- Enrique Lopez, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bozeramailea: «Ez dago garbi zer gertatzen den alderdi bat legez kanpoko jardueran jartzen denean; nazionalistek, ordea, alde baterantz interpretatzen dituzte legeak, behin ere ez demokrazia eta herritarren alde».
- Joseba Arregi, EAJko parlamentari ohia autogobernu eskaera handiagoari buruz: «Autogobernu eskaera handiagoa ez da egiten euskal herritarren ongizatea handitzeko borondateari erantzuteko, euskal gizartearen baitan eta honetatik banandua euskal nazio etnikoa zer den erabaki dutenen boterea handitzeko interesean baizik».
- Lorenzo Contreras, segurtasun indarren iturrietatik gertu ari den kazetaria: «Mundu nazionalista eta abertzalearentzat, Garzonen azken operazio judizialak egundoko opari dialetikoa izan dira».
- Raul del Pozo zutabegileak «El Mundo» egunkarian: «Amore ematea, hori da abertzaleen bide bakarra, Julio Caro Barojak zioen bezala, euskaldunen teknika beti berdina izan zelako: ezustean eraso egin eta etsai handiagoarekin topo egiten zutenean atzera egin».
Jon Juaristiren ustez, urriaren 19rako Ermuko Foroak eta Aski da! plataformek Donostian deitutako manifestazioan garrantzitsua da Espainiako bandera ondo ikustea, eta ez ikurriña bakarrik, halako kale agerraldiak egin diren beste batzuetan bezala. Cervantes Institutoko zuzendariaren esanetan, ikurriña abertzaleen eta ETAren sinboloa da.
Ainhoa Mugika eta Juan Antonio Olarra, poliziaren ustez ETAko komandoetako buruak direnak atxilotu zituen polizia frantsesak Bordeletik gertu hilaren 17an.
Francisco Franco Fundazioak 83.000 euro jaso ditu aurten diktadore ohiaren artxiboen hobekuntza lanetarako. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak artxibo kontuetan fundazio bati aurten emandako diru laguntza handiena da. Carmen Franco, generalaren alaba, da fundazioko lehendakaria.
Jakoba Errekondo
Burdin-zurak edo zur-burdinak, asmatzen ez da erraza, uretara bota eta hondoa jo arte itotzen diren zurei deitzen zaie. Beste upeleko sagardo batean itotzen dira zur harrigarri hauek ontzen dituzten zuhaitzak bizi diren lurraldeetako herritarrak. Orain arte ezagutzen diren zur trinkoetan trinko hauetako batzuk, bada: Kubako lignum vitaea, Guaiacum officinale, 1.370 kg./m3-ko dentsitatea duena; Argentinako kebratxoa, Schinopsis balansae, 1.280; Brasilgo pau brasila, Caesalpinia echinata, 1.280; Asia hegoaldeko ebanoa, Diospyros ebenum, 1.270; Ertamerikako kokoboloa, Dalbergia retusa, 1.250; afrikar gradanilloa, Dalbergea melanoxylon, 1.250; Surinamgo bolletriea, Manilkara surinamensis, 1.200; afrikar eskardadun mimosa, Acacia pallens, 1.190; Olneya tesota, 1.150; Venezuelako viruvirua, Ocotea rodiaei, 1.150; Filipinetako balau horia, Shorea argentea, 1.150; kanariar pinotea, Pinus canariensis, 1.141; Mediterraneoko olibondoa, Olea europaea, 1.120; azobe edo akoga ginearra, Lophira alata, 1.100; Kongoko kongolatia, Letestua durissima, 1.100; Mozanbikeko eiouma Dialium dinklage, 1.100; Brasilgo kumarua, Dipteris odorata, 1.070; Boliviako lapatxoa, Tabebuia ipe, 1.050; afrikar ebanoa, Diospyros crassiflora, 1.050; gabondar alepoa, Desbordesia pierreana 1.050; Portugal eta Espainiako artea, Quercus ilex, 1.045 eta Zaireko nsakala edo palo rosa, Swartzia fistuloïdes, 1.020.
Arnasa lasai hartzeko moduan ez gauden euskaldunon ezpelaren zura ere hauetakoa da, Buxus sempervirens, 1.030
Jabier Agirre
Medikuok aspalditik ezagutzen genuen Niloko sukarra, liburuetan ikusia baikenuen izen hori, geure ikasle garaietan bederen. Baina beste hainbat gaixotasun tropikal edo "exotiko" samar bezala, liburuetako kontua besterik ez zen gaitzak ikaragarrizko berpiztea izan du azken aldi honetan, duela aste batzuetatik hona "Ipar Amerikako mehatxu berria" izena hartzeraino. Lehendik ere nahiko beldurtuta bazeuden bertako biztanleak, baina honekin beste kezka iturri bat gehitu zaie oraintxe urtebete edo (2001eko irailaren 11n hain zuzen ere) New Yorkeko Dorre Bikien aurkako ekintzaren ondotik hainbeste aztoratu dituen terrorismo kontuei.
Gaitza ohizkoa eta arrunta da Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Asiako mendebaldean, baina duela bizpahiru urte arte erabat ezezaguna zen AEBetan (eta gainerako "gizarte» aurreratuetan"). Baina azken egunetan egunkarietan behin eta berriz irakurri izan ditugu Niloko birusa dela-eta infektatuak izan ondoren hildako pertsonen albisteak. Abuztua arteko datuek diotenez, 361 pertsona kutsatu dira Estatu Batuetan eta horietatik 23 hil dira.
Horrek, noski, ikaragarrizko izua zabaldu du jendearen artean, baina esan beharra dago eltxoak (argazkian ikusten da horietako bat) hozka egindako 150 pertsonatik bakarrak erakusten duela gaitza. Ez dago horren kontrako botikarik, ezta txertorik ere, atseden hartu eta likidoak edatea besterik. Transmisio zikloa eltxotik txorira eta alderantziz izan daiteke, edo eltxotik pertsonara, baina sekula ere ez pertsona batetik bestera
IBARRETXEK ZER ARGITUKO DUEN ZAIN
Baltasar Garzonen aurka Jaurlaritzak iragarritako kereila kriminalak eta, batez ere, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak Sozialista Abertzaleak talde parlamentaria ez desegiteak ekarri duten ekaitzaren ondoren, Ibarretxe lehendakariak ostiralean Legebiltzarrean zer eta noraino argituko duen da orain irrika handiz espero dena. Legebiltzarrean eta igandean Alderdi Egunean botako direnen artean izango dira EAJren estrategia politikoaren pista berri batzuk. Azken urteetan gutxitan bezala dago EAJ erabaki garrantzitsuak hartu beharrean eta ezinezkoa izango da presionatzen duten guztien gustukoak izatea.
HIRUKO GOBERNUAREN EGOERA
EZ da Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien barne eztabaidari buruzko aipamen ofizial txikiena ere egin; desadostasun zirrikituei buruz, ordea, zurrumurru ugari entzuten ari da, batez ere Bilboko manifestazioren ondoren. Manifestazioan Ertzaintzak izan zuen parte hartzean eta emandako azalpenetan izan ei dira tirabirak. Ikusmira handiena, ordea, sortu den talka egoeraren aurrean, aurrera egiteko ikusmoldeetan dago. Ibarretxe lehendakariak ostiralean ezagutaraziko duen estrategia politikoaren edukia ere funtsezkoa izango da berak gidatzen duen gobernuaren osasunerako.
MUGIMENDUEN INTERPRETAZIOA
FERNANDO Lopez Agudin kazetariak uste du Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra Jose Maria Aznar Gobernuari aurreratu egin zaizkiola bere planetan. Aznarren ustez -Agudinen analisian- aurrez aurre talka egitearena plan barruan zegoen, baina geroago. Analista honen aburuz, Aznarrek prestatutako erasoaldi osoaren kate-begi ahulena da Garzonena, eta hortik heldu dio EAJk kontraerasoari. Aznarrek badu nahiko tresna egoerari aurre egiteko, kontua ei da jadanik heldu zaiola jauzi egiteko unea. Agudin «El Mundo»ko analista da, Radio Euskadiko tertuliakidea eta PSOEren gobernu garaian Barne Ministerioko komunikazio taldeetako batean aritu zen.
MANIFESTAZIOEN TENTSIOA
TENTSIOZ bizi izan ziren Arrasaten Askatasun Taupadak jardunaldien aurreko egunak, baina azkenean, antolatzaileek tentsio gune garrantzitsuena desegitean -manifestazioa-, amnistiaren aldeko mugimenduaren 25. urteurrena normaltasunez bilakatu zen, festa eta aldarrikapen giroan. Ez da, ordea, ezker abertzaleko manifestazioen inguruko tentsioa baretu, datozen aste eta hilabeteetan eskualde eta herri mailan egingo diren deialdiak erakutsiko duten legez. Batasunak edo ezker abertzaleko herritarrek manifestazio deialdiak egiten jarraituko dute eta Barne Sailak bakoitzari erantzun beharko dio, Madrilgo zaintza zorrotzaren pean.
RPR ALDERDIA DESAGERTU DA
JACQUES Chiracquek 1976an sortutako RPR alderdia desagertu zen hilaren 22an Vilepinte (Seine Saint-Denis) herrian, alderdiaren 3.000 ordezkariren aurrean eginiko batzarrean. RPRk UMP (Gehiengoaren Aldeko Batasuna) koalizioan integratzea lehenetsi du. UMP Frantziako zentro-eskuineko alderdi handi gisa eratu zen joan den urteko azaroaren 17an eta presidentziarako nahiz diputatuetarako bozak irabazi zituen. De Gaulle jeneralaren ondorengoek, Democratié Libéralek (Demokrazia Liberala) eta UDFk (Frantziako Demokraziaren Aldeko Batasuna) osatzen dute. Demokrazia Liberala ere joan den aste buruan desagertu zen. Halaber, François Bayrouk gidatzen duen alderdi zentristari garai berriak iragartzen zaizkio. RPRko Michèle Alliot-Marie azken lehendakariak RPRko gaulistak UMPren bihotza izango direla adierazi du. Jacques Chirac garaiaren ondorena iragarri da Frantziako politikan.
DESOBEDIENTZIA ASTURIASEN
ASTURIASKO Kutxako kudeaketa guneetarako bere ordezkariak izendatu behar zituen Asturiasko Legebiltzarrak 2000ko uztailaren 13an, baina ordu batzuk lehenago Asturiasko Justizia Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Legebiltzarreko bilkura hura, IUk eta beste alderdi batek jarritako helegitea zela eta. Legebiltzarreko Mahaiak ez zuen agindua onartu eta bilkura egin zen. Mahaiko lehendakaria PSOEkoa zen eta PPk bere jarduera sostengatu zuen. Erabakiak ez du oraindik ondorio berezirik izan.
UPN ETA IKURRIÑA
UPN-REN Gobernuak irailerako prest izan nahi du aurki Foru Legebiltzarrean aurkeztuko duen sinboloen legearen erreforma proiektua. Helburua ikurriña jartzen duten udaletxeak zigortzea litzateke. UPNk gehiengo osoa behar du eta PSNk eta CDNk iragarria dute jada ez dituztela UPNren asmoak sostengatuko.