Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-10-06 -- 1870.zenb


UZEI-K 25 URTE

UZEI terminologia eta lexikografia zentroak 25 urte betetzen ditu aurten eta hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu, besteak beste, hizkuntza corpusen inguruko jardunaldiak urriaren 24 eta 25erako. Horrez gain, web gunea (ww.uzei.org) berritu du.


EUSKARAREN ERABILERA BEHERA INTERNETEN

Eustat estatistika erakundeak egindako azterketaren arabera, euskal internautek euskara %5 gutxiago erabili dute urtearen bigarren hiruhilekoan lehenengoan baino. Lehen hiruhilekoan euskal internauten %19,9k erabiltzen zuen euskara eta bigarrenean %14,9k.



AEK EGUNA SANTUTXUN

Urtero bezala, AEK eguna antolatu du Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak. Urriaren 27an izango da euskaltzale ugari bildu ohi dituen jaia eta Bilboko Santutxu auzoa izango du kokaleku. Eguerdiko hamabietan hasiko da jaia kalejira batekin eta ondoren, Santutxuko hainbat euskaltzaleri omenaldia egingo zaio. «Metroz metro, beti euskaraz» lelotzat duen jaiak hiru gune izango ditu: rockarena, folkaren eta umeena. Besteak beste, Zea Mays eta Piztiak taldeek emanaldia eskainiko dute.



EAE ETA GALES ELKARLANEAN

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa kontseilari Anjeles Iztuetak eta Galesko Hezkuntza eta Etengabeko Ikaskuntza sailburu Jane Davidsonek elkarlan hitzarmena sinatu dute. Hala, euskarazko eta galesezko irakaskuntza bultzatzeko asmoz, elkarri laguntza emango diotela adierazi dute.


AISIALDIA ETA EUSKARA ARDATZ

Berriozarko Udalak «Aisialdia: euskara kolokialaren gunea» ikastaroa antolatu du. Urriaren 15etik 31ra bitartean burutuko da eta aisialdiko irakasleentzat zuzenduta dago. Lagunarteko hizkerari eta jolasei buruzko hitzaldi andana izango da. Matrikula epea urriaren 11n bukatzen da.


IDAZTEA AMANKOMUNEAN

Zer egiten du prentsako kazetari batek? Zer idazle batek? Idatzi, biek idazten dute. Noski, moduak, generoak, denborak, arauak... ezberdinak dira. Eta hala ere, gero eta gehiago dira alor batetik bestera salto egiten dutenak. Kazetari idazleak eta idazle kazetariak, alegia. Hori da hain zuzen, Euskal Idazleen Elkarteak aztertu nahi izan duen gaia. Eta horretarako urriaren 21etik 23ra Jardunaldiak antolatu ditu. Bertan, kazetaritzako generoak aztertuko dituzte -zutabea, elkarrizketa, kronika, erreportajea-, literatur kazetaritzaz mintzatuko dira, euskal kazetaritzaren bilakaeraz hitz egingo... Kazetariek eta idazleek hartuko dute parte. Bakoitza zer den, bat ala beste, finkatu gabe.


LIBER-EKO GORABEHERAK

HILAREN 2an hasi eta 5a arte burutzen ari da Bartzelonan LIBER liburu azoka. Iaz bezala, Euskal Editoreen Elkarteak standa izango du, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin lankidetzan. Nafarroako Gobernuaren postuak, ordea, polemika sortu du aurten ere. Argitaletxe nafarrek postu horretan baztertuak sentitzen zirela eman zuten jakitera iaz. Eta aurtengoan, egoerak okerrera egin du. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Gobernuaren liburuak soilik paratuko ditu stand horretan, argitaletxe nafarrei lekurik utzi gabe. Horregatik, adibidez, Txalaparta argitaletxeak lehen aldiz bere postua jarriko du LIBERren, harpidedunen eta irakurleen laguntzaz ordainduta.


GASTEIZKO ANTZERKI JAIALDIA

IRAILAREN 25ean hasi zen Gasteizko Antzerki Jaialdiaren XXVII. ekitaldia, baina bertan eskainiko diren 31 ikuskizunek azaroaren 17ra bitarteko egitaraua betetzen dute. Emanaldia Gasteizko Principal antzokian eta gizarte etxetako antzokietan egingo dira. Aurtengo edizioak Tricicle taldea eta jaialdi honen sortzaile den Felix Petite omendu nahi ditu.


BERTSO TXAPELKETA ETA GAIAK

IAZ jokatu zen Bertsolari Txapelketa nagusiko saioetako kronikak, bertso hautatuak, doinuak, argazkiak eta beste biltzen ditu Bertsozale Elkarteak eta Bertsolari Liburuak argitaletxeak kaleratu berri duten «Bertsolari Txapelketa 2001» liburuak. Bi diskorekin hornitu dute lana, non bertso hautatuen grabazioak dauden. Bestalde, Bertsozale Elkarteak hausnarketa egiteko Bertsolamintza Jardunaldien III. ekitaldia jarri du martxan. Aurtengoan bertso saioetako gaiak izango dira mintzagai egingo diren hitzaldietan.


ZAPATENEOA KULTUR ELKARTEA

HILAREN 5ean zabalduko ditu ateak Gasteizen Zapateneo kultur elkarteak. Zapateria kalean egongo den elkartea liburutegi eta banatzaile alternatiboa izango da. Hileroko kuota ordainduta, bertako materiala erabili ahal izango da.


ITZULTZAILEEN BATZARRA

EIZIEren txanda zen aurtengoan, eta berak antolatu du Europako Literatura Itzultzaileen Elkarteen Kontseiluak urtero egiten duen batzarra. Horregatik, Donostiako Miramar Jauregian urriaren 2an hasi eta 5a arte, herrialde ezberdinetako 30 itzultzaile daude bilduta. Gai konkretuei buruzko hitzaldi, mahainguru eta barne batzarrez gain, EIZIEk ekitaldia aprobetxatu du elkartearen ohorezko bazkideak izendatzeko. Besteak beste, «Txillardegi», Jose Maria Satrustegi edota Txomin Peillen izango dira izendatuak.


AKORDIOAK ETA POLITIKAK

ZINEMAGINTZAREN eta ikus-entzunezkoen industria bultzatzeko Eusko Jarularitzako Kultura eta Industria Sailak, Merkataritza eta Turismo Sailak eta EITBk etorkizunean garatuko dituzten politikak aurkeztu berri dituzte. Horretarako, Jaurlaritza egungo egoeraren azterketa burutzen ari da. Emaitzak azaroaren bukaeran plazaratuko den «Liburu zuria»n irakurri ahal izango dira. Bestalde, Asifa-Euskadik Animazio Filmagintzaren Euskal Elkarteak eta Ibaiak, Euskal Ekoizleen Elkarteak hitzarmena sinatu dute.

- Carlos Gilek «Gara»n zera zioen: «Ba al dago emanaldi aretoetan publikoaren eskura erreklamazio orririk? (...) Publikoa masa bihurri eta zaputz bat da, eta berarengan inor gutxik jartzen du arreta».
- Eloy de la Iglesia zinegileak honakoa adierazi zuen «Deia»n: «Zinemak berarentzat bizi zaitezen exijitzen dizu, ia zure burua deformatu arte».
- Manuel Lasarte bertsolariaren iritziz, «bertsolariak behar luke, beste ofizioetan bezala, ofizial on baten jornala urtean, familia handik mantendu ahal izateko». Hitzok «Euskaldunon Egunkaria»n egindako elkarrizketan esan zituen.
- Txema Blasco Euskal Aktoreen Batasuneko lehendakariak «El Pais»en: «Telebista eskola bat bezala da. Baina aktore gazte askok uste du telesail batean agertu delako dagoeneko aktorea dela eta hori txarra da, lo hartzen badu, hurrengo produkzioan ez delako egongo»
- Fermin Muguruzaren aburuz, «Rock Erradikalarekiko nostalgiak mina egin digu, eta horrekin batera gigantismoak. Oraindik sekulako joera dago kontzertu erraldoiak egiteko».

Bilboko Renfeko estazioan dago argazkian ageri den panela. Hamaika Ikusteko web gunean (http://hamaika.iespana.es/hamaika/) aurkitu dugu. Informazio panelak bidaiaria non dagoen adierazten du. Gaztelaniaz oharra ondo idatzita dago, baina euskarazkoak («Hemen saude») ziur baten bat nahastu duela.

Igor Estankonak «Tundra» izeneko lana plazaratuko du hil honetan bertan Susaren eskutik. Estankonak orain lau urte argitaratu zuen azken poesia lana.
Balendiñe Albizu urtetan erbestean bizi izan den idazle zumaiarra zendu berri da. Albizuk «Nere olerki txorta» eta «Olerkiak» poesia lanak utzi ditu.
Alex Sarduik, Exkixuko abeslari ohiak sortutako proiektu berriaren lehen lana Oihukak plazaratuko du. Lan horretako hitzak Sarduik berak eginikoak dira batez ere, eta bi abestitan Extremoduroko Rober Eniestak ahotsa jarriko du.
Pier Paul Berzaitz Muskildiko kantari eta musikagileak idatzitako «Zamalzain» komedia hil honen 26an estreinatuko da Maulen.
Arantxa Iturberen «Ai, ama!» liburuan oinarritutako lana estreinatuko du Hika taldeak urriaren 24an Urnietan.

Iñigo Aranbarrik zera idatzi zuen Grammy sarietan Kepa Junkerak izandako partehartzearen inguruan «Euskaldunon Egunkaria»n:
«Ederra behar du norberaren lana erbestera atera eta han, etxean dituzun aurre-asmo, bekaitz eta larderiak ahaztu, eta plaza librean, adituen eta jende xehearen onespena jasotzea. (...) Asmo horrekintxe eman berri dira Grammy Latinoak Los Angelesen. Berrogei izan dira saritu diren atalak (...) eta berrehun hautagaiak. Tartean, eta Madrilgo SGAEko kolegek bozketa garbian aukeratua, Kepa Junkera. æMarenÆ, seguru asko, askoz ere disko ederragoa da æmejor album floclóricoÆri zegokion saria irabazi duen Susana Baca peruarraren æLamento NegroÆ baino, ez dakit. (...) Baina ez dut oso ondo ulertzen zer egiten zuen han. Bai, esango zait autore eta egile elkartekoek, lankideek hautatzen dutela nor doan, ez berak. (...) Eta esango zait zergatik ez diodan Junkerari saria opa, euskaldunok lehendik ere kanpora irteteko aukerak gainez bagenitu bezala. Eta nik, neure motzean, ezinean segitzen dut. (...) Junkeraren lana euskalduna, latinoa ala unibertsala den eztabaidan sartu gabe, Grammyek erregeren biluztasuna utzi dute agerian, ez egiten duen musika egiteagatik, espainola izateagatik izan dela hautagai. Eta horrela, egilearen pasaporteak jarri dio adjektiboa lanari. Latino. Nori, eta Junkerari».

Ez dira euskarazko iragarki asko izaten, zoritxarrez. Enpresa eta denda batzuek ordea, aintzat hartzen dute euskal kontsumitzailea. Horren lekuko dugu Azpeitiako Bijota altzari denda. Bere iragarkietan euskara erabiltzen du, era txukunean gainera.

hemeroteka

1869. zenbakia | 2002-09-29
1868. zenbakia | 2002-09-22

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan