Nikolas Ormaetxea «Orixe»ri gorazarre egin nahi izan zion ZERUKO ARGIAk bere 500. zenbakian, batasuna aldarrikatuz. Era guztietako idazlanak agertzen ziren hartan, Abandok, Amatiñok, Dionisio Amundarainek, Joxe Mari Aranaldek, Arostegitar Jokinek, Mikel Atxagak, Bozas-Urrutiak, Elustondok, Ibargoitik, Joseba Intxaustik, Xabier Letek, Anjel Lertxundik, Koldo Mitxelenak, Txillardegik, Mikel Ugaldek eta Aita Villasantek sinatuak. Helburua? Lehen orrialdean agertzen zuten hura: «Orixe-ren omenez eta gorasarrez egiten dugun bostehungarren aleak batasunera, alderdi guztietako batasunera bultza egin diezaigula denoi».
«ORIXE»RI ZOR ZAION LEKUA
IKA-MIKA ZIPOTZAK KANPORATUZ
Euskaldun guztien aldizkariak, ordea, «batzen gaituzten alderdi eta lokarriei eutsi nahi» zien, «batzen gaituen sua indartu», eta hori, «sakabanatzeak indarrak galarazten» dituelako. «Elkartasunaren indar ori egin behar luke gure arteko aldizkari batek. Bakoitzaren eskubideak, iritziak eta jokabideak onartuaz bakoitzak elkarrekin dugun kidetasuna indartu».
Hara zergatik jo nahi zuen Z. ARGIAk batasun bidetik. «Gero eta areago. Euskera batuak gero eta batuago egingo gaituen itxaropenez. Sakabanatzen baino elkartzen gehiago ahaleginduz. Iritzi guztiak onartuz. Talde jakin bati lotu gabe. Ika-mika zipotzak kanporatuz...»
Asmoa asmo, orren ondorena, orren fruitua, Orixeren lana, errikoia dela esan al dezakegu? Egia al da asmatu duela berak esaten duen «errikera»rekin? Au da Orixeren errikoitasunaz egin behar den galdera nagusia eta estua. (...) Norbaitzuk badiote galdera orri erantzuna emana eta Ormaetxeari berari adierazia. (...) Neurea esan dezadan. Nik ere ala uste dut. Gure Orixe aundiak, beste alderdi on edo abantail askoren artean, au du bat berezia: Errikoitasuna, bai bertso-lanean ta bai prosan (...) (1972-X-01)
Aintzinako Euskal Herri artzain eta nekazaria gaitzat hartuta egiñik dago «Euskaldunak» poema. Orixeri ideia hura bururatu zitzaion, eta bere herriari eskein zezaiokean gauzarik hoberena bezala konplitu zuen. Biziera bati eta inguru batzuei zer nolako kera eta maitasuna zien garbi adierazten du lan horrek. «Artazuriketa», «Iruleak», «Iñauteri» eta beste horrelako zatiak irakurtzean, emozio berezi batek estutzen digu zintzurra. Herri zahar baten zantzuak, galduz doazen ohiturak! (...) Bai; baina gure herria gero eta gutxiago da horrelako. Orixeren asmoa kunpli-eziña zen: herri bat bere bizitzako lan eta ohituretan agertu. Orixek erakutsi eta kantatu zigun Euskal Herria, guk nahi ala ez, benetakoaren zati bat bakarrik baita. Orixeren poema haundi hortatik, industrializazioaren zantzu guztiak falta dira. Hiri aundiak ere, azken aldera Donostia ezik, falta dira; eta Donostia, protagonista haien bizitzan anekdota atsegingarri bat besterik ez da. Orixek herriaren baitan jartzen dituen ideia, uste eta jokaera moralak ere, Orixe berarenak gehiago dirala uste dut batzuetan, zeharo herriarenak baiño. Orixek herri hura sublimatu egiten zuen, bere irizpide eta usteetatik ikusten zuen... Bai. Denok egiten dugun bezala (...) (1972-X-01)
Orain, hemen utzi gintuen Orixe urrutixeagotik ikusten dugunean, orain da garaia bere lanak hobeto aztertzeko. Azpian genduzkan itzala luzatzen ari da eta mehetzen: orain hartu behar genituzke haren luze-laburraren neurri zehatzak. (...) Neure aldetik zerbait aitortzea zilegi bezait, ausartuko nintzateke esatera Orixe gramatikalaria dela gutxien asetzen nauena. Gramatika, izan ere, jakite enpirikoa da eta berak beste bidetatik eraman nahi zuen, Erdi Aroko eta gero ia oraintsukoen antzera, ez baikenituen ezagun Sartaldean, esaterako, Panini baten moldeak. Baina akats hori, akatsa baldin bada, hutsa da besteen aldean. Gizon bezala, eta hauxe da noski lehenbizikoa, ezin hobea da Orixek utzi digun eredua. Egiazko gizon, bere buruarekin borrokan eta Jainkoaren bila, egiazko euskaldun eta euskaltzale, Euskal herriaren seme jator, ez hitzez eta oihuz, eguneroko lanaren lanez baizik. Goian bego eta bildu zigun uzta onerako izan bekigu, bizi zitzaigunean bezalaxe
![]() |
|
||||
1869 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa