2002-09-22 -- 1868.zenb
Aste osoz bulegoetan edo fabriketan lanean asteburua noiz iritsiko zain aritzen den hiritarra, natura eta isiltasunaren erdian egindako mendi buelta eder batetik indarberrituta itzuli ohi da berriro porlan, asfalto eta aire kutsatuzko bere mundu zaratatsura. Gaurko ibilbidea ez da, bada, oraindik hondatu gabeko inguruneren batera lasaitasun bila joan nahi duenarentzat. Oiza egindako txango honetan gure herriko mendiek dituzten gaixotasun ia guztiak batera ikusteko aukera desatsegina izan genuen. Ibilbidearen hasierako pinudian jada, dozenaka esplotazio-pistak eratutako labirinto modukoan galdu ginen. Euri garaian leku hura ibiltezina izango dela iruditu zitzaigun, lokatzetan galtzeko modukoa. Ehiztariekin kontuz ibiltzeko aholkatzen zuen seinale triste bat ikusteko aukera izan genuen; baina... ez al dira ehiztariak berak kontuz ibili behar dutenak inori tiroren bat oparitu gabe? Mundua aldrebes dago, zeharo. Gerra ez du inork maite teorian, baina gure mendi askok gerra eremua dirudite "ehiza" garaian. San Kristobala igotzen den pistan, erromeria egunean, zaila zen arnas hartzea eta ikustea ere, kotxe eta motoek oinez zihoana halako ke eta hauts laino batean uzten baitzuten. Eta zarata, jendea oihuka hitz egiten... argazkietan islatzen ez dena. Eta Oiz gailurreko antenak? Mendizaleek mendi altuena, zailena, edo ezezagunena, beti errekorren bat duena bilatzen dute, bada, hona hemen Euskal Herriko mendi "antenatsuena". Eta handik kilometro gutxira, Maņaria inguruko harrobi ezagunak... Zoritxarrez, dena den, Oizen gaixotasunak kutsagarriak dira oso...
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa