuak. Gaztelak Nafarroa inbaditu zuenean, tuterarrek Albreteko etxearen alde egin
zuten eta erresistentzia gogorra egin zieten Albako dukearen tropei. Garai honetan Aragoitik ihesian etorritako hereseen babeslekua ere izan zen Tutera. Juduak eta mudejarrak egotziak izan ziren eta Cisneros kardinalaren aginduz, harresiak eta gotorlekuak eraitsi zituzten 1516an.
XVI. mendetik aurrera ere, hiri garrantzitsua eta leku estrategikoa izaten jarraitu zuen Tuterak. Alegia, nekazaritza indartsukoa eta kultur eta merkataritza gunea izan zen. Aitzitik, zenbaitetan gorabehera militarretarako gune ere izan zen, Independentzia Gerran, batik bat. Guda honetan frantsesek espainolak garaitu zituzten. Bailengo batailaren ondoren armada frantsesak atzera egin zuen. Uneaz probesturik, espainol eta ingelesek osaturiko armadak frantsesei erasotzea erabaki zuen. Eraso estrategiaren arabera, armada ingeles-espainola Bizkaia, Burgos, Logroņo eta Tutera bitartean hedatu zen. Sakabanatzeak frontea ahuldu zuen eta frantsesen mesederako izan zen.
Geroztik, Tutera herri nekazaria izan da, bere merindadeari zerbitzuak eskaini dizkiona. Halaber, industria sartzearekin eta Ebro ibarrean Frantzia-Madril ardatza indartzearekin, handitzen joan den hiria da Tutera.
INGURUGIRO ABERATSA. Lehen aipatu legez, ingurugiro aberatsa du Erriberak. Edertasuna, aniztasuna eta joritasuna dira ikusgai lurraldearen hedadura osoan. Ebro ibaiaren aldean, eta Nafarroa Oinezen ibilbidearen barnean, gune natural eta artistikoan barnera daiteke. Hala, lorategietan eta zuhaixken labirintoan barna, Bokaleko ehun urtetik gorako haritza ederretsi daiteke, Nafarroan dagoen bakarra alegia. Bokala, austriar erako herrixka da. Egun, Ebroren Konfederazio Hidrografikoa da honen jabe. Hemendik oso gertu, Soto de Belver izeneko parajea lekutzen da. Bertatik behatu daitezke presaren ur oparotasuna edota bertako animaliak.
1722an Carlos V.aren presa hautsi zuen Ebro ibaiak. Ondorioz, Ataken Etxea eta presa berria eraikitzeko egitasmoa berrartu zuen On Ramon Pignatellik. 1780an Pignatelliren presa berria, egungo Ataken Etxea eta Zaragozainorako Ubidearen luzapena egin ziren eta Aragoiko hiribururaino iritsi ziren urak 1784an. Honela, Bokaletik Zaragozarainorako bidea, zubi, eraikin eta iturriez hornitu zen. Hasiera batean, proiektua Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa elkartuko zituen kanal bat eraikitzea zen. Proiektu honetarako, ureztapenerako ubidea egiten hasi ziren, geroago lur eremuak ureztatzeko eta industria eta herriak urez hornitzeko erabili zena. Kanala, Ebro ibaiaren eskuinaldean hasten da, Fontellaseko Bokalan hain zuzen ere. 110 kilometroko ibilbidea du, 125 metroko desnibela eta 25-30m3-ko ur etorria bideratzen du.
Ebro ibaiaren inguruan dauden naturguneak aberatsak dira faunan eta landaretan. Izan ere, Ebrori eta bere ibai adarrei esker oso lur joria baita bertakoa. Horrela, paisaiaz, begiratokiez eta txoko paregabeez goza dezake bertara hurbiltzen denak
![]() |
|
||||
1871 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa