Azken urteotan gure hizkuntzak bilakaera handia izan du, bere inguruan egin ikerlanei esker, eta badira zenbait talde, erakunde eta enpresa arau-gogoeta berriak bildu eta euskara hobetzeko ikastaroetan eskaintzen dituztenak. Birziklatze ikastaro hauetan egunero euskara jatorra erabiltzeko beharra edo nahia dutenak matrikulatzen dira.
HABEren prestakuntza ekitaldiak.
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak ere bere sorreratik euskara ikastaroak eskaintzen ditu urteroko prestakuntza-ekitaldien baitan. Ikastaro hauek, batez ere, euskaltegietako irakasleei zuzendurik daude, klasean euskara zuzenean idatz eta hitz egin dezaten.
Halaber, talde bereziei zuzendutako ikastaroak direnez, talde bakoitzaren beharretara egokitzen ditu egitasmoak HABEk. Erakunde honetako teknikariak tokian tokiko euskaltegietara joaten dira, bertako irakasleei klaseak emate aldera. Ikastarook urritik maiatzera bitartean eskaintzen dira.
EHUrekin lankidetzan, esaterako, 1992tik 1997ra bitartean "Bigarren Hizkuntzen Irakaskuntzarako Irakasleen Formazioa: Euskara" izeneko ikastaroa paratu zuen, graduondoko Memoria prestatzen ari zirenei zuzendua, hain justu ere. Memoriako gaia jorratzeaz gain, unibertsitateko irakasleek beren idazmena garatzeko eta euskara teknikoa hobetzeko aukera izan zuten. Aurtengo udan, gainera, Juan Garzia Garmendiaren ardurapean "Itzulpengintza-Oinarrizko trebetasunak lantzen" ikastaroa egin dute, Gipuzkoako Udal Euskaltegiekin batera.
Ikasturte berriari dagokionez, HABEk euskaltegietako irakasleendako "Txukuntzen" mintegia aurreikusi du. Ikasturte berrian euskara hobetzeko ikastaroak on-line egiteko aukera ere izango da. Hiru ikastaro antolatu ditu: "Testuaren dimentsio didaktikoa", "Testuak ikasgelan ustiatzeko bideak" eta "Testuak eta kurrikulua". Honen inguruko informazio gehiago www.habe.org web gunean aurki daiteke.
Bestalde, euskara hobetzeko klaseetan frogatu denez, euskaltegietako irakasleek testu nahasiak idazteko joera dute. Gainera, eten gutxi jartzen dituzte, eta horrek testuen ulermena zailtzen du. Dena den, HABEko prestakuntza arduradun Joanba Bergarak dioenez, "ikastaroek harrera ona dute, eta euskaltegietako irakasleak oso ikasle onak dira, esker onekoak. 2001/2002 ikasturteko frogen emaitzak ikustea baino ez dago".
AHOSKERA ETA IRAKURKETA LANTZEKO.
AEKri dagokionez, urtero ikastetxeetako irakasleei zuzendutako ikastaroak eskaintzen ditu, eta euskaltegietan bertan deialdi irekikoak. Bizkaiera jator batean mintzatzeko klaseak ere izaten dira AEKn. Izan ere, euskara hobetzeko ikastarootan, batez ere, ahoskera eta irakurketa lantzen dira, betiere zuzentasun gramatikala aintzat hartuz. Iraupen oso ezberdineko ikastaroak daude, klaseetan jorratu beharreko gai guztiek ez baitute denbora kopuru bera eskatzen. Izan ere, badira 10 orduko ikastaroak, eta baita 100 ingurukoak ere. Oro har, talde txikiak osatzen dituzte ahoskera eta irakurketa lantzeko komenigarriak baitira
![]() |
|
||||
1868 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa