Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-10-06 -- 1870.zenb

ZAILA IZANGO DA IAZKO MARKA HAUSTEA

Daniel Udalaitz

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren «Sustrai» aldizkariaren 61. zenbakian, Arabako Foru Aldundiaren Mahasgintzako eta Enologiako Zerbitzuko Pablo Marañon, Enrike Lopez eta Jose Baigorri teknikarien txosten bat eman dute argitara. Hiru lagun horiek honela laburbildu dute Arabako Errioxako 2001eko denboraldia: "Iaz, jeneralean, ez zen batere gorabeherarik izan, klimari, fenologiari eta fitopalogiari dagokienez, eta, ondorioz, «ohiz kanpoko» kanpaina gertatu zen. Uzta handia izan zen kantitatean batez beste, kalitatean «berebizikoa» eta ez zen inolako gorabeherarik izan ardogintzan".

Teknikari horien txostenak argi erakusten du klimak nola determinatzen duen mahatsaren prozesua. Fruitu hori klimaren mende egoten da ernetzen denetik heltzen den arte, eta eguraldiak erabakitzen du uzta kantitatez txarra, eskasa, ona edo berealdikoa izatea, baita kalitatez arrunta, ona, oso ona edo berebizikoa izatea ere. Iruditzen zaigu interesa baduela prozesu horren berri izateak, eta, horrenbestez, goiko artikulu hori baliatuko dugu orain arteko azken uztaren nondik norakoak azaltzeko. Produkzioari dagokionez, 1999-2000 aldikoa baino %20 edo %25 urriagoa izan zen 2001eko uzta: 80 milioi kilo-mahats bildu ziren; landu, berriz, 99,7 kilo.


HORNI HIDRIKO EGOKIA.

Behin 2000ko uzta oparoa bildu eta gero, berehala izotzik egin ez zuenez, mahatsondoek hostorik galdu gabe iraun zuten luzaroan. Hala, zur erreserba ona metatu zuten, eta ederki kimatu ziren hurrengo aldi begetatiboan. Horrez gainera, euri ugari egin zuen geldialdi begetatiboan (386 l/m2), lurra ongi hornitu zen urez eta elikadura hidriko egokia izan zuten mahatsondoek, aktiboki hazten ari ziren bitartean.

Arabako Errioxan, martxoaren 22an hasten da, batez beste, kimatzeko garaia, baina iaz bi egun beranduago hasi zen, eta, sasoi horretatik apirilaren 15a arte, ohi baino tenperatura handiagoa izan zuten: 1ºC gehiago, hain zuzen. Baldintzak horrela, fase begetatibo homogeneoa gertatu zen eskualde osoan, bizkortu egin ziren aihenen hazkundeko lehen estadioak eta horrek gaitasun produktibo handia eman zien mahastiei.
Aldi horretan, ohi bezalako erasoak jo zituen «akariosiak», eta betiko moduan egin zioten aurre. Apirilaren 15ean eta maiatzaren 1ean, berriz, udaberriko izotz arriskutsua azaldu zen Mañuetan, Eltziegon, Bastidan, Biasterin, Paganosen, Lezan eta Urionan. Horrek guztiak egin zituen bere kalteak, baina, hala ere, ongi kimatu ziren mahatsondoak, eta, produkzioa zerbait urritu arren, uzta ona izan zen.


BIZKORTU EGIN ZEN MAHASTIEN LORATZEA.

Maiatzaren lehen partean, izotza eta tenperatura apalak nagusitu ziren, eta hainbat mahastiri erasan zien. Tenperatura, ordea, hil bereko bigarren partean goratu zen -maiatzaren 28, 29 eta 30ean 25ºC egin zituen batez beste-, eta, egun horietatik aurrera, mahastien loratzearen bizkortzea segitu zen.

Ekainean loratu eta mamitu zen fruitua. Hil horretan, tenperatura garaia izan zen batez beste -19,3ºC, hots, 2000an baino 1ºC altuagoa-, eta, ia euririk egin ez zuenez gero, ongi zertu ziren mahats tortoak. Eguraldi onari esker, akariosiak eraso batzuk jo arren, ez zen aipatzeko moduko gaixotasunik gertatu aldi kritiko horretan. Uztailean eta abuztuan, batez besteko tenperatura epela izan zenez (20,5ºC) eta euri gutxi egin zuenez (60 l/m2), gelditu egin zen zertxobait fruituaren loditzea eta heltzea.
Irailean, berriz, hoztu egin zuen eguraldia: 15,6ºC batez beste; urteko batez bestekoa baino 2ºC gutxiago. Halatan, nahiz eta etengabe ondu, astiro heldu zen fruitua, eta atzeratu egin zen mahats biltzea leku gehienetan. Oionen, La Puebla de Labarkan eta Lasernan, adibidez, non jeneralean goiz heltzen baita mahatsa, urriaren lehen astean hasi ziren fruitua jasotzen. Lezan, Urionan, Samaniegon, Bilarren eta Kripanen, aldiz, non berez ere berantagoa izaten baita fruitua, urriaren erdi aldean ekin zioten lanari. Biltzeko garaian, eskualde osoan eguraldi ona egokitu zitzaienez, aski arin bukatu zen denboraldia, eta, horrenbestez, Arabako Errioxako ia mahats guztia upategietan zegoen urriaren 28rako.
URTE BIKAINA 2001EKOA. Teknikari txostengileen iritziz, iaz uzta bikaina sartu zen upategietan: mahats gaitz gabea eta ederki heldua, jeneralean. Ondorioz, ardoa ere ezin hobea atera zen: alkohol gradu handikoa (13,27º), azidotasun orekatukoa, kolore intentsitate handikoa eta polifenoletan aberatsa. Teknikariek honela diote artikuluaren amaieran: "Azken buruan, goian eman ditugun datuen eta egin diren dastatzeen arabera, kalifikazioz berebizikoak dira 2001eko uztaren ardoak. Arras egokiak dira ardo gazte gisa merkaturatzeko, bai eta upeleko edo botilako ontze prozesu luzerako ere".

UZTAILA ARTEKOAN %26 IGO DIRA SALMENTAK.

Aurtengo lehen sei hilabeteetan, %25,63 igo dira Errioxa jatorrizko izendapen kalifikatuko ardoaren salmentak, hala adierazi du bederen produktu hori begiratzen duen Kontseilu Erregulatzaileak. Urtarriletik ekaina bitartean, 123,4 milioi litro ardo merkaturatu dituzte. Kantitate horretan, ardo gaztea saldu dute gehien (66,28 milioi litro); hurrena, berriz, ardo ondua (42,57 milioi litro); azkenik, eta ondoz ondo, erreserbakoa (12,7 milioi litro) eta erreserba handikoa (2,36 milioi litro). Espainiako Estatuan, %27,31 goratu zaizkie salmentak eta atzerrian %21 (prezioen galgari esker esportatu dute horrenbeste).
Nafarroari dagokionez, oraingoz 2002ko lehen lau hilabeteetako datuak eman dituzte jakitera, ez lehen sei hilabeteetakoak, eta han ere aldekoa da emaitza. Guztira %5,75 igo zaizkie salmentak, eta, urtarriletik apirila bitartean, 11.524.658 litro saldu dituzte.

GUTXIAGO PRODUZITUKO OMEN DA 2002AN.

Lehen adierazi dugun moduan, 2001ean klimari esker lortu zuten ardoa kantitatez nahiz kalitatez asebetekoa izatea. Aurten, 2002. urtean, klima ez da iaz bezain aldekoa, eta litekeena da produkzioa eskasagoa izatea, baita ardoaren kalitatea urritzea ere. Oraingoz urtea aski lehor doa, tenperaturak ere apalak izan dira, eta aurreikuspena ez da iaz bezain itxaropentsua

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan