Sendabelarrak
Maider Zapirain
Sendabelarren erabilera ondo antzinakoa dela esan beharrik ez dago, baina badirudi gaur egungo gizartean sendabelarrekiko interesa indartuz doala. Merkatuan ere bere lekua egin du sendabelarren munduak, era guztietako erremedio naturalak topa ditzakegu edozein belar dendetan. Badirudi, nolabait ere betiko medikuntzak sinesgarritasun apur bat galdu duela eta arrazoiak aztertzeko garaian honoko hauek aipa genitzake: farmakoen eraginak oso gogorrak izaten dira eta askotan bigarren mailako gaixotasunak agertzen dira, estatistikek datu larriak ematen dituzte. Farmazietako botika asko modu desegokian erabiltzen da, askotan medikuak berak ikuskatu gabe. Bestalde, antibiotikoekiko erresistentziak eta hainbat substantziekiko menpekotasunak ere aipatu behar dira.
Betiko medikuntzaren oinarriak dudarik gabe sendabelarretan finkatzen dira, farmazietako botika asko sendabelarrak erabiliz egiten dira, baina neurri handi batean laborategian sintetikoki sortuak izaten dira. Sendabelarren osagai eraginkorrari substantzia aktiboa deitzen diogu. Landare bakoitzean honelako asko eta asko topa ditzakegu.
Askotan sendabelarraren eraginkortasun positibo hori substantzia horietan guztietan oinarritzen da. Gaur egungo farmakologiak ordea, laborategietan kimikoki sortzen duena substantzia aktibo nagusia izaten da, guztiak izan dezakeen onura aprobetxatu gabe. Hala ere, kontuan hartu behar da, honelako osagai asko eta asko ezezagunak ditugula, batek daki nolako sendagaiak ezkutatzen dizkigun naturak sendabelarren bitartez. Hau guztia aztertzeke dago oraindik .
Medikuntza naturalaren aldekoek nolabaiteko filosofia bat jarraitzen dute, olistikoa edo osotasunari dagokiona, hau da, gaixotasun edo desoreka horien oinarrira iritsi behar dela diote, eta ez sintomak apaltzeaz bakarrik arduratu, betiko medikuntzak egingo lukeena, alegia. Bizitzeko estiloak, elikadurak eta jarrerak bat egiten dute, eta norberaren organismoa estimulatu egin behar da sendabidean jartzeko.
Dudarik gabe, adibide ezagunena aspirina da, azido salizilikoa da osagai aktiboaren izena, eta sahatsaren (Salix sp.) azal eta hostoetan topatzen da. Gaur egun osagai hau laborategietan tonaka sintetikoki egiten bada ere, lehenago, komertzializatu aurretik, berau egosi eta belar ura moduan hartu ohi zuten hamaika lekutan. Oraindik, zenbait herrialdetan sendabelarrekiko sinesmenak gaur egungo medikuntza gainditzen du, sendagai modura nahiago baitituzte botika natural hauek farmazietako produktuak baino. Herrialde horien artean, Txina eta Japonia aipatzea ezinbestekoa da. Osasunerako Mundu Erakundea ere (OME) jarrera honen aldekoa da.
Europa mailan Alemania omen da sendabelarren kontsumitzaile nagusiena. Orokorrean, sendabelarren kontsumoak gora egin du, eta bestelako arazoei ere bide eman zaie. Izan ere, zenbait sendabelar desagertze arriskuan dago. Sendabelarren herrialde esportatzaile asko aipa ditzakegu: India, Pakistan, Txina... Zenbait herrialdetan hainbat sendabelarren esportazioa eragotzi nahi dute
Pilar Iparragirre
Artez bideratu beharra omen dago, lortu nahi den helburura iristeko. Eta horretarako taktikak bere garrantzia duen arren, planak egoera jakin batera egokiturik gauzatzea ez da nahikoa, 1972ko irail bukaera hartan ZERUKO ARGIAko editorialak agerian uzten zuenez. Hain zuzen ere, "Estratejia" izenburua zeraman aldizkariaren iritzia aldarrikatzen zuen atal hark, eta gauzak garbiki azaltzeko asmo sendoa, besteak beste.
HITZAREN ESANAHI ZEHATZA
Militar kutsu nabarmena zeukan hitza erabiltzen ari zelako-edo, bere lan hartan behintzat eman nahi izan zitzaion adiera garbi azaltzen saiatzen zen editorialgilea, ezer baino lehen: "Burrukaren momentu konkretu oni, ots, lanerako prestamen konkretuari, estratejia deituko diogu. Izan ere langilea, zapaldutako pertsona oro, bere askatasunaren alde burrukatzen danean, elburu konkretu batzuk jomuga izan ohi ditu. Ideologiak ekintza sutsuaren alde eragingo dio. Baina ekintza ongi prestatu behar da. Ekintzak aldez aurretik azterketa sakona eskatzen du eta ondorenean ongi gertutzea, luzaroa eta orain momentuan lortu beharrekoak zehatz-meatz mugatzea komeni da. Orregatik, estratejia bat eskatzen zaigu".
Baina ez zezala inork pentsa ekintza militar bat antolatzeko zeraz ari zenik, arren, zeren "organizazio denek, bai sindikatoek, bai politiko alderdiek beren langintza plana egiten dute, eta gauzak behar bezala antolatzeko estratejia bat eratzen".
Erakunde oro zegoela estrategikoki antolatua, beraz. Behin puntu honetaraino iritsita, adibideren bat eman behar, bada, bere baieztapena azaltzeko, eta hara hor gure editorialgilearen komeriak, sindikatoak eta alderdi politikoak aitatu baitzituen, enpresariak eta langileak batera "defendatzeko" indarrean zegoen "sindikatu bertikala" baino beste sindikaturik onartzen ez zuen Estatuan, Mugimendukoak ez ziren alderdi politiko guztiak legez kanpo zituen erresuman!
Gauzak horrela, urrunera begira jarri behar, nahitaez, eta honela ematen zion jarraia bere esatekoari: "Italiako UIL burnigileen sindikatoek, 1970 garrenean antolatutako batzar nagusian, estratejiaren arloa eta zeregiña erabiltzen dute gai nagusienetako bezala. Argi eta garbi dakuste: lana bi frentetan egingo dute: langile mailan, gauzak obetu ditezen, ahal den neurrian langillearen eskubideak errespetatuak izan ditezen. Eta bestetik, lantegiz kanpo, gizarte giro eta egiturak ikusiaz, lantegiz kanpo beste jokabide zabalago, sakonago eta iraultzaileago aukeratu behar dela diote".
Pasarte hura nahiko borobil atera zitzaiola-eta, beste urrats bat ematera ausartu zen, hurrengo adibidea gertuagotik hartuz: "Frantses ezkertiar sindikalistek ere planteamendu gogorra egin zuten 1967 garrenean monopolioen aurka, zeren eta kanpitalismoak zeraman bide zabala ikusita, langintza, burruka ere bidez, eraz eta neurriz aldatu beharra zegoen". Horrez gain, "Frantzian bertan, CFDT berek ere berrizalekerian, erreformismoan erortzeko arriskurik dadukatela ikusten dute". Arrazoiak, editorialgileak bere hitzetan ematen zituen: "Lantegi mailan zerbait eskuratu dela eta ez zaio burrukari amore eman behar, lortutakoarekin kontent gelditzea, burrukari bizkar ematea da arriskurik aundiena".
EUSKALDUNOK ERE, BEHARREZKO
Agian irakurle bakar batek ere ez ziola esan nahi zuena behar bezala ulertuko bestela, eta azkenean arriskatzen zen, arriskatu, barruan zuena agertzera: "Guk ere gure estratejia antolatu behar dugu. Lehen zeren bila genbiltzan ikusi, aztertu eta adierazi beharko da. Non gauden eta noruntz goazen mugatu beharko da. Pertsona eta erri bezala osatzea bilakatzen badugu, zerk eragozten duen ere gogoan artu beharrezkoa dugu. Ekonomia erakunde mailan, gizarte mailan, erri bat geranez aurkitzen ditugun eragozpenak. Gai onetan gure sudur puntan dagoena bakarrik ikustea umekeria da".
Esan berri zuenak ere azalpenen bat eskatzen zuelakoan, honakoa ematen zuen, lasai arraio: "Behin ijito batek soka lapurtu zuela aitortu zuen. Gainontzekoek, sokarekin batera zaldia ere lapurtu zuela berehala antz eman zioten. Guk ere, sokaren atzetik dagoena ikusten saiatu behar dugu. Bestela gureak egin du, sasi-iraultzaileekin bat egiteko ez dugu besterik behar".
Horrelakorik gerta ez zedin, "gure ekintza une oro aztertu behar bada ere, prestamena, estratejia luzarorako egin behar da. Gainontzean, aizearen eraginpean dabilen lumaren antzekoak izango gaituzue. Ekin bai, gogor gainera, baina gaur zergatik eta biar zertarako ongi aztertu eta gero.
Azkenik, besterik ere esango genduke. Bi eta bi lau direla alegia. Bai, gure artean ekaitza nondik datorren ahaztu samartua dagoela dirudi. Egiazko etsaia nor den salatzen asi beharko ote dugu? Posible balitzà"
Daniel Udalaitz
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren «Sustrai» aldizkariaren 61. zenbakian, Arabako Foru Aldundiaren Mahasgintzako eta Enologiako Zerbitzuko Pablo Marañon, Enrike Lopez eta Jose Baigorri teknikarien txosten bat eman dute argitara. Hiru lagun horiek honela laburbildu dute Arabako Errioxako 2001eko denboraldia: "Iaz, jeneralean, ez zen batere gorabeherarik izan, klimari, fenologiari eta fitopalogiari dagokienez, eta, ondorioz, «ohiz kanpoko» kanpaina gertatu zen. Uzta handia izan zen kantitatean batez beste, kalitatean «berebizikoa» eta ez zen inolako gorabeherarik izan ardogintzan".
Teknikari horien txostenak argi erakusten du klimak nola determinatzen duen mahatsaren prozesua. Fruitu hori klimaren mende egoten da ernetzen denetik heltzen den arte, eta eguraldiak erabakitzen du uzta kantitatez txarra, eskasa, ona edo berealdikoa izatea, baita kalitatez arrunta, ona, oso ona edo berebizikoa izatea ere. Iruditzen zaigu interesa baduela prozesu horren berri izateak, eta, horrenbestez, goiko artikulu hori baliatuko dugu orain arteko azken uztaren nondik norakoak azaltzeko. Produkzioari dagokionez, 1999-2000 aldikoa baino %20 edo %25 urriagoa izan zen 2001eko uzta: 80 milioi kilo-mahats bildu ziren; landu, berriz, 99,7 kilo.
HORNI HIDRIKO EGOKIA.
Behin 2000ko uzta oparoa bildu eta gero, berehala izotzik egin ez zuenez, mahatsondoek hostorik galdu gabe iraun zuten luzaroan. Hala, zur erreserba ona metatu zuten, eta ederki kimatu ziren hurrengo aldi begetatiboan. Horrez gainera, euri ugari egin zuen geldialdi begetatiboan (386 l/m2), lurra ongi hornitu zen urez eta elikadura hidriko egokia izan zuten mahatsondoek, aktiboki hazten ari ziren bitartean.
Arabako Errioxan, martxoaren 22an hasten da, batez beste, kimatzeko garaia, baina iaz bi egun beranduago hasi zen, eta, sasoi horretatik apirilaren 15a arte, ohi baino tenperatura handiagoa izan zuten: 1ºC gehiago, hain zuzen. Baldintzak horrela, fase begetatibo homogeneoa gertatu zen eskualde osoan, bizkortu egin ziren aihenen hazkundeko lehen estadioak eta horrek gaitasun produktibo handia eman zien mahastiei.
Aldi horretan, ohi bezalako erasoak jo zituen «akariosiak», eta betiko moduan egin zioten aurre. Apirilaren 15ean eta maiatzaren 1ean, berriz, udaberriko izotz arriskutsua azaldu zen Mañuetan, Eltziegon, Bastidan, Biasterin, Paganosen, Lezan eta Urionan. Horrek guztiak egin zituen bere kalteak, baina, hala ere, ongi kimatu ziren mahatsondoak, eta, produkzioa zerbait urritu arren, uzta ona izan zen.
BIZKORTU EGIN ZEN MAHASTIEN LORATZEA.
Maiatzaren lehen partean, izotza eta tenperatura apalak nagusitu ziren, eta hainbat mahastiri erasan zien. Tenperatura, ordea, hil bereko bigarren partean goratu zen -maiatzaren 28, 29 eta 30ean 25ºC egin zituen batez beste-, eta, egun horietatik aurrera, mahastien loratzearen bizkortzea segitu zen.
Ekainean loratu eta mamitu zen fruitua. Hil horretan, tenperatura garaia izan zen batez beste -19,3ºC, hots, 2000an baino 1ºC altuagoa-, eta, ia euririk egin ez zuenez gero, ongi zertu ziren mahats tortoak. Eguraldi onari esker, akariosiak eraso batzuk jo arren, ez zen aipatzeko moduko gaixotasunik gertatu aldi kritiko horretan. Uztailean eta abuztuan, batez besteko tenperatura epela izan zenez (20,5ºC) eta euri gutxi egin zuenez (60 l/m2), gelditu egin zen zertxobait fruituaren loditzea eta heltzea.
Irailean, berriz, hoztu egin zuen eguraldia: 15,6ºC batez beste; urteko batez bestekoa baino 2ºC gutxiago. Halatan, nahiz eta etengabe ondu, astiro heldu zen fruitua, eta atzeratu egin zen mahats biltzea leku gehienetan. Oionen, La Puebla de Labarkan eta Lasernan, adibidez, non jeneralean goiz heltzen baita mahatsa, urriaren lehen astean hasi ziren fruitua jasotzen. Lezan, Urionan, Samaniegon, Bilarren eta Kripanen, aldiz, non berez ere berantagoa izaten baita fruitua, urriaren erdi aldean ekin zioten lanari. Biltzeko garaian, eskualde osoan eguraldi ona egokitu zitzaienez, aski arin bukatu zen denboraldia, eta, horrenbestez, Arabako Errioxako ia mahats guztia upategietan zegoen urriaren 28rako.
URTE BIKAINA 2001EKOA. Teknikari txostengileen iritziz, iaz uzta bikaina sartu zen upategietan: mahats gaitz gabea eta ederki heldua, jeneralean. Ondorioz, ardoa ere ezin hobea atera zen: alkohol gradu handikoa (13,27º), azidotasun orekatukoa, kolore intentsitate handikoa eta polifenoletan aberatsa. Teknikariek honela diote artikuluaren amaieran: "Azken buruan, goian eman ditugun datuen eta egin diren dastatzeen arabera, kalifikazioz berebizikoak dira 2001eko uztaren ardoak. Arras egokiak dira ardo gazte gisa merkaturatzeko, bai eta upeleko edo botilako ontze prozesu luzerako ere".
UZTAILA ARTEKOAN %26 IGO DIRA SALMENTAK.
Aurtengo lehen sei hilabeteetan, %25,63 igo dira Errioxa jatorrizko izendapen kalifikatuko ardoaren salmentak, hala adierazi du bederen produktu hori begiratzen duen Kontseilu Erregulatzaileak. Urtarriletik ekaina bitartean, 123,4 milioi litro ardo merkaturatu dituzte. Kantitate horretan, ardo gaztea saldu dute gehien (66,28 milioi litro); hurrena, berriz, ardo ondua (42,57 milioi litro); azkenik, eta ondoz ondo, erreserbakoa (12,7 milioi litro) eta erreserba handikoa (2,36 milioi litro). Espainiako Estatuan, %27,31 goratu zaizkie salmentak eta atzerrian %21 (prezioen galgari esker esportatu dute horrenbeste).
Nafarroari dagokionez, oraingoz 2002ko lehen lau hilabeteetako datuak eman dituzte jakitera, ez lehen sei hilabeteetakoak, eta han ere aldekoa da emaitza. Guztira %5,75 igo zaizkie salmentak, eta, urtarriletik apirila bitartean, 11.524.658 litro saldu dituzte.
GUTXIAGO PRODUZITUKO OMEN DA 2002AN.
Lehen adierazi dugun moduan, 2001ean klimari esker lortu zuten ardoa kantitatez nahiz kalitatez asebetekoa izatea. Aurten, 2002. urtean, klima ez da iaz bezain aldekoa, eta litekeena da produkzioa eskasagoa izatea, baita ardoaren kalitatea urritzea ere. Oraingoz urtea aski lehor doa, tenperaturak ere apalak izan dira, eta aurreikuspena ez da iaz bezain itxaropentsua
Joxe Manuel Irigoien
Hamaika kroniketan azaldua da dagoenekoz zeinen larria den Nafarroan euskararen egoera. Foru Administrazioak ez du sekulan erakutsi euskararen normalizazioaren aldeko jarrera garbirik, baina azken bi urteotan, halere, areagotu egin da Nafarroako Gobernuaren estrategia erasotzailea.
Bi ardatz nagusi eta sendo antzematen zaizkio aipatu estrategiari. Euskarak azken urteotan zuen estatus legala gehiago murriztea batetik, eta euskararen normalizazioak gizartean duen babesa ahultzea bestetik.
Momentuz, Miguel Sanzen Gobernuak ez dirudi oztopo gaindiezinik topatu duenik bere estrategia gauzatzen joateko.
Foru Dekretu bidez, 2000ko abenduan, administrazioan euskararen erabilera zehazten duen araudi berria jarri zuen indarrean. Horren ondorioak berehala nabaritu genituen bide eta administrazioaren egoitzetako errotulazioetan, eta baita lanpostu elebidunen erdalduntzean ere. Bertzalde, kanpaina mediatiko antolatuen bitartez, eta adierazpen instituzionalekin lagundurik, euskararen babes soziala ahultzea helburu duten mezuak gizarteratzen ari dira. Gutxiengoak inposatu nahi omen du euskara Nafarroan, euskara bera politizatuz eta instrumentalizatuz, eta azken batean, gero eta globalizatuagoa den munduan etorkizunik ez duen hizkuntza dela azpimarratuz.
Oraingoz, egoera hau iraultzeko gaitasunik gabe dagoela dirudi euskalgintza. Egia da ahaleginak ez direla falta, eta zerbait erdietsi nahi denean, saiakerek beti balio izaten dutela. Foru Dekretuari errekurtsoa jartzea erabaki zuten, konparazione, Nafarroako hainbat udal eta euskara mankomunitatek eta Euskara Kultur Elkargoak.
Auzitegietan denbora irabazi nahirik.
Nafarroako Justizi Auzitegi Nagusiak ekainaren 26an eman zuen ezagutzera epaia, eta berriki, irailaren 10ean, berretsi egin du lehendik emandako autoa. Epai horretan, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuen Euskara Kultur Elkargoak Foru Dekretuari jarritako helegitea onartua zela, eta ondorioz, 2000ko abenduko dekretua baliogabea zela osotara, Euskararen Kontseilua eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren txostenak falta zituelako. Aldi berean, epaiaren kontra helegitea jartzeko aukerarik ez zegoela gaineratu zuen Auzitegi Nagusiak.
Hala ere, abilen batzuk nafartarroi salatzen diguten burugogorkeriari ohore eginez, Sanzen Gobernuak eutsi egin dio iragarritako intentzioari. Hori ikusita, Nafarroako Justizi Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 2000ko dekretua ezeztatuta dagoela, eta ez dio onartu kasazio helegitearen prestaketarako idazkia ere. Sanzen Gobernuak, ordea, ez dirudi kasu pizarrik eginen dionik Auzitegi Nagusiaren erabakiei. Geroztik ere, gaztelania hutsez ari ditu jartzen bideetako errotuloak, eta dekretuaren baliogabetze agindua ez da oraindik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu.
Dena den, beldur naiz gai honekin ere ez ote den gertatuko Itoitzeko urtegiaren aferarekin gertatu zena, eta luze gabe, "akats teknikorik" gabe tramitatutako Foru Dekretu berdina ez ote dugun izanen sudurraren parean. Horretan hasia da Gobernua, dirudienez. Oztopoa Euskararen Kontseilua omen du. Duela hiru urte, kargua kasik estreinatu gabe zutela, kide gehienek dimisioa aurkeztu zioten Sanz presidenteari. Baina tira, ikusiak ikusita, Euskararen Kontseiluarenak ez dirudi oztopo gaindiezina izanen denik.
Legearen babesik gabe, normalizazio prozesua umezurtz.
Nafarroan euskararen normalizazio prozesua behin betirako etetea helburu duen politika ari da aplikatzen Miguel Sanzen Gobernua. Hezkuntza, Osasuna, Administrazioa, Kulturaà sektore guzietan bada zerbait.
Egunotan, Nafarroako Unibertsitate Publikorako euskararen plangintza dago eztabaidan, eta funtsean, UPNk zein PSNk egindako proposamenek murriztu egiten dute euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea. Euskal irakaskuntza publikoari dagokionez ere, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu berri du Sortzen-Ikasbatuaz taldeak. Presionatu eta itotzeko ahaleginetan aritzea leporatzen diote, azpiegiturazko hainbat arazoei bizkar emanez, eta bertze kontuen artean, honako galdera hau luzatu diote Gobernuari: "Orain D ereduan ikasten ari diren ikasle aunitz institutura joanen dira. Eta gero, zer unibertsitatetan ikasiko dute gazte horiek guztiek?". Kontuan hartu behar da aurtengo matrikulazio datuen arabera, Nafarroako ikasleen %35 D ereduan matrikulatu direla eskola publikoetan, % 36 A ereduan, eta % 28 G ereduan (erdara hutsez).
Baina, erran bezala, arazo eta erasoak hezkuntzan ez ezik, esparru guztietan badira etenik gabe. Urtea bukatzeko hiru hilabete falta direnean, Nafarroako komunikabideetan euskara erabiltzeko Gobernuak atera ohi duen dirulaguntza deialdia argitaratu gabe dago oraindik. Osasunbideko eta oro har adiministrazioko lan-deialdietan ez da batetzen ari berriz indarrean dagoen Euskararen Legea (aurten baliogabetutakoaren aurretik zegoena). Nafarroako euskaldunok Foru Administrazioaren zerbitzuak euskaraz jasotzeko zailtasunak areagotu egin dira nabarmen. Euskara ia erabat desagertu da agiri eta kartel ofizialetatik. Eta horrelaà eskubide urraketen zerrenda erraz luzatuko genuke.
Lehendik ere larre motzean bizitzera usatuak ginen, eta itxura guztien arabera, etorkizuna ez da xamurragoa izanen
Pilar Iparragirre
Herri oroimenerako nahitaezko harribitxi diren lan horietako bat eskaini berri digu Euskerazaintzak. "36'ko gudaldian su-izkillatutako idazle gazteak. Lauaxeta-Lurgorri-Josu Peña (Aitza)" da Euskeraren Erri Akademia deitu erakundeko partaideek, Mari Karmen Garmendia Kultura sailburu ohia eta beste hainbaten laguntzaz, elkarlanean egin duten liburu honen izenburua. Baina bertan, fusilatutako idazleei eta haiek eginiko lanei eskainitako tarteaz gainera, Gerra horretan garaile gertatutakoen esku heriotza jasan behar izan zuten era guztietako gizon-emakumeen berri ere ematen zaigu.
HAIN GERTU ETA HAIN URRUN.
Liburuak zenbaiten memoria lausotua eta beste askoren ezjakintasuna nahi ditu argitu. Horretarako, «Lauaxeta», Jose Mari Azkarraga Mozo «Lurberri» eta Jesus Peña «Aitza» idazle fusilatuei eskaintzen dizkieten atal zabalak alde batera utzirik, memoria astintzen lagun diezaguketen hainbat lanekin ekin diote bideari.
Hasiera gisa, Kortajarena'tar Andoniren "Gaztaro negargarria" dator, non Gerrara joan beharrean aurkitu zen 21 urteko gudari bati gertatutakoa agertzen zaigun. Beste asko bezala, bere borondatez bihurtu zen gazte hura gudari, garbi zeukalako nork zuen arrazoia, baina baita ere "bera ez bazan aurreratzen derrigorrean eramango" zutelako. Eta Gerra anker hartatik eta hura galdu ondorengo urteetan jasandakoetatik bizirik ateratzea lortu bazuen ere, bereak eta bi pasa ondoren izan zen.
Arrinda'tar Anesen "Ondarreta'ko fusilatuak" lanean, berriz, bere lekukotza eskaintzen du gizon honek, Gerra hasi eta gero Gipuzkoan gertatutakoa azaltzerakoan eta, besteak beste, Donostiako espetxe horretan lanean ari zen «guardia de asalto» baten ahotik entzundakoa kontatzen du: "Este mes (1936ko azaroa) hemos fusilado a dos mil" esan omen zuen hark, gaur euritsu dago esango balu bezala.
IDAZLE FUSILATUAK.
Nortzuk eta zenbat izan ziren 36ko Gerran Euskal Herrian fusilatutako euskal idazleak? Horixe omen zen Latxaga jaunak Euskerazaintzako batzarrean agertu zuen libururako asmoa. Baina lana aurrera eramateko orduan, arazo frankori egin behar izan zioten aurre. Horien artean, Atutxa'tar Paulek azaltzen duenari: "Ez dago euren bizibidearen arabera egindako izkillatuen zerrendarik". Horrez gain, Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministro zela, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko artxibo ofizialetatik berrogei urte lehenago fusilatu, urkatu edota garrotez hildakoen zerrendak desagertarazi omen zituztenà
Haatik, Euskerazaintzakoak ez ziren uzkurtu, eta liburuetan arakatuz edota Sabino Arana zein Sancho El Sabio bezalako fundazioetara joz, Gasteizko elizbarrutian "gorrien" garaian hil zituzten 47 apaiz eta erlijiosoen zerrendaz gainera, frankistek fusilatu, espetxeratu eta deserriratu zituztenena ere agertzen dute. Gai honen inguruan, gaur egun Euskerazaintzako buru den Olazar'tar Martinek -apaiza bera ere-, honako galderak egiten dizkio liburuan entzun nahi dionari: "Zergaitik dira santuak alde batekoak eta bestekoak ez? Zergaitik ez dagoz zoriondun edo deun izateko bidean Euskalerriaren alde bizia emon dabenak? Zergaitik da Santu-bidean onartzekoa 'Viva España' eta ez 'Gora Euzkadi Askatuta'? Zergatik ez santu izateko bidean amasei abade euskaldun eta Lauaxeta'ren antzeko ainbeste laiko abertzale? Edo Mujika'tar Mateo Gotzaiña, eraila izan ez arren?".
Atal honi loturik, Anes Arrindak, fusil tiroz hilko zuten Jose Ariztimuño «Aitzol» Bou itsasontzian harrapatu zutenekoa dakarkigu gogora. Aitzoli eginiko galdeketa zuzendu zuela-eta harro agertzen zen polizia batek, zera kontatu omen zuen handik gutxira, Arrinda tartean zen dozena bat soldaduren aurrean: "Galdetu nion, nazionalista izan al zara? Eta berak: Bai, jauna. Nik, orduan: nazionalista izaten jarraitzeko asmoa al duzu? Eta berak: Bai, jauna. Eman nion ostia bat!".
HERIO ZIGORRARREN LATZA.
"Euzkadi Franco'ren menpean: Bizkaiko ta Gizpukoako agiriak" atalean, probintzi horietan frankistek hil zituzten gizon-emakumeen zerrenda ageri da, eta jarraian, Nafarroako herrietan bizi izan zuten errepresioa eta haren ondorioz hilik gertatutakoena. Jelkide, sozialista, anarkista, ezkerreko errepublikarra, komunista edota alderdi zehatz batera lerratu gabea izan, ziurtatu ahal izan dituzten izen guztiak agertu dituzte Euskerazaintzakoek zerrenda horietan.
Ondoren, gudako espetxeratuen hitzak azaltzen dira, noiz hilko zain zeudenen mezu larriak eta espetxean luzaroragoko zeudenen gutun zabalagoak. Eta hain zuzen, atal horretan datoz Esteban Urkiaga «Lauaxeta»k Gasteizko Karmeldarren komentuan igaro behar izan zituen bere azken egunetan egindako irudiak eta idatzitako eskutitzak eta olerkiak ere, bere azken testamentua haien artean.
Jarraian, Mari Karmen Garmendiak osatutako "Emakume Abertzale Batza" lana, Mitxelena'tar Manuelen "Euskaldun izkillatuen azken mezuak zaintzen", Olazar'tar Martinen "Ogeta amaseigarren urteko guda eta elertia", eta 36ko Gerran hildako gudarien zenbaketa dituzue, besteak beste. Eta hortik aurrera, ehunen bat orrialdeetan zehar, Azkarraga eta Mozo'tar Jose Mari «Lurgorri»ren eta Jesus Peña «Aitza»ren bizitzak eta ahal izan zuten artean idatzi eta han-hemen plazaratu zituzten lanak jasotzen dira. Idazleak eta abertzaleak ziren biak, eta oso gazteak hil zituztenean: 21 urterekin fusilatu zuten «Lurgorri», Derioko hilerrian, eta 22 zeuzkan «Aitza»k, "desagerrarazi" eta bizia lapurtu ziotenean. Bata eta bestearen arteko ezberdintasuna idazteko erabili zuten hizkuntzan dago, Jose Mari Azkarragak ez omen zekielako ondo euskaraz eta bere jatorrizko lanak erderaz zeudelako. Atutxa'tar Paul arduratu da horiek guztiak euskaraz eskaintzen. Dena den, zeuden bezala argitara eman dituzten batzuk ere badira: «Lurgorri»k heriotzaren hurren zegoela idatzi zituen agur-gutun hunkigarriak. Haietako bat, 18 urte besterik ez izan arren herio zigorra ezarri zioten bere anaia presoari zuzendu zion.
«Aitza»ri buruz, berriz, honela dio berari buruzko azterketaren ardura hartu duen Latxagak: "Josu Peña'k erakutsiko digu, nola ez, gure literaturaren argitasuna ta illuntasunak argitara eramaten; ortxe ikusiko degu nolako indarra daukan iruzurrak ta zenbateraiño izan diteken kaltegarria. Gaiñera gazte onek erakutsiko digu, anai-arteko gudaren erroak nun dauden; bear bearrezkoa da guk danok ezagutzea".
Aretxabaletan jaioa zen Jesus Peña, eta herri horren Gerra aurreko giroari eskaintzen zaio lanean zehar tarte zabala, ahal delarik ere umore tantaz azaltzen dena. Horrelakoxea omen genuen «Aitza» bera ere, idazten zituen gauzetan umorea alboratzen ez zuen gaztea, harik eta 1937ko abuztuaren 29an Gerran izandako zauriak sendatu zain zegoen Santandergo Ospitaletik "desagertu" zuten arte. Alferrikakoak izan omen ziren bere familiaren ahaleginak haren gorpua non egon ote zitekeen jakiteko orduan. Haren heriotzaren berri, Asturiaseko frontean Francoren aldeko indarrekin borrokan aritu beharrean aurkitu zen anaiari eman zioten, antza, baina beste edonolako argitasunik gabe. Handik gutxira galdu omen zuen bizia anaiak ere, eta honela agertzen da liburuan seme biei hiletak egin ahal izateko haien amak garaiko apaizekin aurrera eraman behar izan zuen borroka: "Gure amak gogor egiten zien apaizei Joxeri elizkizuna egiten baldin bazitzaion Jesusen aldekoa ere egiteko, eta biei batera egin beharko zitzaiela gainera, eta bestela bati ere ez. 1937ko abenduaren 1ean izan ziren bion hiletak, eta hain zuzen ere, ondoko txartelean agertzen denez, merkeago Francoren aldeko frontean hil zenarenak, Joxerenak, Jesusenak baino"
Pello Zubiria
Europa da munduan zorrik handienak dituzten herrialde pobreen hartzekodun nagusia: europarroi zor digute beren garapena teorian bultzatu eta praktikan itotzen duen dirutza alimalekoaren %58. Datu esanguratsua benetan, zifra horren arabera Amerikako Estatu Batuak, Japonia eta Kanadaren aurretik baigoaz. 2001eko irailaren 11n New Yorkek nozitu zuen erasoaren urteurrenean, hainbat literatura plazaratu da, eta argitaratu diren iritzien artean burutsuenek munduko behartsuenen artean yankien indarkeriaren kontra dagoen giroa aipatu dute behin eta berriro. Munduko zorren analisiak erakusten duena egia bada, denbora kontua izanen da gorroto horrek Europaren kontrako itxura garbiagoa hartzea. Egia esan, duela gutxi ikusi ditugu horren zantzuak Argentinan, Espainiaren kontrako protestak izan baitira karriketan.
Hori dio bere azterketan David Llistar-ek uda honetako «Hika» aldizkarian. Globalizazio barruko Zorraren Behatokiko kidea da Llistar, eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan UNESCO katedraren arduraduna ere bai.
ESTATUAK DIRA ZORRAREN JABEAK.
Aipatu dugun zor hori ez dago zuzenean Europako Batasunaren esku: estatu bakoitzak hartu dituen konpromisoen fruitu dira, eta zorrarekiko politika ondorioz erabat deszentralizaturik dago Europan.
Urteen eta geopolitikaz estatu bakoitzak duen ikuspegiaren arabera metatu dira zor horiek: espainiarrek nagusiki Latinoamerikan inbertitu dute; frantziar eta ingelesek Asia, Karibe, Pazifiko eta baita Afrikan ere; eta alemanek beren sosak gehiago ipini dituzte Europako Ekialdeko herrialdeetan.
Gainerakoan, Inbertsioetarako Europako Bankua da EBri orokorrean lotutako zor sortzaile bakarra, baina proportzioan oso da txikia. Bestela, bai Europako Batzordeak eta bai Parlamentuak egiten duten gauza ia bakarra zera da: G7ko herrialde indartsuenek honetaz erabaki dutena berresten duten hitzaldi eta dokumentuak sortzea. Eta formulak ezagunak dira: pobrezia gainditzeko, Iparraldeko herrien inbertsioetara are gehiago ireki behar dute Hegoaldeko herriek, Nazioarteko Moneta Funtsaren aholku neoliberalei jarraikiz. Eta hauen eraginak larriagotzen ikusten direnean, orduan Hegoaldeko herri horietako elite ustelei egozten zaie errua.
Llistarrek dioenez, «ondorioak deprimenteak dira: herri horietako ekonomiak are irekiago, populazioak txiroagotuta eta atzerritarren kapitalen nahikerien are eta mendeago».
Eta estatuek ahalegin guztiak burutuko dituzte kreditu horiek beren esku edukitzen segitzeagatik. Zergatik? Laguntza itxuraz beztitutako nazioarteko kretidu horiek direlako herrialde bakoitzeko transnazionalak sendotzeko tresnarik onenak. Estatu bakoitzak bere transnazionalen interesak defenditzen ditu, eta gehienez ere beste estatuekin interes horiek koordinatzeraino iritsiko da.
Horregatik egin dute porrot -dio Llistarrek- orain artean Europa mailako Garapenerako Laguntza Funts bat antolatzeko saioek. Eta horregatik omen dago Europako instituzioetan gai garrantzitsu honi buruzko hain informazio gutxi.
ESPAINIA ETA ARGENTINAREN ARTEKO AMODIOA... HANDIK BEGIRATUTA.
Europako estatuen artean, kanpo zorrari dagokionez boskarren postu baten jabe da Espainia. Bere aurretik, Frantzia da Europako hartzekodunen artean txapeldun, ondoren Alemania, Erresuma Batua eta Italia datozelarik. 2000. urtean 26.000 milioi euro zeuzkan estatu honek kanpoan inbertituta, zor publiko eta pribatua elkarri erantsita.
Zorrak ondo daude hartzekodunarentzat... zordunak txintxo pagatzen duen bitartean. Interesen ordainketa berandutzen hastean, orduan datoz buruhausteak.
Hala gertatu zaio Espainiari Argentinako kasuan. Hainbat idatzi da Argentinak bizi duen krisiaz eta bere ondorioez, baina gutxitan ikusi da horren esplikazio garbi eta ulerterrez bat. Horixe da hain zuzen Laura Ramos abokatu argentinarrak egin duena Kataluniako Observatori del Deute en la Globalització erakundeak duen webgunean.
Argentinaren kanpo zorraren gorakada Videla jeneralak estatu kolpea eman ondoren ezarri zuen terrore erregimenarekin hasi zen. Aurreko urteetan ere zorrak gorakada handia ezagutua zuen, Mendebalde osoa krisian egonik, han soberan zegoen dirua Argentina bezalako herrietan inbertitzeko irrikitan zebilen eta. Baina Videlak kolpea eman 1976an eta ondorengo 7 urteetan %350 igo zen argentinarren kanpo zorra, 9.700 milioi dolarretatik 45.000 milioietaraino. Ramosek argi esplikatzen du nola behartu ziren Estatua eta bere enpresa publikoak kanpoko zorra hartzera, beharrik ez zeukatenean ere. Dirutza haiek nork zertan erabili zituen kontabilitaterik ez zen geratuko.
Baina 80ko hamarkadan mundu mailako diru likidoa urritu zenean -lehen munduko herrialdeek inbertsioak behar zituztelako- interesak %6tik %22ra pasa ziren. Estutasunarekin batera dator Argentinako trantsizioa, eta kanpo zorra lehen aldiz birnegoziatu beharra. Munduko Moneta Funtsaren formula ezaguna da: herritarrek eta bertako ekonomia osoak gerrikoa estutu beharko dute, eta estatuak zor berriak bereganatu beharko ditu, aurrekoak ordaintzen segitzeko.
Raul Alfonsin gobernuan egon zen 6 urteetan kanpo zorra %44 igo zen. Asko? Ez hainbeste, aurreko zortzi urteetan -diktadurakoetan- %364 eta ondoren Carlos Menem peronistaren 10 urteetan beste %123 igoko zela kontuan hartzen badugu.
Diktadura ondorengo urteetan gertatu zena -Ramos abokatuak kontatzen duenez- aurreko zorrak ordaintzeko Estatu argentinarrak egindako operazioen zerrenda bat da. Operazio horien ardatzetako bat Estatuaren beraren ondasunak saltzea izan da, eta informazioa azaltzen joan den neurrian joan da handitzen herritarren arteko eskandaloa, Argentinaren zenbat lurralde publiko hipotekaturik dagoen ikusi ahala.
Beste ardatza, pribatizazio politika izan da. 90eko hamarkada osoan, bere enpresa publikoak atzerriko transnazionalei saltzen joan da Argentina. Eta hala ere, kanpo zorra ez gutxitzeaz gain, nazioaren deskapitalizazioa areagotu egin da: enpresak beren balioa baino prezio merkeagoan saldu zaizkie atzerritarrei, onura fiskal izugarriekin, erosketa hauek burutzeko transnazionalek kreditu berriak hartu zituzten atzerrian Argentinako funtsak berme ipinita... Desastre izugarria.
Aerolineas Argentinasen kasua izan da adibide nabarmenetako bat. 1989an zorrik gabe eta merke erosi eta hamar urte beranduago jabe espainiar berriek -tartean Iberia, lehendakari iazko Euskaldun Unibertsala duena, Xabier Irala- itxi, kalean 10.000 langile utzita. Geroztik Argentinan inperialismoaren kontrako oihu bakarra ez da «Yankee Go Home»
http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko lotura gehiago aurkituko duzu.
Onintza Irureta
Badakit» mahai jolasa horixe da, jolasa. Denbora-pasa honek ordea, beste funtzioak ere bete ditzake. Batetik, euskara tresna moduan erabiltzea eskatzen du jokalariek berau erabili beharko baitute galdera-erantzunen jokoa burutzeko. Bestetik, galderak Euskal Herriko kontuen zein munduko gaien ingurukoak dira eta beraz, ikasitakoak gogorarazteko edo gauza berriak ikasteko balio diezaguke.
1.800 galdera daude orotara, baina guztiek ez dute zailtasun maila berbera. 600 galdera maila txikikoak edo ertainekoak dira eta 1.200 galdera maila ertainekoak edo handikoak. Jokalarien adinaren arabera galdera batzuk edo besteak erabil daitezke, baina nahi izanez gero galdera guztiak nahastuta joka daiteke. Gainera, galdera zaila zein den azaltzea ez da erraza bai baitira gazteenek asmatzeko galderak direnak eta adibidez, gurasoek asmatuko ez lituzketenak. Sei taldetan banatuta daude galdera-erantzunak: natura eta geografia, telebista eta ikuskizunak, ariketak, kirola, hizkuntza eta literatura eta azken atalean kultura. Euskal Herriko animaliei edo zuhaitzei buruzko galderak ageri diren bezalaxe aurkituko ditugu lehoiei eta elefanteei buruzkoak. Beraz, Euskal Herriko kultura edo kirola ezagutzeaz gain mundu mailako kontuak jakin beharko dira partida irabazi nahi bada behintzat.
1.800 galdera eta erantzunak prestatzeaz Hernaniko Bertso Eskolako lan talde bat arduratu da. Egileek adierazi digutenez «erantzunetan ziria sartzen saiatu gara eta baita umore puntua jartzen ere».
NORENTZAT.
Adin guztientzako aproposa da mahai joko hau. Etxean, familian, gaztetxean, jolastokian aritu daiteke jolas honetan. Eskolan aritzeko aukera ere ematen du. Jolasa eta euskara uztartzen dituenez, taldekako jokoak euskara praktikatzeko bide ematen du. Beraz, euskaltegietan ere jolaserako tartea eta ikasteko tartea eskain dezake.
JADA SALGAI
. Datorren astetik aurrera mahai jolasa ohiko salmenta puntuetan izango da. Noski, ARGIAra deituz gero ere eskuragai izango duzue. ARGIAko harpidedunek mahai jolasarekin batera 2003ko egutegia doan jasoko dute. Jolasak 30 euro balio du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du