Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • Zergatik diote «konplexua», «ganora» esan nahi dutenean?

2002-09-01 -- 1865.zenb

Zergatik diote «konplexua», «ganora» esan nahi dutenean?

Mikel Aramendi

Kontsigna bailitzan, esamolde bat dabil hitzetik hortzera Espainiako sargori politikoan, opor atarian osatutako Partiduen Legea frogatzeko asmo nabarmen-nabarmenaz ETAk Mediterranioko kostaldean burututako atentatuen segizio politikoan: "konplexurik gabe". Adierazpen edo artikulu gutxi argitaratu dira «giltza hitz» hauek gabe.

Konplexurik gabe ipini behar omen da legez kanpo ezker abertzalearen antolakunde politiko legala. Eta gero, gerokoak. Baina, beti ere, konplexurik gabe. Honelakoetan ia beti gertatu ohi denez, gainera, ukondoak astinduz pankartaren eramaileen artean lekua hartu nahi duenik ere ez da falta.
Edozein satanizazio prozeduratan errepikatuta ikus daitezkeen pedrojotakeria horiek ez dira oso funtsezkoak, ordea. Bono bezalako pertsonaia likitsuek gerra zikinari egin diezazkioketen keinuen alde interesgarri bakarra litzateke ea zer deritzoten horri buruz haren agintepeko herrialdean atseden-lekua duten gerra horietako beterano ugariek. Baina horren berririk ez dugu hedabideetatik jasoko.
HAIN diagnosi aho batezkoa entzunda, edozeinek esango luke konplexuz betetako klase politiko baten menpe bizi (izan) garela, kuraia hispanikoaren susperraldi hau arte. Ez da niri memoriak esaten didana; baina erratuta egon ninteke, usu bezala. Ezta ere artxibategiak begiratuz hausnartzen dudana; baina niri ultraeskuin frankistaren beti-betiko bandera politikoen «osmosi» arrunta iruditzen zaidana esplikatzeko beste modu batzuk egon daitezkeela onar dezaket, Irailaren 11koaren urteurren bezpera honetan. Migrazio ideologikoen mundua, hori bai konplexua!
Psikologian «konplexu» hitzari eman ohi zaion adiera oker adituta ote nengoen argitzera abiatu naizenean, ordea, ziurtatu dut ez nenbilela horren erratuta nire ezustean. Zera gertatzen dela soil-soilik: «konplexu» dioten bakoitzean «ganora» ulertu behar dela. «Egin beharrekoak» ganorarik gabe egiteko euren buruak animatu eta animatu ari direla, alegia. Ez da truke semantikoa harrigarria, Espainiako politikariak eta kidekoak bezala publizitatetik eta publizitaterako bizi direnengan: konplexua zerbait ezkorra da; ganora, aldiz, komenigarria izaten da askotan. Bai dela adierazgarria, ordea, egitasmo politiko batean nork bere (eta besteen) erreparoak ahanzten saiatu beharra, ilunpetara abiatzerakoan txistuka hasten denaren moduan!
ETA Canovas, Primo de Rivera edo Godsakoen asmoen ilunpetara goaz, hein handi batean, 76-80ko Erreforma politikoaren itzul-bidaia den honetan. Egunen batean, ezker abertzalearen ondoren, lege horren jo puntuan aurki daitekeen partidu-sorta zabala konturatzen hasita dago horrelako zerbait gerta dadin erabakigarria ez dela batek egiten duena, baizik agintea duenari une bakoitzean komeni zaiona. Eta joko horretan beti galtzea tokatuko zaiela. Garantien oinarriak desagertzen zaizkiela da PNV, IU, EA, ERC, BNG eta abarren kezka zuhurra.
Zeren errezeloa duten besteek? Hobespenaren konbentzimenduz baino gehiago dinamikaren inertziak behartuta egiten diren ibilietan bezala, bakoitzak berea(k) dituela esango nuke. Aznarrek, esate baterako, umeki politiko-juridiko ultra horren aita denez, emaitzen erantzule bakarra/nagusia izan beharrari dio beldur. ETA ahultzeko baino gehiago ETAren ahulezia aprobetxatzeko egitasmoa dela ondotxo daki; baina, gero kontuak atzekoz aurrera ateratzen badira? Horregatik ari da eginahalak egiten den-dena lagundi handienean eramateko, eta haserretzen da ezezko bakoitzarekin.
Azken erreferenteak galtzen ari diren Zapateroren sozialistek, berriz, etorkizunean ezik iraganean dute erreparoa. Ez bakarrik GALen iragan hurbil eta kriminal horretan, baizik aspaldiko historia zabalean. Ia belaunaldi sozialista bakoitzak, estutasunean bere ongizatea eta demokrazia konplituaren artean aukera egin behar izan duenean, hautu bertsua egin du: F. Gonzalezek, 76an PK legez kanpo uztea onartu ezezik txalotuz; Largo Caballerok, CNTren aurka Primo de Riverarekin kolaboratuz...
Ikuspegi horretatik, bai dagoela guztiz sobera ganora

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan