«ABERTZALEOK IDEOLOGIKOKI SOBERA AITZINATU GARA»
Mikel Asurmendi
Hiriburu lekune estrategikoa da garraioari dagokionean. A63 (Baiona-Bilbo) eta A64 (Baiona-Okzitaniako Tolosa) autobideak bertatik iragan dira. Laburrean bada ere, datozen urteetan eraikiko diren azpiegiturei buruzko iritzia eman digu auzapez honek: «Gaia konplexua da eta hainbat mailetan garatu beharrekoa. Erabakiak ez dira Herriko Etxeetan hartzen, hau da, udaletxeek ez ditugu hautatzen garraioa bideratzeko eraiki beharreko azpiegitura motak. Heldu diren urteetan funtsezko erabakiak hartuko dira, baina Frantzia eta Espainiako estatuek eta Europak orobat hartuko dituzte». Alain Iriartek trenbidea lehenesten du, baina horretarako dirua behar dela, eta funtsean, dirua estatuen eskuetan dagoela erran digu. Bien bitartean, A63 autobidea zabaldua izanen dela erran digu: «Egin beharreko lana da, seguritate arazoak baitaude, baina beste autobide bat egin gabe. Oraingo autobidea zabaltzen bada ingurumena errespetatu beharko litzateke, lanak tokian tokiko Herriko Etxeekin eta elkarteekin aztertu beharko lituzkete lehenik, baina, egia erran, orain arte ez dute hori egin. Kostaldeko Herriko Etxeek prefetari helegite bat igorri diogu kari horretara. Informazioa eskatu diogu eta zabaltze obrak egiteko gure iritzia kontuan har dezaten».
Herrigintzaz aritu gara hastapenean eta honi buruzko solasaldiaren zati handiena koadro batean paratu dugu. Jarraian, politika orokorrari buruzko elkarrizketa doa.
Batasuna sortzearekin zatiketa eman zen ABn. Zer gogoeta egin duzu duela urtebete izandako gertaeraz?
Zatiketa hau ez da lehena izan eta ez da azkena izanen. Zatiketek ez dute abertzaletasuna laguntzen, baina beharrezkoak dira jarrerak argitzeko. Batasuna eta ABren arteko zatiketa, Iparralderako estrategian ez garelako ados eman da, ezta Hegoaldeko egoeraren azterketan ere. Zatiketak, halaber, eztabaida izan dela erran nahi du, eta egunen batez, menturaz, bilduko gara.
Iparraldeak aitzina egin behar badu, Batasunaren jarrerak ez dira egokiak Iparraldean. Nire ustez, abertzaleok ez dugu gobernuei begira politika egin behar, haiekin negoziatzeko gisan. Ez dut uste hori aitzinatzeko bidea denik. Alderantziz, guk herritarrengana joan behar dugu eta haiekin mintzatu. Herri Taldeen eta EMAren espiritua hori izan zen, eta ABk bide hori segitzen du orain.
Batasuna legez kanpo gelditu da Hegoaldean. Zein neurrian eragin dezake Iparraldeko politikagintzan?
Lehenbizi, Hegoaldean gertatzen ari dena biziki larritzat jotzen dut. Espainiako Gobernuak eta Justiziak egin dutena ezin onartuzkoa da, Batasunaren legez kanporatzea ez da demokratikoa.
Maleruski, hemengo jendea ez da horretaz ohartzen, Iparraldeko euskaldunak oso urrun daude Hegoaldeko errealitatetik. Hango egoerak ez du batere baldintzatzen hemengoa, muga alimalea dago bi aldeen artean. Orduan, ez dut uste erabakiak hemengo politikan eragiten duenik edo ABren ibilbidea trabatzen, mementoz ez behintzat.
Udalbiltzako kide izan zara. Egitasmoa ez da hasieran pentsatu bezala abiatu. Zer iritzia duzu garai hartako esperientziaz?
Udalbiltza esperientzia ona izan zen, hautetsi abertzale guztiak egitura batean bildu baitzituen. Iraun izan balu, menturaz, anitz gauza egin izango ziren han eta hemen, elkarrekin, baina funtsean bertan behera gelditu da. Maleruski, alderdi politiko bakoitzak bere estrategiak ditu, eta ez gara aski abilak elkarrekin aritzeko. Udalbiltzak, euskaldunen, oro har, eta partikularki abertzaleen ahuleziak erakutsi zituen, Hegoaldean bereziki. Hots, gure artean ez bagara deus eraikitzeko gauza izan, Frantziako nahiz Espainiako Estatuek ez digute deus emanen. Lehenbizi, abertzaleok elkarrekin zerbait egiteko gai garela erakutsi behar diogu gure buruari, horretarako hainbat gauza gaindituz. Mementoz ez dakigu egiten. Badakit konplikatua dela, nik ere ez dut gakorik eskaintzen. Alta, interesgarria litzateke berriz ere abertzale guztiok beste egitura batean biltzea.
Ekaineko bozen ondoren, abertzaleen boto portzentaia errepikatu da. Zein da bidea boz abertzaleen %10etik haratago joateko eta abertzaletasuna eraginkorragoa izan dadin politikan? Zer bide landu behar luke ABk, kasu?
Lehenik, jendeek pertsonalki nahiz kolektiboki taldeen barnean kokatu behar dute beren burua, militante guztien lana biziki inportantea da. AB norabide horretan ari da eta gazteei, kasu, ahalbideak jarri behar dizkiegu.
Nire irudiko, gure politika instituzionala Herriko Etxeko bozetan eta kantonamenduetan finkatu behar dugu. Herriarengana hurbildu behar dugu herriko bozetatik abiatuz. Halaber, herritarrak guregana hurbiltzeko, lehenik haien kezkak aztertu behar ditugu, gero etorriko da beste instituzioetarako bozetan lana egiteko mementoa. Iparraldean jendea prest egon daiteke abertzaleen bidera hurbiltzeko, baina gu ez gaude diputatu edota senatariak lortzeko lehia politikoan aritzeko gisan.
Adibidez, ongi da departamendua eskatzea, baita Hegoaldearekin harreman politikoak garatzea ere. Alabaina, hemengo herritarrak ez dira axolatzen instituzio berriak sortzeaz edo egitura berriez interesatzen. Jendeak arazoak konpontzea nahi du: lana, etxebizitza, hezkuntza, hondakinen eta ingurumenaren arazoak... Abertzaletasunak eremu horiek ere landu behar ditu, jendearekin mintzatuz nahiz beste alderdi politikoetako kideekin arazoak alderatuz ere. Konparazione, guk euskararen egoeraz dugun arrenkura agertu behar diegu, baina batez ere herritarrei. Estatuarengandik edota sostengatzen duten alderdiengandik ez dugu deus erdietsiko.
Non dago gakoa aitzina egiteko?
Abertzaleok ideologikoki sobera aitzinatu gara Iparraldean, eta Hegoaldean, naski, baita ere. Ez dut uste hori egokia denik. Guretzat behintzat ez da egokia. Gakoa, hein batean, arazo ideologikoetan finkaturik ez gelditzea da, ez osoki bederen. Bestela beti egonen gara bozen %10-11n. Anartean, ez dugu departamendua ez eta euskararen ofizialtasuna erdietsiko ere. Usu gobernuak departamendua emanen ote duen zain gaude. Zer ematen digu? Deusik ez! Ahalbideak beste molde batez landu behar ditugu. EAJ-PNB, EA, Batasuna eta ABko hautetsiek bildu beharko genuke bide komun bat elkarrekin urratzeko.
Batzuen ustez, ABk ez du eztabaida aski sakona landu indarkeriaren gaian, jarrera argiagoa agertu behar lukeela diote. Hori argitzea gakoa izan liteke aitzina egiteko?
Ez dut uste, ez guztiz bederen. Gure historian indarkeria erabili da eta den bezala hartu behar da. Nik abertzaletasunak Iparraldean eraman bidea nire gain hartzen dut, osoki. Orain, naski, jakin behar dugu erraiten bide hori ez dela beti egokiena, guri dagokigu hori azaltzea.
Bortizkeria edo borroka armatua gai minberatsua da. Atentatu bat delarik herritarrek nekezago konprenitzen dituzte gure ideiak. Zenbait hautetsik ETAk hartu duen bidea ez genuela ontsa ikusten erran dugu publikoki eta zenbait ekintza kondenatu ere bai. Mezu hori helaraztea inportantea da.
Zer nahi gisaz, ABk bere hautuak egin ditu, beharrezkoak, Batasunatik bereiztea, kasu. Halaber, ez ditugu borroka armatuari buruzko eztabaida ideologikoa eta estrategikoa erabat trenkatu. Batzuek borroka armatua ez dela bidea diote, beste batzuek baliagarria izan daitekeela, beste batzuk ez dira mintzatu. ABk horrela segitu behar du, bakoitzak bere jarrerak atxikiz, eztabaida ona da beti. Edonola ere, Iparraldean indarkeriari buruzko auziak edota erabakiak ez ditu trabatzen gure bidea eta proiektua. Ez gara jendearengandik aski hurbil horrela izan dadin
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.