Sendabelarrak
Sendabelarren erabilera ondo antzinakoa dela esan beharrik ez dago, baina badirudi gaur egungo gizartean sendabelarrekiko interesa indartuz doala. Merkatuan ere bere lekua egin du sendabelarren munduak, era guztietako erremedio naturalak topa ditzakegu edozein belar dendetan. Badirudi, nolabait ere betiko medikuntzak sinesgarritasun apur bat galdu duela eta arrazoiak aztertzeko garaian honoko hauek aipa genitzake: farmakoen eraginak oso gogorrak izaten dira eta askotan bigarren mailako gaixotasunak agertzen dira, estatistikek datu larriak ematen dituzte. Farmazietako botika asko modu desegokian erabiltzen da, askotan medikuak berak ikuskatu gabe. Bestalde, antibiotikoekiko erresistentziak eta hainbat substantziekiko menpekotasunak ere aipatu behar dira.
Ezertan hasi aurretik ohar batzuk kontuan hartzea ezinbestekoa da. Hasteko hartu behar dugun sendabelar horren landarea bera ezagutu behar dugu, eta baita bakoitzari dagokion dosia ere, bestela toxikoa gerta daiteke eta kontrako efektuak lortu ditzakegu. Sendabelarra, hirigune edo industriguneetatik kanpo jaso behar da, errepide albo edo kimikoki tratatutako lurzoruetatik at. Sendabelar horri interesatzen zaizkigun osagai aktiboak erauzteko landarearen atal desberdinak erabiliko ditugu, sustraiak, loreak, hostoak, azala... Atalaren arabera garai eta modu desberdinetan egingo ditugu prestaketak. Behin landareak bildu ditugunean kontserbatzeko modu nagusia lehorketarena dugu noski, paper xurgagarri edo maindire gainean eta ondo aireztatutako lekuan.
Ondoren kristalezko ontzietan sar ditzakegu, baina kontuan izan data, denbora luzeegian edukitzea ez da komeni, eraginkortasuna galdu baitezake.
Sendabelarrak prestatzeko modu desberdinak daude, guk horietako batzuk aipatuko ditugu:
Tisanak
-Infusioak: irakindako uretan botako dugu sendabelarra berehala sutik kenduz eta hamar minutuz edukiz estalitako ontzian.
-Egosketak: osagai aktiboa erauztea zailagoa denean erabili ohi da, sustraiekin eta azalekin gertatzen den moduan. 10 eta 20 minutu bitartean utzi behar da egosten.
-Beratzea: ez du inongo beroketarik behar. Litro bat ur hotzean 20 gramo sendabelar beratzen jartzen dira, 10 orduz gutxi gorabehera hosto eta loreen kasuan, eta 20 ordu sustrai eta azalen kasuan.
Kataplasmak
Kataplasmak prestatzeko modu desberdinak daude erabileraren arabera. Beroak izango dira zauriren bat sendatu nahi badugu adibidez, baina barize edo erreduren kasuan kataplasma hotzak erabiliko ditugu. Sendabelarrak benda batekin jartzen dira, landare freskoek egosaldi arin bat jaso ondoren edo arrautzaren zuringotan berotu ondoren moldagarriagoa izango da kataplasma.
Jarabeak
Sendabelarrak egosi egingo ditugu. Eduki hosto eta loreak ordu laurden batez ur irakinetan. Sustraiak denbora gehiagoz eduki beharko dira. Ondoren eztiarekin gozatuko dugu guztia.
Ukenduak
Sendabelarrak oliotan egosiko ditugu, salda hori iragazi ondoren argizaria gehituko diogu, modu honetara ukendu natural eta eraginkorrak lortu ditzakegu
Berbena belarra (Verbena officinalis). Hain ezaguna den berbenak erabilera anitz izan dezake, osagai eraginkor anitz baitu. Sinusitisaren kasuan erabili ohi da, baina hepatitis eta gibel gaixotasunentzat ere oso eraginkorra da. Kataplasmak egin daitezke, edo infusioan hartu ere bai, 20/30 gr litro bat urean egosiz.
Pasmo-belarra (Anagallis arvensis). Infekzio klase guztiak sendatzeko oso lagungarria gertatzen da, zaurien kasuan ere bai. Baina bada ohar garrantzitsu bat kasu honetan, dosiarekin kontu handia izan behar da, gehiegikeriak ondorio larriak ekar ditzake-eta. Normalean infusioan hartzen da.
Mihura (Viscum album). Dakigunez landare bizkarroi hau beste zuhaitzetaz baliatzen da elikatzeko, sustraiak barruraino sartuz. Normalean udazken aldera jasotzen da, fruitua atera aurretik. Hartzeko modu egokiena infusioa da, dosi txikietan. Bihotzarentzat oso egokia da, odol presioa erregulatzen baitu. Lunbagoa eta ziatikaren kasuan ere ondo etortzen da, baita ospel eta barizeen kasuan ere.
Elorri zuria (Crataegus monogina). Zuhaixka arantzatsu baina eder hau ere oso onuragarri gerta daiteke kasu askotan, erabilera asko ditu. Beronen hosto eta loreak erabiliko ditugu. Guztiz gomendagarria da depresioei aurre egiteko, besteak beste lasaigarria ere badelako. Insomnio eta nerbio arazoez gain bihotzarekin lotutako eraginen erregulatzaile bezala jokatzen du.
Azeribuztana (Equisetum arvense). Edozein soro hezeetan topa dezakegu eta jasotzeko garai egokiena uda bukaera da. Landare osoa erabil dezakegu lehorketarako, ondoren eragin medizinala lortzeko. Antiinflamatorio egokia denez erabilera anitz eskain dezake, hepatitis edo arazo kardiobaskularrak sendatzeko adibidez. Gainera diuretikoa da eta digestio arazoen aurrean oso lagungarria da
![]() |
|
||||
1870 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa