Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 11:49:38
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-09-01 -- 1865.zenb

Bigarren eskuko altzariak

Buru-belarri sartuta gauden birziklapenaren aro berri honetan mota guztietako elementuak birziklatzen dira. Helburua ahalik eta produktu gehien berreskuratzea eta berrerabiltzea da. Honi buruz asko dakite Galdakaon dagoen Rezikleta enpresan, izan ere papera, kartoia, arropa, altzariak eta beste gauza mordo bat birziklatzen dute han.
Inmaculada Acero Rezikletako koordinatzaile komertzialak adierazi digunez, eurek ekonomia soziala bultzatzen dute:"Rezikleta proiektua ingurumenean, boluntario taldean eta gizarteratzean oinarrituta dago". Kooperatiban langileen %40-50 gizarteratzeko arazoak dituen jendea da. Ekologia mailan, ingururumena zaindu eta babesten dihardute, hiri hondakin solidoen birziklapen eta berreskurapenari ekinez. Duela hamar urte, papera eta kartoiaren birziklapena egiten hasi zen enpresa honek kontsumo arduratsua sustatzen du.
Etxeko tresna elektrikoak, altzariak eta liburuak. Rezikletaren bilketa atal nagusietako bat tamaina handiko tresnen gaikako bilketa da. Atal honetan batez ere etxeko gauzetan onarritzen dira. Altzariak, dekorazio artikuluak, ordenadoreak... jasotzen dituzte; etxean dagoena eta zaborra ez den guztia biltzen dute. Inma Aceroren iritziz, "guretzako zaborra ezertarako balio ez duena da eta guk jasotzen ditugun gauzak balio dute, aprobetxagarriak baitira. Etxeetan sortzen diren hondakin horiek guztiek ez lukete zabortegi batean bukatu beharko".
Edozein produkturen birziklapenean, bilketa da lehen urratsa. Rezikletara jendeak deitzen du telefonoz uzteko moduko zerbait duela esanez eta orduan jakiten dute material hori berreskuragarria den ala ez.
Tamaina handiko tresnen gaikako bilketan, jasotzen den %15 berrerabili egiten da. Basaurin eta Bilbon dituzten bigarren eskuko dendetara eramaten dituzte gai berreskuragarri horiek, garbiketa eta tratamendu erraz baten ondoren. Erosleak horrelako altzariak bilatzen ditu askotan eta bestetan bezeroak berak zaharberritu eta bere gustura jartzeko nahi izaten omen ditu. Denda horien bitartez, "kontsumo solidarioa eta ekologikoa" bultzatu nahi dute. "Erabili eta botatzeko kontsumoa" alde batera utzi eta erabat erabilgarriak diren gauzak, baina beste norbaitek erabilitakoak, erosteko aukera eman nahi dute Rezikletakoek. Ohikoena hondakin horiek jaso eta zabortegira botatzea da, baina sistema honekin etxez etxe jasotzen dute aprobetxagarria den guztia.
Gaia ez bada aprobetxagarria, zabor puntura, dagokion egun eta tokian, eramateko eskatzen diote deitu duenari eta gero Rezikletako langileak joaten dira bila. Kaleko bilketa horretatik zati bat birziklatu egingo da eta beste zati batek nahitaez zabortegian bukatuko du, zenbait hondakinen birziklapena egin ahal izateko tratamendurik mementoz ez baitago. Bilketaren %60 inguru birziklatu egiten dute eta %25 kontrolpean dagoen zabortegira eramaten dute.
Gaiak bildu eta sailkatu. Kaleko bilketa egin ondoren material eta elementuak sailkatu egiten dira birziklatu ahal izateko. Egurrezko produktuekin adibidez zurezko oholak egingo dira eta horretan lan egiten duen enpresara eramango dira; burdin hondakina, galdaketa enpresara eramango da; telebistak, ordenadoreak, eta abar osagai elektronikoen tratamenduan lan egiten duen enpresara. Kalean jasotako elementu asko lehengai gisa erabili beharrean, dauden bezala berreskuratu egiten dira, norbait produktu hori erabiltzeko prest dagoenean.
Rezikletaren kaleko bilketa zerbitzua erabili zuen lehena Basauri herria izan zen, 2000ko abuztuan, eta ordutik Bizkaia eta Gipuzkoako beste 12 herri batu dira ekimenera: Etxebarri, Arrigorriaga, Berriz, Amurrio, Urduņa, Bermeo, Leioa, Zaratamo, Artziniega, Alonsotegi, Mundaka eta Azkoitia. Baina Inmak azpimarratu duenez, "ia Bizkaia osoan etxez etxeko bilketa egiten dugu, beti ere berreskuragarriak diren elementuak direnean eta zuzenean dendara doazenean (liburuak, arropa, altzariak, egoera onean dauden tresna elektrikoak...)".
Euskal Herriko Caritasekin batera, Berohi kooperatibak ehungintzaren birziklapena lantzen du, Rezikletak bilketa egiten duelarik. Orain bi urte sortu zen kooperatiba horrek urtean 50 tona arropa biltzeko aurreikuspena zuen, baina datu hori bikoiztu egin dute.
Azken urteotan birziklapenaren kultura ezarri dela argi dago datuen arabera. Rezikletaren datuen arabera adibidez, tamaina handiko tresnen bilketa berezituan iaz 1.338.360 kilo bildu zituzten eta 2000. urtean 650.538 kilo. Gorantzako joera nabarmena da, jendearen kontzientziatzea areagotu egin da. Honen guztiaren ondorioetako bat datozen belaunaldien garrantzia da. Rezikletako koordinatzaileak azpimarratu duenez, "umeentzako heziketa ere lantzen dugu eta konturatu gara askotan umeak direla etxean gauzak birziklatzeko ohitura eta modua erakutsi eta ezarri dutenak. Aldi berean antzeman dugu aiton-amonen belaunaldiak ere oso ondo ulertu duela birziklatzearen kontu hau, ziur aski euren garaian baliabide eskasak izan zituztenez, gauzak hamaika aldiz aprobetxatzera ohituta zeuden. Eta berdin gertatzen da baserri giroko jendearekin, berrerabiltzeko kultura hedatuagoa dago hiriekin alderatuz eta hondakin gutxiago sortzen dute; hirietan aldiz erabili eta botatzeko kultura da nagusi"

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan