- Javier Arenas, PPko idazkari nagusia eta Administrazio Publikoetarako ministroa: «Ibarretxeren proposamena burugabekeria bat da eta inor legearen gainetik pasatu ez dadin legeak dituen mekanismo guztiak martxan jarriko dira».
- Jose Ignacio Lacasta-Zabalza zuzenbidearen filosofiako katedradunak Batasunaren ilegalizazio prozesuari buruz «Diario de Noticias»en: «Okerrena da, Lizarbek esaten duena gertatutakoaren egia dela, nahiz eta disparatea izan: ez da izan Konstituzio kontu bat, erabaki politiko bat baizik. Horrela, Alderdien Estatuak Zuzenbidearen Estatua ordezkatzen du, nahiz eta Alderdien Estatuaren kontzepturik ez den Konstituzioan. (...) PP eta PSOEren esanetan, haiek dira æherri honen ordezkaritza demokratiko egiazkoa eta bakarraÆ dutenak».
- Javier Madrazo Ezker Batuaren koordinatzailea: «Joan den osoko bilkuran Ibarretxek egindako proposamena ezkerraren garaipen historikoa da, Ibarretxek, azken finean, Ezker Batuak beti proposatu izan duen atxikimendu librean oinarritutako federalismo proposamen bat egin baitzuen».
Jose Maria Aznarren ondorengoa izateko lasterketa zein egoeratan da? Era guztietako hipotesiak egiten dira Espainiako hedabideetan, baina gero eta gehiago nagusitzen dena da Jaime Mayor Orejak aurre hartu diela Rodrigo Rato eta Mariano Rajoyri. Euskal Herriko egoeran jartzen duen tinkotasuna ei da bere amurik garrantzitsuena. Komunikabide garrantzitsuak («El Mundo», «ABC», RTVE, La Razon..) eta PPko kristau demokraten bultzada ei du.
Roman Sudupe izango da EAJk datozen udal eta foru hauteskundeetan Donostiarako aurkeztuko duen alkategaia. Iragarria zegoen EAJk apustua egin eta hautagai sendoa aurkezteko zuen asmoa. Egin zezaketen apustu sendoenetakoa egin dute jeltzaleek, hori bai, EA kontuan hartu barik. Egindakoa beste nonbaiten konpentsatu beharko diote EAri, zenbait lekutan elkarrekin aurkeztu nahi badute behintzat.
Jakoba Errekondo
Hauetako aspaldiko batean ene idizaletasunaren amorrazioaren berri emana dizut, irakurle, zikiratuak larrean zelatatzeko plazerraren alde otadia luberritzearenaz aritu nintzen hartan, bai. Ur jario etengabeak askan jotzen duenaren doinua ikuilu atarian entzutea atsegin izango dutelakoan, nerabetan ezagututako iturria bere oneratu asmoz gurdi bidearen zauri zaharra argitara atera dugu sasitzarrean, erdiz erdi. Sasia txaratzen ari denaren seinale, hor topatu ditugu gurdi gurpilen artean errotuta, tarteka arra beteko diametroa baino handiagoa ere baduten sahats, haritz, sasi-arkazi, gorosti... eta baita maaltza eder bat ere.
Maaltza, atxerea edo udare makatza urte sasoi honetan ontzen ari diren udare, makatz edo txermen eder eta galanten arbaso basatia da. Mentatzezale bakan batzuez gain inor gutxik ezagutzen du. Oraintxe da fruituñoz mukuru. Mikatz askoak. Arantza zorrotzegien artean zail. Bikainak.
Sasia idi larrearen ipularrea izan izango da, bai. Bere altzoan sorpresarik gordetzen ez duenik ezin esan ordea...
Jabier Agirre
Horixe da behintzat Bartzelonako Unibertsitateko Onkologia Medikuko katedraduna den Fabian Estapé doktoreak Santanderko Menendez Pelayo unibertsitatean minbiziari buruzko ikastaroan esan berri duena. Espainian, gizonezkoen erdiak eta emakumeen herenak izango du gaitz hori, baina kasuen % 50 sendatzea lortu du gaur egun medikuntzak, aurrerapenei esker.
Espainian gaitza izan duten, gaitza gainditu duten edota oraindik gaitzarekin borrokan ari diren pertsonak 1,5 milioi dira, Estapék dioen bezala "oraindik ere ezin izan baitugu izurrite hori menderatu". Izan ere, bizimodu modernoak markatzen dizkigun baldintzak ez baitute askorik laguntzen: tabakoa oso kaltegarria da, elikadura zaindu beharra daukagu eta laneko giroak ere nahiko kaltegarriak izaten dira sarritan.
Gure gizartearen joerak ere desoreka batera garamatza, gero eta gehiago. Hemendik oso gutxira 65 urtetik gorakoak % 20 (edo gehiago) izango dira. Bizi itxaropenak gora egin du, baina baita minbiziak jota daudenen diagnostikoen kopuruak ere (batez ere birika, bular, heste eta prostatako minbizien kasuak). Horregatik bizitza luzatzearekin batera, adineko pertsonetan laguntza berezia aldarrikatzen du Estapé doktoreak, gaur egungo teknika mediku eta kirurgikoek itxaropenerako leiho zabala irekitzen baitute. Gauza bertsua gertatzen da, era berean, bizitzaren beste muturrean ere, gaur egun haurren artean diagnostikatzen diren minbizi-kasuen % 70-80 sendatzen baitira. Ez etsi, beraz, inola ere, eta eutsi goiari!
BATASUNA ETA PP ETA PSOE-REN ERANTZUN GORDINAK
GORDINAK eta argiak izan ziren Eusko Legebiltzarrean Batasunak, PPk eta PSE-EEk Ibarretxe lehendakariaren proposamenari emandako erantzunak. Hausnarketa garaia dator, ordea, guztientzat. PPk eta PSE-EEk Estatuaren gotorlekutik erantzungo diote egoera berriari, areago 25 urtez ENAMi era batera aurre egin ondoren, orain indarrean eta denboran oinarritutako estrategia guztiz desberdina denari ekin diotenean. Batasunak, aldiz, denbora beharko du honek ekar dezakeena ondo hausnartzeko. Gaurkoz, EAJk ez du inongo sinesgarritasunik Batasunarentzat eta, beraz, proposamen berriak ere ez. Bestetik, egungo egoeran, kezkatuta izateko arrazoiak ere izan ditzake, bizi duen egoera gogorraz gain, oraindik maiatzaren 13ko mamua hor dagoelako.
EGOERAK GOGORTZEN JARRAITZEN DU
BATASUNA legez kanpo jartzeko asmoa erabaki zenetik astetik astera egoerak gogortzen jarraitzen du euskal gizartean, alde guztietatik iragarri izan den moduan. Eta hala jarraituko duela dirudi. Hodei Galarraga eta Egoitz Gurrutxaga etakideen heriotza, ETAk bere gain hartutako Juan Carlos Beiro guardia zibilaren hilketa eta beste hiru guardia zibil zaurituak, omenaldien debekua, Hodei Galarraga seme kutuna izendatzearen ondorioz Zaldibiko Batasunako udal taldearen auziperatzea terrorismo delituagatik, herriko tabernetako zenbait aretoen itxiera, ustezko etakideen atxiloketa eta polizi indar desberdinen operazioak... Orain behintzat, aurreikuspenak betetzen ari dira.
ETA-REN KOMUNIKATUAK
ETA-K iragan astean ezagutarazitako bi komunikatuek eman dute zeresanik. Irailaren 27ko Gudari Eguna zela eta kaleratutakoan Euskal Herriaren egoeraren ohiko diagnosi larria egiteaz gain, Vichiko Gobernuak Bigarren Mundu Gerran naziekin izandako elkarlan jarrera bera egotzi die Jaurlaritzako hiruko gobernua sostengatzen duten, EAJ, EA eta Ezker Batuari. Ez da oharkabean pasatu MCC eta funtzionarioen gainean egiten duen aipamena. Hauts gehien arrotu duen komunikatua, ordea, PPren eta PSOEren egoitza eta ekitaldi guztiak mehatxatzen dituena izan da. Iritzi publiko eta mediatikoak jauzi kualitatibo handia ikusi du iragarpenean, PPk eta PSOEk halakorik ukatu badute ere.
HAUTESKUNDEEN GERTURATZEA SUMATZEN ARI DA APURKA
HAUTESKUNDEETARAKO hilabete batzuk besterik ez dira falta eta alderdi guztien egitasmoetan dira, era batera ala bestera. EAJk eta EAk ez dute argitu elkarrekin non aurkeztu daitezkeen eta non ez. Toki batzuetan behintzat, ezinbestean aurkeztu beharko dute elkarrekin PP eta PSE-EEren indarra neutralizatzeko, Araban eta Gasteizen, esate baterako. Batasunak ez du aurkezteko zirrikitu txukunik izango seguruenik eta oso posible da ez aurkeztea eta gainerako alderdi abertzaleei ere ez aurkeztea eskatzea, honek esan nahi duen guztiarekin. Eta PP eta PSE-EEk baliatuko dute Batasuna ez egotearena herri eta eskualde askotan gotorlekuak eraikitzeko, dirudienez, inkestek jadanik iragartzen baitiete EAEn nagusi izatearen kontu horietan jai dutela maiatzaren 13an argi ikusi zen bezala.
BATZARRE, ZUTIK ETA ARALARREN ERANTZUNA
BAIONAKO Foroko kide diren Batzarre, Zutik eta Aralar alderdi politikoek lau bilkura isil deitu dituzte datorren asteburu honetarako. Urriaren 5ean Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo dira, eta 6an Bilbon. «Ilegalizaziorik ez, ETAren su-etena, Estatuen distentsioa» izango da bilkura isiletarako erabiliko den leloa. Keinu honekin hiru alderdi hauek argi erakusten dute agente politikoen artean egon nahi dutela eta egungo egoeran beren irakurketa politiko bereizia egiten dutela. Aralarrek, halaber, eta ekaineko kongresu eratzailean iragarri bezala, urriaren 5ean ezagutaraziko ditu lurralde desberdinetarako hautatu dituen zuzendaritzak. Besteak beste, hauteskundeak dituzte aurrez aurre.
POSIZIOAK FINKATUZ, IKUSMIRA NAGUSI
Aktore sozial eta politiko gehienak harrapatu ditu ezustean Ibarretxe lehendakariaren proposamen berriak. Edukiak, epeak eta moldeak berritzaileak dira. Bidea da zaharra, baina bere lehen fasean bakarrik, urte eta erdi edo bi urte barru, bidea bera ere berritzailea izan beharko baita, Espainiako Estatuarekin aurrez aurre topo egin ondoren proposamenak sinesgarria izan nahi badu. Ekimen politikoa berreskuratu du hiruko gobernuak, Madrilgo aginduek egoera larrian jarri izan duten unean. Agente politiko eta sozialek proposamena nola aztertzen duten ikusi ahal izango dugu datozen hilabeteetan, hori bai, zurrunbilo gordinenean.