Oreinen udazkeneko orroak
Basoan, usain berezia dago, noiz behinka basapiztien kiratsa nabaritzen da. Berriro ere hanka egin digute. Azeri, basakatu edo oreinen batek gure garbikari kiratsa somatu eta basoan barneratu da. Ezin da basoan kantari ibili eta animalia dotoreren bat ikusteko esperantza mantendu. Zerbaitegatik ibiltzen dira ehiztariak ere egunsentian arropa berdeekin eta basoko isiltasuna errespetatuz.
Hala ere, ihes egiten diguten animalietaz ohar gaitezke, animalia horiek uzten dituzten arrastoak aztertuz. Baso hauetako erregea dugu oreina. 50eko hamarkadan birpopulatu zituzten Gorbeian, baina aztarna arkeologikoek diotenez aspaldidanik izan da hemen ungulatu hau. Bertako zerbidoetan handiena, 140 Kgr. inguru izaten dituzte arrek, sendoa eta liraina dugu aldi berean, dotorea dudarik gabe. Udan larru marroi gorriztarekin negurako janzkera ajatu eta grisagoa bilakatzen zaie. Arrek adar ikaragarriak izaten dituzte. Burutik buztanera 2,5 metrora iritsi daiteke luzeran eta altuera 1,5 metrotakoa lurretik lepa zamarreaino. Emeak aldiz txikiagoak eta arinagoak izaten dira, 90 Kgr inguru.
Orain, udazkenean, araldi garaian murgiltzen dira. Arrek, burua galduta, emeak estali nahian, milaka txorakeria egiten dituzte. Adarrik ikusgarrienak dituena emeekin gelditzen da eta beste ar satelite gazteak ar dominatzaileei adarrak jartzen ahalegintzen dira.
Garai honetan, arrek adar eta aurreko hankekin zuloak egiten dituzte bertan pixa eta hazia utziz. Euria egiten duenean nahaste honi usaina dario. Lokatz hau zapaldu eta bertan gorputza igurztea Chanel Nš5 baino erakargarriagoa omen da emeentzat.
Udazkeneko ilunabarretan, emeek belardietan bazkatzen duten bitartean, arren oihuak entzuten dira. Oihuak, adarrak, usainak... guztiak emeak estali nahian. Araldia igarotzean arren arteko lehia murriztu eta, denek elkarrekin, orein ar zahar bakartiak kenduta, negu gorriaren elikagai eskasia gainditu behar izaten dute. Dudarik gabe, oreinen bizitzan garairik gogorrena. Asko eta asko neguak irensten ditu. Maiatzean araldian izandako lanak fruitua ematen dute, oreintxo txikiak jaiotzen hasten dira eta gertatutakoa ikusita-edo, arrei adarrak erortzen zaizkie. Bi urteko emeen %40ak erditzen du eta 3 urtekoen %85ak. Lehendabiziko urtea amarekin egingo dute oreintxoek, hasieran amaren esnea edanez. Udan bazka ugaria da eta egunsenti zein ilunabarretan jaten dute, egunez gorderik mantentzen direla. Udazkenean adarrak bakoitzak bere lekuan dituenean berriro hasiko da adarjokoa
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.