- Jaime Mayor Orejak gogor kritikatu zuen Joseba Egibarrek Euskadi Irratiko elkarrizketa batean esan izana Batasuna datozen udal eta foru hauteskundeetan ez egotea ægalera demokratikoaÆ litzatekeela: «Batasuna gabe hauteskunde horiek inoiz baino demokratikoagoak izango dira».
- Iñaki Anasagasti EAJko diputatuak Venezuelako «El Universal» egunkarian: «Jarduera politiko handiarekin ari den exiliatu berriak daude Venezuelan eta bertako iritzi publikoa nahastu nahi dute, beraiek euskal nazionalismoaren benetako ordezkariak direla salduz».
- Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko lehendakaria: «Ez dugu utziko etnia edo mamuak besterik ez diren herriak medio dauden zenbait ameskeriengatik ehundaka mila euskal herritarren sakrifizioa gauza dadin».
- Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusia: «Espainiar demokrazia eskuzabal aritu da Batasuna eta ETArekin, eta mundu horietan izandako zoramen eta fanatismoengatik elkarrizketaren bidea galarazi egin da».
Baltasar Garzon epaileari buruz, bere inguruan aritu izan den jende askoren iritziak irakurri ahal izan genituen æDiario de NoticiasÆ egunkari nafarrean, hilaren 4an Carmen Calderonek idatzitako artikulu bitxi eta interesgarrian. Bertan, besteak beste, ETAk hildako Carmen Tagleren honako adierazpenak irakurri daitezke: «Gauza bakarrak estaltzen ditu bere merituak, era konponezinean gainera, edozeren gainetik nabarmendu beharra eta munduko lehena izateko duen neurosia».
EAko Donostiako Herrera auzoko egoitzako leiho bat apurtu eta ezezagun batzuk pintura jaurti zuten egoitza barrura joan den igandeko goizaldean.
Joseba Azkarragak babesa eskatu dio Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari (CGPJ), Batasunaren auto ospetsua dela eta, honek Baltasar Garzonen jarduera zuzendu dezan. Javier Perez Royo Espainiako katedradunaren iritziz, aldiz, Azkarraga erratu egin da babes eskaera hori zuzentzean, CGPJk ezin baitu epaile batek hartutako erabakiaren aurka egin. Perez Royoren ustez, Azkarragak Auzitegi Gorenera jo behar zuen Garzoni prebarikazio delitua egotziz.
Jakoba Errekondo
Konturatzerako udazkena gainean dugu eta zuhaitzek berriro ere kafkiarrak izan daitezkeela erakutsiko digute. Lainoen aldamio soilak bihurtu aurretik, egun gutxi batzuez behinik ortzadarra beraiena izango da. Parisa bueltaxka bat egiteko aitzaki paregabea. Boulogne eta Vicennesko 5.520 golde basoetakoak alde batera utzita, 178.000 zuhaitz bizi dira Parisen: 92.000 kaleetan, 35.000 parke eta lorategietan, 34.000 hilerrietan, 6.000 ikastetxeetan, 3.000 kirol guneetan, eta abarà Hauen artean Eiffelen burdinatzarrak adinako aipamena merezi dutenak badira, hona batzuk: René-Viviani enparantzako sasi-arkazia, Parisen ezagutzen den zuhaitzik zaharrena, Robinia pseudoacacia izena eman zion Robin botanikariak 1.601ean landatua; Boulogneko basoko Pré-Catelango 1.872an landatutako sekuoia erraldoia (6,55 m-ko gerri buelta) eta 1.782an jarritako pago gorri zaharren eta potoloena (5,75m-ko gerria); baso bereko Grande Cascadeko Libanoko zedroa, bere 4,42m-ko bueltako enborrarekin hiriko handiena dena; Vicennesko basoko platano itzela, 7,35m-ko gerria; Léopold-Achille enparantzako 12 m-raino luzatutako muxikondo izugarria; Sanint- Gervais enparantzako zumar ezaguna, zeinaren azpian biltzen omen ziren Erdi Aroan inguruko biztanleak. Hiriburu erromantikoan hauen peak bai txokoakà
Jabier Agirre
Iazko urte bukaeran eta aurtengo aurreneko hilabeteetan argitaratutako ikerketa lan batzuek diotenez, bihotza gai izango litzateke bere ehunak birsortu edo "erregeneratzeko". Hori egia balitz, eta ikerketa horietan diotena frogatu eta eguneroko praktika medikora ekarriko balitz, infartuak bihotzeko muskuluari eragiten dizkion kalteak atzeraezinak ez direla esan ahal izango genuke.
Ikerketa desberdinetan frogatu ahal izan den bezala, bihotzeko zelulak ugaldu egiten dira atake baten ondotik (eta infartua atake bat da, inolako zalantzarik gabe). Baina horren ondotik ikusi denez, bihotz transplanteen kasuetan, pazientearen zelula primitibo batzuk desplazatu egiten dira, lekuz aldatuz, eta kanpotik hartutako organo berrian (transplantatutako bihotzean zehazkiago esateko) ehunak eta kapilarrak sortzen hasten dira. Hori, harrigarria badirudi ere, baieztatua geratu zen ikertzaileek ikusi zutenean emakumezkoen bihotzak jasotako gizonezkoetan zelula maskulinoak aurkitu zituztela, jatorriz emakumezkoenak ziren bihotzetan.
Bestetik, Valentziako Ospitale Orokorrean diharduten kirurgialari kardiakoen talde batek laborategian kultibatutako zelula amak ezarriko ditu, infartuak eduki ondoren zona jakin batzuk hilak dituzten giza bihotzetan, erasandako bihotz zati horiek erregeneratzeko asmoarekin. Horrela, bi urtez esperimentazioko animalietan egindako saioak gizakiekin aplikatuko dira. Eta, itxuraz, ez da egongo inolako erretxazo edo errefusik, gorputzak bereak bezala onartzen baititu zelula ama horiek
EGOITZA UGARI ITXI GABE
ABUZTUAREN 26an Baltasar Garzonen autoa indarrean jarri zenetik, segurtasun indarrek hogeita bostetik gora egoitza itxi eta miatu dituzte Euskal Herrian zehar, guztiak Batasunarekin lotuta zirelakoan. Batasunak, ordea, egoitza ugari ditu oraindik Euskal Herrian zehar ukitu ez direnak. Denbora kontua izango da seguruenik, akaso era askotako zailtasunak egon daitezkeelako eta tentu handiagoarekin jokatu nahi delako. Beste hipotesirik ere izan liteke, Ertzaintzaren kasuan esate baterako, agindua apropos atzeratzen ari dela ere pentsa liteke, Garzoni berari bere auto korapilotsua nola bete behar denari buruzko argibideak eskatzen ari delako. Bestalde, Batasunako zuzendaritza ukituko duten atxiloketak berandu baino lehen hasiko diren ustea ere gero eta sendoagoa da.
EAJ-REN ETA BATASUNAREN ENFRENTAMENDUA
EAJ-K eta Batasunak ordezkatzen dituzten munduen arteko istilu bat baino gehiago espero da datozen aste edo hilabeteetan. Ez omen dago hori saihesterik eta lehenbiziko aztarnak ikusten ari gara jada. Ez dirudi zalantza handirik dagoenik ETAk Ertzaintzaren aurka jotzeko duen borondateaz, eta horrek bere horretan jarraitzen badu -eta hala dirudi- bi mundu horien artean dagoen giro istilutsua biziki areagotuko da. Saihestezina bide da, eta horrek sor ditzakeen ondorioen biguintzea ei da, besteak beste, aipatu bi alderdi politikoen ardura nagusietakoa.
ELKARRIREN BAKE KONFERENTZIA LARRI ZAURITUA
OHIKOA den bezala, eta norbaitek egitea ere ez da txarra, Elkarrik esperantza mezua jarri nahi izan du euskal politikaren esparru nahasian. Ez da zalantzarik bake prozesuen entsegu guztiak direla interesgarri, eta Elkarrik azken urtebetean bideratu duen honetan ere oso esperientzia interesgarriak bizi izan direla, alderdi politiko guztietako -PP izan ezik- ordezkariek azpimarratu duten bezala. Batasunaren ilegalizazio prozesuak, ordea, egoera larrian utzi du Konferentziaren bukaera eta Elkarri beraren jarduera ere biziki zailduko bide du aurrerantzean. Orain arte ere oso zaila izan da kultura politiko guztietako ordezkaritzak elkarren ondoan hizketan jartzea, baina Batasunaren ilegalizazio prozesuak seguruenik bide eta molde berriak topatzera bultzatuko du Elkarri bere ere.
HAUTESKUNDEEI BEGIRA
IRAILAREN 21ean datozen udal hauteskundeetan hautagai nagusiak nortzuk izango diren hautatzeko primariak abiaraziko ditu PSE-EEko zuzendaritzak. Nafarroan, PSN eta UPNren arteko lehia hasi da jada, eta zenbait gaitan -euskara, ezker abertzalea, ETA...- UPN baino oldarkorragoa agertzen bada ere, UPNk aldez aurretik indartsu eta irabazle sentitzen denaren harrokeria eta mezprezutik erantzun dio Juan Jose Lizarberi.
Donostian, EAJk ere bere zerrenda prestatzen dihardu, oraindik EArekin elkarrekin joango den argitu barik eta joatekotan ere bere hautagaia atera nahian (1999an EAko Enrique Arana izan zen). Bilbon argiago bide dira gauzak eta Azkunaren bidea amaitua dirudi. Jose Maria Arrate Athleticeko lehendakaria izandakoaren izena indarrez ari da jeltzaleen izenen dantzan. Bitartean, ikusi beharko da Batasunaren ordez aurkeztu daitezkeen hautagaitzekiko nola jokatzen den, baina, egunotakoa ikusirik, oso posible da zirrikitu txikiena ere ixtea. Zilegitasun kontuez gain, egoera horrek hauteskundeen bideragarritasuna bera ere biziki zailduko lukeela pentsa liteke.
MANIFESTAZIO ESKUBIDEA
Zalaparta handia sortzen ari da manifestazio eskubidearen inguruan, nagusiki Baltasar Garzon epailearen auto ospetsuengatik, baina baita ere Nafarroa eta EAEko agintaritzetatik sortzen ari diren debekuengatik. EAk bizi dugun egoera nahasiarekiko zuen ikuspuntua kalean eskaini zuen Gernikan eta horrek alderdi eta komunikabide estatalisten kritika zorrotza ekarri dio. Bestetik, ikusi behar larunbaterako herritar talde zabal batek Bilborako egin duen deialdia zertan geratzen den. Garzonek eta Herrizaingo Sailak har dezaketen erabakiei begira izango da euskal herritar asko. Bilbon, finean, leloak lelo, manifestazio eta protesta eskubidea aldarrikatuko baita.