Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-09-29 -- 1869.zenb

(IN) KOMUNI-KAZIOAREN ATARIAN
Batzuen artean
ALBERDANIA
292 orrialde
18 euro


PRENTSA ETA EUSKAL GATAZKA AZTERGAI

Alberdaniako Zerberri sailean plazaratu den "(In) komunikazioaren atarian. Prentsa eta euskal gatazka" ikerketak, Petxo Idoyaga eta Txema Ramirez de la Piscina izan ditu zuzendari, baina bertan parte hartu dute, baita ere, Santiago Alvitek -Galiziako Telebistako langileak-, Jesus Barredok -Radio Vitoriako albistegietako buruak-, Gorka Espiauk -kazetaria eta Elkarri gizarte mugimenduan lan egiten duenak-, Nerea Iriartek -ETBko kazetariak-, Monika Rodrigok -Getxo Irratiko kazetariak-, Teresa Todak -«Egin» egunkariko zuzendariorde ohia, egun LAB sindikatuko Komunikazio Arloan lanean ari denak- eta Enric Xicoyk -Kataluniako Ramon Llull Unibertsitateko irakasle eta «La Vanguardia»ko kolaboratzaileak-. Euskal gatazkaren tratamendu informatiboaz diharduen ikerketa honek 1998ko irailean izan zuen bere abiapuntua, ETAk su-etena iragarri zuenean, eta 2001eko hauteskundeekin batera amaitzen da. Bitarte horretan, Hego Euskal Herriko, Madrilgo, Kataluniako eta Galiziako hamaika egunkari garrantzitsuenen lehen orrialdea eta editorialak aztertu dituzte, eta horri CIESek egindako iritzi azterketa gehitu.

GOTORLEKUAK GIPUZKOAN
XVI-XIX. MENDEAK

Juan Antonio Sáez/ Gorka Agirre
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
112 orrialde
10 euro


BERTAN 18: GOTORLEKUAK GIPUZKOAN

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamenduak plazaratzen duen «Bertan» bilduman, Juan Antonio Sáezek idatzitako «Gotorlekuak Gipuzkoan. XVI-XIX. mendeak» liburua plazaratu dute. Ikerketa interesgarri hau irudi ederrez hornitua dator. Argazkiak, egileak berak eta Gorka Agirrek eginak izan dira. Besteak beste, honakoak ageri dira: gaztelu modernoak, Gazteluzar, Pasaiako dorrea, Santa Isabel gaztelua, Karlos V.aren gaztelua Hondarribian, San Telmoko gaztelua, Urgulleko gaztelua, gotorleku modernoak, lehen eta azken karlistaldiko gotorlekuak, Endarlatsa-Erlaitz lerro gotorra, Artilleriako eta gogortzeko teknika berriak, Oiartzungo lubaki-eremua...

PAKO FAKIRRA
Xabier eta Martin Etxeberria/ Jose Belmonte

ELKAR
49 orrialde
6,20 euro




FAKIR BAT DIETA EGITEN JARRI ZUTENEKOA

Pozik bizi zen Pako fakirra bere lanbideari zegozkionak egiten, harik eta tripako minak haren poztasuna pikutara bidali zuen arte. Izan ere, auskalo zenbat ezpata eta aizto irentsiak zituen fakir hark, eta azkenerako txatarreria batean baino burdina gehiago zeukan sabelean. Gauzak horrela, dieta zorrotza egitea agindu zion sendagileak. Barazki dieta egin beharko zuen, hiru hilabetetan. Jakina, denbora horretan ezingo zuen lanik egin. Gainera, Pakori berdurak ez zitzaizkion batere atsegin... Eta fakir gizarajo horren estuasunak kontatzen dizkigute Xabier eta Martin Etxeberria anaiek «Pako fakirra» liburuan, Jose Belmonte marrazkilariak eginiko irudi politen laguntzaz.

GIZON-EMAKUME HAUEK (LIBELO ANTZERA)

Migel Anjel Unanua
HIRIA
149 orrialde
11,50 euro



FEMINISMOAZ, GUPIDARIK GABE

Feminismoaren arrazoiak eta desarrazoiak gupidarik gabe aztertzen saiatu da Migel Anjel Unanua, Hiria argitaletxeak kaleratu duen «Gizon-emakume hauek (Libelo antzera)» izenburuko liburuan. Matxista edo feminista izatea baino beste aukerarik ikusten ez dutenen aurrean, alderdi batera zein bestera jotzen ez duenaren grazia goratu nahi luke Migel Anjel Unanuak, argudio hori sofisma bat baino ez delako, bere iritziz, dogmatika feminista huts eta gogorra, manikeismoa bezalako jokaera ustel bezain usu batez lagunduta dagoelarik gainera. Eta liburu honen egilearentzat, edonor izan daiteke emakumeen lan baldintzen egoera tamalgarria konpontzearen iritzikoa ideario feministarekin bat etorri gabe eta matxisten artera makurtu gabe.

KIROLA ELGOIBARREN. DIAS DE GLORIA
Azkue familia
ONGARRI
180 orrialde
28,50 euro



AZKUE FAMILIAREN ARGAZKI ARTXIBOA

Ongarri argitaletxeak plazaratu duen «Kirola Elgoibarren. Días de gloria» izenburuko liburu ederrean, Azkue familiak iragan mende hasieratik gaur arte osatutako argazki artxibotik kirolari dagokion atala ikusi eta gozatzeko parada ematen zaigu. Victoriano Azkue Alonsok 1922an ekin zion jarduerari, bere seme Julián Azkue Villarek eta bere biloba Julián Azkue Intxaustik eman zioten jarraia. Haiei eginiko lanari esker ikus ahal dezakegu gaur egun elgoibartarrek, eta beste kirolari ospetsu askok, azken laurogei urteotan pilotan, futbolean, txirrindularitzan, boxeoan, herri kiroletan, automobilismoan, eskubaloian, atletismoan, xake jokoan zein beste kiroletan erakutsitako abileziak zer-nolako aldaketak izan dituen.

BIZI ALEGIAZKOAK
Marcel Schwob
IBAIZABAL
166 orrialde
7 euro


SCHWOB-EN «BIZI ALEGIAZKOAK» EUSKARAZ

Borgesek zioenez munduko bazter guztietan elkarte sekretu koxkorrak osatzen dituzten zale sutsuak dauzkan Marcel Schowb idazle frantziarraren «Bizi alegiazkoak» liburua itzuli du euskarara Juan Garzia Garmendiak. Idazle argentinarrak berak ziurtatutakoaren arabera, kontakizun ezberdinez osatutako idazlan honen protagonistak -Enpedokles, Erostrato, Krates, Septima, Lukrezio, Klodia, Petronio, Frate Dolcino, Cecco Angiolieri, Paolo Uccello, Katherine farfailgina, Alain adeitsua, Gabriel Spenser, Pokahontas, Kid kapitaina, Walter Kennedy edota Burke eta Hare jaun asasinoak bezalakoak-, egiazkoak dira, baina ez hala Marcel Schowbek haiei buruz kontatzen dituen ekintzak: hauek asmatuak izan daitezke eta ez gutxitan fantasiatsuak.

BOLETIN

Batzuen artean
EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEA
254 orrialde
12 euro




SEI IKERKETA ETA IAZKO MEMORIAK

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak kaleratzen duen «Boletin» deitu aldizkariaren azkenengo alean, Vicente Latieguik Huescan euskara XIV. mendetik XVII.era aztertu du; Patxi Albisuk, «Indiako Erresumetan» merkatari izandako Azpeitiko zazpi Amenabar anaien inguruko lana egin du; Jose Luis Barriok, José Negrete de Sumiano bizkaitarraren liburutegiari buruzkoa; Idoia Bujanda eta Jose Manuel Etxanizek, 1887-1897 urteetan Donostiak zeuzkan tranbia hipomobilen albaitari-alderdiak azaltzen dituzte; Juan B. Olaecheak Mexikoko Inkisizioaren aurrean Hondarribiako marinel bati jasatea egokitu zitzaiona; eta Luis Lerchundik aita Larramendiren bi familiartekoen inguruko ikerketa. Hauez gain, iazko oroitze txostenak ageri dira bertan.




ALAITZ ETA MAIDERREN HIRUGARREN CD-A


AUSKALO
Alaitz eta Maider
ELKAR
14 kanta
16 euro


Hamalau kantaz osaturiko CD-arekin datozkigu Alaitz eta Maider deitu taldekoak: «Folki Linza», «Jonvals», «Itzulerarik gabeko joana», «Zer ote da?», «Kontrolatuta daukat», «Bidean...», «Larunbata hastean», «Barañain», «Agur», «Hodei», «Ez dizut esango», «Eta besterik ez», «Hor nonbait» eta bere hirugarren disko honi izenburua ematen dion «Auskalo» kantarekin. Grabazioan, Alaitz Telletxea eta Maider Zabalegiz gainera, besteak beste, hauexek hartu dute parte: Angel Unzuren gitarrak, perkusioak eta abarrak; Fran Iturberen gitarrak, Mikel Artiedaren baxuak, Blas Fernandezen bateriak, Josu Salbideren xirulak eta bestek; Xabier Zeberioren biolinak, Olatz Zugastiren arpak eta leku faltaz aipatzerik ere ezin ditugun hiru nesken eztarri onak.

hemeroteka

1868. zenbakia | 2002-09-22
1867. zenbakia | 2002-09-15
1866. zenbakia | 2002-09-08
1865. zenbakia | 2002-09-01
1864. zenbakia | 2002-07-28

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan