«GURETZAT NAZIOA EZ DA ESPAINIAN BUKATZEN»
Mikel Asurmendi
Maiatzeko azken kongresuaren ondoren PSE-EEk idazkari nagusi berria izendatu zuen. Nola ikusten duzu alderdia Patxi Lopezen eskutik?
Ondo ikusten dut, PPrekiko politika ezberdin bat garatzeko moduan ikusi ere. Hori izan da alderdiaren barruko hainbat sektorek Nicolas Redondoren azken garaian egiten genuen kritika, hau da, gure mezu politikoek eta PPrenak inolako diferentziarik ez izatea. Ordezkatzen ditugun herritarren begietara behinik behin, irudi hori zabalduta zegoen gure gizartean.
Zertan ezberdintzen da Patxi Lopezen PSE Nicolas Redondoren PSEtik?
Lehenik eta behin, esan dezadan, aspektu batean ez dela ezberdintzen, hau da, gaur gaurkoz PP eta gu eremu berean gaude, mehatxu terroristaren eremuan. Halaber, une honetan balore berdinak defenditzen ditugu: Konstituzioa eta Gernikako Estatutua. Agian beraiek ez dituzte horiek horrela defenditu beti, baina orain bai. Alabaina, PP eta sozialistak oso diferenteak gara, Patxi Lopez mezu eta jarrera ezberdin bat lantzen ari da, honela barnebildu daitekeena: Gu ez gaude ezeren aurka, ez nazionalismoaren aurka, ez bestelakoren aurka ere. Gu sozialistak gara. Guretzat nazioa ez da Espainian bukatzen, gu zerbait gehiago gara. Gizarte honetan nazionalista espainolak deitzen gaituzte, baina ez gara inola ere nazionalistak. Era berean, ez gaude Espainia edota Euskal Herria munduko hoberenak direla uste dutenen aurka. Guretzat biak oker daude, besterik ez.
Patxi Lopezek gatazka gainditzeko EAJk bere esentzialismoa gainditu eta aniztasuna errespetatu behar dituela azpimarratzen ditu. Ikuspegi horrekin bat al zatoz?
Ez dakit, ez da erraza hori ebaztea. Ez dakit EAJren jarrera esentzialista ote den, ia-ia esentzialista edo oso hurbilekoa. Bere jarrera fundamentalista dela esaten ausartuko nintzateke, ordea. Alegia, politikan ezin duzu jokatu zure ideiak munduko onenak diren ustetan eta arerioarenak deus balio ez balute bezala. Herri hau ezin da eraiki alde guztien bitartez ez bada.
Azken hau ez al du EAJk esaten edo defenditzen?
Hori denok esaten dugu. Ados. Baina, hori sinetsi egin beharra dago, hau da, praktikara eraman behar da egunero. EAJk ezin du honezkero bere proiektuaren ontasunez inor konbentzitu hitz soilen bitartez, eta gu, konbentzituak ez gaudenok, kanpoan utzi eta infernura kondenatu. Gu infernuan bizitzera kondenatuak baigaude. Gazte ginela esaten zitzaigun: «Ez baduzu hau egiten infernura joango zara». Bada, EAJko batzuek gaur egun, sotana aspaldi utzi bazuten ere, horrela egiten dute. Eta ezin da inondik inora horrela izan. Hortik esentzialismoa eta aniztasun eskasarena.
Hizpide eman didazunez gero, esate baterako, bere burua euskal nazionalistatzat ez duen pertsona bat ezin da Euskal Herriaren independentziaren alde izan? Jokabide hau ez da egingarria?
Ez dakit (irriak). Gaur egun, egia da, badaude herrialde txikiak, Andorra, San Marino eta abar, independenteak...
... nik aipatua espresio demokratikoa ote den galdetzen dut.
Errespetagarria da, baina, guztiz absurdua da egoera horretan bizi nahi izatea, joko arau ekonomikoek banku handien eta multinazionalen esparrura jokatzera eramaten zaituztenean...
Nire asmoa ez da aukera ona edo txarra den argitzea, demokrazia honetan aukera hori ba ote dagoen argitzea baizik. Esaterako, Fernando Savaterrek «Derrigorrezko nazionalismoaren aurka» leloa aldarrikatzen du. Hori aldarrikatzea dagoen bezala, euskal herritar batek espainiarra edo frantsesa ez izateko eskubidea aldarrikatzea izan beharko luke. Ez duzu uste?
Tira... Nazionalismo espainiarrak ba al du eskubiderik euskaldunak Espainiatik botatzeko?
Zer esan nahi duzu horrekin?
Bada, nik egin dizudan galdera astakeria bat dela esan nahi dut. Zuk aipatu duzun aspektu horri buruz euskaldunek eskubidea ote dugun galdetzen didazu? Arraioa. Galdera hori Konstituzio batek ekarri duen Estatutu bat onartu ondoren egina dago. Konstituzio hori alda daitekeenik? Bada, bai. Ados. Baina horretarako kontsentsu zabal bat behar da, baita Gernikako Estatutua aldatzeko ere bai. Egingarria da. Baina joko arau batzuk daude. Eskubideak izan daitezke edo ez, baina berauek erabiltzea bestelakoa da. Alegia, nik nazionalisten ahotik hauxe entzuten dut sarri: «Nik autodeterminazio eskubidea izan nahi dut, baina ez dut erabili nahi».
Esan dezagun bestera: «Nik autodeterminazio eskubidea nahi dut eta erabili ere bai».
Bai noski. Baina hori esaten duten bakarrak Batasunekoak dira. EAJko kideek ez dute inola ere horrela planteatzen. Hor daude: bai baina ez, nahi dugu baina ez dugu nahi. Serioak izan gaitezen. Eskubide hori izan bada, eta jakina, erabili nahi baduzu traba guztiak jarriko dizkizute beti: ez dela ona, ez duela balio, erreferenduma ez dela egokia. Botoa emateak edo ez emateak eskubidea ukatzen du? Nik ez dut hori garbirik ikusten. Gaia oso konplexua da.
Batasuna hizpide, nola aurreikusten dituzu 2003ko maiatzaren udal hauteskundeak alderdi hau legez kanpo izaki?
Batasunak ezin izango duela hauteskundeetan parte hartu aurreiritzi bat besterik ez da. Bitxia da, herri hau zoragarria eta izugarria da halaber. Oso erraz joaten gara alde batetik bestera. Baltasar Garzoni izugarriak egiten dituela kritikatzen zaio, ezin duela Euskal Legebiltzarra behartu hau edo beste egitera. Tira, ni neu ados egon naiteke Garzoni egiten zaizkion hainbat kritikekin. Baina ezin da esan Batasuna legez kanpo dagoenik. Orain arte Auzitegi Gorenari ilegalizazio prozesua planteatu baino ez zaio egin.
Demagun ordurako Batasuna legez kanpo dagoela. Udal hauteskundeak burutzeko egoera hobeagoa izango al da?
Egoera oraingoa bezain txarra izango da. Batasunekoek ezin izango dute hauteskundeetara aurkeztu, legalki eragozten zaielako. Guk, berriz, arazoak eta eragozpenak ditugu, gu ez aurkezten beste modu batez saiatzen direlako. Hau da, ETAk gu hiltzen gaitu, edota bien bitartean, bizi garen tokitik kanporatzen saiatzen dira eraso bortitzen bitartez. Egoera gaiztoa izan da eta izango da kargu sozialista nahiz popularrentzat. Hemendik aurrera, berriz, Batasuneko jendeari bizitza konplikatzen hasiko zaio.
Demokraziarako ona izango ote den esan nahi dut.
Demokraziarako egoera txarra zen eta izango da, baina ez txarragoa. Guk gure eskubideen erabilpena garatu ezin dugun bitartean, ETAren presio terrorista dagoen bitartean askatasunik ez dago, eta ondorioz, demokraziarik ere ez
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.