Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-09-15 -- 1867.zenb

TAXI BAT HAMLETENTZAT
Aritz Gorrotxategi
HIRIA
90 orrialde
8,75 euro


KONTAKIZUNEZ IRUDIKATUTAKO POEMAK

Poesia, uniformizazioaren aurkako arma bat izan daitekeelakoan dago Aritz Gorrotxategi Mujika idazle gaztea, «Taxi bat Hamletentzat» poema bildumaren egilea. Eta gogoeta hori abiapuntutzat harturik proposatzen dio irakurleari liburuan agertzen den poema-bidaia, Bagdad inguruetan hasitako kontakizun batekin ekin eta beti ekialderantz daraman bidaia hori. Bederatzi geldiune edo ataletan banaturik dago: Secherezade auzoa, Itsuen hiria, Jazz pusketa galduen etorbidea, Babelgo dorrea eta inguruak, Basamortuko hobi izoztuak, Argizarizko museoa, Ekialdeko herensugeen azoka, Itsuen portu erreak eta Underground. Nolanahi ere, Aritz Gorrotxategik aurkezten digun ibilaldia ez da lineala, ez denbora aldetik, ezta espazio aldetik ere. Garai eta leku ezberdinak biltzen ditu, «Mila eta bat gauetako» giroko istorioak eta hiri modernoetan gertaturikoak. Erromako esklabo batetik, On kixoteraino. Duela bostehun urte espainiarrak hil zuten azteka, eta Berlingo parke txiki batean abesten ari zen emakume ederra. Poemekin zigarroak liatzen zituen Pertsiako gizona eta Hamletek komunikaziorako zeuzkan zailtasunak...

VIZCAYTIK BIZKAIRA?
Jurgi Kintana Goiriena
EUSKALTZAINDIA/
BBK FUNDAZIOA
180 orrialde
8,33 euro


MIKEL ZARATE SARIA IRABAZITAKO SAIOA

Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatzen duten Mikel Zarate saria, iazkoan, irabazi zuen saio honen izenburu zehatza «Vizcaytik Bizkaira? R. M. Azkue Euskaltzaindia sortu aitzin (1888-1919)» da. Jurgi Kintana Goiriena dugu Azkue, aipatutako epealdian, euskal kulturaren munduan kokatzen duen saiakera honen egilea. Iturri nagusi gisa, Azkue beraren gutun pertsonalak erabili ditu, Euskaltzaindian gordeta dauden bost mila eskutitz baino gehiago. Lana sei ataletan banaturik dago. Lehenak, Azkueren gaztarora garamatza. Bigarrengoak, Azkue Bilboko euskara katedran kokatzen du. Hirugarrenak, Azkue Europan zehar. Laugarrenak, Bilbora itzuli zenekoa aztertzen du, Euskaltzaindiaren sorrera arte. Azkenik, Jurgi Kintanaren ondorioak eta iturriak.

ROKE IZENEKO KOMUNA
Antton Dueso
AIZKORRI
68 orrialde
5 euro




ZORTZI URTETIK AURRERAKOENTZAT

Antton Duesok idatzitako istorio hunkigarri honen protagonista, bederatzi urteko mutiko bat dugu. Uda gainean, dena da festa hirian, baina mutiko horrek ezingo du gozatu. Bere gurasoak banantzekotan dabiltzanez, aitonaren baserrira bidali dute, eta hainbeste maite duen gizon gizarajo hori gauzak leuntzen saiatzen bada ere, han dago mutikoa, triste ez denean zeharo asperturik.... harik eta lagun berezi samar bat egitea lortzen duen arte: Roke, aitonaren baserriaren atzealdean topatzen duen komunontzi hizlaria! Geroztik dena hobeto eramateko moduan izango da Nikolas, nahiz aitona gaixotuko zaion eta honen heriotzari ere aurre egin beharko dion.

BERBETEARI GATZA ETA PIPERRA
Batzuen artean
BUSTURIALDEKO HIZKUNTZ NORMALKUNTZA
79 orrialde



EUSKARAK ERE BADITUEN HITZ GORDINAK

Busturialdeko Hizkuntz Normalkuntzak kaleratutako «Berbeteari gatza eta piperra» liburuan, euskaraz ere esaten diren birao eta hitz gordin horietatik asko daude bildurik, argi azalduak eta hiru ataletan eskainiak -batuan, eskualdeko ahoskeran eta irainaren gaineko azalpenarekin- eta Mikel Egiak eginiko marrazki adierazgarriz hornituak. Izan ere, hizkuntza bizi orotan dago horrelakorik, eta Busturialdeko jendeak egin duena, Asisko Urmenetak hitzaurrean azaltzen duenez, iraganeko ikerlariek utzi ziguten hutsune nabarmen bat betetzeko ahalegina izan da, nahiz hauek ez dioten iraganari begiratu behar izan irain bilketa eder hau gauzatzeko: orainari behatu eta horrela geroa bermatu baitiote hizkuntzari, euskara erakargarria, sortzailea eta indartsua agertuz.

KARRAMARRO UHARTEA: URREZKO ZUHAITZA
Inazio Mujika / Joxean Muñoz, Jose Angel Lopetegi
TTARTTALO
32 orrialde
4,15 euro


KAINGO PIRATEN ABENTURA BERRIA

Karramarro Uharteko piratek abentura berri bati ekiten diote Inazio Mujika eta Joxean Muñozek asmatu eta Jose Angel Lopetegik marraztutako «Urrezko zuhaitza» deitu ipuin politean. Oraingoan, Uhet Uhartera doaz, entzuna dutelako han badela urrezko zuhaitz handi bat, belar fineko belardiak eta esnezko erreka ederra dituen haranean. Zoritxarrez, Kaingo piratek ez dute gauza zoragarri horien aztarnarik ere aurkitu, Walkertar Walkerren itsasontzi beltza gerturatu zaienean. Pirata maltzur horrek tratu bat egitea proposatzen dio Dimitri kapitainari. Ezpata-jokoan arituko dira biak, eta Dimitrik irabazten badu, Kain berreskuratuko dute eta alde egin ahal izango dute. Baina Walker baldin bada irabazlea, azaldu egin beharko diote non dagoen urrezko zuhaitza.

BAT, SOZIOLINGUISTI-KA ALDIZKARIA
Batzuen artean
EUSKAL SOZIOLINGUISTA INSTITUTUA SORTZEN
154 orrialde
6,25 euro


HIZKUNTZA ERREPERTORIOA ETA BESTE

Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzenen «Bat, Soziolinguistika aldizkaria»ren 42. zenbakian, Kike Amonarriz, Juan Luis Goikoetxea eta Ibon Sarasolari eginiko elkarrizketak agertzen dira, hizkuntza normalkuntza eta hizkuntza errepertorioa dituztelarik hizpide, Emili Boix, F. Xavier Vila, Imanol Esnaola, Mikel Zalbide, Inma Muñoa Barredo, Iñaki Eizmendi, Iñaki Gaminde eta Kepa Kortaren lanek osatutako dosierrak bezalaxe. Horrez gain, Jose Inazio Ansorenaren «Hau ez da antzinako euskaldunen manual debotionezkoa», Itxaro Bordaren «Errepertorioaren bilakaeraz», Jose Anjel Irigarayren «Hizkuntza Errepertorioaz» eta Antton Kazabonen «Gure gaztetxoen hizkuntza errepertorioa» ere aurki daitezke bertan.

EL MUNDO DE LOS PIRINEOS
Batzuen artean
SUA
130 orrialde
5 euro






LESAKAKO ALTZAIRUZKO BASOA

Suak plazaratzen duen «El mundo de los Pirineos» aldizkariaren azkenengo zenbakian, ohi bezala argazki ederrez horniturik, Lesakako altzairuzko basoaren inguruko lan bat aurki daiteke, hau da, herri nafar horretan dagoen Laminaciones deitu enpresari buruzkoa. Horrez gain, Hondarribia eta Iratiko trenbideak ere hartu dituzte gaitzat. Bestelakoan, Ordesako parkean egun zer aurki genezakeen, eta hemendik 50 urtera nolakoa izan daitekeen igartzeko Joaquín Aráujok egin duen ahalegina; arte erromanikoa ulertzeko gakoak, Aigüestorteseko aterpeen zeharkaldia, ehizari buruzko lan bat, ijitoen kulturak «Pirineos Sur» deitu nazioarteko jaialdian izan duen agerpena, Pirinioetako lakuetan detektatu duten kutsadura eta beste gai interesgarri asko.






BILBO ETA BILBOTARREI, MAITASUNEZ

25 URTE, 25 AMETS
Batzuen artean
BILBOKO KONPARTSAK
15 kanta



Bilboko Aste Nagusiaren 25. urteurrena dela-eta, era berezian ospatu nahi izan dute gertaera gogoangarri hori Bilboko Konpartsek: «25 urte, 25 amets» deitu CDan era guztietako musika eta abestiak egiten dituen jendeari Bilbo, bilbotarrei eta beren festa nagusiari kantatzeko aukera eskainiz. Eta hara non bildu dituzten Bilboko Gaiteroak, Bilboko Udal Banda, Los cinco bilbainos, Sama Siku fanfarrea, bertsolariak, Mikel Urdangarin, Oskorri, El consorcio, Txuma Murugarren eta Rafa Rueda, Los piratas del Nervión (Doctor Deseoko Francis Díez, Platero y Tú eta Extremoduroko Robe Iniestak osatua), La Otxoa, Fermin Muguruza, MCD, Sagarroi eta Kepa Junkera bezalako musikari eta kantari ezberdinak, «Badator Marijaia» eta beste 14 kanta grabatzeko.

hemeroteka

1866. zenbakia | 2002-09-08
1865. zenbakia | 2002-09-01
1864. zenbakia | 2002-07-28
1863. zenbakia | 2002-07-21
1862. zenbakia | 2002-07-14

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan