«GASTEIZEN, ABSTENTZIOAREN FASEA BUKATU DA, BAIEZKOA EDO EZEZKOAREN FASEA DATOR»
Xabier Letona
Osoko bilkuretan ez bada ez da samurra Arnaldo Otegi Eusko Legebiltzarrean aurkitzea. Aurrerantzean, ostera, han ibili beharko du gehiago, Batasunaren jardueraren eremu handi bat handik bideratzen baita gaur egun. Noiz arte? Horra hor Legebiltzarreko Mahaiak erantzun beharko duen galdera, eta elkarrizketa hau kaleratu orduko erabakita izango duena seguruenik. Kataluniako medioen zurrunbiloan harrapatu dugu Otegi eta elkarrizketa luzeari ekin, egungo politikaren puntako gaiei helduz. Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioko kidea da gaur egun Otegi, baina Batasunak etorkizunaz dituen klabeetako batzuk behintzat mahaiaren gainean geratu dira.
Aspalditik ari zineten Garzonen autoaren esperoan, pentsatutakoa baino gogorragoa izan da Garzonen agindua ala gutxi gora-behera esperotakoa?
Erritmo eta edukietan gure aurreikuspenak betetzen ari dira, baina garbi dugu oraindik ez dela bukatu. Ziur gaude inputazioak egongo direla, atxiloketak eta kartzelaratzeak, edo saiakerak bederen. Garzonek edozer egingo du ezker abertzalearen desegite praktikoa gerta dadin. Estatua bi bide erabiltzen ari da egun, bata juridiko-penala eta bestea legegilea. Zer helbururekin? Datozen udal hauteskundeetan ezker abertzaleari aurkezteko zirrikiturik ez uztea.
Erantzunari dagokionez, pentsa liteke edo ez dela erantzun maila handirik bultzatu edo gehiago ezin dela. Oihartzun mediatikoa eta politikoa bai, baina ez da kale mailako halako erantzun handirik eman.
Guk ez dugu ikuspegi bera. Herrietan eta hiriburuetan mobilizazio berreskuratze nabarmena izaten ari da. Ńabarduretan sartuz, dena den, guk ere erantzun pausatuagoa eman nahi dugu. Borroka hau ez da bukatzen bi hilabetetan eta gure indarra ere dosifikatu behar dugu. Ezin gara erresistentzia klabeetan bakarrik gelditu eta eraikuntza klabean ere aritu behar dugu, burujabetza klabean. Epe ertain edo laburrean, erantzuna tinkoa eta zabala izango delakoan gaude.
Duela gutxi egindako elkarrizketa batean esaten zenuen egoera hau ezker abertzaleak berak eragindakoa dela, Estatua horretara behartu duela. Azalduko al zenuke esaldia.
Asko ńabartu behar da esaldia, bestela badirudi ezker abertzalea pozik dagoela egoera honetan, eta egoera hau bilatu egin duela. Zera esan nahi dugu, Estatua behartuta datorrela ezker abertzalearen aurka. Zergatik? Bere ustez, sektore zabal horrek baduelako marko berri bat egiteko oso estrategia argia. Beraien ustez, eta hala diote, dena frogatu dute ezker abertzalearen aurka: gerra zikina, sakabanaketa, errepresioa, intoxikazioa, tortura... eta ez dute lortu Trantsizioan diseinatutako helburua, Euskal Herriaren askapen nazionalaren prozesua geldiaraztea, alegia. Horregatik datoz horrela, seguruenik azken errezeta dena frogatzera. Edozein nazio askapen prozesutan Estatu bat suebaki bat jartzen saiatzen da, eta hori hiru probintzietarako autonomia estatutua da. Une honetan autonomiak ez du gehiago ematen eta espainiar legalitatearen menpe planteatzen den edozein estrategiak ez du inolako etorkizunik. Beraz, edozein prozesu soberanista zintzotasunez egiten bada, ELAk edo guk diogun bezala, gauza bat jarri behar da mahaiaren gainean: egungo estatusa galtzeko arriskua, eta hau, ez ezker abertzaleak nahi duelako, Estatuak autonomiaren bidea itxiko duelako, eta horrek bidegurutze historiko batean jarriko gaitu.
PPk eta PSOEk nagusitasuna duten erakundeetan nahiko argi dago talde gisa jarduteko oztopo handiak izango dituzuela. Eusko Legebiltzarrean zer gertatuko da zuen ustez?
Zoritxarrez, EAJ, EA eta EBk (Ezker Batua), batez ere azkeneko biak kontrako irudia ematen saiatzen badira ere, amore ematen dute Garzonek eta Espainiako Gobernuak agintzen duten guztiaren aurrean. Ertzaintza gure egoitzak asaltatzen ikustea da horren adibide argiena. Egun hori tristea zela esan nuen nik, horrek euskaldunak euskaldunen aurka jartzen zituelako eta Estatuaren tranpan erortzea zelako. Azkenean, eta nahiko nuke erratzea, Legebiltzar honetan ere Espainiak agintzen duena egingo dute, nahiz eta horretarako beren erritmoa eta zelofana erabili. Ez dago burujabetza biderik legalitate espainiarra errespetatuz, ez da posible. Horregatik daude horrela, irtenbiderik gabe eta nora doazen jakin gabe.
Uste al zenuten, akaso, Ertzaintza ez zela joango egoitzak ixtera?
Joango zela pentsatzen genuen, baina hori ez du Ertzaintzak erabaki, Ibarretxek eta Gobernuak baizik. Guk egin genien deialdia xumea izan zen: "Benetan burujabetzaren alde bazaudete eta askotan aipatzen dituzuen desobedientzia zibila, pase forala eta abarrekoak indarrean jartzeko prest bazaudete, hemen duzue aukera, ukatu". Erantzuna logikoa izan da: "Ez, Ertzaintzak joan behar du, bestela Guardia Zibila joango delako". Noski, horrela da, baina horrek frogatzen du ezker abertzaleak egiten duen azterketa zuzena dela, autonomia Espainiak agintzen duena egiteko erabiltzen ez baduzu, autonomiarik gabe gelditzen zarela.
Hori ez da deialdi xumea, eskaera oso potoloa baizik, eta gainera abertzaleen arteko estrategia sendorik egon ezean, gaur egun bezala, gauza ezina. Hori zuen analisietan ere argi agertuko da.
Bai, ez da gauzatuko, eta gure analisietan ere agertzen da, baina hori egin izan balute, eta posible zen, giroa beste erabatekoa litzateke. Desobedientzia besterik ez diegu eskatzen, Gandhik egiten zuen bezala. Zenbat bider hitz egin digute hari buruz? Manifestazioak ere debekatzen dizkigute, Donostian ez zuten manifestazioa disolbatu, baina deitzaileen izenak Entzutegi Nazionalaren esku jarri bai... Harrapatuta daude euren bidean. 1998an bezala, berriz erabaki behar dute: Espainiarekin bat egin, edo Euskal Herriko gehiengo sozialarekin batera burujabetza prozesu bati ekin. Haiek dute hitza.
EAEn oraindik Batasuneko egoitza ugari dago itxi gabe, eta manifestazio asko ere egin egiten da. Horrek ba al du interpretazio berezirik zuentzat?
Ziur gaude maiatzaren 13an EAJri botoa eman ziotenak gaur egun lotsatuta daudela eta, era desberdinetan adierazten ari den bezala, sektore abertzale osoa lotsatuta sentitu da ertzainak ikurrina lurrera botatzen eta gu desalojatzen ikustean. Hori garbia da, hamabost egun justifikatzen pasatu dute eta. Irailaren 23an Entzutegi Nazionalean herriko tabernetako arduradunak daude deituak deklaratzera. Garzonek bi gauza erabaki ditzake: administratzaile judiziala izendatzea, edo herrikoak ixtea, eta ixtea erabakitzen badu, Ertzaintza bidaliko du hori egitera. Guk berriz egingo diegu deialdia eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Zerk pentsarazten dizu maiatzaren 13an EAJ eta EAri botoa eman ziotenak lotsatuta daudela?
Aparatutik kanpo, beti mantendu izan dut nire herriarekiko kontaktu zuzena. Maiatzaren 13an nire ingurunean detektatu nuen EAJ eta EA bozkatu behar zuen jendea, eta gainera hala aitortu zidaten. Orain ere jo dut jende horrengana zer iritzi duten jakiteko, eta EAJrekin izugarri haserre daudela ikusi dut. Horrez gain, komunikabideetan agertutako zenbait adierazle ere badira. Jendeak, oro har, abertzaleen batasuna nahi du, guztiok nahi dugu hori, baina errealismo politikoak gaur egun, guztion arteko eraikuntza nazionalerako estrategia bat eraikitzea eskatzen du. Ez dago beste biderik.
Sektore oso zabaletan zirrara eragin zuten kanporatzearen irudi haiek. Zirrara berdina sentitu zen jakin zenean ustez ETAk Ertzaintzaren aurka Bilbon jarritako bonba-auto bat ez zela lehertu.
Hala da, bai. Ez dut daturik operatibo hori ETArena zela eta Ertzaintzaren aurkakoa zela esateko, baina hala balitz berdin esango nuke egun hori tristea litzatekeela Euskal Herriarentzat, azken finean, euskaldunak euskaldunen aurkako borroka norabide batean jartzen gaituelako. Goazen saihestera bata eta bestea, burujabetzaren bidera jauzia elkarrekin egiteko aukera objektiboak ditugu eta. Utz dezagun, beraz, hizki handietako entretenimendu politikoaren eta zelofanaren diskurtsoa eta goazen arazoak konpontzera.
Berriro zuen gaurko errealitatera itzuliz, sarritan aipatu duzue ezker abertzalea lehenago ere egon dela legez kanpo eta aritu dela, eta oraingoan ere arituko dela. Desberdintasunen artean, bat handia, zuek bakarrik zaudetela legez kanpo, besteak ez.
Egia da, horregatik ikusten ditut Primo de Riveraren diktaduraren garaiarekiko antzekotasunak, orduan ere abertzale batzuk eta sozialistak, esate baterako, legalitatean egon ziren eta Aberri guztiz ezabatua. Momentuz gu gara, eta gero beste batzuk etorriko dira, eta ez EAJ, haiek dioten bezala, hori zelofanaren diskurtsoa da. Salbuespen egoeran gaude bai, Arzalluzek dioen bezala, baina horra galdera: eta nor da Franco? Aznar. Eta, orduan, nork egiten du grisen lana?
Ibarretxe lehendakariak hilaren bukaeran aurkeztuko du uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrak emandako aginduaren proiekzio politikoa zein den. Estatutuaren erreformaren oihartzunak entzun dira, edukien arabera, zuek joka al dezakezue eremu horretan?
Zoritxarrez, zelofanez beteriko diskurtsoa egingo du. Erreforma proposamen hori Legebiltzarrean aterata ere, Senatuan eta Kongresuan ateratzen ez bada, zer egingo du orduan Ibarretxek?
Joan den astean ARGIAn egindako elkarrizketan, EAJko Juan Mari Juaristiren esanetan, EAJ Estatua deslegitimatzeko motxila arrazoiez kargatzen ari da.
Hamazortzi motxila izango dituzte dagoeneko! EAJ zenbait sektoretan aho txikiarekin zabaltzen ari den mezua da. Galdera da, ea zenbat arrazoi behar dituzten, herri honetan azken berrehun urteetan arrazoiz kargatuta gaude eta.
Orain artean, abstentzioarekin, zelofanezkoa dela diozun diskurtso hori aurrera ateratzen lagundu duzue. Ezetza ere eman diezaiokezue.
Gu bai arrazoiz kargatu garela! Urtebetean ardura politikoarekin jokatu dugu, bagenekielako EAJk ez duela estrategiarik. Aurrekontuak aurrera atera ziren gure abstentzioarekin, Autogobernu Batzordea ere bai, uztailaren 12ko txostena ere bai. Bukatu da fase hau, ez dezatela kontatu gurekin entretenimenduetarako. Abstentzioaren fasea bukatu da eta oraindik ere uneren batean abstenitu bagaitezke ere, orain baiezkoa edo ezezkoaren fasean gaude
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.