Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-09-29 -- 1869.zenb


OSAKIDETZAKO OPOSAKETAK

Euskal Herrian Euskaraz taldeak Osakidetzako oposaketak bertan behera uzteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, lanpostu berrietarako oposizioetan euskara meritu gisa soilik baloratzen duela argudiatuta. Hainbat mobilizazio egiten ari da EHE eta lan eskaintzako azterketa egunetan gehiago egingo dituela iragarri du.


ELIZA ETA EUSKARAREN ARTEKO HARREMANA

Euskaltzaleen Biltzarraren mendeurrena betetzen dela-eta, hilaren 27an elkartuko da Hendaian Euskaltzaindia. Goizean Hiztegi Batua aztertuko du Euskararen Akademiak eta arratsaldean eliza eta euskarak izandako harremanaren inguruan gogoeta sakona egingo dute. Arratsaldeko ekitaldia irekia izango da eta besteak beste, Andres Urrutiak, Mikel Erramuspek, Jean Louis Davantek eta Piarres Xarritonek emango dituzte hitzaldiak.


ELKARTE ETA LEHENDAKARI BERRIA

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak egitura juridikoa aldatu du. Hemendik aurrera Seaska ere bere baitan izango da eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa izango da bere izena. Elkarte berriak, lehendakari berria izango du: Pedro Aranburu. Izan ere, 25 urtez lehendakari izandako Antonio Camposek kargua utziko du. Bost urtez lanean izan dira bost federazioak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartea estatutuak eztabaidatu eta finkatzen. Konfederazio berriak Zornotzan izango du egoitza.


EUSKARAZ IDATZITAKO ZIGILU ESKE

Euskarazko zigiluak aldarrikatu ditu Euskal Filatelia Elkarteen Baterakundeak (ESEBA). Espainiako Estatuan egiten ari diren «Zigilu aniztasuna» kanpainaren baitan kokatu beharra dago adierazpena. Azken 152 urteetan euskarazko hitzen bat zuten lau zigilu atera dira soilik, eta euskara hutsezko batere ez.


POLITIKARIK GABE

Euskal Produktoreen Elkarteak bere aurkezpen ofiziala egin du. EPE zortzi euskal ekoiztetxek sortu dute Jaurlaritza, ETB eta IBAIA ekoiztetxe independenteen elkartearen laguntza faltak eraginda. Euskal zinemagintza desagertzeko zorian dela dio. Horregatik, Jaurlaritzari politika bat eskatzen dio; ETBri telebista operatzaileak etekinen %5 filmen eskubideak erosi eta produktora independenteen lana bultzatzera behartzen dituen legea kunplitzea; eta zinema industriatzat hartzea. Bitartean, Euskal Aktoreen Batasunak eta IBAIAk instituzioei laguntza gehiago eskatu diete, Zinemaldian euskal zinemari eskaintzen zaion egun bakarraren aurkezpena baliatuz.


DANTZA ALDIA HASTEAR

BOST talde hartuko ditu aurten hilaren 29an hasiko den Dantzaldiak. Azken hiru urtetan Bilbon antolatu den egitarau honek 200.000 eurotako aurrekontua du aurten. Izan ere, goi mailako nazioarteko taldeak hurbilduko dira Bilbora. Lehena, iaz ikuskizun onenari ematen zaion Max Saria irabazi zuen Rafael Amargo flamenko konpainia izango da. Urriaren 20an berriz, Roseland Musical Bartzelonako konpainiak «El pais sin nombre» obra taularatuko du. Azaroaren 24an, Kataluniako Dantza Sari Nazionala eskuratu berri duen Mal Pelo taldeak «LÆanimal a lÆesquena» lana eskainiko du. Eta azken bi ikuskizunak Grenobleko D.A.C.M. konpainiak eta Holandako Galili Dance taldeenak izango dira.


ARGAZKIEN BILDUMA ERAKUSGAI

DONOSTIAKO Kursaalak argazkilaritzari eskainitako lehenengo erakusketa paratu berri du. Enrique Ordoñez eta Isabel Falcon bikote donostiarrak hogei urtetan osatutako bilduma da Kubo aretoak ikusgai duena. Guztira, 200 lan dira. Abenduaren 8a arte hainbat ekimen burutuko da hauen inguruan. Besteak beste, urriaren 10a eta 12a bitartean argazkien zaharberritzeari buruzko jardunaldiak egingo dira.


HAUR LITERATURAZ SANTIAGON

LAU euskal ordezkari izan ziren lehengo astean Santiagon burutu zen haur eta gazte literaturaren inguruko kongresu hispano-lusoan. Xabier Etxaniz Erle, Manu Lopez Gaseni, Seve Calleja eta Victor Moreno Galtzagorri elkarteko ordezkariak izan dira bertan, hain zuzen. Orokorrean irakurzaletasuna sustatzeko kanpainak izan dira komunikazio eta mahai-inguruen gai nagusi. Horrez gain, Manu Lopezek «Euskal haur eta gazte literaturaren irudia bere mugetatik kanpo: literatura esportatua» izeneko komunikazioa irakurri zuen; eta Victor Moreno berriz, «Irakurzaletasunaren suspertzeko oinarri teoriko eta praktikoak» gaia izan zuen mintzagai.


AHOTS BERRI ESKE

DONOSTIAKO Orfeoiak 145 kide ditu egun. Eta 260 ahots gehiago, Kantu Eskolan, Orfeoi Txikian eta Kantu Tailerrean biltzen diren guztiak zenbatuz gero. Hala ere, Orfeoiak ahots berriak bereganatzeko kanpaina bat jarriko du martxan. Izan ere, elkarteak emanaldi gehienak Espainiatik kanpo ematen ditu, eta gero eta zailagoa egiten zaio dituen kideekin nazioarteko konpromisoei aurre egitea.


BILDUMEN AMAIERA ETA HASIERA

SUSAK «XX. Mendeko poesia kaierak»eko azken 11 antologiak urrian plazaratuko ditu. Koldo Izagirreren ardurapean, Tere Irastorza, Joan Mari Irigoien edota Luigi Anselmi bezalakoen antologiak kaleratuko ditu. Alberdaniak berriz, «Bertako» bilduma sortu du, non herrietako literatura, pertsonaia, ohitura eta pasadizoen ondarea biltzeko asmoa duen. Lehenengo alea kalean da dagoeneko eta Koldo Izagirrek Donostia ardatz hartuta eginiko antologia da: «Hiri bat literaturan. Literatura baten hiria», hain zuzen.

- Mikel Urdangarinek honakoa zioen «Gara»n: «Zerbait egiazkoa azaldu ezean, zeu biluztu ezean, kantak ez du balio».
- Hasier Etxeberriak «ZerBerri» aldizkarian: «Jende askok uste du euskararen mundua kitscha dela, trikitixa eta danbolin askorekin. Irudi horretaz nazkatuta nago».
- Begoña Bilbao EHUko irakaslearen ustez, «kultura eta hizkunta, biak dira diglosikoak liburu testuetan, euskal kulturari ez zaio dagokion entitatea ematen. Guzti honek oso eragin handia du, euskaldun sentitzeko oinarri gutxi ematen zaie ikasleei, euskal kultura ez da modu adierazgarrian ematen». Hitzok «Andra» aldizkariak jaso zituen.
- Francisco de Larrakoetxea ABAOko lehendakariak honakoa adierazi zuen «El Pais»en: «Operan engainatua izateko prest egon behar duzu».
- Xabier Portugalen hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n bilduak: «Zinemaldia euskal kultura sustatzeko plataforma egokia izan daiteke, baina ezin ditu hark dituen hutsuneak bete».

Iruñeko Udalak euskararekiko errespetu gutxi du, askotan ikusi ahal izan dugunez. Joan den astean automobil bati jarritako isuna eskuratu dugu. Isunaren aurrealdeko oharrak euskara eta gaztelaniaz zeuden, atzealdekoak aldiz, gaztelania hutsean. Isuna geldiarazteko argibideak ere halaxe zeuden, gazteleraz.

Iñaki Larrimbe artista gasteiztarraren argazki serieekin eman dio hasiera Bilboko Bilkin arte galeriak ikasturte berriari.
Ana Urkizak «Bazterreko ahotsa» poema liburua aurkeztuko du datorren hilean Donostian, Elkarren eskutik.
Markeliñek irabazi du Tarregako Antzerki Feriaren kale antzerkiko obra onenaren saria «DSO» lanarengatik.
Ivan Zuluetari omenaldia eskaini dio hilabete osoan zehar Donostiak. Bere filmeen maratoiaz gain, DV Galeriak argazkiekin eginiko lana du erakusgai, eta Koldo Mitxelena Kulturuneak azaroaren 2a arte hartuko ditu berak eginiko kartelak.
Tapia eta Leturiak «Hain zuzen» diskoa grabatu berri dute. Zuzeneko hamabi kantuz osatua dago, horietatik lau berriak. Hiru urtetan argitaratzen duten lehen lana da, eta Gaztelupeko Hotsaken eskutik dator.

Juanba Berasategik esanak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n egindako elkarrizketan:
«Euskal zinemaren eztabaida betikoa da. Hots, euskaraz egiten dena ote den, Euskal Herrian eginikoa, hango profesionalena... Niretzat hizkuntza funtsezkoa da. Kontua da eztabaida hori ez dela inoiz sortzen demagun, zinema espainiarrari buruz edo espainiar izaerari buruz. Eztabaida egoteak zinematografiarik ez dagoela esan nahi du. Oraindik ez dugu gure zinematografia osatu; zinema egiten dugu, baina ez zinematografia. Badaude teorikoak esaten dutenak euskal zinemak zer nolako ezaugarriak izan behar dituen, baina zinema eginaz egiten da. (...)
Bagara ekoizleak, baditugu gutxieneko baliabideak, baita zerbitzuak ere gure produktuak sortzeko. Baina zeinek banatuko du hori dena? Oraindik ez da sortu banaketa enpresarik -Tinko da salbuespena-. Orduan, zer egin behar dugu? Madrilera joan eta banatzailea kontratatu. Eta han gelditzen da. Hemen ez dugu kontrolik. Beraz, zikloa ez dugu itxi. Ez dugu nazioarteko saltzaile bat bera ere. Zinema atsegin ez duten enpresaburuak behar ditugu Euskal Herrian, lan artistikoan eskurik sar ez dezaten, enpresa ongi kudea dezaten, eta kanpoan, nazioartean sal dezaten (...)».

Euskal selekzioaren historia, izandako jokalariak, argazkiak, estatistikak.... biltzen dituen web orrialdea topatu dugu amaraunean. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakur daitezke www.geocities.com/euskal_selekzioa guneko edukiak. Selekzioaren alde sinatzeko aukera ere eskaintzen du.

hemeroteka

1868. zenbakia | 2002-09-22
1867. zenbakia | 2002-09-15

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan