Gupidagabekeria judizialaren ordua da
Txema Matanzas
Inoiz zalantzak izan baditugu, hasiak dira zalantza horiek behin betirako argitzen. Sumario honek zein bukaera izan beharko lukeen galdeturik, hamaika aldiz errepikatuko nuen hemen ez zela epaiketarik egonen, hain baita zarpaila prozedura osoaren azpian dagoen teoria eta hain baitira zatarrak prozedura eraikitzeko epaileak erabili dituen tresnak eta eman dituen urratsak. Baina, bai zera! Azkenean sekulan gertatuko ez litzatekeena hortxe dugu, sudurraren aurrean. Uztailaren 1ean argitara emaniko ebazpenaz 18/98 delako honen itxiera agindu du epaileak, eta, beraz, tramite burokratikoek betiere ekartzen duten berantze txikiarekin, epaiketara goaz.
Eta jada zalantza gutxi geratzen zaigu. Izan ere, prozedura horren bitartez egitura politikoak zartatu dituzte, azpiegitura materialak ebatzi zaizkigu eta lagun batzuek espetxeratze laburrei egin behar izan diete aurre. Aurten, ordea, prozedura hauen benetako irismena ikusten hasiak gara. Alde batetik, eta prozedura judizial hauetan sarturik dauden lagunen egoera pertsonalari dagokionez, orain arte genuen iritzia aldatzeko beharrean gaude. Jada ez da hilabete batzuetarako kontua, ez. Haika-ko lagun batzuek urte bat eta erdi daramate barruan -orain arteko markak hautsiz-, AABetako lagunek berehala dute euren lehengo urtemuga ikusiko -eta den-denek jarraitzen dute giltzaperaturik-, eta Segi zein Batasunako kideen artean ez du epaitegiak bat ere kalean jarri. Gertatuko al da lagun hauek -edo hauetariko batzuk- epaiketa arte preso mantenduko dituztela eta epaiketan bertan kondenatuko?
BESTALDETIK, kausa hauek eraikitzeko beharrezkoak izan diren kontzeptu juridiko aberranteek zilegitasuna erdietsi dute, eta honez gero, Espainiako TS delakoak onartuak ditu inteligentziazko froga perizialak (hots, etologoen, ETAri buruz jakintsuak diren polizien esanak erabateko balioa du: hutsezinak dira eta, beraz, alferrik da euren aurka egin nahi izatea, egia eurena baita). Bestaldetik, TS honek onartua du ere Garzónen teoriaren oinarrizko irizpideetariko bat: ETA ez da ETA baizik eta ETA eta bere ingurua. Entornoaren teoria hasia da TS ere bere ebazpenetan jasotzen. Aparatu judiziala, finean, zeharo homogeneizaturik dute. Oztopo zuten «Sección Cuarta» delakoaren hiru epaileak ederki lintxatu zituzten iazko abendutik gaurdaino, sinesgarritasun -eta gaitasun juridiko- handiena zuten bi epaileak -hirugarrena hortxe geratu da, Diego esan zuen tokian digo nola esan daitekeen guztiok ikus dezagun- Auzitegi Nazionaletik urrunarazi dituzte eta, testuinguru honetan, zuek esanen didazue zein epaile ausartuko den 2002ko Espainia honetan tesi horri guztiari (eta Gobernuari, eta hedabideei) aurre egiten!
BERAZ, urrikalmendurik ez, eta azken urratsak egiten hasiko gara lasterrean. 63 lagunak auzipeturik dauden eta epaitu behar dituzten prozedura aurrera doa. Oro har, 5 urtetik gorakoak izanen dira lagun hauen aurka burutuko diren eskaerak -batzuetan, ziur aski, dezente handiagoak ere-. Eta, lehenago esan bezala, ez da epaiketa hau abilezia eta jakinduria juridikoa erakusteko epaiketa bat. Lehia garbirik ez da hemen. Epaia idatzirik dago, bai eta aurkez litezkeen helegiteei emanen litzaiekeen erantzuna ere. Eta hauxe lehengo epaiketa baino ez da. Eta lehengo epaiketa honetan finkatuko den posizioa, hemen onartuko den tesia erabiliko dute, ondoren, etorriko diren beste prozeduretan auzipeturik dauden beste lagunak zigortzeko.
Eta ondorioa izanen da epe motzean 150 bat lagunek espetxe-zigor politak hartuko dituztela. Eta ez gara ahuntzaren gau erdiko eztulaz. Honelakoetan betiere dauden arazo pertsonalez gain lagun horietariko batzuk antolakunde sozial eta politikoetan buru belarri ari dira gaur egun ere. Koadro politiko batzuk erditik kentzen ditu estatuak, eta -zigorra dela medio- lagun horiek ordezkatu beharko lituzketenek eskarmentua har dezatenaren esperantzaz. Azken ofentsibaren estrategia da estatuak duena, eta «gupidagabekeria judiziala»ren ordua da. Jakinen ahal dugu erantzuten eta arazoa gainditzen...
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.