Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-09-15 -- 1867.zenb


GREBA LORENZO GOIKOAN

Lorenzo Goikoa ikastetxe elebidun ohia A eta D ereduak banatuta izatera pasatu da, Nafarroako Gobernuaren aginduz. Joan den ostiralerako ikastetxeko D ereduak greba deitu zuen bereizketaren ondorioz D eredukoak kaltetuta atera direla salatzeko. Ikastetxeak dituen bi eraikinetatik zaharrena egokitu zaiela gaineratu zuten.


AZANZA NAFARROAKO IKASTOLEN BURU

Aurrerantzean Xabier Azanza Arbizuk beteko du Aingeru Epaltza Ruizek utzitako lekua eta beraz Azanza izango da Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Ziraukikoa da eta Lizarra ikastolako bazkide kooperatibista. Grupo Mondragon taldeko enpresa batean giza baliabideen zuzendaria da. Epaltza bost urtez izan da Federazioko lehendakari.


EUSKARAREN ERABILERA NUP-EN

NUPen euskara arautzeko Nafarroako Gobernuak aurkeztutako lege proiektuak eztabaida sortu du. Dagoeneko, NEBk, PSNk, CDNk eta Batzarrek zuzenketak jarri dizkiote, lege proiektuak 1986ko Euskararen Legearekiko errespetu gutxi duela argudiatuz. Halaber, euskara arautu beharrean debekatu eta murrizten duela gaineratu dute. Aipatzekoa da unibertsitatean euskaraz ikasteko eskaera igo dela eta ikasleen %24 euskaraz ikasteko prest agertu dela.


AÑANAKO JARDUNALDIAK LAGUNTZA GABE

Arabako Foru Aldundiak «Euskara Añanan Mingainean» jardunaldiak diruz ez laguntzea erabaki du. Horretarako emandako arrazoia jardunaldiotan Takolo, Pirritx eta Porrotxen emanaldi bat programatu izana da. Aldundiak adierazi duenez, «ez du diruz lagunduko inoiz arabarren zatiketa eragin dezakeen ekimenik».


UKITU EZIN DENA

Kulturaren barrenean sailkapen zaila duten adierazpide ugari dago. Eskultura edota poesia bezalako diziplinetatik urrun daude. Eta hala ere, gizarte eta kultura bakoitzarentzat ezinbestekoak dira. Materiagabeko ondare kulturala bezala dira ezagunak. Besteak beste, sailkapen horren barruan daude festaren esanahia, balore sinbolikoak eta erlijiosoak edota harremanak izateko moduak. Hauek guztiak ez daude katalogatuak eta ez dago babesten dituen legeriarik. Baina ukitu ezin diren alor hauek hainbat kulturaren nortasuna sortzen dute nolabait. Horregatik, Iruñeko Ortzadar Folklore taldeak urrirako antolatu dituen Folklore eta Kultura Tradizionalaren Gaineko Jardunaldietan gai honi helduko dio.


«ANTZEZTU» EKIMEN BERRIA

BARAÑAINGO Udalak Iluna antzerki taldearen laguntzaz adin guztietako herritarrentzat antzerki ikastaroak antolatu ditu. «Antzeztu» izena eman diote ekimen berri honi eta honen bitartez herritarrak ikusle, antzerki kritiko eta aktore bihurtu nahi dituzte. Guztira, bost talde egin dituzte ikastaroak eskaintzeko: lehena hiru eta sei urte bitarteko haurrentzat izango da, eta bertan jokoen bidez gorputzarekin komunikatzen ikasiko dute; bigarrenak zazpi eta hamaika urte bitartekoak hartuko ditu eta bertan jolas dramatikoa landuko dute; hirugarrenean hamabi eta hamabost urte bitartekoek hartuko dute parte eta dramatizazioa landuko dute. Laugarrena hamaseitik gorakoek osatuko dute eta sormena sustatuko du; eta azken taldea adinekoei zuzendua egongo da.


BERROGEITA HAMAR URTE

ZALAPARTA handirik gabe, baina isiltasunean gelditu barik ospatu nahi du aurten hilaren 19tik 28ra egingo den Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak bere 50. edizioa. Bereziki ospakizun horretarako antolatu diren ekitaldien artean aipagarrienak 21ean Illunben egingo den jai handia, Carlos Rodriguezek Zinemaldiaz egin duen «Encadenados» dokumentala eta Diego Galanek idatzita plazaratuko den liburua dira. Horrez gain, ohiko atalak egongo dira. Sekzio Ofizialean, 19 film eskainiko dira eta horietatik 18 lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko. Zuzendari Berrien saria lortzeko 20 filmek hartuko dute parte lehiaketan, gehienak alemaniar jatorrikoak. «Made in Spanish» sariari dagokionez, aurten sariaren kopurua 18.000 eurotan gehitu dute.


EUSKAL ARTEA AUSTRIAN

AUSTRIARA bidaiatu dute hiru euskal artistek. Ube eskultoreak, Joseba Diez Iriondo grabatzaileak eta Borja Uribe margolariak. Hiruak euskal artearen ordezkari dira Stadt Schlaiming izeneko herrian paratu den erakusketan. Herbert Shugerlek urtero antolatzen du herrialde jakin bateko arteari buruzko erakusketa. Aurten euskal artea aukeratu du eta urria arte izango da ikusgai.


MUSIKARI TALENTUDUNAK

URTERO legez, aurten ere Maurice Ravel Akademiak nazioarteko hirurogei goi mailako musikari gazte bildu ditu hamabost egunez musika eskolak emateko. Hilaren 2an hasi ziren eta 15a bitarte, bereziki Errusiako musika omenduko dute, Donibane Lohizune, Senpere eta Ziburun egingo dituzten bileretan.


SCHUBERT, GAIARREN

INOIZ Gaiarre Antzokian eskaini den egitarau aberatsenetako bat prestatu dute aurten Interpretatzaile Handien Zikloaren baitan. Urriaren 15ean hasi eta apirila arte Franz Schuberten omenez hainbat kontzertu eskainiko da. Izan ere konpositorea hil zela 175 urte beteko dira 2003an. Kontzertu bakoitzaren aurretik musikariek eta jakitunek eskainiko diren lanak azalduko dituzte.

- Enrique Urbizu zinema zuzendariaren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n esanak: «Istorio bakoitzak kontatzeko modu bat eskatzen dizu. Film bat egiten duzunean garrantzitsuena ez zara zeu; funtsezkoena pertsonaiak dira».
- Francisco Escudero musika irakasle eta autoreak honakoa zioen «Gara»n: «Musika arauez betetako paper baten gaineko nota batzuk baino gehiago da, eta jendeak berarengan sinetsi dezan behar du. (...) Ikasi egin daiteke, baina dohaina ezin da erakutsi, hori genetikoa da eta egia da musikak, bere dimentsio sozialetik, publiko batean izan behar duela eragina, eta honek aldi berean ulertu behar du musika bizitzaren ikuspegi tragiko batetik sortzen dela».
- Juan Gorritik «Euskaldunon Egunkaria»n: «Burdina, egurra eta zeramika herri honen hitzik gabeko hizkuntzak dira. (...) Niri neuri gustatuko litzaidake Guggenheimen Ruiz Balerdi, Zumeta, Santos Iñurrieta... ikustea. Euskal Herriko artistak edo aizkolariak, adibidez. Herri hau oso aberatsa da arte mailan: bai zineman, musikan, pinturan, eskulturan...».

Euskal Herriko Surf Federazioak web gunea paratu du Sarean. Bertan surf eskolei, hondartzei eta txapelketei buruzko informazioa topa daiteke eta bideo eta argazki anitz ikus daitezke. Web guneko atal gutxi batzuen tituluak kenduta, gaztelaniaz dago oso-osorik. Euskarazko hitz bakan batzuk baino ez daude.

Nestor Basterretxea eskultorea seme kutun izendatu du berriki Bermeoko Udalak.
Fernando Murua Quintana «Fernandito» La Polla musika taldeko bateria jolea lehengo astean zendu zen. Taldekoek urte honetarako zituzten emanaldiak bertan behera utzi dituzte eta taldearekin jarraituko duten edo ez pentsatzen ari dira.
Amaia eta Aitor Parrondok Donostiako Euskal Jaietako dantza solteko txapelketa irabazi dute. Bikoteak lehengo ekainean jokatu zen Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketan lehen postua eskuratu zuen.
Alproja antzerki talde amateurrak hogeita bost urte betetzen ditu aurten. Hori dela-eta erakusketa bat paratu dute Zarautzen.
Antton Olariagak prentsan kaleratutako estropadei buruzko zenbait komiki bildu ditu «Ehundapiku» izeneko liburuxkan.

Igor Elortza bertsolaria honela mintzo zen «Zabalik»en egin zioten elkarrizketan bertso saioen eta bertsoak ikasteko moduen inguruan:
«Udan bat-batean botatzen diren bertsoak paperean idatziz gero, seguruenik halako ondorio batera helduko ginateke (Udan bertsoen maila apalagoa dela). Kontua da bertsolariok udan edo neguan betetzen dugun funtzioa ezberdina dela. Neguko jaialdiak formalagoak dira, jendea bertsoak entzutera joaten da propio, eta bertsoak ere hobeak izango dira seguruenik. Udan, jairik jai, modu arinagoan ibiltzen gara, eta jendeak bertso sakon-sakonak baino, nahiago ditu umore kutsuko bertsoak, morboa dutenak... Gertatzen dena da azken hori lortzea ez dela samurra izaten askotan. Urtaro bakoitzean bertsolarioi dagokigun funtzioa betetzen badugu, ordea, nik uste hori bertsoen kalitatean ere nabarituko dela, seguru. Eta horrekin konformatzen naiz. (...)
Duela hamabost urte hasi nintzen bertsolaritzan, eta orduz geroztik bide luzea egin du bertsolaritzak, eta etorkizunean ere perfekzionatzen joatea espero dut. Edozelan ere, funtsean gauza bertsuak irakasten direla uste dut, gero ere hala izaten jarraituko du (...)».

Linux Mandrake sistema eragilearen 8.2 bertsio estandarra kalean da euskaraz. Software libreko sistema eragilea www.mandrake.com helbidetik doan jaitsi daiteke halaber. Bertsioaren 2.000 kopia egingo dira, bereziki, ikastetxeetara bidaltzeko. Linux Mandrake 8.2. sistemaren itzulpena Eusko Jaurlaritzak lagundu du diruz.

hemeroteka

1866. zenbakia | 2002-09-08
1865. zenbakia | 2002-09-01

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan