Kilometroak 2002
Lehen aldiz bi ibilbide prestatu dituzte hurbilduko direnentzat. Kilometro hauetan bi herriak ezagutzeko aukera izango dugu.
Urriaren 6an Urretxu eta Zumarragara hurbilduko diren milaka euskaltzaleek eguna ahalik eta ondoen igaro dezaten, ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek gogor egin dute lan urte guztian zehar. Gainerako herritarrek ere hartu dute parte antolaketa lanetan, eta urriaren 6an euren laguntza ezinbestekoa izango da. Hain justu, antolatzaileek talde lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute, eta "Elkarren beharrean" lelopean ospatuko da Kilometroak festaren 26. edizioa. Mezu honek, hainbat gauza aurrera atera ahal izateko auzolanak duen garrantziaz ohartarazi nahi gaitu, eta orain arte bezala, bai Urretxu-Zumarraga Ikastolak berak eta bai euskalgintzak guztion partehartzearen beharra izango duela aurrerantzean ere. Era berean, Euskal Eskola eraikitzeko gure herrietako eskola eredu guztiek elkarrekin lan egitea ezinbestekoa dela adierazi nahi du.
ERRONKA TEKNOLOGIKOEI AURRE EGITEA HELBURU
URTEAN ZEHAR IZANDAKO EKITALDIAK
ANTONIO CAMPOSEK EGINIKO LANA GOGOAN
LEHEN ALDIZ, BI IBILBIDE
Ibilbidean kokaturik egongo diren bozgorailuek, bestalde, sarri eskainiko dute Kilometroak 2002ko kanta. "Elkarren beharrean" du izenburua, eta hitzak Arantxa Gabiriak eta Estitxu Sudupek idatzi dituzte. Estitxu duela gutxi desagerturiko Uga taldeko abeslaria zen, eta Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasle ohia da. Hitzei ahotsa jartzeaz eta musikaz ere bera arduratu da, eta Mendiaraz anaien txalaparta doinuak izan ditu lagun.
GUSTU ETA ADIN GUZTIENTZAKO EKITALDIAK
GARRAIO PUBLIKOA ERABILTZEA GOMENDATZEN DUTE
WWW.KILOMETROAK.COM
Francoren diktadurak euskal kulturarekin loturiko ekimen oro debekatu zuen 1937ko gerra amaitzean eta egoerari aurre egiteko orduan, elizak babestu zituen euskaltzaleak. Urretxuar eta zumarragatarrek Aita Pasiotarren laguntza jaso zuten, eta 1947an euskal kultura suspertu zuen "Nekaldiaren Anaidia" elkartea sortu zen, gehienetan ezkutuan aritzen zena.
Urteak pasa ahala, ikastola bat sortzeko beharra ikusi zuten abertzaleek, eta horrela, 1966ko udaberrian Ikastola martxan jartzeko proiektu bat finkatu zen. ikastolak bi helburu zituen: haurrak euskaraz hezi eta, aldi berean, haur erdaldunak euskaratzea. Desioak errealitate bilaka ahal izateko, Aita Lizarraga pasiotarren buruak ikastola "Nekaldiaren Anaidia" elkartearen kultura sailaren barruan irekitzea onetsi zuen, eta gainera erlijiosoek Urretxuko Pagoeta auzoan zituzten egoitzak ikastolari utzi zizkieten.
1966ko urriaren 3an ireki zituen ateak Lourdesko Ama Ikastolak, gerora Urretxu-Zumarraga Ikastola izango zenak, eta 3 eta 6 urte bitarteko 88 haurrekin eman zituen lehen urratsak. Heziketa euskaraz egiteko testu eta metodologiak oso urriak zirenez gero, ikastolako irakasleek beraiek sortu behar zituzten.
Urteek aurrera egin zuten, eta Lourdesko Ama Ikastolako arduradunek ikastola irakaskuntza ertainera zabaldu behar zela ikusi zuten, 8. mailara arte egiten zuen lana jarraipenik gabe geratzen baitzen, inguruan ez zegoelako batxilergoa euskaraz eskaintzen zuen ikastetxerik. Hala, 1981. urtean Garaialde Lizeoak bere lehen pausoak eman zituen.
KILOMETROAK 1985
Urretxu-Zumarraga ikastolak Legazpiko Haztegi Ikastolarekin batera antolatu zuen 1985eko ekitaldia. Orduan ere urriaren 6an ospatu zen, eta data hori heldu baino lehen eta egun horretan bertan 1.500 lagun inguru aritu ziren lanean. Edizio hartako ibilbideak sei kilometro zituen, eta eguraldi zoragarria lagun, 50.000 euskaltzalek eman zioten itzulia. Orotara 210.354 euro baino gehiago jaso ziren, eta horietatik 96.161 euro geratu ziren etekin garbi moduan. Ordurarte Kilometroetan bildutako dirua herriko ikastolen beharrei erantzuteko erabiltzen bazen ere, 1985ean jatorriz erdaldunak ziren haurrek ikasketak euskaraz egin ahal izateko plangintza prestatzera bideratu ziren irabaziak. Horrela, Haztegi Ikastolak eta Urretxu-Zumarraga Ikastolak proiektu bana jarri zuten abian. Bigarren honek federazioaren eskolaurreko "Haurtxoa" proiektua egokitu zuen hasiera zikloan jarraipena izan zezan, eta irakasle batzuk liberatu ostean, 90eko hamarkada hasieran argitaratu ziren "Otsoko" hizkuntza eta ariketa liburuak prestatu zituzten.
IKASTOLA GAUR EGUN
1992an Aitor Zubizarreta eskoriatzarrak hartu zuen Ikastolako zuzendari kargua, eta oraindik berak jarraitzen du. 1993an Ikastolako Batzar Nagusiak sare kontzertatuan jarraitzea erabaki zuen eta bi urte geroago Kooperatiba Integrala bilakatu zen. Gaur egun hiru lerroko ikastola da eta 846 ikasle ditu: Haur Hezkuntzan 198, Lehen Hezkuntzan 328, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 237 eta Batxilergoan 83. Bestalde, 600 bat familia batzen ditu, eta 75 lagunek egiten dute bertan lan. Urretxu-Zumarraga Ikastolako lehendakaria Maria Luisa Mujika da egun q
Urriaren 6an, 1985ean antolatu zenuten Kilometroak. Zergatik antolatu du berriro Gipuzkoako ikastolen aldeko festa Urretxu-Zumarraga ikastolak?
1985ean antolatu zenean ikastolaren erronka nagusia euskalduntzearena zen, eta horretarako dirua behar genuen. Egun, teknologia berrien munduan sartzea da gure xedea, eta ezinbestekoa da babes ekonomikoa.
Bestalde, kontuan izan behar dugu ikastolak zentzurik duela baldin eta guraso, langile eta ikasleek proiektua aurrera ateratzeko bat egiten badute. Neurri batean, Kilometroak antolatzea horren adierazgarri da, auzolanari esker hainbat gauza egitea posible dela erakusten baitu. Norberaren ekarpena diru kopuru bat ematera mugatuko balitz, osagai soziala galdu egingo litzateke. Dauzkagun beharrak kontuan izan behar ditugu, baina baita horiek lortzeko moduak ere.
Horregatik "Elkarren beharrean" leloa?
Bai. Batetik, globalizazioaren ideiaren aurrean, guk pertsona bakoitzaren nortasun propioa defendatu nahi dugu, baina baita besteekiko elkartasuna ere. Urretxu eta Zumarragaren kasuan adibidez, bakoitzak du bere nortasuna, baina hainbat gauza aurrera eramateko gai dira elkarlanean aritzeko. Urretxuk ez du zentzurik Zumarragarik gabe, eta alderantziz.
Bestalde, bere garaian guraso, irakasle eta ikasle guztien laguntza izan zuelako heldu da ikastola orain dena izatera; auzolana izan duelako oinarri. Elkartu beharra daukagu, eta are gehiago egun bizi dugun egoera politikoa kontuan izanik. Bakoitza bere aldetik joateak Euskal Herriari ez dio mesederik egiten.
Kilometroak antolatzen jarraitzea seinale ona ala txarra da?
Ez dut baloratzen ona ala txarra den. Kilometroak eta ikastolen aldeko gainerako festak oso txertatuta daude. Hainbat gauza aldarrikatzeko guneak izateaz gain, festa horiek elkar ikusi eta eguna jai giroan igarotzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Euskaltzaleok horrelako mementoak behar ditugu. Helburu ekonomikoa hor dago, baina baita helburu sozial hori ere. Noski oraindik gauza asko daudela egiteko, eta Kilometroak festak lanean jarraitzea beharrezkoa dela jabetzeko balio du.
Kilometroak egunerako eta aurrera begira zer itxaropen duzu?
Kilometroak antolatzeak Ikastolako guztiok elkarlanean aritzea eskatu du, eta egunean bertan dena ongi atera dadin ezinbestekoa izango da gainerako bizilagunen nahiz beste herrietako jendearen laguntza. Urriaren 6an lagun horiek guztiak lanean gustura aritzea da nire desioa, eta hurrengo edizioetan ere lan egiteko prest egongo den jendea irtetea. Bestalde, ikastolak bizirik iraun behar du, eta talde lanak aurrerantzean ere jarraipena izatea gustatuko litzaidake. Ikastola bere ibilbidean basamortu bilakatzerik ez dut nahi, elkarlana ardatz izatea baizik. Nik uste dut urtean zehar lan egin duten horiek esperientzia baloratu eta etorkizunean ere bide horri jarraitzeak merezi duela ohartuko direla q
![]() |
|
||||
1869 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa