«Euskaldun berri izan daiteke, baina ezin da guantxe berri izan"
Derrigorrezko soldadutzak Kanaria Uharteetara eraman zintuen orain hogeita bost bat urte inguru. Kanariarra al zara dagoeneko, kanariarra sentitzen al zara?
Oso alderdi delikatua ukitu duzu, gero! Ez naiz kanariarra sentitzen. Ni oso sentsibilizatua nago betidanik gai linguistikoarekin, haur kanariarrei irakurtzen eta idazten erakutsi diet. Prozesu hau berez oso konplexua bada, are konplexuagoa da haien oso bestela hitz egiten baduzu. Eta guk eta haiek oso era ezberdinez hitz egiten dugu gaztelaniaz. Kanariarren erara mintzatzen saiatu nintzen, horretarako irakurketa ariketa erruz eginez. Alderdi hori moldatzen hasi eta ohartu nintzen zailagoa dela zure azentua aldatzea euskara ikastea baino, edo hizkuntza berri bat ikastea baino. Azentuak zure gogoan edo ariman eragina dauka, zu zaren hori ukitzen zaitu, baina ez hori soilik, zure azentuak eta adieraz moldeak hautematen zaituen solaskidea ere ukitzen du, hau da, konturatzen da ez zarela zu, eta bera bezala hitz egin nahian ari zarela.
Euskararekin ez zenuen antzekorik sentitu?
Bai, baina ez! Nire auzoko euskaldunek -euskaldun zaharrek- gaztelau gisara ezagutu ninduten txikitan, euskaldun haiekin gaztelaniaz baino ez nuen hitz egin. Beranduago, gazte garaian, euskaraz egiten nuenean, maitasun izugarriarekin hartu ninduten, gauza izugarri bat egiten ari nintzen haientzat. Kanariarrak berriz, haiek bezala hitz egiten ari zarela ohartzean, gaizki sentitzen dira, herri ezberdineko historia eta izaera dira tarteko.
Orduan...
Orduan, euskaldun berri izan daiteke -edo naiteke, nire esperientziaz ari bainaiz- eta gauza handia da, baina ezin da guantxe berri izan, ezin da kanariar berri izan. Inoiz ez. Gehienez «godo zaharra» izan zaitezke (irriak). Nik hainbeste urte eman dut haien artean, eta azkenean, baliteke «godo zaharra» hori nolabait barkatzea. Beraz, ez naiz kanariarra, ez dut kanariarra sentitu nahi ere, ez dut zergatik gainera. Nire seme-alabak kanariarrak izatea? Bada, ondo baino hobeto. Bestalde, halaber, uharteetan euskalduna sentitzen naiz, baina aizu, ez dut nire euskalduntasuna ozenki aldarrikatzen
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.