Bozen ondorena Iparraldean
Agustin Errotabehere ( kazetaria)
Diputatu ala senatari postu guziak, kontseilari nagusi, herriko etxe, instituzioetako gider gehienak, edo kasik denak beren esku, hauteskunde biharamuna joria izan da eskuinarentzat. Zeren egiteko Gobernuan ala Iparraldean? Euskal departamendurik ez dute nahi askok. Korsikako prozesuaren kontra azaldu dira gehienak. Hizkuntza gutituen aldeko karta onartuko ote dute? Zer nolako deszentralizazioa? Sozialistak baino ausartagoak izanen ote dira? Ez da batere errana.
Sozialisten artean bi linea politiko nabari ziren Iparraldean: euskal munduari nahiko ezkorra, Espilondorena; baikorragoa Maitiarena. Ustegabetarik zigortu ezkerrean eztabaida piztu badu porrota ezin sinetsiak, Iparraldean, Espilondok Maitiak baino emaitza hobeagoa lortzeak abertzaleei buruzko loturak zailagotzen ditu. Alta, sozialistentzat beste aterabiderik ba ote, erabat giderretarik baztertua ez izatekotan? Hemen ere eztabaida bizia piztua da. Beren adiskidetan, komunistak desagertzeko zorian dira Iparraldean; Maule edo Bokale bezalako hirietan salbu eta berdeak beti ezin sortuz. LCR ezker muturrak presidentziarako ustegabeko emaitza lortu eta, legebiltzarrekotan betiko emarira jautsi da berriro.
ETA abertzaleak? EAk ala jeltzaleek (EAJ-PNB) sekulako porrota jasan dute bozken erdiak galduz nunbait. Zergatik ote? Indar guti dute Hegoaldeko laguntzarekin bizi diren alderdi horiek. Azken urteetan eskuineko zerrendetan sartu dira beren alderdien nortasuna eta beharra aldarrikatzea ahantziz. ĞEuskal zentrismoağ ez da (oraino) independentista Iparraldean, eta jeltzaleen izena eta izana oztopo baizik ez daiteke kargu politikoa erdietsi nahi duenarentzat. Argi dago Hegoaldeko eskemek ez dutela hemen balio. Iparraldeak bere erritmo eta urrats bereziak behar dituela bere nortasunaren aldarrikatzeko bidean.
Kritika bera egin daiteke Batasunari. Diru eta alderdiaren liberatuen poderioz, gazteen artean indarrak bildu baditu, ez dirudi protagonismo handirik bil dezakeenik Iparraldean, non ez dioen errepresioak emaiten. Bilduko duena, bai, errepresioaren kontrako sostengu ala laguntza. Horrek ez du erran nahi, noski, beren proiektu politikoa baimendua izanen dela.
Abertzaleen Batasunarentzat (AB) hauteskundeek gelditze bat markatu dute. Barnealdean galdua kostaldean irabaziz botorik ez badute galdu ere. Ez ote luke ABk bere historian zehar galdera nagusiei buruzko argitasun eza pagatzen? Alderdi ala mugimendu? Ezkerreko ala zabalago? Indarkeriaz zer?
Nola ulertu hizkuntza ala kulturaren alde, ekonomia ala sozial mailan hainbeste jendek lan egitea eta politikoki abertzaleak hain guti gelditzea?
INDARKERIAZ? ez dute eztabaida sakon baten ondotik hartu kontrako jarrerarik. Baizik hautagai zenbaitek ulertu dutelako postuen erdiesteko ezinbestekoa zitzaiela indarkeriaren kontrako jarrera argiaren aldarrikatzea. Miarritzen, adibidez. Hegoaldeko eskemak Batasunak hemen inposatu nahiz, ABren eza Batasunaren kontrakoa izan da eta ez indarkeriaren kontrakoa. Argitasun eta logika falta ere ABren aldetik ezkerreko alderdi bezala bere burua aldarrikatu eta ezkerraren kontra (Maitiaren kontra) eta eskuinarekin koalizioak egitea Miarritze ala Angeluko Herriko Etxeetan bezala.
Funtsezko galdera egina zaiona ABri: hizkuntzaz, presoez eta departamenduaz axolatzen ote dira bakarrik abertzaleak? Berdin ote zaie, beraz, instituzioen giderretan eskuina ala ezkerra hor izatea?
Orokorkiago, botoen ehuneko 10 inguru egiten duen mugimenduak, beste indarrekin aliantzak egitea ez ote du beharrezkoa kargu erabakiorren erdiesteko? Koalizio horiek norekin egin? Galdera horien inguruko argitasun eskasak sinesgarritasuna mugatzen dio ABri.
Bere azken jardunaldietan gogoetak abiatu baditu, ABk erantzun egokiak aurkitu beharko ditu bere lerrotan adostasunera iritsiz. Ez ezagun nagusi batekin: Batasunaren legez kanpo ezartzeak Iparraldeari protagonismo handiagoa emanez markatuko duela egoera politikoa ondoko egunetan
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.