Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-09-15 -- 1867.zenb

Pilar Iparragirre

Israelek eta Jordaniako monarkia hatxemitak, elkar harturik, 1970eko irailean palestinarrek Jordanian zeukaten erresistentzia guztia suntsitu zutenean, gehienez ere gupida erakutsi zuen Mendebaldeak -Mendebaldeko zenbaitek- Palestinako herriak orduan izan zituen hildako, espetxeratutako eta erbestera bidalitakoen aurrean. Bestelakorik gertatu zen, ordea, 1972an, Irail Beltza talde armatu palestinarrak Municheko Olinpiar Jokoetan aurrera eramaniko ekintzarekin. Eta gai horri eskaini zizkion ZERUKO ARGIAk bere 498. zenbakiko editoriala, Mikel Ugalderen lana (ikus Hemeroteka) eta «Munich-ko gertaera» zeritzon Gurutz Ansolaren gogoeta.


EZINEZKOA ISILIK EGOTEA

«Ez da erraza nazioarteko beste gertaera batez idaztea -zioen azken honek-, hemezortzi hilen gorputzak oraindik ehortzeke daudelarik. Ez da, haatik, are errazago Munich-en gertatu den hilketaz zerbait zuzenik idaztea. Halere isilik egotea ezinezkoa delarik, zilegi bekit zenbait gogoeta, gertaera triste honetaz, hemen azaltzea».
Gurutz Ansolaren iritziz, harritzekoa zen gertatua, hain zuzen ere, harrigarria ez zelako gertakizuna. Eta paradoja hori azaltzeko, Irail Beltzak ekintza bere gain hartzeko barreiatu zuen mezuaz baliatzen zen: «Olinpiadako joku-zelaian han altxatzen da, munduko erresuma gehienekin batera, Israel erresumaren ikurrina. Ikurrin hau laidogarri da Palestinako arabe abertzaleentzat. Mundu guziaren aurrean, mundu guziko begien aurrean, han agertuko ziren israeldar atletak, behar bada han agertuko zen ćikurrin madarikatuaĆ, izanik behar ez lukeen Estatu gorrotatuaren ikurrina, munduko beste Estadu ofizialen ikurrinekin batera eta parean. Agian, erresuma horren Eresia bera ere altxatuko zen Munich-ko joku-zelaian, eta haren dońua entzutean ez Munich-en bakarrik, baizik baita munduko bazter guzietan ere halako errespeto batez entzun egingo zen Israel-Estaduaren sinboloa eta, bidenabar, erresuma honi eman egingo zitzaion munduaren omena eta errespetoa. Garaipen hori, Israel-entzat, kirol garaipena ez ezik, politikazko garaipen eta irabazpen baliotsua ere izango zen».
Eta Irail Beltzak «laido hori eta bidegabekeria hori ez zezakeen inolaz ere jasan». Zergatik? Hona hemen Gurutz Ansolak palestinar taldearen aldarrikapenetik ondorioztatu zituen arrazoiak: «Olinpiadako ćpake giro eta anaitasunez-ko festanĆ, Palestina-ko askatasun gerratea ahantz arazi nahi dute; Munich-en israeldarrak sariz ornitzen diren bizkitartean, han daude presondegietan zokoratuak eta atormentatuak ćIrail BeltzĆeko anaiak eta gudariak. Laido hori eraman eta jasan ezinezkoa zelako, eman dute - ćIrail BeltzĆaren ageriak dioenez- Munich-ko kolpea. Areago, Israel-en Munich-ko agerpena, laido eta bidegabekeria munduko herri guzientzat omen da. Izan ere, ćIsrael-Estadua USAren zerbitzari eta inperialismoaren morroi eraile bainoĆ ez omen da, eta hau -Israel-Estaduaren izatea, alegia-, ez omen dute inolaz ere ametituko ez jasango, munduko herri pakezaleek. Olinpiadako ćpake giro anaitasunezkoakĆ hain zuzen, lozorroan ezarri nahi ukan ditu munduko pakezale egiazkoak eta inperialismoaren joku maltzur hori deuseztatzeko, ćIrail BeltzĆ indar taldeak eman egin behar izan du, Munich-en eman duen Kolpe ikaragarria».


EZUSTEKO GUTXI

Horraino, apika laburturik, Palestinako talde armatuak plazaratu zuen bere gain hartzearen mamia. Eta zer zioen Gurutz Ansolak hartaz? Bada, hauxe: «Egia esan, ez gara batere sutan jarri ageri hau irakurtzean. Ez dakit, izan ere, tutik balio ote duen gaurregun haserretzeak eta sutan jartzeak. Ez zaigu harrigarri gertatu, palestinar abertzaleek Munich-en egin dutena. Kontuan eduki behar da, gaurregun palestinar abertzaleek gudua Israeli ćkanpotikĆ bakarrik egin diezaioketela. Jordaniak eta Egiptok beren lurretatik aienatu dituenez gero, Sirian eta Libanon bildu dira palestinar abertzaleok. Erresuma lagun hauetan bide dauzkate beren baseak. Baina, base horietatik ezin dute gudurik Israel barrena eraman. Ezinbestean, beraz, ćizuketa bideaĆ hartu dute gudu-molde soiltzat Palestina Askatuaren gudariak.
ćDesesperadosĆ batzuen jokabidea omen da ćIrail BeltzĆaren bortxabide hau. Gezurra badirudi ere, guretzat bakarrik, hots -kanpotik begiratzen diegunentzat-, agertzen zaizkigu ćgogogalduĆ bait lira. Hau da, kanpotik begiratuz, indarrak objetiboki neurtuz, argi eta garbi ageri da palestinar abertzaleen ahuleria eta bakardadea. Horrela, egoera honetan bortxabidea edo izuketa bidea aukeratzea galbidea iruditzen zaigu eta palestinar arabe herriarentzat eta honen askatasunarentzat».
Nolanahi ere, txanpon orok dauzka bi aurpegi, eta egia borobil gehientsuenak ere bai, sarri. Eta horixe nabarmendu nahi zuen Gurutz Ansolak: «Baina, ez dugu beste aldea ahantzi behar. Palestinar gudariok (...) ez dira Palestina Askatuaren alde ari soilik. Ez. Israel-en aurka ari dira eta, honen bitartez, USA- Inperialismoaren aurka munduko parte honetan, hots, Mediterraneoko bazter horretan. Ideolojia honek, alde subjetibo honek, kentzen die ćIrail BeltzĆekoei nahiz beste munduko ćizuketalariĆ guziei ćdesesperadosĆ batzuen kontzientzia. Gaurregungo kondizioetan, abertzale horien bortxazko gudaketa, lehen mailan, inperialismoaren aurkako borroka unibertsala bilakatzen da, eta bigarren mailan, luzarora eta borroka partikular bezala gelditzen da abertzaletasun eta askatasun borroka eta gudua»

Daniel Udalaitz

Hil honetan bertan, 4tik 11 bitartean hain zuzen, makina-tresnen nazioarteko feria egin da Chicagon, eta sektoreko arduradunak munduko azoka garrantzizkoen hori noiz iritsiko egon dira. Izan ere, gaur egun, Chicagokoa da Euskal Herriko makina-tresnaren sektorean itxaropenaren azoka, zeren, aurreko urte batzuetan salmentetan gora egin ondoren, iaz geroztik murrizten ari zaizkie etengabe, eta, beheranzko joera hori aldatu ezean, arazo larriak gerta daitezke enpleguaren alorrean. Makina-tresnaren sektore garrantzizko horretan, lehendik ere ondo dakite krisia zer den, eta, horrenbestez, larri eta erne dabiltza guztiak.

Euskal Herriko makina-tresnaren sektoreko arduradunen ustez, nazioarteko feria horretan azaldu behar dute Amerikako Estatu Batuetako eta gainerako merkatuak berriro onera datozen seinaleak, zein, bestalde, behar-beharrezko baitituzte, neurri handi batean munduko herrialdeetara produktuak esportatzetik bizi direnez gero. Alde horretatik, nahiz eta iazkoan salmentak barruko merkatuan jaitsi gehien, egia da, halaber, kanpoko hiru MAKINA-TRESNAK

bezero ardurakoenek ere gutxitu egin zituztela inbertsioak, hau da, Estatu Batuek, Alemaniak eta Frantziak ere eskari gutxiago egin zutela. Diru ezartzea, gainera, 2001eko irailaren 11z geroztik atzeratu zen bereziki; Estatu Batuen habe ekonomiko, politiko eta militarra eraso zuten egunetik aurrera, alegia. Orduko gertaerek erabateko duda-muda sortu zuten ekonomian, eta oraindik ere ezagun da eragina. Horrez gainera, mundu guztiko burtsen krisiak eta hainbat enpresaren eskandalu finantzarioek galgatu dituzte inbertsioak. Hortaz, feria heldu baino lehen zalantza horiek argituko ote diren da kontua, eta erantzuna Chicagoko makina-tresnaren nazioarteko feriako emaitzek emango dute. Azoka horretan izan dira Euskal Herriko enpresek kontrolatzen duten Makina Tresnaren Fabrikatzaileen Elkarteko (MFE) arduradunak, eta neurtuko dute itxaropena zertan geratu den.

SALMENTETAN, %20TIK GORAKO JAITSIERA.

Horrela adierazi zuten iazko urtearen amaieran, bai eta joan den martxoan ere, Bilboko Nazioarteko Erakustazokan egin zen bi urtez behingo makina-tresnen ferian. Bestalde, geroko hilabeteetan ere beherantz egin dute salmentek. Iazko urtearen bukaeran, Rafael Barrenetxeak, MFEko lehendakariak, oso zehatz azaldu zuen makina-tresnaren sektorea zertan zen Estatu Batuetan irailaren 11koak gertatu eta gero. Arduradun horrek zioen 2001eko ekitaldia eskari ugarirekin hasi zutela, horrela segitu zutela uztailaren amaiera arte, baina azken hiru hilabeteetan erruz gutxitu zitzaizkiela eta aurreko hainbat ezeztatu ere egin zizkietela. Horrenbestez, 2002ko ekitaldirako ez zuten hobekuntzarik ikusten, eta irizten zioten produkzioa %10 eta %20 bitartean jaitsiko zitzaiela. Aurreikuspen hori hasia zen egiaztatzen joan den martxorako, Bilboko bi urtez behingo feria heldu zenerako.
Egun horietan bertan, argi azaltzen zuten eskaerak murriztu izanaren arrazoia edo funtsa. Alde batetik, ekonomian eta nazioartean, zalantza eta duda-muda etengabea; beste aldetik, ekonomiaren beraren galgatzea edo atzeraldia. Ordurako aurreikusia zuten Estatu Batuek, hemengo enpresen bezero garrantzitsuenetakoak, %32 gutxiago kontsumituko zuela 2002. urtean, eta egitate horrek gogor erasango ziela. Orain, denboraren joanean, frogatzen ari dira orduko aurreikuspenak, hau da, askoz gutxiago ari dira saltzen hango merkatuan (hemengo sektoreko esportazioen %9 egiten zuten oraintsu arte).
Kalkuluetan, bada, ez ziren erratu, baina, dena dela, uste baino handiagoa gertatzen ari da krisia. MFEko arduradunek ofizialki adierazi dutenaren arabera, %20 eta %30 bitartean jaitsi dira sektoreko salmentak, eta egoerak 2001eko uztailaz geroztik dirau horrela. Ordea, lehen jaso dugun bezala, %10 eta %20 bitarteko murrizketa aurreikusten zuten iazko urtearen amaieran. Kontuak horrela, MFEko Alberto Ortueta zuzendari nagusiak berak aitortu du honako hau: "Zoritxarrez, ez dakigu aurrerabidea noiz etorriko zaigun. Dezentez eskari gutxiago izan dugu urtearen lehen sei hilabeteetan, baina egoera ez da izan guztiz larritzekoa. Egia da, hala ere, oraingo hau ez dela garai ona eta urte gogorra egokitu zaigula, hainbat urte onen ondoren".
Elkarte horretako arduradunek diote eskaerak ez zaizkiela berdin murriztu enpresa guztiei, produktuak berak ere baduela zerikusia eta, horregatik, kasu batzuetan bakarrik jaitsi dela salmenta %30. Horrenbestez, nahiz eta datozen hilabeteetan Estatu Batuek, Alemaniak eta antzeko herrialde handiek gehiago kontsumitzea espero duten, kezkati dabiltza, zeren eskaeren gutxitze horrek bere horretan iraunez gero, sektoreak egun latzak ezagutuko ditu berriz ere. Dena dela, aditu batzuen iritziz, litekeena da, irailaren 11ko gertaeren urteburua igaro eta gero, 2002ko azken hiru hilabeteetan inbertsioak indartzea.
Hala gertatuko ez balitz, hau da, urtearen hondarrean joera aldatuko ez balitz, lanpostuen galera etorriko litzateke, batik bat sektoreko enpresa lagungarri txikietan, zein dagoeneko ari baitira nozitzen azken hilabeteetako egoera. Jakina, inork ez du gogoratu ere egin nahi antzina ez dela jasandako krisia: orduko haren ondorioz, enpresa ugari itxi ziren, beste hainbatek batu egin behar izan zuten... eta, guztiaren buruan, ehunka lanpostu galdu ziren. Denek nahi eta desira dute hura behialako historia izatea; berriro ez errepikatzea. Ordea, egoera den bezalakoa da, eta kezkaren harra barruan darabilte

Elisabeth Pombo

Irakaskuntza arloko iraultza bezala definitu dute batzuek E-learning-a, ikasteko eta erakusteko modua zeharo aldatuko dituen iraultza, hain zuzen. Ikasleek nola ikasi eta irakasleek nola erakutsi ikasi behar dute.

Liburu forratu berriak, punta zorrozdun lapitzak, arbela eta klariona. Guztiok gure oroimenean gordetzen ditugun irudiak dira. Orain ordea, hori guztia CD-ek, ordenagailuek eta e-postek ordezkatu dute. Baina ikasteko modua aldatzeaz gain, hezkuntza bera ulertzeko modua ere aldatu egin da. Etengabeko prestakuntza da gaur egun garrantzitsua eta lana aurkitzeak ez du esan nahi ikasketa epea amaitu denik. Zentzu honetan interesgarria da Juan Jose Gońi Ibermatica enpresako Estrategia Proiektuen zuzendariak EHUko udako ikastaroetan emaniko ikuspegia. Gońik adierazi zuenaren arabera, hemendik urte batzuetara prestakuntzak gure bizitzan garrantzi handia hartuko du eta lanari eskainitako denbora murriztu egingo da.
Bestalde, teknologia berrien eraginez, hezkuntza negozio handia bihurtzen ari da. Adibide bat ematearren AEBetan 2003. urtean Internet bidezko ikasketek 7.535 milioi euro mugituko dituela uste da. Pentsa liteke joera hori laster iritsiko dela Euskal Herrira ere.

Autodiziplina handia.

On line ikasketek ordutegi aldetik malgutasun handia eskaintzen dute, norberak nahi duen moduan antolatzen baitu bere lana. Baina horrek ez du esan nahi ikasketak errazagoak izango direnik. Lanean eta era berean ikasten ari direnentzat denbora librea asko murrizten da eta ondorioz autodiziplina handia behar da. Horregatik aditu ia gehienak bat datoz gauza bat adierazten: e-learning-a helduentzat da egokia, ez hasierako hezkuntza gisa, haurrak bakarrik aurkitzean motibazioa galduko bailukete.
Abantailak abantail eta salbuespenak salbuespen, gauza bat dago argi: ikasteko modu hau gizarteak eskatzen duen etengabeko prestakuntzari aurre egiteko bide aproposa dela

Mikel Asurmendi

Hendaiarrak -eta Hendaiako Gure Ikastolako gurasoak partikularzki- Euskal Herriko XXV. Marmitako Txapelketa antolatzen ari dira aspaldi honetan. Hil honen laugarren igandearekin -irailaren 22an- jokatuko den txapelketa honek badu bere lekua gure historia berrian. Hendaia herriak berealdiko bi mugarri ipini ditu engoitik txapelketaren garapenean eta ibilbidean. Lehen ekitaldia Hendaian jokatu zen, 1978an; Hondarribiko Alaiki elkarteak irabazi zuen. Hamaika urte geroago Hendaian jokatu zen berriz ere, Irungo Irungo Motor elkarteak irabazi zuelarik. Txapelketa honen hogeita bost urte pasa diren honetan, Hendaiako inork irabaziko ote du inoiz? Irundarrek bost aldiz irabazi dute, hondarribitarrek bitan. Iparraldean irabazi duenik badago alabaina: baionesek, bi aldiz. Bizkaitarrak eta arabarrak ere irabazle izan dira. XXV. Marmitako Txapelketa Mugaz gaineko Eurohiriaren Hendaian jokatzea Iparra eta Hegoa hurbiltzeko beste parada bat da.


HENDAIAKO KAIAN.

Antolatzaileek Hendaiako kaia hautatu dute marmitakoa apailatzeko. 300 partehartzaile biltzea aurreikusia dago kaian bertan, haien artean 150 ćtxokoĆ banatuak izanen direlarik. Bikote bakoitzak atun bat, hiru kilo patata eta olibarana olio litro bat jasoko ditu. Gainontzeko osagarriak beraien esku izanen dira. Alta bada, partaide guztiek antolakuntzak ezarritako oinarrien arauak bete beharko dituzte. Epaimahaia hogeita hamar lagunek -sukaldari ezagunak eta elkarte gastronomikoetako kideak, besteak beste- osatua izanen da. Herri bazkaria antolatuta dago, eta 1.500 pertsonek dastatuko dute marmitakoa.

HENDAIAKO MARMITAKOA?

Marmitakoa arrantzaleen janaria dela badakigu, jakina. Zein herrikoa ote da marmitakoa, ordea? Herri arrantzale bakoitzak bere herrikoa dela esaten du, bistan da. Aurten, berriz, hegaluzea edo atuna gero eta gutxiago izaki, bere salneurria ikusita, aurtengo txapelketako marmitakoa Bidasoako izokinaz prestatu beharko dela entzuna dugu han-hemenka.
Txantxak alde batera utziak, marmitakoa prestatzen duenak bere ukitua ematen dio plater preziatu honi, noski. Marmitakoa, baina, preziatua eta famatua, besteak beste, azken urteotako txapelketek egin dute. Garai bateko arrantzaleak marmitakoa jateaz aspertzen omen ziren eta, aukeran, izurdea ere estimatzen zutela dioena badago. Horrela kontatzen du behintzat Endaika arraun elkarteko lehendakariak. Andoni Etxarrik dioenez, ez dago errezeta zehatzik, sukaldari adinako errezeta baizik. Ordea, oinarrizko bat badago bere iritziz, eta berak asmaturiko Hendaiako Marmitakoaren errezeta eskaintzen digu: 3 kilo hegaluze eta 3 patata. 6 tipula, 8 baratxuri, 12 piper txiki. 6 dezilitro olibarana olioa eta 3 burruntzali tomate saltsa. Gatza eta Ezpeletako piper hautsa, azkenik. Osagaiak horiek izanik, nola prestatzen den ikasteko Hendaiara etortzeko gonbitea luzatzea eskatu digu gure irakurleen artean. Hori bai, Andonik berretsi digunez, txapelketak ezarritako arauen barnean betiere. Bestela zaila da txapela eramatea. Izan ere, badaude ardo zuria, porrua, piper txorizeroa edo piper gorria botatzen duenik ere, eta horrela ez omen dago irabazterik. Hona, bestela, adibide gisara Andoni Etxarrik kontaturiko pasadizoa: «Lehen txapelketan, Gerra Zibilaren denboran Hendaiara etorritako Domingo Uranga hondarribitarrari ez zioten txapela eman, marmitakoari ilarrak bota zizkiolako. Horra zergatik hendaiarrok ez dugun behin ere txapela irabazi!».

Hendaiako GURE IKASTOLA.

Hendaiako Gure Ikastola (Seaska) engaiatu da XXV. Marmitako Txapelketaren antolakuntzan, erran bezala. Gisa honetara, iaz 30 urte bete zituen ikastola honek erronka handi hau hartzeko prest dagoela agertu du. Jakina denez, Ikastolarentzat erdietsitako etekin guztiak -lanaren poderioz- ongi etorriak eta behar-beharrezkoak izaten dira euskarazko irakaskuntza aitzina eramateko. 1.500 lagunentzako herri bazkaria apailatzea ez da nolanahiko erronka. Ikastola honetako Mikel Larralde lehendakariak hitz hauekin agurtu ditu txapelketaren karietara Hendaiara hurbiduko diren partehartzaile eta laguntzaile guztiak: «Ez da bide erraza izan, baina merezi du!». Ikastola bereko ikasle izandako Amets Arzallus bertsolariak apaindu digu ongi etorria:
Marmitako Txapelketa
Hartu mantela eta marmita
beste guztia lagata.
Dena hasten da, tipula eta
olio pixkat botata,
gero piperra ta tomatea,
zaporea behar da ta.
Arrantzaleek gehitu atuna,
laborariek patata.
Ta guk gosea jarri ezkero
ez zaio deus ere falta.
Gure Hendaiak, sukaldariak
maite zaituzte hainbeste,
hamaika urte iragan ditu
zuek itzultzeko eske.
Mende laurden bat bete ondoren
berriro hemen zarete.
Ta txapelketa dela medio
gustura egin liteke
zuen marmitak beheraino hustuz,
gurea goraino bete

Nagore Irazustabarrena

Pilotak sormen artistikoarekin badu loturarik. Hainbat paisaietan pilotalekuak duen garrantzia ikusi besterik ez dago. Literaturak eta musikak ere sarritan hartu dute gaitzat kirol hau. Maiz saio berean pilota eta bertsolaritza uztartzen dira. Eta antzerkigintzan ere egin da pilotaren gaia lantzeko saiorik.
Eta Donostiako Boulevard 1 aretoan garbi geratzen da eskulturak ere baduela zer esanik pilotaren inguruan. Duela ia 20 urte egin zuen Anton Mendizabal eskultoreak bilduma honetako lehen lana, eta ia duela 10 urte Mendizabalek eta Kutxak bat egin zuten egitasmoa gauzatzen joateko. Kutxak aspalditik izan du lotura pilotarekin, kirolaren inguruko dokumentazio asko bildu du urtetan eta Pilotaren Museo bat egitea bere helburuen artean dago. Helburu zabal horren barruan ulertu behar da «Pilotaz» egitasmoa. Azkenean, Anton Mendizabalek museo batean baliagarri liratekeen piezez osatu du erakusketa eta bokazio didaktikoa du, beraz.
Bokazio honi helduz, eskultoreak berak bisitaldi gidatuak eskaini ditu astero eta larunbat honetan, 19:30etan bere azalpenak entzuteko aukera dago.
Aretoko atea zeharkatu dugunean Abuztuaren 8tik hona 16.000 bisitari baino gehiago pasa dira dagoeneko hemendik eta irailaren 15ean 20.000raino iritsi daitezkela aurreikusten dute. Goiko solairuan egin ARTEA

dugu topo eskultorearekin, bideo aretoan eta erakusketaren egitura garbia azaldu digu ezer baino lehen. Hiru zati nagusi ditu erakusketak: Pilotalekua, Pilotaria eta Tresna, bakoitza solairu banatan ipinia. Zati horietako bakoitza, gainera, beste bi zatitan banatzen da: batetik, gaiaren ikuspegi sinbolikoa lantzen da lan estatikoetan; bestetik alderdi deskriptiboa, dinamikoa dago.
Lehenik ordea, Edurne Koch eta Juantxo Egańa argazkilarien lanekin diapositiba emanaldia ikusi dugu, «Tentsioak» izenburupean. Pilotalekuak ageri dira bertan baina, Mendizabalek esan digunez, ez dugu berau frontoien katalogotzat hartu behar. Izenburuak dioen bezala pilotaleku batek jasaten dituen tentsioen isla da argazki bilduma eta arkitektura elementu honek naturarekin duen harremana ere agerian uzten du.

Pilotalekua.

Pilotaren jokalekuen inguruan egindako eskulturekin hasi dugu ibilbidea. Egileak beretzat zailenak gertatu diren bi obrak erakutsi dizkigu: «Pilotasoro» eta «Errebote plaza». Zeruarekin duten lotura azpimarratu du eta bildumaren barruan gehien maite dituen lanak direla ere esan digu. Pilotalekuaren adierazpen estatikoak dira halaber «Trinketea», «Plaza librea», «Ezker pareta»... Hizkuntza sinplea eta zuzena erabili du lanotan eskultoreak. «Hizketan beharbada berritsua izango naiz» dio, «baina eskulturan isila naiz». Frontoien tentsioa jaso nahi izan du pieza horietan, «zaila baita pilotazalearentzat, pilota poltsikoan duela, frontoi hutsaren erakargarritasuna erresistitzea». Anton bera pilotazalea da, txikitatik gertu izan du pilotaren mundua.
Pilotalekuaren adierazpen sinbolikoa utzi eta jokoan sartu gaitu artistak. Jokoaren hainbat une jaso du arbela eta urkia baliatuz: batean sakea nora ote dihoan adierazten du egileak, tentsioa 7. koadroko marran zentratuz; hurrengoan errebotea irudikatzen du, «toki tristea, pilotari onak aurrean dauden bitartean pilotari txarrentzat geratzen den toki bakarra»; eta bestean frontisak du garrantzia, sakean pilotak non jo behar duen, gero arrimatzeko. Politak dira pieza horiek, «politegiak agian, nik gauza sinpleagoa nahi nuen, ez nuen estetika bilatzen, kontzeptua ateratzea baizik, Oteizaren eragina dut hor». Eta depurazio prozesu horretan haritz egur iluna, «beroa eta serioa era berean» aukeratu zuen jokoaren beste hainbat memento (dejada zabalean, ezker gantxoa...) islatzeko.

Pilotaria.

Hurrengo solairura jaitsi eta pilotaria da protagonista. Mikel Mendizabalen «Airean» bideoa ikus daiteke bertan, Eugi eta Belokik duela urte batzuetako buruz-buruko finalean jokatutako tantu luze ederrean oinarritutako bideoa. Ondoren, aurrez aurre pilotariaren adierazpen estatiko bakarra dugu: egurrezko menhirra eta besoa.
Ikuspegi dinamikoa lantzeko ordea, metalera jo du Anton Mendizabalek. 5 eskulturen oinarria berbera da: xafla luze batek hanka bat, enborra eta burua hartzen ditu, beste batek beste hanka, eta horren gainean, hirugarren pieza batek postura bat edo bestea ematen du. «Pilotan bezala, lehenik ondo jartzea da garrantzitsua eta gero dator postura». Egilearen esanetan, lan erraza izan da: «Begiratu besterik ez duzu egin behar, pilotariak ematen dizu dena». 5 pelotari beltz hauek jokaldi bat osatzen dute: lehenak sakea egiten du, gero atzelariak pilotakada eder batez erantzuten dio sakeari, ondoren hurrengoak airez defentsa egin behar du, laugarrenak erasorako aprobetxatzen du eta azkena pilota zaila lurretik eramaten saiatzen da.

Tresna.

Eskailerak jaitsi eta erakusketako azken zatia dugu zain, pilotan erabiltzen diren tresnei dagokiena. Hemen ere obra estatikoak eta dinamikoak daude. Pilotaria sinbolizatzeko menhirra erabili badu, tresnaren sinboloen oinarri hilarriak dira, estelak. «Egurraren gainean tailatu beharrean ordea, alderantziz egin dut, irudiak hustu egin ditut, negatiboan sortu». Pala, saskia, xarea, laxoa eta eskua; bakoitzak estela bana du.
Tresnen ikuspegi dinamikoa lantzeko orduan, eskultoreak espazio-denborazko sekuentziak erabili ditu. Pilotak jo bitarteko ibilbidean tresna gorpuzten, gauzatzen doa. Xarearen sekuentziarako soka erabili du egileak eta pilotaren bidea islazeko instalazio bat. Xabier Euzkitze, Luis Mari Mujika, Gillermo Etxeberria eta Lorea Agirreren olerki banarekin jantzi dute erakusketaren azken zati hau.
Iritsi gara erakusketako azken piezara; «Botiloa» da, errebotean botea emateko erabiltzen den pieza. Artelana da, baina baita jokoan benetan erabil daitekeena ere. Antonek behintzat Zubietako errebote plazan probatu du. Baita gure aurrean ere: pilota hartu, piezaren gainean botea eman eskua luzatu eta zast! azken mementoan heldu egin dio, hainbat bisitari handik pilotakada buruan hartuta irteteko beldurrez zegoenean. «Orain arte behintzat ongi atera zait» dio eskultoreak. Presentazio osoa atera zaio ondo, bisitariek txalo egin baitute amaieran. «Artisten artean gaizki ikusia dago egileak berak erakusketa gidatzea. Artelanek esplikaziorik ez dutela behar diote. Baina gero inor ez da kexu euren erakusketetan bisitaldi gidatuak antolatzen direnean. Eta zeinek azalduko du bere lana artistak berak baino hobeto?».
Igande honetan amaitzen da erakusketa hau Donostian ikusteko aukera. Baina erakusketa ibiltaria izango da seguruenik, oraindik tokiak eta datak zehaztu gabe badaude ere. Egitasmo irekia da gainera eta tokian tokiko elementuak erantsi dakizkiokela adierazi digute, bertako pilota tradizioaz jardungo duen hitzaldia esaterako. Donostian ere horrelakorik izan da: Edorta Kortadik abuztuaren 23an «Pilota-Jokoa XX. mendeko euskal artegintzan» hitzaldia eskaini zuen eta Xabier Euzkitzek «Pilota bertsotan» gaiaren inguruan jardun zuen irailaren 4an. Erakusketa hau Euskal Herritik kanpo ere eramateko asmoa dute beti ere, «irekia eta eraginkorra» izateko bokazio horri helduz.
Bitartean Anton Mendizabalek lanean jarraituko du. Pilotaren kapituluari amaiera eman eta egitasmo berri bati heltzeko asmoa du. Gai berria: musika. Dagoeneko pieza bat egina du, San Bizente elizan ikusgai dagoena

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan