"Duela bi urte jakin nuen aitonak euskaraz zekiela"
Hona Pello Lizarralde idazle eta zure lagunaren hitz batzuk: «Rogeliok talentu handia dauka, kantu sortzaile eta interpretatzaile aparta da, eta, nire gustuko, hala behar luke nabarmendu. Gitarra hartuta, zuzenean eta talderik gabe agertzen den Rogelio hori diskoetakoa baino hobea da, nik uste. Diskoak kargatuegiak iruditzen zaizkit, ez dute Rogelioren indarra eta neurria azaltzen».
Pello nire ibilbide musikalaz askatasun osoz hitz egin dezakeen lagun ona da, berau ondo ezagutzen baitu. Berak badaki nola konposatu nituen «Nire poesia», «Hoy tú» edo gitarra soilez jotzen ditudan beste kantuak. Bere ikuspegia oso argia da, oso ondo ulertzen diot «Tiempo» diskoaz duen iritzia. Baina, nik disko hau honela egin nahi nuen, ezinbestez. Esaterako, nire aitak kantatzen duen jota, «Hoy tú» edota antzeko kantuak horrela behar nituen jo, baina «Tiempo» edo «Bihotzean da indarra» kantuak ez. Berauek interpretatzeko moldea sakon hausnartu izan dut. Jende asko, ni gitarraz eta bakarka entzuten ohitua dago, eta lehen aldikoz bandarekin jotzen ikusten nauenean erabat desanimatuak geratzen dira. Nirekiko hurbiltasuna galtzen dute, nolabait. Jakina, rockak ez du trobadorearen hurbiltasuna eskaintzen, rocka musika larderiatsua da. Batzuetan gauzak esateko molde hori behar dut, ordea.
«Siniroque al sol»en zure aitak abesten duen jota zoragarria da.
Nire aitaren gazte garaian tabernetan egiten zen kantuz, berak jotak abesten zituen, zoragarri; oraindik ere artista da jotak abesten. Alemaniako esaera zahar batek dioenez, «odola arrazoia baino lodiagoa da». Aita-amarengandik seme-alabengana doan odolak gidatzen du herrien eta gizabanakoen historia. Orduan, aita diskoan nirekin izatea zoragarria izan da. Oro har, harro nago Tailerrekin egindakoaz, baina zaila egingo zait «Tiempo» bezalako obra bat burutzea, horren modu erabatekoan zabaldu eta ixten dena. Bilduma onak egin daitezke -eta ez dakit geroak zer ekarriko didan-, baina, disko honetako makilariak, txistulariak, txalapartariak eta abar, denak berriz biltzea, zaila izango zait.
Diskoaren letren ondoan, aitaren jatorriaz ere idatzi duzu.
Nire aitaren aldetiko familiarena hunkigarria izan da niretzat. Aitaren aita Etxarri Aranatzekoa zen. Bada, duela bizpahiru urte jakin nuen euskalduna -euskal hiztuna- zela. Berriak izugarri kolpatu ninduen. Pertsona nahiz komunitate bezala izugarria da. Aitari esan nion: «Aitona Juliok euskaraz egiten zuen?» Eta berak erantzun: «Bai, tabernetan. Etxean inoiz ez, edo gutxitan». Belaunaldi bakar batean hizkuntzaren transmisioa horrela etetea ere, aitonarengandik ilobarengana, eta guk ezer ez jakitea... Horrek txunditu eta ikaratu egiten nau. Orain, berriz, etxean, belaunaldi batean galdu dena beste batean berreskuratzen ari garela ikusteak pozten nau. Ez ni bakarrik, nire arrebak irakaskuntzan ari dira, eta maila handiz darabilte euskara. Ez da erraza, jakina, berreuskalduntzeak lan eta emankortasun handia eskatzen baitu. Niretzat hori da bizitzaren kontzepzio globalaren eta partikularraren gakoa eta funtsa
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.