IRAULTZEN MARATOIA
Joxe Iriarte «Bikila»
TXALAPARTA
2O8 orrialde
14 euro
42 KILOMETRO, IRAULTZAZ IRAULTZA
Literatura eta historia uztartzen dituen liburua idatzi du oraingoan Joxe Iriarte «Bikila»k. Korrika dihoala egiten omen ditu ametsik ederrenak Joxe Iriartek. Korrika izaten omen ditu ideiak, eta korrika egiten omen du aurrera. Bere zaletasun horretatik datorkio goitizena ere, Abebe Bikila maratoilariaren izenetik. Ez da, beraz, harritzekoa, Joxe Iriartek «Iraultzen maratoia» izenburua duen lan bat idatzi izana. Eta «Iraultzen maratoia» liburuko 42 kilometrotan zehar, berdin izango da protagonista Miltziades jeneralak Espartako armadaren laguntzaren bila bidalitako mezularia, Erroman matxinatutako esklaboa, Orreagan Errolanen armada garaitzea lortu zuten euskal gudarietako bat, edota askatasuna lortzearren historian zehar munduko auskalo zein bazterretan borrokatutako beste edozein pertsona xehe. Izan ere, edonon eta edonoiz bidegabekeriari aurre egitera ausartu diren herritar anonimoak eta ezezagunak dira liburuko protagonistak. Chiapasen, Siberian, Saharan, Parisen, Eskozian, Irlandan, Amaiurren, Hondarribian edota Espainiako Gerra Zibilean emandako iraultza, errebolta, matxinada eta borroka latzetan parte hartu zuten haiek.
BIGARREN HAURRA
Patxi Ezkiaga Lasa
EUSKALTZAINDIA/ BBK FUNDAZIOA
144 orrialde
6,24 euro
IAZKO «TXOMIN AGIRRE» SARIA
Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak urtero antolatzen duten literatur lehiaketan Txomin Agirre saria eskuratu zuen iaz Patxi Ezkiaga Lasak «Bigarren haurra» deritzan eleberriarekin. «Bigarren haurra»ren protagonista emakume bat da. Heriotza ekar dakiokeen gaixotasun larri baten berri eman diote, eta bere bizitza osoa gogoratzen hasten da, hamasei urterekin izan zuen alabari idazten dion gutunean. Alaba hori umezurztegian utzi behar izan zuen jaio bezain laster, bizimodu berri baten bila Bilbo aldera abiatzeko. Stripteaseko dantzari gisa lanean hasi eta Martin argazkilari eta margolaria ezagutuko zuen, bere bizitzan zeresan handia edukiko zuen gizona, eta harekin batera biziko zituen 1970eko hamarkadan Euskal Herrian gertatutako arazoak.
MONSTER, GURE MAISUA
Antton Dueso
ELKAR
61 orrialde
5,40 euro
DENOK IZAN GAITEZKE BELDUR
Hamar urtetik aurrerako irakurleei eskainitako idazlan honetan, beldurrak edonoren jokaeran izan dezakeen eragina agerian jartzen ahalegindu da Antton Dueso, idatziz eta marrazkien bidez. «Monster, gure maisua», haatik, Miel Anjel Elustondok euskaratu du. Istorioan, Mikel maisu berria dator Peru mutikoaren gelara. Boxeolari sudurra du, tximaluzea, bizar itxia eta ehun kilotik gorako gorputz baldarra. Gainera, oso isila da. Gauzak horrela, dardar batean uzten ditu Peru eta bere ikaskideak. Ariketa bat egiteko eskatu die, eta alde egin du, hamar minutu barru itzuliko dela esanaz. Orduan bakarrik ausartu da Peru bere lan-koadernoa irekitzera. Baina, ai ama, ez du ezer ulertzen!
LA BARCA DE AMIN
Iñaki Gonzalo Casal, «Kitxu»
TXALAPARTA
158 orrialde
12 euro
ESPETXETIK IHES EGIN AHAL IZATEKO ERA
Irudimena eta poesia ditu Iñaki Gonzalo Casal «Kitxu»k armatzat espetxetik ihes egiteko garaian. Poesia idatzia da berea, non Amin aljeriarraren eta euskal preso baten arteko adiskidetasuna kontatzen duen. Egun berean eta urte berean jaiotakoak dira preso biak. Espetxeko modulo berean daude, lagunak dira, eta biek dute amets bat, libre izatearen itxaropena. Baina espetxe barruko giroak zerikusi gutxi du askatasunaren inolako aztarnarekin, eta ingurune anker horretan gazte biei libre izateko gelditzen zaien aukera bakarra beren gogoarekin irudimenezko munduak sortzea baino ez da. Oran aldeko kale estu, jende prestu eta paisaia ederretan murgilduko du aljeriarrak euskalduna, eta honek bere Euskal Herria eskainiko dio trukean.
GURE HERRIKO FRANTZISKO-TARRAK. HERRIETAKO HISTORIA GARAIKIDEA
Joseba Intxausti
ARANTZAZU
302 orrialde
30 euro
FRANTZISKOTARREN NONDIK NORAKOAK
Joseba Intxausti historialariak, Idoia Unzurrunzaga argazkilariaren lankidetza bereziarekin, plazaratu duen liburu honen izenburu zehatza «Gure herriko frantziskotarrak. Herrietako historia garaikidea (1791-2000)» da. Eta hain zuzen ere, aro garaikidean erlijio ordena horren nondik norakoak azaltzen dira bertan, hiru ataletan banaturik. Lehenengoan, frantziskotarren komentuei eta anaiarteei ematen zaie begirada, tokian tokiko historia sakabanatuak prozesu historiko orokorretik aztertuz. Bigarrengoan, komentuen historia dator. Eta hirugarrengoan, Kontzilio-ondoko olatuarekin frantziskotarrek eurek ere duten modernitate-aurpegia erakusten du. Argazkietan, erlijio ordena horretako egungo aurpegiak eta frantziskotarrek dituzten altxorrak ageri dira.
LA FILOSOFIA. CONTADA CON SENCILLEZ
Javier Sádaba
MAEVA
182 orrialde
9,84 euro
FILOSOFIA GEUREGANATZEKO ERA ERRAZA
Filosofiari dagozkion gaien inguruan gogoeta egiteko nahia duten guztiei eskaintzen die Javier Sádabak «La filosofía. Contada con sencillez» liburua, non Madrileko Unibertsitate Autonomoan Etika katedraduna den aditu hau, oso era atseginean, gutako edonork filosofia gaietan murgiltzeko dugun gaitasuna agerian jartzen saiatzen den. Izan ere, Javier Sádabarentzat, gizaki guztiok daukagu gertakarien lehen oinarriez, izadiaren funtsezko nolakotasunaz, ahalik eta orokorkien jabetzeko ahalmena, edo beste era batera esanda, edozein gaiei buruz sakon pentsatzen jarri eta geure iritzia osatzeko indarra. Nork ez dio, bada, bere buruari justizia, zoriona, nahigabea edota heriotzaren inguruan galderarik egiten?
CARTAS Y ESCRITOS
Mauricio Flores Kaperotxipi
ZARAUZKO UDALA
244 orrialde
MAURICIO FLORES KAPEROTXIPIREN LANA
Ehun urte bete ziren iaz Mauricio Flores Kaperotxipi margolari eta arte kritikari zarauztarra jaio zenetik. Hori zela-eta, Leticia Eizagirre Altunak Deustuko Unibertsitatean Arte Garaikideko Espezializazio ikastaroan Flores Kaperotxipiren lanaren inguruan egindako ikerketa hau plazaratzera erabaki zen Zarauzko Udala. Leticia Eizagirreren lana bi ataletan banatzen da. Lehenengoan Flores Kaperotxipiren artikuluak agertzen dira, berak Argentinan 1943tik 1966ra idatzi zituen gutunak, iruzkinak eta pasadizoak, haietarik asko gaur arte argitaratu gabe egon direnak. Bigarren atalean, berriz, bereziki Flores Kaperotxipi berari Oteizak, Olavek, Tellagorrik, Castagninok, Muruak edota Pio Caro Baroja bezalakoek bidalitako gutunak aurkituko ditugu.
ERRATZUTIK DATORREN OLDARRA
UFESTUEK
Ufestuek
ENIXE
8 kanta
Erratzuko Kultur Elkartea, Xorroxin Irratia eta Baztangoiza Ikusentzunezkoak lagun zituztela grabatu zuten Ufestuek deitu taldekoek, Enixe Recordsen eskutik, zortzi kantako CD hau. Bertan, «Martxan hemendik», «Rip bizia», «Nekazalpunk», «Gidari», «Titanik», «Hago... begira», «Bando bando» eta «Tú mismo» aurkituko dituzue, piztiak baretzeko prezeski ez diren kantak. Izan ere, Iban Iparragirreren baxuaz, Xabi Ospitalen gitarraz eta ahotsaz, J. I. Etxamendiren gitarra nagusiaz eta Joseba Etxandiren bateriaz osatutako Ufestuek, inguru arrotz eta oldarkorrean kate den oro xehatzeko ahaleginetan dabilen taldea da. Erratzun bildu zirenetik urtebete pasa ez, eta jada maketa bat aurkezteko ausardia izan dute. Lotsagabeak direla? Beraiek diotena: Eta zer?