Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-09-08 -- 1866.zenb

«GIZARTEAN LISKARRA SORTU NAHI DUTE, HORI SAIHETSI BEHAR DUGU»

Xabier Letona

Iruñeko Gazteluko Plazako EAren egoitzan egin dugu elkarrizketa. Argazki kontuetan ari garela, balkoitik ondo ikusten dira lur azpiko aparkalekuaren eraikuntza lanak. Aztarna historiko bakarra Erdi Aroko Luis Utinen gaztelua izan zitekeenaren harresia da. Euskal gizartean eraikitzen ari diren beste harresi batzuez mintzatzera etorri gara, ordea. Herenegun hasi zen Polizia Nazionala Iruñeko Batasunako egoitzak ixten eta atzo Ertzantzak EAEko hiriburuetan ekin zion Baltasar Garzonen agindua betetzeari. Istilu horiek eta egoera berriak ekar dezakeenaz aritu gara.

Era guztietako galderak eta kezkak datoz burura egoera berri honetan. Oso modu orokorrean, zer hausnarketa egingo zenuke bizi dugun egoeraz?
Zalantzarik gabe, oso egoera korapilotsua da. Su-eteneko garaian ikusi genuen zein artega jarri ziren alderdi espainiarrak eta ikusi dugu harrezkero nola erantzun duten gero eta neurri gogorragoak hartuz. Argi dago, bestetik, Gernikako Estatutua agortu egin dela eta euskal gizarteak aurrera jarraitu nahi duela bere autogobernuaren garapenean. Eta gogo hori aurrera eramateko, hor dugu uztailean onartutako autogobernuari buruzko ponentzia. Su-eteneko garaian, gatazka amaitu zitekeela irudikatu zen eta horrek ere oso artega jarri zituen alderdi espainiarrak. Argi ikusten da, beraz, Euskal Herrian aurrera egiten denean Madrildik aurka egiten dela, horretarako indarkeria eta Euskal Herriaren nazio eskubideak nahastuz. Eta testuinguru horretan datoz Alderdien Legea -ideien aurkako legea- eta bere aplikazioa. Arlo politikoan edozerk balio du.

Arlo judizialetik ari da Garzon.
Botereen arteko banaketa apurtu egin da eta banaketa hori demokraziaren zutoinetakoa da. Demokrazian ezin da onartu zenbait epailek botere exekutibotik duen menpekotasuna. Gogoratu, "epaileengandik behar bezalako erantzuna espero dut", esan zuen Aznarrek. Edozein medio ona da herri honetan akordioa urruntzeko eta bere eskubideetan aurrera egin ez dezan.

Zein da PPren estrategia horren helburua?
Egoera ezegonkorragoa eginez, bizi dugun gatazka egoeraren irtenbidea oztopatzea eta gure nazio eskubideen aldarrikapenean aurrera ez egitea. Horretarako denak balio du.

Horrek Estatuaren izaera demokratikoa zalantzan jartzen al du?
Alderdien Legearekin argi ikusi da PPk eta PSOEk egin dutena ez dela demokratikoa. Gehiengoarekin egin dute hori, bai, baina gizarte oso baten aurka. Demokrazian zenbakiak ez dira dena. ETAren aitzakia baliatzen dute herri honekin gogor jokatu behar dela erakusteko.

Zer egin behar du orain Batasunarengan bere konfiantza jarri duen gizarte esparru zabal horrek?
Aukerak badira, dena den, ni ez naiz inor Batasunaren izenean erantzuteko. Edozein eratan, une honetan argi izan behar dugu, guk epe ertain eta luzera begiratu behar dugula. Lasaitasuna eta koherentzia behar ditugu. Gure gizartean enfrentamendua sortu nahi dute eta hori da, hain zuzen, sahietsi behar duguna.

Batasuna eta EAJren arteko giroa biziki gogortuko dela entzun eta irakur dezakegu toki desberdinetan.
Hori da PPk nahi duena eta sahietsi behar dena. Euskal gizarteak irtenbideak nahi ditu eta alderdi politikook horretan saiatu behar dugu. Egoera oso korapilotsua bizi dugu eta ezin gara itsutu. Zergatik uzten du Garzonek Ertzaintzaren esku Batasunaren egoitzen itxiera, halako lanak normalean Polizia Nazionala edo Guardia Zibilaren esku utzi izan dituenean? Hain da nabarmena... Ertzaintzaren aurka joatea, Ertzaintzaren desprestigioa eta enfrentamendua sortzea ditu helburu. Ez diot onartzen ETAri gure agenda politikoa erabakitzea, baina ezta PP eta PSOEri ere.

Ertzaintzak Batasuneko egoitzak itxi zituenean irudi gogorrak ikusi ahal izan genituen. Zer sentimendu eragin zizuten?
Oso gogorrak ziren, bai. Sentimendu konplexuak sorrarazten dizkit, baina ez diot ezer leporatuko Ertzaintzari. Bat-bateko uneak gainditzeko ahalegina egin behar dugu, ezin dut perspektiba galdu, eta Madrilek interes handia du jokaldi honetan. Ulertzen dut une horietan Batasunakoak berotzea, gaizki sentitzea, egoera gogorra delako, baina Madrilen tranpan erortzen badira eta Batasunak beste alderdi abertzaleak egoeraren errudun egiten bagaitu, erratuko da. Gure etsaiak ETA eta bere indarkeria dira batetik, eta Madrilen gure eskubide nazionalak ukatzen dituztenak bestetik.

Batasunarekin harreman normalak dituzue. Aurrerantzean nola garatuko dira harreman horiek?
Guk alderdi guztiekin ditugu harremanak edo eduki nahi ditugu, eta Batasunarekin orain arte bezala jarraituko dugu, ahalik eta harreman normalena izanez.

Hilabete batzuk falta dira udal eta foru hauteskundeetarako. Lehen ere esan izan da hauteskundeak bertan behera utzi beharko liratekeela. Gerta daiteke halakorik?
Ez nahiz aztia, baina ez dut uste. Hori gizartea mehatxatzea eta beldurtzea da, gizarte honek irtenbiderik ez duela irudikatzeko. Epe laburrera arazo asko dauzkagu, baina ezin dugu ahaztu gure helburuak zeintzuk diren eta horri heltzen badiogu eta lana egin, lehenago edo geroago etorriko dira fruituak.

Batasuna ezin bada aurkeztu, horrek emaitza oso desberdinak ekar ditzake.
Nik uste dut topatuko dituela bideak, eta hala beharko luke, herri honetan iritzi desberdinak daudelako eta ona delako guztion ordezkariak izatea

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan