Leihotik begira plazaren erdira, Arraldeko bira...". Gaueko hamarrak aurtxoan Euskal Herriko etxe askotan esaldi kantatu honen zain egon ohi dira milaka telebista ikusle. Harrigarria da, buruak zein neurritarainoko ahalmena duen, doinu jakin bat egoera jakin batekin lotzeko, kasu honetan, telebista saio batekin identifikatzeko.
Pascal Gaignek beti irudien gainean lan egiten duela dio, irudi bakoitzari ondo datorkion doinua jarriz. "Eskalada hutsezko irudi batzuk badira, pop doinu biziak datozkio ondo. Himalaya inguruko bizimoduari buruz hitz egiten denean, ordea, erritmo eta doinu etnikoagoak sartzea komeni izaten da".
Musika tresna gutxi.
Musika konposatuta dagoenean, grabatu beharra etortzen da. Horretarako, ordea, ez da normalean bitarteko gehiegirik izaten. Benetako instrumentu gutxi erabiltzen dira, denerako musikariak kontratatzea garesti irteten delako.
Horregatik bihurtu da lan hauetarako ezinbesteko ordenagailua. Bizitzako beste esparru askotan bezala, musikarenean ere ordenagailuak eta teknologiaren aurrerapenak sartu dira. Musika konposatzeko erraztasunak jartzeaz gain, kostuak merketzea ekarri du honek. Orain urte batzurekin alderatuz, errazagoa da orain musikari batentzat etxean estudio bat izatea. Diru eta toki gehiegirik gabe egin omen daiteke.
Aldi berean, ordenagailu eta teklatuek aukera ematen dute edozein musika tresna imitatzeko. Azken emaitza, ordea, ez da inola ere berdina. Saxofoi baten doinua behar bada, ordenagailu bidez sortutako saxofoi hotsa eta benetako saxofoi batena, elkarrengandik urruti daude.
Aitor Furundarenak dioenez, "kalitate kriterio oinarri batzuk jartzen ez badira, azken emaitza kaxkartu egin daiteke. Produktoreek beti ordenagailu bidez musika egitea nahi badute, asko jaitsi daiteke kalitate maila. Nire kasuan, duintasun bat mantendu dugu denok. Zerbaitetarako benetako musika tresnak erabiltzea komeni zela iruditu zaidanean, produktoreek errespetatu izan dute".
Iñaki Salvadorrek «Ertzainak» telesaila gustura gogoratzen du. Gutxitan bezala lan egin ei zuen, bitarteko gehiagorekin eta detaileak zainduz.
Erabiltzen diren musika tresnak edo ordenagailu bidez imitatu ohi direnak saioaren araberakoak dira beti. Dokumentaletan, gehienbat musika mantsoak behar izaten dira, hitzen lokuzio lasaiarekin eta irudien joanarekin bat datozenak. Kasu hauetan, orkestra sinfoniko batean erabiltzen diren musika tresnak imitatzen dira askotan ordenagailu bidez.
Beste saioetan, musika biziagoak izaten direnez, musika tresna modernoagoak erabiltzen dira. «Betizu» saioan esaterako, behitxoek gitarraz, bateriaz, teklatuz eta baxuz osaturiko musika talde bat dute. "Musika egiteko erabiltzen ditugun edo ordenagailuz imitatzen ditugun tresnak ere horiek dira", dio Aitor Furundarenak.
Azkar mesedez.
Aurrekontua mugatua izateaz gain, bada telebistarako lan egiten duten musikariek izaten duten beste amesgaizto bat: presa. Oso erritmo bizian lan egiten da. Telesail askotan, egunean kapitulu bat grabatu behar izaten da eta horrek parte hartzen duten agente guztiei eragiten die, baita musikariei ere.
Iñaki Salvadorrek, atzera begiratu eta hainbat telesailetako esperientzia ikustean, denborak eragindako larritasuna oroitzen du. "Astero emititzen zuten telesail batean, aste bateko kapitulua telebistan ikusten nuen eta biharamunean jasotzen nuen hurrengo asteko atala. Hiru edo lau egun besterik ez genituen izaten, musika konposatu, grabatu eta telesailean sartzeko".
Hain azkar ibiltzea ez zaie oro har musikariei gustatzen. Pascal Gaignek dioenez, "dinamika makur batean sartzen zara konturatu gabe. Ez duzu ezertarako denborarik izaten eta doinuak txurroak bezala egiten dituzu. Azkenerako bost axola zaizu dena eta nik uste dut musikariaren lanak ez duela horrelakoa behar. Horregatik saiatzen naiz telebistarako ahalik eta gutxien lan egiten".
Doinu original gutxi.
Komeriak izaten dituzte musikariek askotan, telebista saioetarako doinuak konposatzeko. Baina ez da beti horrela izaten.
Telebistan gero eta gehiago erabiltzen dira, "liburutegi musikalak". Era desberdinetako musika biltzen dute disko hauek, egoera desberdinetarako balio duena. Doinu luze edo motzak; alaiak, tristeak edo beldurrezkoak; estilo desberdinetakoak... Argitaletxe jakinek kanpoan egindako musikak dira hauek, egoera desberdinetarako balio dutenak eta telebista ekoizleei, denbora eta dirua aurrezten laguntzen dietenak. Era honetako diskoen berezitasuna egile eskubideetan datza. Telebista saioaren ekoizleek, ez dute horrelako diskoetan egile eskubiderik ordaindu behar izaten eta horregatik merkeago ateratzen zaie. Nahikoa dute beraien beharretara egokitzen den musika bat aurkitzea. Musikariek diotenez, ordea, inola ere ez da lortzen musika originalarekin lor daitekeen emaitza. Pascal Gaigneren esanetan, "saio baterako espreski egin den musikak, zigilu pertsonala ematen dio saioari berari, nortasun gehiago izaten du".
Itxura denez, era honetako diskoek musika ekoizpenari eragin diote. Iñaki Salvadorrek, esaterako, gaur egun, telebistarako orain hamar urte baino askoz ere musika original gutxiago egiten dela uste du. "Azkar egin nahi dira gauzak eta merke. Musika originala egon badago, baina lehen baino gutxiago. Mimoarekin lan egitea falta da telebistan"
![]() |
|
||||
1869 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa